
Gaiak
Arazo korapilatsuen aroan esperimentatzen
Gure garaiko erronka handiak arazo korapilatsuak (wicked problems) direla esan ohi da. Ez dira horrela izendatzen maltzurrak direlako, baizik eta konplexuak direlako, soluzio argirik gabeak. Ez dute arrazoi bakarra. Ez dute behin betiko konponbiderik. Eta ondorioak aurreikustea oso zaila da. Alde bat konpontzen denean, beste bat larritzen da. Sustraia jotzen baduzu, adar berriak sortzen dira. Konponbide bakoitzak ustekabeko ondorioak ekartzen ditu.
Testuinguru horretan, politika tradizionala ez da nahikoa izaten. Plan zurrunak, promesa handiak eta ehunka orrialdeko dokumentuak herritarrengan inpaktua sortzetik urrun geratzen dira. Horren harira, Hilary Cottam pentsalari britainiarrak gogorarazi zigun iaz, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan, XX. mendeko politika publikoak hankamotz geratzen direla XXI. mendeko erronken aurrean. Berak, burokrazia eta zerbitzu zatikatuak pixkana ordezkatzea defendatzen du, harremanetan oinarritutako ikuspegi bat nagusitu arte. Politika publikoaren berrikuntza ez da baliabideen kantitatearen arabera neurtzen, baizik eta sortzen ditugun loturen arabera: erakundeen eta herritarren artean, komunitate desberdinen artean, belaunaldien artean. Bere proposamena sinplea da baina sakona: arazo konplexuak soilik konpontzen dira denbora, konfiantza eta harremanetan inbertitzen bada. Teknologia arinak eta gizartearen sormena behar dira, ez plan tekniko konplexuak.
Politiken frustrazioa
Ekintza publikoari eztabaida gehiago zentratu ohi da politiken helburuetan, eta gutxiago horien inplementazio eraginkorraren mugetan. Geoff Mulgan eta Bent Flyvbjerg bezalako autoreek argi diote: oztopo nagusia ez da baliabide falta; arazoa lortzen den inpaktuaren eta gizarte-beharren arteko distantzia da. Mulganek ohartarazi izan du programa asko makillaje hutsean gelditzen direla: ez dute benetako aldaketarik eragiten herritarren bizibaldintzetan. Flyvbjerg-ek, berriz, erakutsi du plan handi asko “optimismoaren falazia”n erortzen direla: kostuak eta epeak gehiegi gutxiesten dituztela eta gero ez direla betetzen. Mariana Mazzucatok, bere aldetik, proposatzen du estatuek “misio” argiak eta neurgarriak izan behar dituztela.Gogoeta guzti hauek joera bera erakusten dute: politika publiko gehienek ez dituztela arazo sakonak konpontzen, eta berandu eta modu partzialean heltzen direla herritarrengana.
Konplexutasuna are handiagoa da lurraldea mugaz gaindikoa denean, Euskal Herriaren kasuan bezala. Erronka handiak —biztanleriaren zahartzea, zaintzen iraunkortasuna edo landa-eremuen hustea, esaterako— ez dira muga administratiboetara mugatzen. Erantzun bateratuak behar dira. Benetako “misio” partekatuak, non gobernu-maila ezberdinak eta erakundeak elkarlanean aritzera behartuta dauden. Kooperazio horretan dago zailtasuna, baina baita aukera ere: agenda desberdinak koordinatzea, eta batez ere, konfiantza sortzea.
Horregatik, inoiz baino gehiago, osagai bat gehitu behar dugu politikaren inplementatze-prozesuan: esperimentazioa. Ez da inprobisatzea. Ez da herritarrekin ausaz jolastea. Gizarte konplexuetan politikak martxan jartzeko garaian ikaste-prozedurak prozesuan txertatzea da. Txikian probatu, handira jo aurretik. Eta norabidea zuzentzeko ausardia izan, ebidentziak hala eskatzen duenean.

TransisLab mugazgaindiko laborategia da, eta landa-eremuetako eta hiri-inguruetako
bizitza-luzeraren erronkari heltzen dio.
TransisLab adibide gisa
Nola esperimentatu politika publikoetan arazo korapilatsuen garaian? TransisLab proiektua horren adibide ona izan liteke. Mugazgaindiko laborategi bat da TransisLab, Living Lab formatua duena. Erronka zehatz bati egiten dio aurre: landa eta ingurune periurbanoetako biztanleriaren zaurgarritasunari. Horretarako ez du estrategia handi zurrunik bilatzen eta ezagutza baliagarria sortzea du helburu, eta hori hiru fasetan egiten du: esperimentazioa, transferentzia eta kapitalizazioa.
TransisLab-en ardatz nagusia esperientzia pilotuak dira. Euskal Herriko hainbat herritan, tokian tokiko talde eragileek adineko zaurgarriekin egiten dute lan. Talde horiek ahultasuna mapatzen dute eta laguntza-plan soziosanitarioak diseinatzen dituzte, herritar horien benetako bizi-beharretan oinarrituta. Fase hau esploratzailea da: hipotesiak egiten dira, tresna digitalak probatzen dira, profesionalak eta auzokoak inplikatzen dira. Eta emaitzak neurri azkarrekin ebaluatzen dira. Helburua da ikaskuntza baliotsuak ateratzea: zerk funtzionatzen duen, zerk ez, eta zein baldintzatan.
Ezagutza ez da pilotuetan geratzen. Prestakuntza-moduluak sortu dira profesionalentzat, eta transferentzia-moduluak erakunde eta administrazioentzat. Bigarren fase honetan laborategia ingurura irekitzen da. Gidak, metodologiak eta tresna digitalak partekatzen dira. Beste lurralde batzuetan egokitu eta aberastu egiten dira. Prozesu honi esker, 65 erakunde ari dira parte hartzen. Horrek laborategiaren eragina eta zilegitasuna handitzen ditu.
Hirugarren faseak proiektuaren jarraipena du helburu. Bertan, Kapitalizazio fasean, ikasitakoa sistematizatzea da helburua, gida errazak egitea, plataforma digitala bizirik mantentzea eta Adinaren Berrikuntza Sozialeko Agenda bat diseinatzea. Etapa honetan, 45 policymaker egon dira inplikatuta. Hauen parte-hartzea funtsezkoa da ikaskuntzak baliabide iraunkor bihurtzeko. Horrela, ezagutza ez da desagertzen finantzaketa amaitzen denean.
Laburbilduz, TransisLab-ek erakusten du esperimentatzea ez dela inprobisatzea, prozesu ireki eta iteratiboak eraikitzea dela. Balioa ez dago soilik konponbideetan, baizik eta sortzen diren harremanetan eta ikasketetan. Gure garaiko arazo konplexuen aurrean, laborategi honek frogatzen du erabaki publikoetan, batez ere, elkarrekin ikastea dela gakoa.

