789 Zenbakia 2025-06-17 / 2025-09-15

Gaiak

Euskara eta hizkuntza-aniztasuna: elkarbizitzarako aukerak

SAINZ GOMEZ, Laura

Migrazioa gizadiaren historiaren berezko ezaugarria da, eta euskaldunen iragana zein oraina ere biztanleen joan-etorriek markatu dute. Mendeetan zehar, euskaldunek zenbait lurraldetara emigratu izan dute, hainbat arrazoi direla medio, arrazoi ekonomikoengatik edota XIX.-XX. mendeetako gatazketatik ihes egiteko, esate baterako. Emigrazio-fluxu horietan, etxetik urrun, iritsi berriek herrikideek eta senideek jositako sare sendoen babesa aurkitu zuten. Lotura horiek funtsezko eginkizuna bete izan zuten iritsi berrien integrazioan, hizkuntza eta ohitura berrietara egokitzeko eta sorlekuko hizkuntza eta ohiturak mantentzeko. Beraz, euskal diasporaren arrakasta, neurri handi batean, etorkizun hobe baten bila joandakoek eraikitako sare sendoari esker gauzatu zen. Horren lekuko eta herentzia dira euskal komunitateak belaunaldiz belaunaldi harrotasunez hauspotutako euskara eta euskal kultura ospatzeko ekimenak.

Euskal Herria emigratzailea izatetik herri immigratzailea ere izatera igaro da. Gaur egun, Espainiako estatuko autonomia erkidegoetatik etorritako pertsonez gain, estatuz kanpoko herrialdeetatik etorritakoak ere nagusi dira (Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikatik edota Afrika iparraldetik, adibidez). Krisi-humanitarioen zein klima-aldaketaren ondoriozko nazioarteko asiloa eta babesa eskatzen duten pertsonen kopurua ere handitu da. Tartean, familiaren babesik gabe zaurgarritasun-egoeran iritsitako adingabe eta gazte atzerritarren etorrera nabarmentzen da, bereziki Ipar Afrikako jatorria dutenen kasuan. Gainera, immigrazioarekin loturiko beste erronka bat du Euskal Herriak: Ipar eta Hego Euskal Herri arteko muga zeharkatzen duten migratzaileen egoera kudeatzea. Gaur egun, Frantzia, Belgika edo Alemaniarantz doazen migratzaile afrikarrentzako igarobide bihurtu da Irun eta Hendaia arteko muga, iragaitzazko migrazioarentzat zeharbide estrategikoa bihurtu dena.

Aldaketa demografiko horiek euskal gizartea eraldatu dute, eta erronka zein aukera berriak planteatu dituzte aniztasunaren kudeaketari, hizkuntza-politikei, hezkuntza-ereduei eta harrera-politikei dagokienez. Izan ere, hizkuntza- eta kultura aniztasunaren aurrean, zein leku dagokio euskarari? Zein Euskal Herriko bi erdara ofizial nagusiei, gaztelaniari eta frantsesari? Zein ofizialak ez diren hizkuntzei, hots, etorritako pertsonen hizkuntzei? Galdera horiek ardaztutako erronkek esparru eta eragile anitzetatik bideratutako engranajeak behar dituzte, Euskalgintzaren Kontseiluak 2024. urtean antolatutako Ongi etorri euskararen mundua: harrera jardunaldian agerian geratu zen bezala.

Abiapuntu gisa, euskal emigrazioaren eta erbestearen ondorioak pairatu izanak eta zapaldua eta gutxitua den hizkuntza baten hiztunak izateak marko partikularra suposatzen dute. Izan ere, hizkuntza gutxiengotu baten hiztunek eta biztanle migratzaileek kultura- edota hizkuntza-gutxiagotuak izatearen esperientzia partekatu ohi dute, hegemonikoa den hizkuntza edota kultura nagusi den espazioetan. Zehazki, antzeko zenbait mehatxuri aurre egin behar diete, hala nola belaunaldi arteko transmisio ezari eta hizkuntza nagusiarekiko aldaketari, hiztun taldearen hizkuntza gutxitua mantentzeari utziz. Horrek esan nahi du, kasu askotan, hiztunek norbere hizkuntzaren zein identitatearen balio-galerari edo galtzeko arriskuari aurre egin behar dietela, dela hizkuntza gutxitu bat hitz egiteagatik, dela etorkinak izateagatik. Are gehiago, immigrazioak eragindako aniztasunari erantzuteko estrategia asimilazionistak hizkuntza gutxituen hiztunei ere aplikatzeko joera arriskutsua egon daiteke; hau da, hizkuntza eta kultura nagusira asimilatzeko (beste talde baten balioak bereganatzea eta propio dituenak baztertzea) deliberamendua eskualde mailako hizkuntza gutxituen hiztunei ere aplikatzea. Zentzu horretan, Jon Sarasua Garabide elkarteko zuzendaritzako kide eta euskaltzain urgazleak adierazi bezala, “badugu begirada etikoa, ekologikoa, enpatia migratzailearekiko. Badakigu zer den hizkuntza maitatzea, zaintzea. Erresistentziaren, porrotaren, liseriketaren ondarea jaso du euskal komunitateak. Galtzaileak min dutenei ez die zanpatzaileak edo hedatzaileak bezala begiratzen”.

Beraz, hizkuntza gutxitu baten hiztunak izateak bestelako sakontasun bat ematen dio migrazioa kudeatzeko posizionamenduari. Abiapuntua jaso beharko genukeena eskaintzea printzipio etiko nagusia delarik, identifikatutako  xedeak dira ahalik eta gizarte kohesionatuena eraikitzea, immigrazio-populazioaren bertakotze-prozesu egokienak lortzea eta etorkizuneko hizkuntza-aniztasunean euskara kohesio-tresna izatea. Horretarako, ezinbestean, hizkuntza-komunitate guztiekiko sentiberatasun finena erakutsi beharko du gizarteak, betiere euskararen gutxiengo egoerari erreparatuta. Azken finean, eremu jakin bateko hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa egokiak berebiziko eragina du gizarte-kohesioan eta herrikideen ongizatean. Kudeaketan, batetik, eremu jakin bateko hizkuntza eta kultura propioa (endogenoa) zaindu beharra dago. Zaintza horrek, euskararen kasuan, ezinbestean, bi hizkuntza ofizialekiko pairatzen duen desoreka onartzea eskatuko luke; hau da, berdintasunean oinarritutako neurriak baino, ekitatea helburu duten neurriak martxan jartzea, desoreka nabarmeneko egoeratan berdintasun-neurriek ez baitute berdintasuna lortzen. Bestetik, exogenoa dugun hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ezagutzea eta onartzea ere garrantzitsua da, aniztasuna aberastasun gisa ulertuz. Azkenik, elkar ezagutzatik harago, herrikideen arteko interakzio positiboa bultzatzea. Interakzio horretan bertan, eta gizarte kulturaniztun eta eleaniztunaren kohesiorako eta komunitatea osatzen duen ororen inklusiorako, euskara baliabide eta zubi izatea.

Eskolan eta eskolatik landu daitezke aurretik zehaztutako puntuak, euskal gizarte kohesionatu bat lortzeko errezeta-pausoak, alegia. EAEn kokatuta, Oinarrizko Hezkuntzarako Euskal curriculumak, beste zenbait ildo estrategikoen artean, euskararen eta euskal kulturaren transmisioarekiko konpromisoa ezartzen du, eta identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresna direla aitortu, baita bestelako hizkuntzekiko ere konpromisoa hartu ere[1]. Horren zehaztapenak ikasleen irteera-profilean (ikasleek oinarrizko hezkuntza amaitzean lortu beharreko helburuak) irakur daitezke: pertsonen eta taldeen arteko tolerantzia eta elkartasuna praktikatzea, aniztasuna errespetatzea, eta norberaren kulturaren eta historiaren alderdiak ezagutzea, baloratzea eta errespetatzea. Baita konpetentzia eleaniztunean eta hura osatzen duten Lehen Hezkuntzarako zein Oinarrizko Hezkuntzarako deskriptore operatiboetan ere[2]. Beraz, curriculum eskaria da norberaren kulturaren eta historiaren alderdiak ezagutzea eta eskolako zein inguruko hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekiko errespetuzko eta enpatiazko jarrera erakustea.

Ildo eta helburu horiek lortze aldera, garrantzitsua da ikasle guztiengan kontzientzia soziolinguistikoa jorratzen laguntzea: euskara hizkuntza gutxitua dela azaltzea, egoera diglosikoan bizirauten duela, gutxitasun horren arrazoi historikoak eta bizi duen mehatxu-egoerara bultzatutako hizkuntza-hierarkiak zein gaur egungo egoera soziolinguistikoa ezagutzera ematea; aurrekoez gain, euskararekiko hizkuntza-jarrera positiboak eta motibazioa indartzeko apustu irmoa egitea ere. Azken finean, bere hizkuntzaren historia ezagutzen duen eta harekiko atxikimendua erakusten duen hiztun-komunitatea jostea. Euskara erdigune eta ardatz izanda, hizkuntza aniztasunaren defentsa egitea: batetik, eskolako zein gizarteko hizkuntza-aniztasuna ezagutaraztea eta aniztasunarekiko errespetua eta begirunea lantzea, curriculum-eskaria izateaz gain, aberasten gaituen ondasuna delako; bestetik, euskararen defentsak hizkuntza-aniztasunaren defentsa eskatzen duelako. Aurreko proposamen guztiek ikerketen emaitzetatik abiatutako programak zein esku-hartzeak garatzea eta irakasleei baliabideak eskaintzea eskatzen dute, eragileen sinergia bateratuek gidatuta, baita eskoletan martxan jarritako neurri aproposak ezagutzea eta zabaltzea ere.

Laburbilduz, euskal gizarteak aukera eta erronka handia du immigrazioari dagokionez: biztanleriaren kontzientzia soziolinguistikoaren indartzetik abiatuta, euskararen normalizazioa helburu duen eta denen hizkuntzak errespetutako diren eta aintzat hartuko diren gizarte baten eraikuntzan aliatuak izateko eskua luzatzea, eta aliatuak izateko baliabideak eskaintzea.


[1] Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin – hizkuntza propioa baita– eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, baita beste hizkuntzekin ere.

[2] LH osatzean: KE3. Lagunduta, ikastetxearen eta ingurunearen hizkuntza-aniztasuna identifikatzen du, errespetuzko eta enpatiazko jarrera hartuta, eta hizkuntzak komunikabide eraginkortzat eta bizikidetza hobetzeko tresnatzat hartuta. Oinarrizko Hezkuntza osatzean: KE3. Ikastetxearen eta ingurunearen hizkuntza-aniztasuna onartzen du, aniztasun horrekiko errespetuzko eta enpatiazko jarrera erakusten du, eta hizkuntzak komunikabide eraginkortzat, kultura-ondaretzat eta gizartekohesioa sustatzeko tresnatzat hartzen ditu.


Eusko Jaurlaritza