
Gaiak
Gabriel Aresti: giza eskubideen poeta
Artikulu honetan Gabriel Arestiren (1933-1975) poesia soziala eta giza eskubideak uztartu nahi ditugu. Hasteko, giza eskubideen defentsaren auzia denboraz kanpokoa da, haiek bermatzeko mekanismoen ahuleziengatik. Eskuarki, eskubideen babesari fronte desberdinetatik heldu zaio: nazio-arteko tratatuen, komunikabideen edota herritarren mobilizazioen bidez. Alabaina, eskubideak zaintzeko modu tradizionalek zailtasunei aurre egin behar izan diete sortu zirenetik. Gure ustez, marjinaltzat jotzen diren eremuetatik ere zabaldu eta defenda daitezke, artetik jaiotako alternatiba sortzaileek modu tradizionalen hutsuneak betetzen lagun dezaketelako. Halaber, eskubideen babesa gutxitutzat jotzen den hizkuntzetatik bete daitekeelakoan gaude. Poesiaz eta euskaraz ari gara, alegia.
Poesiak emozioak printzipio unibertsalekin konektatzeko gaitasuna du. Aristotelesek berak jakinarazten digu olerkigintzaren zerizana ez datzala soilik mezu estetikoak transmititzean. Aitzitik, poetaren helburua “ez da gauzak gertatu ziren bezala adieraztea, baizik eta gertatu behar zuten edo gerta zitezkeen moduan kontatzea”. Arestiren ustez, euskaraz idatitzako literaturak balioak islatzeko boterea du, masak hezteko balio duen hizkuntza poetikoa baita.
Izan ere, bere poesia sozialarekin profeta gisa aritu nahi du, Euskal Herriaren kontzientziaren iratzargailu gisa. Horregatik, identitate kulturala, justizia, lana eta giza duintasuna jorratzeko, hizkera herrikoi baina sinbolismoz betearen aldeko hautua egiten du. Kezka horiek errepresiozko testuinguru frankistan oso errotuta daude. Erregimenaren euskararen kontrako erasoak gorabehera, 1964ko Harri eta Herri euskara klaroan argitaratzen du, Euskaltzaindiaren euskara batuaren onarpena gertatu aurretik. Orobat, lanak pseudonimoz sinatzeko euskal literatura tradizioan ez bezala, Arestik izen-abizenekin eta ausardiaz sinatzen ditu idazkiak, zentsura nagusi den momentuan. Haatik, hizkuntzarekiko konpromisoa ez da oztoporik giza eskubideen alde egiteko: “Asko maitatzen dut euskera, / asko maitatzen dut nire sorterria, / baina are gehiago gizonaren dignidadea”. Koldo Izagirreren esanetan, “Gabriel Arestiren poesia etika bat da. Sikatearen kontra, lurrikeriaren kontra, injustiziaren kontra. Ez etxe baten jabegoagatik, ez asmo nazional burges batengatik, gizaki konkretuaren alde baino”.
Horrenbestez, poesiak emozioak printzipio unibertsalekin konektatzeko gaitasuna duela ulertuta, Arestiren poema batzuk Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren (GEAU) zenbait artikulurekin lotzeari ekingo diogu. Kasu honetan, hurrengoekin duten lotura justifikatzea erabaki dugu, baina ez dugu proposamen murriztaile edo baztertzailerik bilatu, hausnarketarako iradokitzailea izatea baizik.
GEAUren 1. atala: Duintasuna
Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela.
Zorrotzako portuan aldarrika poema gizakiaren zapalkuntzaren aurkako mezu kritikoa da. Zorrotzako portua langileen erresistentziaren metafora da. Gilen eta Antonen pertsonaien bidez, "Tira eta tira, / orain Anton, / gero Gilen” Arestik 60ko hamarkadan Euskal Herrirantz egindako exodotik eratorritako sinkretismo kulturala aipatzen du: “Hemen euskeraz / ta han erderaz". Landa-eremuetako milaka pertsonak euskal industriaguneetara masiboki migratu zuten enplegu eta bizi-baldintza hobeen bila. Aresti, errealitate horren lekuko izan zen, Bilboko Barroeta Aldamar kalean bizi izan baitzen, garai bateko portuan eta aduanaren alboan. Proletarioen egoeraren jakitun, berehala ondorioztatzen du injustiziak ez duela jatorrien araberako bereizketarik egiten "ezpaitaki mintzaerarik, / berdin tratazen baitu / erdalduna / eta / euskalduna". Horrenbestez, poema honetan Aresti gizaki ororen duintasunaren alde agertzen da: "Beti paratuko naiz / gizonaren alde".
GEAUren 19. atala: Adierazpen-askatasuna
Gizabanako guztiek dute iritzi-eta adierazpen-askatasuna.
Gizonaren ahoa 1967ko Euskal Harria lanari dagokio. Adituen arabera, liburu honetan tonu oldarkorragoa erabiltzen du: “Lehen protestatu, / gero kontestatu, / orain detestatu / egiten dut”. Preseski, lan hau gogor zentsuratu zen: jatorrizko 120 poemetatik erdia baino ez ziren argitaratu. Errepresio horri aurre egin nahian, egia adierazteko askatasunaren aldeko apustu sutsua egiten du Arestik: “Ez ezazue tapa / gizonaren ahoa. / Defendi dadin”. Herriaren bozgorailu den poetak justiziaren aldeko egia besterik ez du esango, edozein traba jartzen zaiola ere: “Hitzaz balia dadin, / hitzaz zerbitza / dadin”. Arestiren pentsaera olerkian islatzen da eta irakurleari bere kausarekin batu egiteko gonbita egiten dio. Oihartzun existentzialistak azaleratuz, gogorarazten digu, gizaki ororen funtsezko nolakotasuna den heinean, askatasuna babestu egin behar dela: “Honela konpreni / dezazuen / zertarako / jaiotzen den / mundura”.
GEAUren 27. atala: Kultura
Pertsona orok du eskubidea elkarteko kultur ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta zientzi aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko.
Souvenir d'Espagne pour Mesdemoiselles Solanje et Helena Gereziaga poeman jatorri euskalduneko bi emakume, Bilbo bisitatzen ari direlarik, Arte Ederren Museoara heltzen dira: "Hau da Pinturaren Museoa". Aresti elkarrizketaren solaskideetako bat da eta agerian uzten du museoak burgesiari egiten dion gorespena. Deseroso, destainaz galdetzen du "Zergatik burjesa egonen da / museo honetan izenez / laudorioz". Halaber, emakumeek Deustuko Unibertsitatetik haratagoko leku bati erreparatzen diotenean, toki hori Bilbo osatzen duen puzzlean txertatuko ez balitz bezala, Arestik lotsa sentitzen du: “Zer da hori? Seinalatu zuten leihotik. / Deustuko Eskola. Jesuitena. / Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek. / Ijitoak, esan nuen lotsaturik”. Museoak zein unibertsitateak dirudunen eta langile klasearen arteko amildegia azaleratzen dute. Bilboko txabolismoaren berezko errealitate gordinaren aurrean, Arestik burgesia bilbotarrak soilik klase sozial horretara bideratutako artea sustatzea kritikatzen du. Beraz, pintura, "Grekoa. Goia", klase dirudunentzat gordetzen den bitartean, zoritxarraren aurka borrokatu behar duten klase behartsuen egoera izkutatu nahi da Bilbon: "Hurrutian entzuten zen trumoia".
GEAUren 2. atala: Berdintasuna eta diskrimaziorik eza
Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik.
Arestiren poema ezagunenetakoa da Nire aitaren etxea. Izan ere, munduko hizkuntza gehiagotara itzulitako testu profanoa da. Poema honetan hizkuntza, identitatea, herentzia eta sustraitzea sinbolizatzen ditu “aitaren etxea” adierazpidearekin. Gerra osteko giroa eta Frankoren diktadurapean, euskaldunek bizi duten egoera itogarriaren eta euskararen etorkizunari buruzko kezka eta larritasunaren adierazlea da. Olerkian zehar, "nire aitaren etxea / defendituko dut" bertsoak mantra gisa agertzen dira. Benetako poetak, poeta outsider-rak, bere herria eta hizkuntza guztiaren aurka defendatu behar ditu: "otsoen kontra, / sikatearen kontra, / lurrukeriaren kontra", hau da, burgesiaren zein aberatsen zekenkeriaren aurka. Kritika bikoitza da: alde batetik, nekazari eta industriako langileek pairatzen duten egoera makurra salatzen du eta, bestetik, agintarien kontzientzia moralaren hutsunea azaleratu nahi du. Otsoaren metaforak Estatu frankistaren Euskal identitatea suntsitzeko nahia adierazten du. Honen aurrean, “pinudiak” erresistentzia eta betikotasuna sinbolizatzeko erabiltzen ditu. Borroka honetan poetaren bakardadea deitoratzen du Arestik: “besorik gabe / sorbaldik gabe, / bularrik gabe / utziko naute”. Alabaina, garaile amaitzen du, etsi ez duelako: “Nire aitaren etxea / iraunen du zutik”.
Gabriel Arestiren aztergai gehienek, nahiz eta pasa den mendean idatziak, bizirauten dute gaur egun ere. Bere poemak Giza Eskubideekin lotzeak zentzu osoa du gaur egungo testuinguruan, denboraz kanpoko gaiak jorratzen baititu, hala nola identitatea, justizia soziala eta eskubide kulturalak. Arestiren poesiak giza emozio eta kezka unibertsalak adierazten dituenez gero, abstraktuak diren eskubideak humanizatzen ditu. Hori egitean, irakurlea bidegabekerien inguruan sentsibilizatzea eta sufritzen dutenei ahotsa ematea ahalbidetzen du.