
Gaiak
Emakumeak Zientzian, 2025. urtean 9.enez hazia ereiten
Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea. Emakumeak Zientzian ekimenaren koordinazio-taldeko kidea
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016. urtean otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna zela aldarrikatzea erabaki zuen, emakumeek eta neskek zientzian erabateko eta bidezko parte-hartzea izan dezaten.
Testuinguru horretan sortu zuten Emakumeak Zientzian (EZ) ekimena 2017an Donostiako ikerketa zentro gutxi batzuetako hainbat emakumek hiru helburu nagusirekin:
- Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea,
- jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea
- eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.
Hasierako urteetan Donostia inguruko erakunde gutxi batzuen ekimenez sortu bazen ere, urtez urte hazten joan den ekimena da EZ eta aurtengo ekitaldian, Euskadiko Zientzia eta Teknologia sarearen parte diren 35 erakundetako hainbat kidek egin ditugu ekarpenak programan eta beste hainbat erakundek babesa adierazi dute diruz edo baliabideekin lagunduz.
Jakina da EZ ekimenaren ikusgarritasuna otsailak 11ko astearen inguruan nabarmentzen dela. Garai horretan antolatzen baititugu publiko zabalarentzat jarduerak.
Aurtengoan adibidez, 60 jardueratik gora antolatu ditugu hiru probintzietan zehar. Gehienak aurrez-aurrekoak eta otsailaren 7an hasi eta 14ra arteko tartean. Ekintza kopurua zabaltzearekin batera eskaintzaren esparru geografikoa ere geroz eta zabalagoa da. Hasiera batean Donostian edo oso gertu gertatzen ziren ekintza guztiak baina azken urteetan Bizkaia eta Araba batu zaizkigu eta hiriburuetatik kanpo gertatzen den ekintzen kopurua ere hazi egin da. Aurtengoan 12 herrietan izan dira ekintzak: Arrasate, Barakaldo, Beasain, Bergara, Bilbo, Derio, Donostia, Hernani, Iruña, Leioa, Ordizia eta Gasteiz.
Jarduerak anitzak izan dira: mahai-inguruak, tailerrak, bisitak, hitzaldiak, erakusketak, antzerkia eta jolasak egon dira besteak beste. Eta gainera, publiko mota desberdinentzat pentsatutako jarduerak antolatu ditugu: Ikasleentzat edo eskolentzat, emakume nerabeentzat, familientzat, 55 urtetik gorako emakumeentzat, irakasle edo orientatzaileentzat, ikertzaileentzat eta publiko orokorrarentzat.
Publiko orokorrari zuzendutako ekimen bat aipatze arren, gure kuttunen artean dagoen Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur aipatuko nuke. Aurtengoan hiru hiriburuetan izan duguna. Guztietan ikerkuntza alor desberdinetan lanean diharduten emakume zientzialariek dibulgazio lan bikaina egin dute. Alde batetik haien ibilbidearen eta ikerketa lanaren berri eman digute, eta saio berean, historian zehar ekarpenak egin dituen emakume zientzialari bana omendu dute oso modu erakargarrian. Benetan plazera izan da haiek entzutea!
Barnera begirako ekintzak ere antolatzen saiatzen gara. Izan ere, saretzea oso garrantzitsua da guretzat eta helburu horrekin egiten dugu adibidez irekiera festa. Aurtengoan mimo handiz prestatu dugu eta benetan emankorra izan da; saretzeko eta elkar ezagutzeko zein egoeraren lanketa egiteko aukera paregabea eskaini digu eta egindako gogoeta guztiak grafikoki laburtuta geratu zaizkigu gainera!
Eskaintza nagusia otsailean izan arren, udaberrira arte jarraituko du gure inguruan barreiatzen EZren 2025eko edizioaren oihartzunak. Eskolara itzulera izeneko ekimenaren baitan ekainera bitarte hainbat ikastetxek gure ikertzaileak beren ikasgeletan bisitan izango baitituzte.
Urtetik urtera ekimena handitzen eta mamitzen doa eta helburu berriak gehitzen goaz. Izan ere, emakumeek zientzian eta teknologian duten errealitatea islatzen laguntzen duten hainbat alderditan jarri nahi dugu arreta eta zientzia alorrean emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko egin beharreko lanketak eta eman beharreko urratsak identifikatu nahi ditugu. Horregatik, azken hiru edizioetan, ekintzak antolatzeaz gain, gure aburuz garrantzitsua den mezua zabaldu nahi izan dugu jendartean. 7. edizioko mezua “berdintasuna denon kontua da” izan zen. Alegia, emakumeontzat garrantzitsua den hein berean gizarte osoarentzat onura ekarriko du berdintasunak eta horregatik denek borrokatu beharko genuke haren alde. Mezu horren bidez, gizon batzuk ere gerturatu zitzaizkigun EZ ekimenera eta espero dugu egunerokoan ere, haien lantokietan berdintasunaren alde egingo dutela. 8. edizioan gure aldarrikapena “zientziaz haratago bizi” izan zen, izan ere, zientzialariek ere baditugu beste afizio, kezka eta denbora pasatzeko moduak. Pertsona arruntak gara eta horixe gizarteratu nahi izan genuen. Gure aburuz eszelentzia, gure bizitza pertsonala eta lana modu orekatuan uztartu ahal izatea ere bada.
Eta, aurten, beste alderdi garrantzitsu batean jarri dugu arreta: EZ ekimenean ditugun helburu horiek urte osoan landu daitezen lortzea, eta ez bakarrik (edo nagusiki) otsailaren 11ren inguruan. Horretarako, “Hazia Erein – Landatu hazia” izan da lau haizetara barreiatu dugun mezua. Hazi horrek gainera, ez gaitu zientzialariak soilik behar, gizarte osoa behar du ongarritu, ureztatu eta zaintzeko. Zientziarekiko jakin-mina duten neskato eta gazteei laguntzen dieten familiak behar ditu; praktika zientifikorako sarbidea errazten duten (adibidez, STEM jardueren bidez) ikastetxeak behar ditu; ikerketa-karreraren etapa aurreratuenetan berdintasuna lehenesten duten unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresak behar ditugu; eta, zer esanik ez, hori posible egiteko legedia ezarri eta baliabideak ematen dituzten erakunde publikoak behar ditugu.
Balirudike 2025. urtean, berdintasuna denon ahotan dagoen garaiotan zientzia arloan dagoeneko lortua behar lukeela baina datuek kontrakoa adierazten dute. Gure inguruari erreparatzen badiogu, ikasketak eta lanbideak hautatzeko garaian joera nabarmenak daude oraindik. UPV/EHUn 2023an egindako genero diagnostikoan ageri denaren arabera adibidez, gradu ikasketetan %55 dira emakumeak, masterretan %47 ingurura jaisten da portzentaia eta doktoregoan %51tik gora geratzen da. Baina zenbaki hauek erabat aldatzen dira jakintza arloaren arabera. Alorrik feminizatuena osasun zientziak dira (%71,6), jarraian giza zientziak eta artea (%61,5), gizarte zientziak eta zuzenbidea (%56,4) eta zientziak (%51,4). Ingeniaritza eta arkitektura alorrean aldiz, emakumeen portzentaia ez da %30era iristen gradu ikasketetan zein graduondokoetan. Gure etxeari, Informatika Fakultateari, erreparatzen badiogu desoreka nabarmena da. 2000. urtetik hona nekez gainditu du emakumezkoen kopuruak %20a Informatika Ingeniaritza graduan eta azken urteetan eskaintzen dugun Adimen Artifizialeko graduan %30en bueltan dira emakumeak. Ikertzaileen artean ere %25en bueltan dago portzentaia hori.

Lan mundura jauzten garenean, UPV/EHUko genero diagnostikoak dio zientzia eta teknologia eremuetan ere emakumeen soldataren batezbestekoa gizonen soldataren batezbestekoaren azpitik dagoela. Bestalde, Espainiako gobernuak eskatuta 2024an Emakumeak, Zientzia eta Berrikuntzan behatokiak (OMCI) egindako “Women and Innovation” txostenean ondorioztatzen da aurrerapenak egon diren arren, emakumeek oraindik ez dutela parte hartzen baldintza berdinetan I+G+b sektorean. Emakumeak gutxiengo dira sektore estrategikoetan eta teknologia berrietan, hala nola IKTetan, non enpresen %61,3k ez duen emakumezko espezialistarik plantillan. Emakumeon ekintzailetza-tasa igo bada ere, oraindik zailtasunak ditugu berrikuntzaren sektorean sartzeko, erreferente gutxi daude eta emakumeen %65ak uste du guraso izateak emakumeen karrera profesionala oztopatzen duela gizonena baino gehiago.
Aipatu adibideak hobetu beharreko alderdien zertzelada txiki bat besterik ez dira eta horregatik da garrantzitsua urte osoan zehar “hazia ereitea” EZ ekimenaren 2025eko edizio honetan lelotzat hautatu dugun ideiari jarraituz.
Guk ezin dugu jakin zehatz mehatz ereindako hazi horren fruitua zenbateraino ari den hazten. Baina jakin badakigu, aurten eskaini ditugun jardueren artean asko, eskaini bezain pronto bete direla eta den-denak aforo maximora iritsi ez badira ere, eskainitako plaza guztien %90a bete dela eta 10.000 pertsonatik gora izan direla guk otsailaren 7tik 14ra proposatu ditugun ekintzetan parte hartu dutenak. Horrez gain, EZ ekimenak bideratuta emakume zientzialariok medioetan, telebistan, irratian zein prentsa-idatzian dugun presentzia eta oihartzuna zein sare sozialetako presentzia hazten doa urtez urte. Alegia, guk antolatutako ekintzetara ez datorren jendeak ere badu gure berri eta jasotzen du gure mezua. Ez da lorpen makala gaur egun dagoen eskaintza oparoa kontutan izanda!
Horregatik guztiagatik, egun batetik bestera gure ingurua kolpetik aldatzen ikusi ez arren, gure hazia landatu, ureztatu eta ongarritzen jarraituko dugu. Ximaur izango gara, istorio handiak hazi txikietatik hazten baitira.

