"Susmoa dut 'lurraldetasuna', bere horretan, kontzeptu zaharkitua dela, gaur egun hainbat euskaldun atzerrian bizi arren gure komunitateko kide sentitzen direlako eta, teknologia berriak direla medio, bertako egunerokotasunean murgilduta jarraitzen dutelako. Ez dakit kontzeptu berri bat asmatu beharko genukeen edo; adibidez, 'euskal eremua' non 'euskal lurraldeak' eta 'euskaldunen arteko sareak' sartu beharko liratekeen. Horrela, atzerrian bizi direnak ere kontzeptuaren baitan hartuak lirateke" (Iturria: Erronken eta proposamenen 19. delphia).
Hitz hauekin adierazi du bere ikuspuntua "Euskal nortasunak XXI. mendera begira: 2050 helburu", Eusko Ikaskuntzak eramaiten duen ikerketa programaren parte-hartzaile batek, delphi bati erantzunez. Argi uzten du euskal nortasuna eta lurraldetasunaren lotura ez dela oso argia gaur egun eta bere konplexutasun guziarekin ulertu beharra dagoela.
“Euskal nortasunak XXI. Mendeari begira: 2050 helburu” proiektuaren xedea, ez zen baitezpada lurraldetasunaren gaiaren berriz hartzea. Hala nola, 2022 eta 2024 artean, ikerle talde batek, Patxi Juaristiren zuzendaritzapean, eramaiten dugun ikerketa programa honen helburu nagusia, euskal nortasunak gaur egun osatzen duten elementuak, beren izaerak, eragileak, esparruak, erronkak ulertzea zen eta horrez gain, gerora begira, nolako euskal nortasunak nahi ditugun euskaldunok, eztabaidatzea ere bai. Horren egiteko, metodologia bat erabili da: Grounded Theory edo oinarritutako teoria deitzen dena. Metodologia honen ideia nagusia da, ikerketa induktiboa dela, erran nahi baitu ez duela aurretik pentsatu hipotesiak egiaztatzeko asmoa, baizik eta landa lanetik erakarritako ideia desberdinetan oinarritzen da. Ondorioz, ez da hasieran hipotesia orokorrik egin euskal nortasuna zer den, zerk osatzen duen edo nork eragiten duen, baizik eta parte-hartzaileek ekarritako informazioekin osatu da atal bakoitza. Ikerketa programa honen azalpen osoa ematen du 781. zenbakian agertutako artikuluak. Laster esanda, datuak bildu dira sakoneko elgarrizketak eramanez, narrazioen bidez, web orrien azterketaren bidez, delphien bidez, gazteekin eraman eztabaida taldeen bidez eta baita kontraste saioen bidez (hauek mintegi, kongresu, aurkezpen edo hitzaldiak izan zitezkeen). Ikerketa programaren emaitza nagusiak 2024ko urrian eginen den Eusko Ikaskuntzaren “Elkartzen gaituena”, XIX. Kongresuan aurkeztuko dira.
Identitatea eta lurraldetasuna: zatiketaren sendimendua euskaldunen artean
Identitatea eta lurraldetasunaren konzeptuen arteko solasa klasiko bat bilakatu da. Hala nola, XIX. mendean nazionalismoen ideiaren gorakadarekin eta Estatu nazioen nagusitzearekin, identitateak lurraldeei lotu dira. Horrela eraiki dira gaur egun ezagutzen ditugun Estatuak, lurralde batean oinarritzen dute beren boterea eta lurralde horri doakio nazio bat zeini lotzen zaion identitatearen ideia bat, desberdina izan daitekeena nazio konzeptuen arabera. Euskaldunon bizi eremuan, gure frantsesteko eta españoltzeko tresnak erabili dira eta euskaldunentzat, Estatuekiko harremana toki deseroso bat da. Eusko Ikaskuntzaren programa honen ikerketaren parte-hartzaile batek, sakoneko elkarrizketa batean azaltzen du beretzat hiritartze prozesuak adibidez ekarri duela frantsesteko edo españoltzeko modu bat, hiria bihurtuz “euskal nortasuna galtzeko tresna inportante bat” (Iturria: 4. sakoneko elkarrizketa). Homogeneizazioa eta nazio hegemonikoei buruz joaitearen parean, kezka bat nabaritu da oro har ikerketa honetan. Asimilazioa eta zapalkuntzatik bizitzen dela egoera hori argi utzi dute parte-hartzaileek, politika inperialistak bezala ikusiz Estatu nazioen esku-sartzeak.
Zer gertatzen da euskal nortasunaren kasuan, hots loturiko Estatu naziorik ez duen kasu batean? Nola eraikitzen da lurraldetasuna euskal nortasunetik edo hobeki erranik, nola egiten ditugu lurraldetasunak euskaldunok? Eta zertan lurraldetasunaren ideiak euskal nortasuna moldatzen du gaur egun? Galdera hauek funtsezkoak dira. Hala nola, euskaldunak sakabanatuak eta zatituak izatearen sendimendua agertzen da ikerketa honen emaitzetan, lehenik, hiru lurralde administratibo desberdinetan zatituak izateagatik, kondutan hartu gabe diasporan daudenak eta ondotik, bi Estatu nazioen arteko muga batek zatitzen duelako bi lurralde sortuz, “Iparraldea” eta “Hegoaldea” deitzen direnak.
Ikerketa programaren emaitza nagusiak 2024ko urrian eginen den Eusko Ikaskuntzaren
“Elkartzen gaituena”, XIX. Kongresuan aurkeztuko dira.
Euskaldunen lurraldeak
Ikerketa honen ostean, hainbat elementu agertzen dira gaur egun euskal nortasuna egiten dutenak. Hauek bi motatakoak dira: nortasun-elementu objektiboak izan daitezke erran nahi baitu kanpotik jasotzen direnak edo nortasun-elementu subjektiboak, hots, bakoitzak bere barnean garatzen dituenak. Hainbat nortasun-elementu objektibo identifikatu dira eta hauetariko bat lurraldetasuna da. Hala nola, informatzaileen arabera, euskal nortasuna lurralde baten atxikimenduari lotzen zaio. Baina azkar ohartzen gira « lurralde » konzeptuaren gibelean, ahots desberdinak daudela. Badira zazpi probintziez osatutako Euskal Herria aipatzen dutenak, bainan ere lurralde administratibo bat aipatzen dutenak, hots EAE, Nafarroa edo “Iparraldea” deitzen zaion lurraldea ere bai. Euskaldun izateak lurraldeari atxikimendua garraiatzen baldin badu bere baitan, ez dute denek “lurralde” bera pentsatzen.
Horrez gain, bakoitzak kontsideratzen duen lurraldearen arabera, nortasun desberdinak eragiten dira: adibidez, Nafarroako lurraldea aipatzen duenak, euskal nortasuna aipatzeko orde, Nafartar nortasuna aipatuko du. Era berean kontsideratzen den lurraldearen arabera, nortasunak txertatzen zaizkio lurralde horri. Gehitzeko, euskal lurraldea erreferente izaten da Euskal Herritik kanpo bizi diren diasporako pertsonentzat eta euskaldun bezala identifikatzen dutenak beren burua. Lurraldea ukan gabe, honen irudikatzea garrantzitsua zaie euskaldunak direla esaterako momentuan.
Azkenean, lurraldetasuna, nortasuna bezain konzeptu lauso eta dinamikoa da. Mugitzeko, izendatzeko, errepresentatzeko joerek baita egunerokoan bizitzeko moldeek egiten dituzte lurraldeak. Lurraldea, nortasuna bezala, eraikuntza soziala da. Egia da oso naturala egiten dela bien arteko lotura, euskaldunen ttipitasunaren konplexutik haratago, gaur egun nortasunaren konzeptua lurraldeari lotzen delako Estatu nazioen momentuan. Nortasun bat, lurralde bat. Eta informatzaile batzuek azpimarratu dute beraientzat beren euskal nortasuna, euskal lurralde batean jaiotze edo bizitzeak eragiten diela. Gehienetan, euskaldun izateko eta existitzeko era bezala ikusten da orduan lurralde baten aldarrikatzea.
Informatzaile batzuek azpimarratzen dute ordea gaur egun ez duela lurraldeak, euskalduntasuna egiten. Narrazio baten ekarpenean, parte-hartzaile batek honela dio: “Garrantzitsua da zehaztea jaiotzen zaren tokiak ez dizula nazio nortasunik ematen automatikoki, Euskal Herrian jaio zaitezke eta euskaldun ez sentitu, Euskal Herritik kanpo jaio zaitezke eta euskaldun sentitu (etorkinak, diaspora)” (Iturria: 22. narrazioa). Honek dioenaren arabera, ez da lotura naturalik euskaldun izaitea eta euskal lurraldean jaiotzearen artean, ikuspegi esentzialista horretatik urrunduz. Argi atera da ikerketa honekin euskal nortasuna definitzeko elementu bakarrik ez dagoela eta euskaldun egiten gaituenak elementu oso desberdinak izan daitezkeela. Horiek horrela, “lurraldetasuna” elementu garrantzitsua baldin bada batzuentzat, besteentzat ez da eta “lurraldearen” gibelean ezartzen den eremuaren arabera, nortasuna ere oso desberdina izan daiteke.
Are gehiago, gaurko mugimendu etengabearen unean, “mugak” berak mugitzen dira. Gorputzetan daramatzagula diote ikerle batzuek, hau da migranteen kasuan adibidez, administrazioen parean, paperak eskatzeko unean, muga beraiekin daramatela esan daiteke. Mugak beti eta gehiago aireportuetan ere badira adibidez, kontrolen bidez. Lurraldeak ondorioz ez dira espazio hain finko eta definituak. Hauek ere dinamikoak dira. Euskal nortasunaren lurraldeak aldatuz doaz ere bai, euskal nortasuna aldarrikatzeko lurralde anitzak pentsatzen ahal dira, batez ere mugagabeak diren sare sozialei pentsatzen bazaie adibidez: ez ote dira espazio geografikotik haratago, nortasunak oinarritzeko erabiltzen diren lurralde berriak?
Lurraldetasuna euskaldunen kohesiorako
Euskal Estaturik ez egoteak, sendimendu partekatu bat dakarrela agertzen zaigu ikerketa honetan: sakabanatua izatearen sendimendua. Narrazio batean, parte-hartzaile batek honela dio: “Zatitasunaren kontra mendeetako borroka: hiru gara? Lau gara? Zazpi gara? Izena, banderak, ereserki nazionala…” (Iturria: 34. narrazioa). Honekin argi uzten du ideia bat: euskaldun izaiteko erakusten diren elementuen arabera, ez da baitezpada lurralde berdinari erreferentzia eginen. Bandera baten erakustea, Euskal Herriaren parte bati lotzen ahal zaio, bere osotasuna aipatu gabe Nafarroaren bandera erabiliz adibidez. Zatiketa instituzionalak eragiten du, nortasuna bizitzeko momentuan, egunerokoan, euskaldunak ohitzen direla muga sinbolikoak jartzera beraien artean. “Iparralde” eta “Hegoalde” hitzak erabiltzen direnean adibidez, barne zatiketa bat aitortzen da eta lurralde zatikatua edo lurralde aniztasuna eragiten da. Azkenean, euskaldunen arteko desberdintasunen markatzeko ohiturek lurralde desberdinak margotzeko gaitasuna dute, muga sinbolikoek, muga geografikoak eraginez eta alderantziz. Euskalkietan egiten da adibidez. Eta zatiketaren sendimenduari lotzen zaio ondorioz, elkarrengandik urruntzearen tendentziaren sendimendua. Euskal Herria, bere osotasunean pentsatzea eta bizitzea, desafio bat bezala agertzen da.
“Forma politikoari dagokionean, nahiko nuke zazpi lurraldeek historikoki aberri bat osatzen dugunaren ideiak indarrik ez galtzea eta bai erakunde publikoetatik eta bai bestelako elkarteetatik elkarren arteko loturak indartzea” (Iturria: 33. narrazioa). Oro har, sendimendu honekin lotzen ahal da etorkizunari buruzko erronka garrantzitsu bezala identifikatu duguna ikerketa honetan jasotako materiala kondutan hartuz: lurraldetasunaren konzientzia falta. Etorkizunari buruz, 10 erronka identifikatu dira eta horietariko bat da lurraldetasunarena. Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela barneratzeko ekintzak behar direla diote batzuek. Eremu desberdinetako biztanleen arteko loturak sustatzeko eremuak, ekimenak, erakundeak, egiturak behar direla aipatua da. Delphi batean parte-hartzaile batek ideia oso argiki ekartzen du: “Gaur egun duela urte batzuk baino distantzia handiagoa dago euskal lurraldeen artean, bereziki bereizketa administratiboa min handia egiten ari da, hizkeran bertan gero eta nabariagoa da, Nafarroa eta Euskadi esaten dugu Hego Euskal Herria esateko. Eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga gero eta handiagoa da, bi mundu egiten ari gara, elkarri bizkar emanda askotan” (Iturria: Erronken eta Proposamenen 10. delphia). Hiztegiaren inguruko erronka ekartzen du proposamen honek: izendatzeko moldeek lurralde bati izaite bat emaiten diote. Hots, izendatuz lurralde bat, mugak markatzen dira. “Nafarroa”, “Euskadi”, “Iparraldea”, “Hegoaldea”, “bestaldea”, “han”, “hemen”, barneratuak diren hitz hauek denek etengabe barne mugak eraikitzen dituzte eta lurraldearen ikuspegi oso zatikatua emaiten. Geroari buruz, kohesioa eta harremanak sendotzea bilatzen baldin bada, izendatzen eta baita mapen bidez errepresentatzen diren lurraldeei gogoetatzea baliagarria agertzen da ikerketa honen ostean: zein lurralde erakutsi, barneratu, bizi eta transmititu nahi ote dugu euskaldunok? Nolakoak dira lurralde horiek?