791 Zenbakia 2025-11-15 / 2026-01-15

Gaiak

Euskal kulturaren transmisioa: Instagramen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan

MOLINUEVO FDEZ. DE VALDERRAMA, Markel DE LA HOZ MORENO, Andrés

Sare sozialetan ikastetxeen eguneroko bizitza erakustea gero eta ohikoagoa da: ikasleak tailer batean ari direla, irakasleak proiektu bat aurkezten, herriko jaietan parte hartzen dutela edo egun berezi bat ospatzen dutela ikus daiteke. Irudi horiek ez dira, ordea, informazio-jario hutsak; azken finean, gure kulturaren zati txikiak dira, eta komunitate bakoitzaren identitatea islatzen dute. Hain justu ere, horixe da “Euskal kulturaren transmizioa: Instagramaren erabilera Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan” izeneko Gradu Amaierako Lanaren ardatza. Lan honen helburua da aztertzea EAEko ikastetxe publikoek nola erabiltzen duten Instagram euskal kulturaren transmisiorako, eta sare honetan zer irudi kolektibo sortzen den ulertzea.

Azterketa egiteko, 81 ikastetxe publiko hautatu ziren Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik. Baldintza nagusia zen kontu aktiboa izatea eta 2024ko lehen seihilekoan edukiak argitaratzea. Guztira 2.800 argitalpen baino gehiago jaso ziren; bakoitzaren testuak, hashtag-ak, irudiak eta bestelako elementuak aztertu ziren ikuspegi kualitatibo eta deskriptibo batetik. Kodetze prozesu induktiboaren bidez, 611 kode identifikatu ziren, guztira 4.700 erreferentzia baino gehiago sortuz. Datu horiek zortzi dimentsio kulturaletan sailkatu ziren, hau da, euskal kulturaren osagai nagusiak irudikatzen dituzten kategoriatan.

Emaitzek argi erakusten dute Instagramen ageri den euskal kultura, neurri handi batean, ikusizko eta ospakizuneko kultura dela. Eskoletako argitalpen gehienek jaiak, ekitaldi tradizionalak edo komunitatearen momentu kolektiboak islatzen dituzte. Folklorearen eta jai giroko edukien presentzia oso handia da: kasuen heren bat baino gehiago horrelako argitalpenei dagokie. Horien atzetik datoz kultura-ondarearekin eta paisaiarekin lotutako mezuak —adibidez, herriko monumentuak, ingurune naturalak edo baserrien irudiak—, eta neurri txikiagoan, ohiturei eta balioei buruzko edukiak. Horietan askotan agertzen dira berdintasunaren aldeko mezuak, euskara sustatzeko ekintzak edo aniztasunaren balioa azpimarratzen duten jarduerak.

Aitzitik, hizkuntza bera (euskara) ez da hain ikusgarri agertzen. Nahiz eta eskoletan euskararen erabilera sustatzeko ahalegin handia egin, Instagramen testuaren pisua irudiaren aldean askoz txikiagoa da, eta horrek hizkuntzaren presentzia murrizten du. Gainera, probintzien artean alde nabarmenak aurkitu dira: Gipuzkoan argitalpenen %70tik gora euskaraz egiten dira, Bizkaian portzentaje hori %50 ingurukoa da, eta Araban, berriz, gaztelania eta euskara tartekatzen dira, elebitasun handiagoarekin. Datu horiek bat datoz lurralde bakoitzeko errealitate soziolinguistikoarekin, eta erakusten dute sareetako komunikazioak tokiko hizkuntza-ohiturak islatzen dituela.

Beste dimentsio kultural batzuk, hala nola gastronomia, kirol tradizionalak edo arte-sorkuntza, askoz gutxiago azaltzen dira. Baliteke horren arrazoietako bat izatea sare sozialen logika bisuala: plater baten historia edo bertso baten esanahia azaltzea zailagoa da argazki batean jai bat edo dantza talde bat erakustea baino. Instagram, finean, azkar partekatzeko eta ikusmenean oinarritutako tresna da, eta horrek kultura mota jakin batzuk lehenesten ditu (ikusgarriak, koloretsuak eta emozioz betetakoak) beste batzuk bigarren planoan uzten dituen bitartean.

Dimentsio kulturalen banaketa EAEko ikastetxe publikoen argitalpenetan, Instagram bidez.

 

Hala ere, hori ez da arazoa soilik: ikerketaren egileek azpimarratzen dute aukera gisa ere ulertu daitekeela. Izan ere, Instagram tresna eraginkorra izan daiteke eskolen irudia sendotzeko eta euskal kulturaren elementuak gazteen artean modu erakargarrian zabaltzeko. Ikasle askok sare horretan igarotzen dute euren denbora, eta bertan ikastetxearen jarduera kulturalak ikustea motibazio-iturri izan daiteke. Gainera, argazkien bidez sortzen den kontakizun kolektiboak identitate-sentimendua indartu dezake: “gu ere euskal kultura gara”.

Hori bai, lanak ohartarazten du arrisku bat ere badagoela: kultur transmisioaren irudia oso selektiboa izan daiteke, eta elementu batzuk (euskara bera, artisautza, literatura edo sinbolismo tradizionala) apenas agertzen badira, arriskua dago ikuspegia “postaleko kultura” bilakatzea, azalekoa eta irudi erakargarrietan oinarritua. Horregatik, ikertzaileek gomendatzen dute hezkuntza-komunitateek sare sozialen erabilera hausnartua egitea, ez soilik erakusleiho estetiko gisa, baizik eta transmisio kulturalaren tresna didaktiko gisa ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle eta zuzendaritza-talde askok jada ohartu dira Instagramen potentzialaz. Sareak aukera ematen du jarduera bat komunitate osoari helarazteko (ikasleei, familiei eta herritarrei), eta horrek hezkuntzaren eta kulturaren arteko lotura sendotzen du. Ikastetxe askok, adibidez, ikasleen proiektu artistikoak, bertso-saioak edo ingurumen-jarduerak partekatzen dituzte, eta horien bidez agerian geratzen da gaur egungo euskal kultura ez dela soilik tradizioaren transmisioa, baizik eta kultura bizi eta berritzailea dela.

Laburbilduz, lan honek erakusten du euskal kulturaren transmisioa sare sozialetan gertatzen ari dela, modu naturalean, hezkuntza-komunitateen eguneroko praktiketan txertatuta. Instagram ez da ikerketa honetan tresna teknologiko hutsa, baizik eta begirale soziala: haren bidez ikus daiteke nola adierazten duten eskoletako irakasle eta ikasleek euren identitatea, nola uztartzen dituzten tradizioa eta modernitatea, eta nola islatzen den hizkuntzaren erabilera errealaren mapa digital batean.

Etorkizunera begira, egileek proposatzen dute estrategia berriak garatzea euskal kulturaren dimentsio guztiek (ez soilik ikusizkoek) sareetan leku handiagoa izan dezaten. Horretarako, beharrezkoa litzateke irudiaren ondoan testuari, azalpenari eta istorioari tarte handiagoa ematea; hizkuntzaren erabilera sustatzeko kanpaina espezifikoak egitea; eta eskoletako komunikazio-planetan kultur transmisioa helburu esplizitu gisa txertatzea.

Ikerketa honek argi uzten du sare sozialek (eta bereziki Instagram bezalako plataformek) eginkizun garrantzitsua dutela kultura hezkuntzan eta hezkuntzak kulturaren jarraipenean. Argazki bakoitzaren atzean istorio bat dago, eta istorio horiek dira, azken batean, herri baten memoria eraikitzen dutenak.

Kodeen banaketa ehunekotan, dimentsio tematikoaren eta probintziaren arabera, euskal nortasun kulturalaren adierazpenaren azterketa kualitatiboan.

Dimentsioa Kategoriak Bizkaia Gipuzkoa Araba
Euskal gastronomia Gozoki tradizionalak 40% 46% 80%
  Euskal plater tipikoak 60% 54% 20%
Soziokulturala Folklore tradicionala (totala) 17% 17% 9%
  Dantzak/musika (Folk. Trad.) 43% 41% 63%
  Folklore modernoa (totala) 44% 35% 32%
  Jaialdiak (totala) 39% 47% 59%
Euskal kirol tradizionalak Kirolak (totala) 73% 80% 39%
  Frontoia 21% 6% 57%
  Euskal taldeak 20% 5% 28%
Ondare kulturala eta paisaia Hezkuntza eta zientzia 4% 9% 20%
  Ingurumena eta jasangarritasuna 8% 5% 0%
  Itsas/ibai ondarea 12% 11% 3%
Ohiturak eta balore sozialak Bizikidetza 17% 42% 25%
  Emakumea eta berdintasuna 35% 28% 42%
  Aniztasuna eta inklusioa 22% 12% 19%
Artea eta sormen literarioak Aktore eta abeslari 0% 24% 0%
  Eskultoreak 0% 4% 43%

Eusko Jaurlaritza