785 Zenbakia 2024-09-18 / 2024-11-13

Gaiak

1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeen kasuetara gerturatze bat, Gipuzkoako lurraldean

ZULOAGA MUXIKA, Ione

Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria

Gipuzkoako lurraldeko emakumeen errepresioaren historia ezin genezake berreskura, bi faktore nagusi kon­tutan hartu gabe: alde batetik, emakume haien iragana eta bestetik, beraien lurraldetasuna. Beste hitz batzuetan esanda, gerran eta diktadura frankistako lehen urteetan errepresioa jasan zuten emakumeen historia ulertezina da, Bigarren Errepublikan zehar izan zuten parte hartze poli­tikoa eta haien parte hartzea baldintzatuko zuen Gipuz­koako herri edo hirien kokapena kontutan hartu gabe. Hau da, emakumeen jarduera eta izaera politikoa ez zen berdina izan Donostiako Tabakalerako lantegi handian lan egiten zuen emakumearentzat ala Zegamako nekazaritza lanet­an aritzen zen emakumearentzat.

Oro har, 1936-1945 artean frankistengandik errepresioa jasan zuten emakumeak, Bigarren Errepublikan zehar militantzia po­litikoa izan eta espazio publikoa hartu zutenak izan ziren; bakoitzaren xehetasun ideologikoen azterketan ez gara sartuko. Horrez gainera, Bigarren Errepublikako gobernuak babestu zuen emakumearen irudia gorpuztu zutenek, kasu, ama ezkongabeek ere izugarrizko errepresioa jasan behar izan zuten gerran eta gerraostean ere. Kasu hauetan guztietan emakumeek errepresio zuzena jasan bazuten ere, azpimarratu beharra dugu haien senideek ere zuzenki edo zeharka errepresioa jasan behar izan zutela frankistengandik.

Garai historiko horretan, barnealdeko guneetan eta kostaldeko herri txikietan emakume militanteen artean Emakume Abertzale Batzaren presentzia argia izan zen bi­tartean; zonalderik industrializatu eta hiri handienetan, emakume anarkista, errepublikano[1], komunista eta sozia­listen kopuruak gorantz egin zuen. Emakume Abertzale Batzako militanteen kasuan, mitinlariek haien gehiengoan espazio publikoa hartu bazuten ere, emakumea, ama, emaz­te eta hizkuntzaren transmisore nagusitzat zuten, haien jarduna espazio pribatura mugatuz. Haietan esangura berezirik izan zuen emakumerik izan bazen, huraxe izan zen Julene Urzelai Aramendi azkoitiarra, esaterako. Errepublikanoen artean, oro har, emakumeak es­pazio publikoa hartu behar zuela berretsi zen. Komunista zein anar­kistek, emakumearen askapen osoan sinesten zuten, ordura arte bizitako sistema kapitalista aldatzeko aukera mugarri zuten, hala zioen Casilda Hernaezek Luis Jimenez Aberasturik egindako elkarrizketan:

“(…) nosotras nos lanzamos a una lucha no sólo social, sino también humana por la liberación de la mujer. Hay que te­ner en cuenta que el problema de la mujer estaba menos definido de lo que lo está ahora. Entonces era mucho más pasional lo de la emancipación femenina. Se la englobaba más bien como ser humano y no sólo específicamente fe­menino. Digo como ser humano, porque en aquel entonces las mujeres éramos, no voy a decir de lo más bajo, pero sí de lo más utilitario que se pueda pedir. Más. No solamente utilitario, sino también marginal. La mujer era un ser de lo más olvidado se la consideraba menos que a cualquier animal doméstico o, mejor dicho, como a cualquier animal doméstico utilizable, ¿entendéis? Ésas son cosas que la gen­te de ahora no puede comprender.

Fueron las primeras luchas feministas que salieron, y no olvidemos que ya estaba muy avanzada la decadencia de la República. Las mujeres, nosotras, en Mujeres Libres, empe­zamos ya a organizar y a tener una cantidad de cosas que hoy, 40 años más tarde o más, no tienen las francesas ni las irlandesas, ni ningún país de la Europa del Norte. Aun siendo éstas tan libres, no tienen lo que nosotras teníamos al final de la República. La formación de Mujeres Libres ob­tuvo el aborto, el divorcio y todas esas cosas, naturalmente. Pero, además, una personalidad para la mujer que hoy día van consiguiendo ciertas individualidades femeninas, co­nocidas universalmente como seres humanos y como seres excepcionales. Para que el gesto de estas mujeres se hiciera general, había que modificar la educación que se prodiga a las niñas, que tanto influye sobre la mujer.

Volviendo a este movimiento femenino, debo decir que, aunque creado por la CNT, había adquirido su independen­cia. No estaba enclavado en ningún tipo de organismo polí­tico, como se suele decir, pero la mayor parte de esas mu­jeres militaban en movimientos libertarios, feministas y todo aquello que comporta libertad. Mandábamos nosotras mismas en nuestra organización si alguien quería meterse a mandar, salía mal parado. (…)”[2]

Emakumeek urte haietan zehar urte luzez kaleetan borrokatzen zeramaten zenbait eskubide egia bihurtzea lortu zuten: sufragio unibertsala (horren baitan emakumeak boto-eskubidea lortu zuen, 1931-10-01), dibortzio legea (1932-02-25), abortatzeko-eskubidea (12 haurdunaldi asteren buruan, 1937-01-09), prostituzioaren abolizioa (1935-06-28), adulterioren legea bertan behera uztea, besteak beste. Bai eta instituzio publikoetan parte hartzea ere. Horixe izan zen esaterako emakumezko alkateen kasua. 1931ko apirilaren 12ko udal-hauteskundeak zenbait herrietan ez ziren ospatu, 1907ko udal-hauteskundeetako legeko 29. artikulua oinarri hartuta. Azken horren arabera, udalera alderdi bakarra aurkeztuz gero, ez zegoen udal-hauteskundeak ospatu beharrik. Garai hartan, antolakuntza politikoa egituratuta zegoen instituzio publikoez haratago, hau da, kalean; eta beraz, zenbait alderdik hauteskundeetara aurkezteko nahia erakutsi zuten. Miguel Primo de Riveraren diktaduratik (1923-1930) agintean zeuden zenbait herrietako udaletako zinegotziek ordea, alderdi berrietako ordezkariak mehatxatu egin zituzten eta horregatik ez ziren hauteskundeetarako aurkeztu. Horrela, diktaduratik agintean zeuden zinegotziek haien postuetan jarraitu ahal izan zuten. Bigarren Errepublikako gobernua horren guztiaren jakitun, 1931ko maiatzaren 8an aipatu legea modifikatu zuen dekretu bat atera zuen. Handik aurrera, ordura arte agintean egon ziren zinegotziak boteretik kendu zituzten udal-hauteskunderik ospatu ez zen herrietan. Boterean zegoen hutsu­nea betetzeko, hots, bitartean udala eta herria kudeatu ahal iza­teko, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak Batzorde Kudeatzaileak izendatzeko agindua eman zuen. Batzordeak, estatuko funtzio­nario batek eta bozkaz haututako bi herritarrek osatu behar zituzten, gehienetan. Herri gehienetan irakasleak funtzionario bakarrak ziren eta haien gehiengoa, emakumeak ziren, lan feminizatua beraz. Horrez gainera, gazteenek izan behar zuten buruzagitza. Horregatik, aipatu emakume alkateak, garaian herrietako Eskola Nazionaletako irakasle postua zutenak izan ziren, Gipuzkoan hurrengoak izan ziren, besteak beste: Karmen Kerejeta (Azkoitia), Purificacion Gil (Zestoa), Carmen Almandoz (Segura), Aurea Arregi (Albiztur), Iciar Arana (Legazpi), Maria Josefina Sola (Anoeta), Maxima Purificacion (Berrobi) eta Escolastica Lopez Dabadillo.

1934ko iraultzan zenbait emakumek ere parte hartu zuten, kasu Casilda Hernaezek. 1934ko urriaren 8an atxilotu zuten Donostian. Atxiloketaren arrazoia, langileei lanera ez itzultzeko eskatzen zien pan­fletoak banatzen egotea izan zen, besteak beste. Harekin batera, Jose del Valle Mendez (21 urte) eta Faustino Rivera Luis (30 urte) ere atxilotu zituzten arrazoi berdinagatik. Emakume anarkisten helburua sistema kapitalistaren eraisketa eta komunismo libertarioaren ezarpena zen. Horre­kin batera, aipatu bezala, emakumeen askatasunaren osotasunean sinesten zuten.

Casilda Hernaez.
 

Oligarkia eta militarren sektore batek 1936ko uztailaren 17-18an Bigarren Erre­publikako gobernu legitimoaren aurka emandako estatu-kolpearen ostean, emakume hauen guztien bizitza, haien ideologia politikoak baldintzatuta egon zen, besteak beste.

Emakume Abertzale Batzako militanteek, hein handi batean, gerran zehar atzeraguardiako lanak egin zituz­ten bitartean, Alderdi Komunista zein CNT-ra afiliatuta zeuden emakume gehienek, gerrako lehen unean, fronte­ko betekizunak bete zituzten. Hego Euskal Herriko lurral­deetan, gaur egunera arte, 190[3] miliziana inguru zenbatu ahal izan ditugu; oraindik ere kopuru horrek gorantz egin dezake, informazio asko biltzeke baitago. Gaur egun ditugun datuen arabera,186k Euskal Milizia Antifaxistekin borrokan jardun zuten euskal lurraldeetan eta beste 5ek, Milicies Antifeixistes de Catalunyan, Aragoiko eta Katalu­niako fronteetan. Azken horietatik, 4k frontean armekin borrokatu zuten bitartean, batek erizain lanetan jardun zuen. Horietatik 4 gipuzkoarrak ziren eta bat nafarra. Lau gipuzkoarretatik hiruk frontean borrokatu zuten eta beste batek erizain lanak egin zituen. Nafarrak ere frontean ar­mak hartuta borrokan jardun zuen.

Euskal Milizia Antifaxistetan, guztira 45 gipuzkoar ja­torrikoak, bizilagunak zein Gipuzkoako fronteetan aritu zi­renak izan ziren. Horietatik 22 emakumek frontera armak hartuta egin zuten; 5 erizain lanetan, 9 sukalde lanetan eta beste 9-k laguntza-zerbitzuetan jardun zuten. Gainontzekoen jatorria, bizilekua zein aritu ziren lekua Araba, Bizkaia eta Nafarroan kokatzen da eta gure ikerketa Gipuzkoan zentra­tuko denez, ez dugu sakonduko Hego Euskal Herriko pro­bintzia horietan.

Gaur egunera arte bildutako datuen arabera, esan gene­zake, frontera joandako emakume gipuzkoarren gehiengoak armak haien eskuetan hartuta borrokan egin zutela. Dena den, kontutan hartzekoa da, emakumeen kasuan oso ehuneko txikiak egin zuela borrokako lehen lerroetara, haietan gizonezkoen presentzia handiagoa izan zen, ordena tradizionaleko gizartearen isla argia zena. Eusko Gudarosteak haren batailoietan emakumeak borrokatzea debekatu egin zuen. Euskadiko Gudontzidiak, hiru emaku­me administraritza lanetan izan zituen eta erbestean ere emakumeek lan hartan jardun zuten. Horrez gainera, Bigarren Errepublikako gobernuak 1936ko urrian dekretu bat atera zuen emakumeak frontetik atzeraguardiara egin zezaten; hala eta guztiz ere, batzuek lehen lerroan borrokan jarraitzea erabaki zuten. Emakumeek, etxeko zaintza lanetatik haratago, gerran zehar, fabriketan lanean, erizain gisan, ama-bitxi[4] gisan… jardun zuten, besteak beste.

Laburbilduz, emakumeek, oro har, Gipuzkoako lurraldean, errepresio frankis­ta, haien militantzia politikoagatik, haien senideen mi­litantzia politikoagatik eta frankistek ezarritako emaku­me eredua betetzen ez zutelako eta Bigarren Errepublikako gobernuak babestu zuen emakume eredua gorpuztu zutelako jasan zutela ondoriozta genezake. Datuek argi adierazten digute[5]:

Gipuzkoako Ondasunak Bahitzeko Batzordea: 30 ema­kume desjabetu zituen haien militantzia politikoagatik.

Nafarroako Erantzukizun Politikoen Auzitegiak kon­denatutako gipuzkoar emakumeak: frankistek eginda­ko 944 txostenetatik 111 emakumeen ingurukoak izan ziren. Haietatik isun ekonomikoa ordaintzera 66 kondena­tu zituzten eta 45 absolbitu zituzten. Kondenatuetatik 47 abertzaleak, 33 zehazki, Emakume Abertzale Batzako mili­tanteak. 3 alderdi edo sindikatu ezkertiarrekoak izan ziren. Gainontzeko 16en ideologia politikoa ezin izan dugu identifikatu, Frantzian zein Katalunian errefuxiatu zirelako kondenatu zituen Erantzukizun Politikoen Auzitegiak ezarritako isu­na ordaintzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kanporatutako 1051 lan­gileetatik, 215 emakumezkoak ziren: 253 telefono zerbi­tzuetako langileetatik 192 emakumezko eta horietatik 57 kargugabetuak, Urolako trenetako 123, langileetatik 5, 7 garbitzaileak, 4 irakasleak, 2 bidezain zerbitzuetan eta Frai­soroko sehaska-etxean 1 (horietako lautan ez da ageri lanbi­dea).

Frankistek haien herrietatik kanporatutako emaku­me, haur eta adintsuak, guztira 1.000 inguru izan ziren. Gehiengoa emakumeak izan ziren (adintsuak eta haurrak ere kopuru horren barnean kokatu behar ditugu), zeintzuek haien ezkontideak, gehienetan, frontean zituzten. Frankistek, haien ezkontideen militantzia politikoagatik kanporatu zituzten herrietatik emakume gehienak. Beste batzuk, haien militantzia politiko propioagatik ere kanporatu zituzten.

Kartzeletan espetxeratutako emakumeak: Gipuzkoako lurraldean 1936tik aurrera espetxeetan preso egon ziren emakumeen 3545 espediente ikertu ahal izan ditugu. Ho­rietatik %95etik gora, gerra arrazoiengatik espetxeratu zituzten. Azpeitian (9), Tolosan (121), Saturraranen (2151) eta Ondarretan (1264) preso izan ziren. Datu hauek behin-behinekoak ditugu, hain zuzen, ez da lan erraza bere osotasunean espetxean egon ziren emakumeen zenbaketa. Agintari frankistek emakumeen espetxealdiak ezkutatu nahi izan zituzten eta, horren eraginez, espetxetik epaike­ta militarrik gabe pasa ziren emakume asko espedienterik gabe geratu ziren, besteak beste. Horregatik, datu horiek lortzeko tokiko ikerketa zehatza egitea beharrezkoa da eta horretarako ahozko iturriak ezinbestekoak dira.

Seigarren Eskualde Militarrean, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Asturias, Burgos, Galizia, Leon eta Santanderreko epaitegi militarretan emakumeei egindako 4.337 Gerra-Kontsei­luetatik heren bat gipuzkoar lurraldeko jatorrizko zein bi­zilagun ziren emakumeei eta Gipuzkoako lurraldean egin­dako epaiketei dagozkie.

Emakume fusilatuei dagokienez, gaur egunera arte egindako ikerketen bidez, 50etik gora identifikatu ditu­gu. Haien gehiengoa epaiketa militarrik egin gabe fusilatu zituzten.

Bada gaur egun, oraindik ere, ikerlarioi ongi ikertzea kostatzen zaigun errepresio mota bat, hain zuzen, errepresio sexuatua[6] (ile-mozketak, bortxaketak…). Frankistek egindako errepresio sexuatuak, emakumeen gorputzak diziplinatzeaz gain, Bigarren Errepubli­kako gobernuaren alde egin zuten gizonezkoak diziplinatzeko ere balio izan zuten. Zuzeneko kaltetuak emakumeak izan ziren. Alde batetik, haien militantzia politikoagatik frankistek zigortu egin zituztelako eta bestetik, frankistek emakumeak gizonez­koen menpeko objektutzat eta haiei ere errepresioa eragiteko tresnatzat hartu zituztelako. Emakume militante zein militan­teen ezkontideek, haien emakume kondizioagatik, ile-mozketa, bortxaketa… gisako errepresioak jasan behar izan zituzten fran­kisten aldetik; hala, frankistek, haien emakume berriaren ere­dua jarraitzeko, hura babesten ez zuten emakumeen gorputzak diziplinatzea oinarri izan zuten. Emakume askok eta askok gizo­nezko zein emakumezko frankisten irainak jasan behar izan zi­tuzten haien egunerokoan. Sarritan “puta” izendatzen zituzten, haien emakume ama eta emazte onaren irudiarekin hausten baitzuten aipatu emakumeek. Aldi berean, “putas” beraien ordena moral frankistaren kaltea zirela ulertzen zuten, eta putak, fran­kistek, ordena moral horren haustaileak zirela eta gizartearen mailarik baxuenean zeudela ere ulertzen zuten.

Gaur egun, oraindik ere, ezin dugu zehaztu zenbat emaku­mek jasan zuten gerran zein diktadura frankistan zehar errepre­sio sexuatua, ikerketarako ditugun zailtasunek lan hori muga­tzen baitigute. Hala eta guztiz ere, herriz herri jasotako testigantzen bidez, azken urteetan, ile mozketak jasan zituzten emakumeen inguruko informazio dezente jasotzen ari gara. Etorkizuneko erronka da, bortxaketak jasan zituzten emakumeen lekukotza ere jaso ahal izatea.

Ondorio gisara, 1936-1945 Gipuzkoan errepresioa jasan zu­ten emakumeak, diktadura frankistan sortutako emakume ama, emazte zintzo eta espazio pribatura mugatutakotik at kokatzen zirenak izan ziren. Frankistek, Bigarren Errepu­blikan zehar presentzia izan zuten emakumeak diziplinatu eta espazio pribatura zokoratzeaz gain, gainontzeko ema­kumeek jarraitu behar ez zuten emakumearen ereduaren irudi bilakatu zituzten. Frankismoak, emakume eredu be­rria sortu zuen, gizonezkoaren menpekoa, ama eta emazte ona, espazio pribatura zokoratu zuena. Hori behin-betiko lortzeko, ezinbestekoak izan ziren legeak, Eliza nazional-katolikoa eta entitate ezberdinak (Sección Femenina, Acción Católica, besteak beste).

Bibliografia

Jimenez de Aberasturi, L., 2012. Casilda Miliciana. Historia de un sentimiento. Txertoa, Donostia.

Zuloaga Muxika, Ione; Solé Barjau, Queralt; Garro Carrera, Enara; Herrasti Erlogorri, Lourdes, 2023. 1936-1945 artean frankistengandik errepresioa jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua. Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia.


[1] Errepublikano hitza erabiltzerakoan, Bigarren Errepublikako gobernu legitimoa de­fendatu zuten eta ideologia errepublikanoa zuten alderdiei buruz dihardugu. 

[2] Jimenez de Aberasturi, L., 2012. Casilda Miliciana. Historia de un sentimiento. Txertoa, Donostia,  26-31.

[3] 2024ko uztailean, guztira 268 miliziana zenbatuta ditugu eta datuak eguneratuz doaz egunez egun. Horregatik, hasiera batean kontatutako 190 miliziana kontutan hartuta eman ditugu artikulu honetako datuak.

[4] Emakume amabitxiaren helburua, gerran zegoen soldaduaren animoa igotzea zen, elkarrekin truka­tzen zituzten eskutitzen bidez. Ordena tradizionalarekin bat zetorren honako jarduera, hain zuzen, emakumea, gizo­nezkoaren beharren menpeko objektu bihurtzen baitzuten. Alde errepublikanoan ordena tradizionalarekiko halako zu­rruntasuna mantendu ez bazuten ere, emakumea gizonez­koaren menpeko objektu egiteko ekintza berbera betetzen zuten. Horrek, aldi berean, zenbait alderdi politiko zein sin­dikatuk emakumearen askapenaren bidean ezarritako pro­grama politikoetako hainbat punturen ezeztatzea zekarren.

[5] Datuak Zuloaga Muxika, Ione; Solé Barjau, Queralt; Garro Carrera, Enara; Herrasti Erlogorri, Lourdes, 2023. 1936-1945 artean frankistengandik errepresioa jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua. Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia. liburutik atera dira.

[6] Emakumeak, haren sexua izaki jasandako errepresioari dagokio, errepresio mota honen barnean sartuko lirateke ile-mozketak, bortxaketak, umeen kentzeak, besteak beste.


Eusko Jaurlaritza