785 Zenbakia 2024-09-18 / 2024-11-13

Gaiak

Definizio on bat nola egin. Balmes-en "Lógica" liburu-zatiaren itzulpena

CASTAÑEDA-ZUMETA, Aitor

UPV-EHU

Zientzia eta i(ra)kaskuntza garatzeko ezinbestekoa da ongi definitzen ikastea, batere erreza ez dena — areago hain arin doan une sozial honetan, esentziala zer den maiz ahazten dugula. Hezkuntzan zein ikerkuntzan gabiltzanok ez dugu beti argi zein arau segitu definizioak behar bezala burutzeko, eta horrenbestez, nekez irakatsi ahal ditugu.

Jardun honetarako aski lagungarria izan daiteke Aita Jaime Luziano Balmes Urpià kazetari eta idazleak idatzitako Curso de Filosofía Elemental bilduma, 1847an Bartzelonan plazaratua. Obraren zahartasunak ez dio gaur egunerako baliorik kentzen, nahiz eta jakina, irakurri aurretik autorea ezagutu behar. Erabiltzea ortodoxoa ez bada ere, Euskarazko Wikipediak aski ondo laburtu du Jaime L. Balmesen biografia:

Jaime Balmes (Vic, Katalunia, 1810eko abuztuaren 28a — 1848ko uztailaren 9a) apaiz katolikoa, kazetaria eta filosofoa izan zen. Filosofo gisa, eskolastizismo modernoaren barnean kokatzen da, eta XIX. mendeko Espainiako filosofo nagusietakotzat hartzen da. Bere lanean eta zuzendu zituen aldizkarietan — La sociedad (Bartzelona, 1843) eta El pensamiento de la nación (Madril, 1844) aldizkarietan — politika, ekonomia eta gizarteari zegozkion gaiez jardun zuen {...}. Politikaren alorrean, nazioaren interesak alderdien gainean daudela aldarrikatuz, liberalak eta karlistak programa bakar baten inguruan bildu nahi izan zituen.

Curso de Folosofía delakoa El Criterio (1845) liburuaren ondoren etorri zen, eta hari egiten dizkio hainbat erreferentzia. Hain zuzen ere, El Criterio da Balmesen obrarik hoberena, momentuz eta Joseba Zinkunegi Arrutiren eskutik euskarara itzuli den bakarra: Irizpidea.[1]

Oraingoan ez dugu Balmesen beste obra oso bat itzuliko, baina bai Curso osatzen duten "Lógica" liburuaren ataltxo bat, ‘La definicion’ (II. liburukia, 3. kapitulua, 1. sekzioa, 118-132. puntuak).  Horretarako, Garnier Anaiek Parisen argitaratutako edizioa (20) erabili da (38-39. or.), gaur egungo batuan eta ulermenaren alde egiten duen puntuazioarekin. Izan bitez lerro hauek irakurlearentzat lagungarri, eta Zinkunegiri omenaldi.

Definizioa

Ongi hautemateko, oso garrantzitsua da ondo definitzen eta zatikatzen ikastea.

118. Definizioa zerbaiten azalpena da. Berorren izenak, helburua dio: definitu, mugak zehaztu, xedatu.

119. Definizioa bi erakoa da, segun gauza jakin bat edo hitz baten esanahia azaltzen badu: lehenengoari gauzaren (rei) definizioa deritzo; bigarrenari, izenarena, nomĭnis.

120. Definizioa ona izan dadin, azaldutakoaren baitan dagoen oro esan eta argitu egin behar da, ezer ez gehiago. Guztia, bestela definizioa osagabe litzatekeelako; deus ez gehiago, hala ez balitz, azaldutakoa gauza desberdinekin nahastuko genukeelako.

Zirkunferentziaren definizioa hauxe da: Berekiko sartzen den lerro bihurra, zeinaren puntuak zentro deritzon beste batengandik distantzia berera dauden. Azalpen hau osagabea litzateke «berekiko sartzen den»[2] hitzak faltako balitzaizkio, ez baikenuke zirkunferentziaren ideiak duen oro zehaztuko, zirkulu-arkuarekin nahastuz.

Triangelu lerrozuzenaren definizioa hauxe da: Hiru lerrozuzenek mugatutako gainazala. Azalpen horri «lerrozuzen» hitza kentzen badiot, inperfektu egingo dut, ez baitut hiruki lerrozuzenaren ideiak daukan oro adieraziko. Horrela, definizioa lerronahasi eta lerromakurrari ere legokieke. Eta azalpen berari ‘berdinak’ hitza gehitzekotan, inperfektu ere egingo da, triangelu lerrozuzenaren ideiak daukan baino gehiago adieraziko lukeelako, eta definizioa triangelu aldeberdinei bakarrik aplikatuko lekiekeelako. 

Txarto definituko dugu gizakia[3] «gorputz eta arimaren arteko konposatua» dela badiogu, arima hori espirituala dela esan ezean, ez baitugu giza naturak duen oro aipatuko. Kontrara, gizakia «gorputz eta arima bertutetsuaren arteko lotura» dela badiogu, definitutakoak daukan baino gehiago adieraziko dugu, azaldutakoak ez baitio humano generikoari men egingo, baina bertutetsuari bakarrik.

121. Definizio bat perfektua dela jakiteko berau frogatzea komeni da, azaldutakoari aplikatuz eta erregela hau gogoan hartuz: Definizioa azaldutakoari egokitu behar zaio, eta ez beste ezeri.

‘Animalia arrazoiduna’. Gizakiaren definizio ona da, gizon-emakume orori baitagokio, eta ez beste inori.

‘Izaki bizidun’. Ez da definizio ona, ez baitagokio gizakiari soilik, baina pizti eta landareei ere bai.

‘Izaki adimentsua’. Ez da definizio ona, izpiritu puruei ere baitagokio.

‘Animalia arrazoidun bertutetsua’. Definizioa ez da ona, ez baitagokio gizaki orori, bertutetsuei baizik. 

122. Definizioa esentziala edo deskriptiboa izan daiteke. Lehenengoak, ezeren muina edo oinarrizko natura azaltzen du. Bigarrenak ordea, zerbait esplikatzen du berorren ezaugarri bereizgarriengatik, ez ordea esentzialengatik. Eguzkiaren hezur-mamia ezagutuko bagenu, erabiliko genukeen definizioa esentziala litzateke. Baina oraingoz, azalpen deskriptibo batekin konformatu behar: Eguzkia astroa da... Bere izpiek egun deritzoguna osatzen dute... Mugimendu baten edo bestearen irudia eskaintzen digu, gau eta egunez... Gainontzeko zeru-gorputzekin harreman hau edo bestea dauka... Eta horrela hainbat ezaugarri izendatuz, nahikoak astro hori beste batzuengandik ezberdintzeko, baina ez bere esentzia azaltzeko.

123. Objektuen esentziaren ezagupen urriaren ondorioz, definizio esentzial gutxi dago, gehienetan deskriptiboekin konformatu behar dugula.

124. Eztabaida-aurreko definizioek kontua zertaz doan azaltzeko nahikoa izan behar dute, eta baita erabiltzen diren hitzen esangura ongi finkatzeko ere. Definizio perfektua tratatuaren amaieran egon behar du,[4] ikerlan baten ondorio izan behar duelako. Zerbait definitu nahi izateak, bilatzen den gauza bera suposatzera darama, hazia eta uzta nahasteraino.

125. Obserbazio hauekin, dialektikoek ematen dituzten arauak ulertzea aski erreza da definizio on bat osatzeko.

~ 1 ~

126. Definitutakoa baino argiagoa behar du.

Begi bistakoa da: Bere xedea azaltzea bada, esplikatzen duena argitu behar du.

~ 2 ~

127. Definitutakoa ez da definizio barruan sartu behar.

Definitutakoa definizioaren barruan sartzekotan, ez dugu deus aurreratuko, azaldu beharreko hori azalpen barruan sartzen dugulako. Obligazioa definitzeko, «zerbait egitera edo kentzera obligatzen gaituena» dela dioenak erregela hau hautsiko luke, zeren eta obligazioa zer den ez jakinda, obligatzea ere zer den ez bailiteke ulertuko.

~ 3 ~

128. Definizioak, xedatutako guztiari — eta berorri bakarrik — komeniko zaio. Hau gorago azaldu da (121).

~ 4 ~

129. Gauzaren izate oinarrizkoena eta bere behin betiko desberdintasuna agertu behar dira.

‘Gizaki’ sustantzia arrazional bezala definitzen duenak, arau honen lehen atala gaitzesten du. Izan ere, sustantzia izatea ez da gizon-emakumearen oinarrizkoena, baina bai animaliarena.

«Zirkunferentzia, berekiko sartzen den kurba da». Azalpena ez da ona, berekiko sartzea ez baita zirkunferentziaren behin betiko ezaugarri. Izan ere, berekiko ere sartzen da elipsea, eta horregatik ez da zirkunferentzia (120).

130. Definizioa laburra izatea eskatzen dute batzuk. Egiatan, hitz garbiak erabiltzen badira, zenbat eta gutxiago, hobe. Baina oztopoak ere saihestu behar dira: brevis esse laboro, obscurus fio[5] — labur ibiltzeagatik, ilun.

~ 5 ~

151. Hitz erredundanteek definizioa okertuko dute, azaldutakotik kanpoko ezer esplikatzen badute, dagoena baino gehiago adieraziz. Baliogabeak ere izango dira, esandakoa beste termino batzuekin errepikatzen badute, oztopatu ez ezik, nahastuz.

152. Zera esanez amaituko dut: Ahal den heinean, definizioetan hitz metaforiko edo figuratuak saihestea komeni dela, edozein zentzutan. Kasu hauetan, irudimena oztopo izan ohi da laguntza baino: zehaztasuna sakrifikatzen da, konparazio baten argitan edo kontrastearen asmamenaren mesedean.


[1]Euskal Esnalea aldizkariko hainbat aletan plazaratu zen obra, 1918-1924 artean eta ‘Zinkunegi Aŕuti’tar Yoseba’ izenpean — ikus https://www.kmliburutegia.eus/Record/369886 (2024-4-2). Zinkunegiren Irizpidea ale bakarrean bildu zuen Euskerazaintza argitaletxeak (Donostia) 1986an — ikus https://www.kmliburutegia.eus/Record/2177 (2024-4-2). Ordutik, autore honek ez du topatu Balmesen beste obra euskaldunik.

[2]Gazteleraz reentrante dio Balmesek, hitz bakarrez.

[3]Balmesek hombre dio. Nahiz eta testuinguruan ‘gizon’ humano gisa ulertuko litzatekeen, ‘gizaki’ eta bere sinonimo eratorriak erabili dira hemen, inklusioaren alde.

[4]Tratatuaren helburua ezer definitzea denean, jakina.

[5]Horazio poeta erromatarrari egotzitakoa.


Eusko Jaurlaritza