Euskara Orain, Eraginkortasuna Helburu liburuan, euskararen egungo egoera aztertzen saiatu gara, baina ohikoa ez den ikuspegi batetik. Honela, esan ahal dugu 2014an argitaratutako Hizkuntzen Berdintasun Komunikatiboa: Mitoa ala Errealitatea liburuaren jarraipena dela. Lan hartan lau hizkuntzalarik parte hartu zuten: Miren Azkaratek, Juan Carlos Moreno Cabrerak, Bernard H. Bichakjianek eta Jesus Rubiok. Bi lehenengoek defendatzen zuten munduko hizkuntza guztietan komunikatu ahal dela berdin, esaterako, SVO (Subjektoa, Aditza, Objektoa) sintaxi prepositiboetan edo SOV postpositiboetan, alegia, komunikazio aldetik ez dagoela desberdintasunik. Baita konplexutasun aldetik ere, ez dagoela hizkuntza konplexuagorik edo errazagorik eta berdin komunikatu ahal dela, esaterako, ingeles modernoan edo Australiako hizkuntza aborigen batean, eta bakarrik hizkuntzaz kanpoko arrazoiek azaldu ahal dutela egoera diglosiko bat, ez ordea, arrazoi linguistikoek. Azken bi hizkuntzalariek, aldiz, defendatzen zuten sintaxi-bide ebolutibo orokor batzuek aurrerapauso komunikatibo handia dakartela, eta oro har, komunikazio aldetik ez dela berdina, esaterako, SVO sintaxi prepositibo bat edo OSV postpositibo bat. Biak dira komunikatzeko gai; bigarrenean, ordea, arazo gehiago sortu ohi dira. Horretaz gain, Bichakjianen eta Rubioren ustez, hizkuntzek eboluzionatzeko joera naturala dute, eta honela, hizkuntza guztiak antzeko prozesu ebolutibo batetik igarotzen dira.
Liburu berri honetara lau idazle bilarazi ditugu: Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca eta beste bi hizkuntzalari, Haitao Liu eta Jesus Rubio. Guztiek ideia pertsonalak badituzte ere, antzeko proposamenak aldarrikatzen dituzte, adibidez, aditzak sinplifikatzeko eta sintaxi eraginkorragoa garatzeko premia, bi baldintza horiek derrigorrezkoak baitira hizkuntza konpetente bat lortu ahal izateko.
Haitao Liu hizkuntzalari txinatarraren ustez, bereizi behar dira bi kontzeptu ia beti nahastu ohi direnak: lehenengoa, hizkuntza komunikazeko teknologiak dira, eta bigarrena, hizkuntzak kultura edo identidade ikurrak dira. Lehenengo kasuan bai, kontuan hartu behar litzateke bere gaitasun komunikatiboa. Hizkuntzak komunikazio tresnak baldin badira eta hauek ebaluatu ahal izateko ezagupenak baldin badaude, beharrezkoa da bere gaitasun komunikatiboa hobetzea. Bigarren kasuan, ordea, bestelako faktoreak hartu behar dira kontuan.
Bestalde, Liuk dio hizkuntzak aldiro eta eten gabe aldatzen direla, edozein giza sorkuntzarekin gertatzen den bezalaxe. Ingelesa SOV izatetik SVO izatera pasatu zen eta beste horrenbeste egin zuten hizkuntza erromanikoek. Arriskutsua da hizkuntza bat kultura erlikia bat bezala tratatzea, zeren modu honetan erabilera bazter batean utzi eta museoko objektu bat bihurtu ahal baita. Zenbait hizkuntza baldin badaude aukeran, ahalegin txikienaren printzipioari jarraituz, jendeak instintiboki hizkuntza komunikatiboena eta errazena erabiltzeko joera naturala izango du. Zuzentasunari buruz dio, zaila dela aseguratzea forma gramatikal bat zuzena den ala ez. Arrazoiak egon ahal dira forma bat defendatzeko baina gehienetan kontrako arrazoirik ere badago. Gainera, maiz gramatika zuzena, baldarra ere bada egunero erabileran. Hala eta guztiz, hizkuntzalari txinatarrak dio, hizkuntza bat ez dela bakarrik komunikazio tresna bat eta ondorioz, ezin dugu bere alde kulturala zokoratu.
Jesus Rubioren “Garabidea vs Ezbidea” artikuluan bi atal aurkituko ditugu. Lehenengo, teorikoagoa, non autorea saiatu den azaltzen zein diren munduko hitz-ordenen joera nagusiak. Garai zaharrago batean hizkuntza gehien gehienak ziren OV ordenakoak (Objektua-Aditza), baina maiztasun horiek aldatzen joan dira eta gaur egun hizkuntza gehienak bihurtu dira VO, baldintza eta behar komunikatibo gero eta exigenteagoen ondorioz. Modu honetan bilatu da koherentzia sintaktikoa, interpretatiboa, espresiboa, eta oro har, aukera efizienteagoak eta eraginkorragoak. Atal hori amaitzeko, Rubiok proposatu du eredu teoriko bat zeinen emaitzek ondo azaltzen dituzten munduko joera sintaktiko orokorrak.
Euskara Orain, Eraginkortasuna Helburu.
Bigarren atalean -hau aplikatuagoa-, autorea saiatzen da erakusten nola euskararen sintaxian ere hasiera-hasieratik joan diren bilatzen eta sortzen estruktura eta tresna sintaktiko potenteagoak, esaterako, SVO enfatikoa edo neutroa, edo “zein” erlatiboa. Lan horretan erabili dira mekanismo sintaktiko propio bezain unibersalak, zein hain zuzen ere, jarraitu ahal diren erabiltzen. Zoritxarrez joera aberasgarri hori ez da bereziki lantzen gaur egun. Honela, esaterako, Juan Garziaren ustez aukerako SVO ordenak arazoak ekarriko lizkioke menderakuntza postpositiboari. Jesus Rubioren ustez, ordea, gero eta estruktura potente gehiago landu beharko lirateke, beti ere norabide onean.
Xabier Amuriza bertsolaria dugu gai honi buruz iritzia ematen duen idazleetako bat. Artikuluaren titulu esplizituak “Aditza Sinplifikatu”, nabarmen adierazten digu zein den bere iritzia gai honi buruz. Bere ustetan euskararen arazo nagusietako bat aditza da, galga itzel bat. Denok entzun dugu antzeko iritzirik behin baino gehiagotan, hala eta guztiz, ahapeka emandako iritzi bat dela esango nuke, komunikabideetan nekez agertuko dena, gai tabu bat baita. Horregatik harrituarazten du azaltzen duenean hitzik txikitu gabe, “Gure aditzak, edo bere burua hiltzen du, edo hizkuntza hilko du”. Ondoren adierazten digu, “Euskal hiztunen praktika behatzea besterik ez dago, oztopo nagusia aditza dela jakiteko. Hizkeraz ari naiz. Idatzi, zernahi idatz daiteke, baina hizkuntza hitz egitea da batez ere. Alde horretatik, gure aditza sinplifikatu ezik, euskarak etorkizun zaila dauka”.
Dena dela, bere kritikak ez dira bertan amaitzen eta hitz ordenari buruz zera dio, “Elementuak aurretik kargatzeko eta aditzak atzean kokatzeko mitoak kalte handia egin du, eta egiten jarraitzen”, eta azkenik, “Euskarak, berritasunak baino gehiago, erremedioak behar dituela esango nuke”.
Azkenik, Iñigo Lamarcaren txanda dugu. Hamar urtez EAEko Arartekoa izandako legelari eta idazleak gogorarazten digu azken hamarkedatan euskarak ikaragarrizko aurrerakuntza egin duela, “Hogeita hamabost urtetik beherako gizon-emakume ia guztiek badakite euskaraz, nola edo hala. Gehientsuenek, alabaina, ez dute erabiltzen, gune edo harreman oso zehatzetan izan ezik. D ereduko eskola askotan, ikastolak barne, gehiago entzuten da jolas-orduetan gaztelania euskara baino”. Hala ere, Lamarcaren ustez, euskararen arazoa eguneroko komunikazioan dago eta zera adierazten du, “Hizkuntza-politika iritsi da bere mugara; ezin du gehiago egin. Noizbait Euskal Herria independente bat sortuko balitz, euskara ez litzateke nabarmenki hobetuko. Hor dugu esaterako, Irlandako gaelikoaren egoera”.
Gaztetan hasi zen Lamarca euskal komunikabideetan idazten, euskara eskolak ematen, hala nola orokorrean euskal kulturarekin kolaboratzen eta beste idazleen antzera bi traba nagusi aurkitu zituen: alde batetik, aditzen zailtasuna eta bestalde, sintaxia.
Amaieran adierazpen nahiko ezkorra egiten du esaten duenean, “Egun legeak, dekretuak, foru arauak eta abar, gaztelaniaz landu eta ekoizten dira, eta argitaratu baino lehen euskarara itzultzen dira, baina nago euskal hiztunok arau juridikoak gaztelaniaz irakurtzen ditugula”.
Lau iritzi desberdin, ordea, antzeko soluzio bat proposatzen dutenak, euskara erraz eta eraginkor bat lantzea. Hau posible al da? Ba al dago alternatibarik? Zergatik ez da gai garrantzitsu honi buruz komunikabide eta instituzioetan konplexurik gabe hitz egiten? Politikoki inkorrektoa den liburua dugu, alabaina, merezi duena.