789 Zenbakia 2025-06-17 / 2025-09-15

Gaiak

Sanferminak, denok elkarrekin

PIERRE, Thomas

Antropologoa

80ko hamarkada – “Zu handia zara, jaitsi maleta mesedez”, ez ginen oso altuak, baina amatxik ezin izaten zion eutsi esaldi bera errepikatzeari. Zumezko aulki batean zutik, egongelako armairu hormatuaren aurrean, larru marroizko kutxa zaharra hartzen genuen gogotsu, Sanferminetarako eta Hendaiako euskal bestarako arropen gordelekua. Uztailaren hasieran, saiatzen ginen Iruñeko jaietarako janzkera egokia bilatzen. Bazegoen zer aukeratua. Neurri guztietako arropak. Asko jada ez ziren erabiltzen, edo gorde egiten ziren, senideak hazten zirenerako. Dena den, arropa klase batzuk ezin dira erabat baztertu. Ezin da berriro hutsetik hasi. Norbaitek erabili zituen bere garaian, eta norbaitek erabiliko ditu etorkizunean.

Hautaketa egin ondoren, amatxik, adinaren ajeak gorabehera, gozatua hartzen zuen prakak, alkandorak, gerrikoak eta beste zapi batzuk kontu handiz lisatzen – pañuelo, gaztelaniaz esaten genuen hitza. Maleta bat, bi gerriko mota – bi gerriko, euskarazko hitza erabiltzen genuen. Kolore ezberdineko bi gerriko: gorria eta beltza. Gorriak, kondairaren arabera, San Ferminen odola irudikatzen du, laugarren mendean burua moztu ziotenean agertu zen odola. Beltzak baserri mundua adierazten du. Euskal gizartearen oinarri kultural bihurtuko ziren kode eta balioak mendez mende sortu zituen mundua. Hari omenaldia egiten dio Hendaiako herriak abuztuko bigarren igandean. Beraz, bi gerriko. Forma bera, zabala; ehundura bera, lodia. Antzeko bi usain, antzeko bi objektu, guretzat, haurrontzat, mundu berbera eta kultur oinarri komuna adierazten zutenak. Besterik gabe. Ez gehiago, ez gutxiago. Haurrak ez dira ohartzen oinordetzan jasotzen duten historiaz, ezta haiek bizi duten historiaz ere. Bi gerriko kaleko bi festatarako. Funtsezko bi gerriko bi hirirentzat. Bi kolore, espazio publikoaz sinbolikoki jabetzeko. Bi festa, iruditeria komuna, zeinuen poesia, errituak, dantzak eta abestiak. Legearen ofizialtasun hotzaren ordez, ospakizunaren estetika. Ospatu, existitzeko. Festa egin, irauteko. Bi kolore, komunitate zahar eta zaurgarri baten subjektibotasuna berreskuratzeko. Bere buruaz kontziente den mundu bat, baina agindu kontraesankorren eta leialtasun paradoxikoen mende dagoena. Bi oihal puska xume. Mimoz gordetako bi oihal zati. Baliorik ez duen hura sakratu bihurtzen da. Hauskorra den hura preziatu bilakatzen da.

Uztailaren hasieran, egun batzuk itxaron behar izaten genituen hilaren 6a noiz helduko. Berdin zitzaigun euria edo eguzkia, egun horiek bukaezinak ziruditen. Nola igaro denbora benetako une askatzailera arte? Ezinegona gero eta handiagoa zen. Itxaroten ikastea. Hilaren 5eko gauean, urduri egiten genuen lo. Zirrara. Goizean goiz, “Con el chum chum de las peñas” binilozko diskoko nafar doinuekin, dantzaldiari hasiera eman eta jantzien zeremonia betetzen genuen. Aitatxik gutariko bat bidaltzen zuen dozena bat kruasanen bila. Gero, telebistak Iruñeko Udaletxe plazan bildutako jendetza ikaragarria erakutsi arte itxaron behar izaten genuen. Garai hartan, irudia pobrea zen, ia estatikoa, ia urruna. Ez zuen axola, meza has zitekeen, eta jangela alaitasunez eta ilusioz betetzen zen. Guztion begiak pantailan iltzaturik zeuden. Eguerdian, “Pamploneses, pamplonesas, Viva San Fermin!!, Gora San Fermin!!” oihartzuna entzuten zen etxean, eta denok batzen ginen “Viva!!” eta “Gora!!” oihuekin. Ez zegoen estutasunik dagoeneko. Argi zegoen jaiak ospatuko zirela. Gure aitak, alai, xanpaina askatzen zuen. Sanferminak maite zituen. Errotik. Festa maite zuten parrandazaleen belaunaldikoa zen, eta gorputz eta arima bizitzen zituen jaiak. Bazekien bizitza tragikoa dela, baina horrek ez zion jaia maitatzea galarazten. Bizitzak festa bat izan behar zuen. Edozer gertatuta ere, beti izango zen motzegia. Hobe zen ospatzea. Sanferminek hori gogorarazten zioten aitari, eta guri ere bai. Sanferminak, bizitzarekin eta heriotzarekin lotzeko aukera. Sanferminak, erloju biologiko bat, denboraren pertzepzio bat, iparrorratz bat. Oda bat lurreko existentziari, jainkotasunaren babespean.

Egilea: Bernard PIERRE HIRABOURE "Atto". Urtea: 2019

Eguerdiko ordu bata aldera, Iruñerantz abiatzen ginen. Garaiz iritsi behar genuen Riau riaura, Astrainen balsera. Gure aiton-amonek irribarre egiten zuten eta muxuak eta besarkadak ematen zizkiguten, balkoitik azken aldiz agurtu aurretik. Gero, salbu heldu ginela jakinarazteko deiaren zain, amatxi korridorean eserita egoten zen, telefonotik hurbil, segur aski Gure Sokorriko Amari otoitz eginez. Beldurra ematen zion autoan ibiltzeak, Belateko mendateko lainoak, eta ohitura hori hartua zuen, patua uxatzeko. Sinesmenaren eta sineskeriaren artean. Emakumeek, amek eta amonek beren seme-alabengatik duten kezka intuitiboa. Zorigaitza aldentzeko. Gure aitak bazuen horren berri, eta, behin hiriko alde zaharrera iritsita, La perla Hoteleko atondoko telefono kabina zaharretik egiten zuen deia. Bere ama lasaitu ondoren, gure aita prest zegoen Iruñearen berezko axolagabekerian murgiltzeko. Omenaldi bat eginez hasten zen. Aurreneko kopa Casa Sixto tabernan hartu nahi izaten zuen, Estafeta kalearen buruan. Bere osabak festetara egindako lehen bisitan gomendatutako taberna zen hura. Kopa bat Casa Sixton, gogoeta bat osabarentzat eta joandakoentzat. Hildakoez mintzatzen zen. Batak hau egiten zuen, besteak hura pentsatzen zuen. Gertatu zena existitzen da. Esaten zuen: hemen daude, senti ditzaket. Hildakoek parte hartuko zuten festan. Riau riau-an parte hartuko zuten.

Riau riau, iniziatuen bilera. Ermandade bat. Riau riau, Sanferminetako une nabarmenetako bat. Egun bat, ordu bat. Erritu herrikoi bat. Jaunartze kolektibo bat. Ordua baino lehentxeago, igandez jantzitako aingerutxoak bailiran, La Pamplonesako kideak, tantaz tanta, plazaren lau izkinetan agertzen ziren, eta Udaletxerantz jotzen zuten. Udaletxeko plaza: hamabosgarren mendetik hiriaren batasun eta baketzearen ikurra. Sinkretismo iruindarraren sinbolo bat: topaleku nagusia. Antzinako Greziarrek ekklesia deituko zioten. Musikariei zuzendutako ongietorri oihuak eta aitorpenak. Irribarreak. Barreak. Azkenean, iritsi da ordua: “Txunda txunda ta txunda ta txunda”. Askatzea. Kantatzea, salto egitea. Besarkadak. Adeitasuna. Mozkorraldi zibilizatua. Mozkorraldi alaia, osasungarria. Emozioak. Trantzea. Purifikazioa. Riau riau, irakaspen bat. Transmisioa egin dutenen eta transmisioa jasoko dutenen arteko lotura. Riau riau, oroigarri bat: bizi egin behar da. Ultimatumari aurre egin behar zaio. Denek kantatzen eta dantzatzen diote bizitzari. Ordutik aurrera, gorputzen plazer lurtarrak eta arimen presentzia zerutiarrak eternitatea ukitzen dute, prozesioak irauten duen bitartean. San Fermini, eskatzen diogu... Babesa, betetasuna eta itxaropena. Riau riau, kontakizun bat: gizatasuna puri-purian. Riau riau, santuen jaunartzea. Riau riau, elkarrekin egon. Denok batera.


Eusko Jaurlaritza