
Gaiak
Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu
Zer da, gaur egun, euskal nortasuna? Zertan bilakatuko da euskal nortasuna etorkizunean? Zeintzuk dira, egungo, euskal nortasuna eraikitzeko erabiltzen ditugun elementuak? Eta eragileak? Nola aldatu da euskal nortasuna? Nolakoa da euskal nortasunaren etorkizuna? Zein eratako estrategia eta proposamenetan oinarritu behar da etorkizuneko euskal nortasun kolektiboa?
Eusko Ikaskuntzaren baitan, euskal nortasunari buruz galdera hauei erantzuteko Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu ikerketa egitasmoa jarri dugu martxan[1].
Proiektu honek, XXI. mendeko euskal herritarren nortasun kolektiboaren eraikuntzaren inguruan eztabaidarako eta hausnarketarako gunea eskaini nahi du. Euskal gizartearen nahiak eta gizarteak baloratzen dituen elementuak ezagutaraziz, euskara eta euskal kultura oinarri izaten jarraituko duten gizarte justuago, kohesionatuago eta gizatiarrago bat eraikitzen lagunduz.
Etorkizunera begira jartzeak, euskal nortasunaren erronkak eta aukerak ezagutzeko aukera eskaintzen digu, baina aurretik, egun euskal nortasunaz zer ulertzen den ezagutu behar dugu. Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu ikerketa-proiektua, 2022-2024 bitartean burutuko dena, hiru faseetan lantzea aurreikusita dugu, fase bakoitzak bere helburu zehatzak izanik. Lehen fasean (1), gaiaren inguruan antzeman daitezkeen joerak identifikatu eta aztertu dira; bigarrenean (2), gaiaren ezagutzan sakontzeaz gain, etorkizunerako proposamenak egitea bilatu da; eta azken eta hirugarren fasean (3), jasotako proposamenen kontrastea egitea espero da. Momentu honetan, ikerketaren bigarren fasearen amaieran gaude.
Bukatu gabeko ikerketa bat denez, artikulu honetan ikerketa bideratzeko erabilitako metodologia eta orain arte emandako pausoak aurkezten ditugu. Gaur egun, prozesuan zehar bildutako informazioaren azterketa egiten ari gara eta datozen hilabeteetan emaitza horiek kontrastatuko ditugu. Ikerketaren emaitzak 2024ko urriaren 2-tik 4-ra egingo den Eusko Ikaskuntzaren XIX Kongresuan aurkeztuko direlarik.
Ikerketaren metodologia eta informazio bilketarako teknikak
Euskal nortasunaren azterketa kualitatiboa era askotako metodoen bidez egin daiteke (besteak beste, biografia, fenomenologia, etnografia, kasuen ikerketa eta oinarritutako teoria edo grounded theory). Ikertzeko metodo hauen helburua da giza esperientzia ikertzea eta ikergai den esperientzian parte hartzen dutenen ikuspuntutik ezagutzea. Dena dela, diseinu metodologiko desberdinak dituzte, baina helburu desberdinak ere. Ikerketa honetan, metodo kualitatiboan kokatu gara, euskal nortasuna bizi dutenen esperientzia subjektiboa ezagutu nahi dugulako.
Euskal nortasunaren inguruko diskurtsoak aztertzeko eta etorkizunera begira baliagarriak diren ondorioak ateratzeko nagusiki, oinarritutako teoria edo grounded theory ikerketa metodoan oinarritu gara. Oinarritutako teoria edo grounded theory metodo induktibo bat da, fenomenoen analisi zuzenetik abiatuta interpretazio-teoriak eratortzen dituena, eta ez aurretiko elaborazio teorikoetan oinarrituta.
Ikerketa gidatu duten hipotesiak zein ikerketarako erabili diren prozedurak ez dira aldez aurretik sortutako teoria batetik atera, bildutako datuetatik baizik; hau da, informazioa metodo induktiboaren bidez lortzen dugu. Gure nahia da bildutako datuetan oinarritutako euskal nortasunari buruzko teoria substantibo bat eraikitzea. Biltzen den informazioa etengabe kontrastatzen dugu datu berriak bilduz eta daukagun informazioa osatuz, hipotesi berriak ateraz eta dauden hutsuneak betez.
Ikerketarako erabili den informazioaren bilketa eta azterketa aldi berean burutzen ari gara. Hots, datuak biltzen goazen heinean, hipotesi berriak formulatzen ditugu eta bildutako datuen artean informazio hutsuneak non dauden ikusten dugu. Hipotesi eta hutsune horiek datu berriak biltzera eta aurretik lortutako informazioa kontrastatzera bultzatzen gaituzte.
Euskal nortasuna bizitzeko modu desberdinak ezagutzeko, herritarrei galdetzen ari gara. Informatzaileak jatorri, adin, genero, ikuspuntu, ezagutza… desberdineko herritarrak dira. Informatzaileen lagina datuak biltzen goazen heinean osatzen doa. Lagina ez dugu aldez aurretik zehaztu eta osatu, baizik eta etengabe osatzen doa ikerketa aurrera doan heinean.
Errealitatea ikusgune desberdinetatik aztertzeko helburuarekin, informazioaren bilketa teknika desberdinak erabiliz egiten ari gara. Ikerketaren lehen fasean herritarren ahotsa jasotzeko narrazioen eduki azterketa eta sakoneko elkarrizketak egin genituen; eta ekintza hauetatik ateratako baieztapenak, bigarren fasean kontrastatu eta osatu ditugu gazteekin egindako hausnarketa taldeetan eta herritarrekin egindako mintegi irekietan.
Gazteen ahotsa jasotzeko bost lan saio aurreikusi ditugu eta horietarik lau eginak ditugu: EAEn hiru saio eta Ipar Euskal Herrian saio bat, Nafarroako saioa egitea falta zaigularik. EAEko kasuan, Araban Gasteizko, Bizkaian Leioako eta Gipuzkoan Idiazabalgo gazteekin, egon gara euskal nortasunari buruz hausnartzen. Saio hauen antolaketarako eta gazteen identifikaziorako Udalaren eta bertako teknikarien laguntza izan dugu.
Aipatutako teknika hauen bitartez barrura begira jarri gara, hau da, herritarren diskurtsoak jasotzean zer esaten duten jaso dugu. Baina ere garrantzitsua deritzogu, euskal nortasuna nola agertzen den aztertzea, eta horretarako zuzenean galdetu ordez, elkarte, enpresa eta erakundeek euren web orrietan euskal nortasuna nola agertzen den aztertu dugu.

Urriaren 27an, Donostian egindako tailer-mintegia.
Bide desberdinetatik bildutako informazioa tailer-mintegi irekietan kontrastatu ditugu ekintza desberdinak burutuz. Hau horrela, irailaren 28an proiektuaren lehen emaitzak aurkezteko eta kontrastatzeko onlineko saio ireki bat egin genuen. Lehen emaitza hauek, ikerketaren hurrengo urratsetan aurrera jarraitzeko lan hipotesi bezala hartu behar dira.
Bildutako informazioa etengabe kontrastatzen dugu, datu berriak bilduz eta daukagun informazioa osatuz, hipotesi berriak ateraz eta dauden hutsuneak betez. Modu horretara, urriaren 27an, Donostian egindako tailer-mintegian kontrastea egin genuen berriro ere. Mintegi horrek bigarren helburu bat ere bazuen, etorkizuneko euskal nortasun kohesionatu, integratu eta legitimatu bat eraikitzeko proposamenak taldean lantzea.
Eztabaida talde horien bitartez, Eusko Ikaskuntzak bere egitekoan bilatzen dituen eta ikerketa proiektu honek dituen zeharkako helburuak lantzen ditugu: komunitatearen kohesio-sozialaren eraikuntzan eragin, euskal nortasun-elementu eta balio komunen lanketa bitartez; herritartasun aktiboa sustatu, euskal nortasunaren etorkizuna modu bateratuan landuz; eta, euskal kulturaren sustapena, euskal nortasunaz hausnartzeko lekua eskainiz.
Ikertutako lau arloak
Euskal nortasunaren inguruan lau izan dira ikertu ditugun arloak: euskal nortasunaren izaera; euskal nortasunaren eragileak; euskal nortasunaren aldaketa; eta, euskal nortasunaren etorkizuna.
Lehen arloan, euskal nortasunaren izaeran, euskal nortasuna ulertzeko, definitzeko eta bizitzeko moduak ikertu dugu; bigarren arloan, nortasun-elementuak sortzeko, eraldatzeko, hedatzeko edo/eta bultzatzeko gaitasuna duten eragileak aztertu ditugu; hirugarrenean, euskal nortasunaren oinarrian dauden ardatzak aldatzen edo/eta eraberritzen diren ikertu dugu; eta laugarren eta azken arloan, etorkizuneko euskal nortasunaren erronkak eta aukerak identifikatu ditugu.
Lau arlo hauetan biltzen diren emaitzak ikerketaren azken helburuaren oinarriak dira. Hau da, etorkizuneko nortasun kolektiboa eraikitzen lagunduko diguten proposamenak lantzeko oinarriak. Orain arte egin ditugun ekintza guztietan parte hartu duten jatorri, adin, genero, ikuspuntu, ezagutza… desberdineko herritarrek egungo euskal nortasunaren irakurketa eta balorazioa egin digute eta 30 urte barru, hau da 2050. urtean, euskal nortasunaren etorkizunari buruz hitz egiten jarri ditugu. Euskal nortasunaren etorkizunari buruzko diskurtsoetan ikuspuntu baikorrak eta ezkorrak nahastu dira, baina ikuspuntuak ikuspuntu, guztiek euskal nortasuna biziraun, mantendu edo transmititu nahi dute. Diskurtsoak, herri gisa irauten, garatzen edo etorkizun on bat ematen lagunduko diguten ahaleginak egitearen alde agertu dira; beti ere, gizarte justuago, kohesionatuago eta gizatiarrago baten markoan.
Artikulu honen hasieran aipatu bezala, ikerketa amaitu gabe dago eta orain bildutako informazio hau kontrastatu eta borobildu egingo dugu. Ikerketaren emaitzak 2024ko udazkenean egingo den Eusko Ikaskuntzaren XIX Kongresuan aurkeztuko badira ere, eztabaida gaiaren edukia zabaltzen joango gara Eusko Ikaskuntzaren ohiko zabalkunde euskarrietan.
[1] Proiektuaren lantaldea: Zuzendari Zientifikoa, Patxi Juaristi Larrinaga; taldekideak: Igor Ahedo Gurrutxaga, Elena Casiriain Iturriria, Carmen Innerarity Grau, Jone Goirigolzarri Garaizar, J. Inazio Marko Jaunikorena, Izaskun Rekarte Bengoetxea eta Iñaki Zaldua Calleja; Eusko Ikaskuntzako proiektu arduraduna, Josune Etxaniz Barrio.