785 Zenbakia 2024-09-18 / 2024-11-13

Gaiak

Euskal Hezkuntza Sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen egitasmoa: Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioa performatibizitzako prozesua

AKIZU AIZPIRI, Beatriz

Eusko Ikaskuntza

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren atarian gaude, abian ditugun lanketen eta herri-gogoeten lau urtetako gure ibilbidearen mugarri nagusiaren atarian. “Elkartzen Gaituena” lelopean, Euskal Herriaren jendartearen eta lurraldearen kohesioa hobetzeko eman beharreko pausuen edo/eta martxan jarri beharreko estrategiak plazaratzeko erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu Kongresuak.

Gure kasuan, besteak beste, galdera hauen aurrean jartzen gaitu: Nola bide eman Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioari hezkuntzatik? Zein motatako elkarlanerako lan-ildoak eta estrategiak behar ditugu? Zeintzuk jarriko gaituzte kohesio bidean? Zeintzuk aukerak eta gainditu beharrekoak? Eta horiek egikaritzeko, ze harreman mota eta gobernantza eredu behar ditugu? Aurkitzen ari garen galdera berrien eta erantzunen “spoilerrik” egin gabe, zenbait gogoeta eta argipen luzatuko ditut, Kongresuan erakutsiko dugunaren pizgarri gisa.

Kongresuak kohesioa du gogoetarako hitz gakoa. Ulertzen baita, batuta, saretuta edo elkartuta dauden gizarteek garapen sozial, ekonomiko zein kulturalerako baldintzak, pertenentzia eta konfiantza sentimenduak handiagoak dituzte, gobernantza ekosistema hobeagoak dituzte eta hobeto egingo diote aurre etorkizuneko erronkei. Beste hitz gakoa herri-ituna da: kohesiorako harremanak bideratzeko eta trinkotzeko akordioei, adostasunak josteko baldintzen sorrerei erreferentzia egiten diguna. Honek, herri gisa, nahikunde partekatu baten alde elkarrekin lan egitearen beharraz eta garrantziaz pentsatzera eramaten gaitu, kohesioari, izaera performatiboa emanez: errealitate soziala eraikitzeko, ekintza bihurtzeko eta eraldaketarako gaitasuna duena; ekintza kolektiborako printzipio gisa.

Performatibitatearen kontzeptua arlo sozial eta kulturalaren hainbat azterketa-esparrutan hartu da, hala nola Hizkuntzalaritzan, Antropologian, Soziologian, Ikasketa Politikoetan, Ikasketa Feministetan. Eremu horietarako performatibitatearen ideiak lan-aukera berriak ireki ditu, fenomeno kulturala eta funtzionamendu soziala beste era batera ulertzeko aukera eman dutenak.

Ikuspegi performatiboa ikuspegi dinamikoa da, logika soziokulturala izaera prozesual eta material batetik aztertzera deitzen gaituena. Kultura, soziala den hori, jarduteko espazio gisa pentsatzen da, kolektibitate batek bere pertenentzia-loturak sendotzen dituen ekintzak gertatzen diren espazio gisa. Gizarte batek eta bere gizabanakoek, beren burua eszenaratzen duten irudikapen berriak eraikitzeko, deseraikitzeko eta berreraikitzeko etengabeko prozesua. Prozesu hau, modu kontzientean edo inkontzientean burutzen da.

Herri gisa hor dugu erronka: irudikapen berrien eraikuntza prozesu hori praktika sozial kontzientea izatea.

Hasieran planteatutako erantzun beharra duten galderak berriz ekarriko ditut:  Nola bide eman Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioari hezkuntzatik? Zein motatako elkarlanerako lan-ildoak eta estrategiak behar ditugu? Zeintzuk jarriko gaituzte kohesio bidean? Zeintzuk aukerak eta gainditu beharrekoak? Eta horiek egikaritzeko, ze harreman mota eta gobernantza eredu behar ditugu?

Irudikapenen eraiketan ezaugarri diren harreman, egitura eta prozesuen multzoa, estu lotuta dago lurraldearekin, kulturarekin eta hezkuntzarekin. Lurraldearen, kulturaren eta hezkuntza-prozesuen arteko elkarrekintzak desberdintasun edo berdintasun sozialetan, bazterketa edo inklusio-dinamiketan, botere-banaketan eta identifikazio kolektiboko prozesuetan eragiten dute.

Ildo horretan, dimentsio horiek nola artikulatzen diren kritikoki aztertu behar da, dinamika sozialak ulertzeko eta ekitatea eta justizia soziala, gizarteratzea eta kide izatearen zentzua bultzatuko dituzten eraldaketa-prozesuak sustatzeko. Gure kasuan, lurraldetasunaren ikuspegi batetik aztertu beharra daukagu bilatzen dugun kohesio helburuaren zentzua eta beharko ditugun itun berriak bidean jartzeko.


Berriz nator hasierako galderarekin, baina behar dugun begirada eskaintzeko, birformulatuz: Nola performatibizatu Euskal Herriko jendarte eta lurralde kohesioa hezkuntzatik? Zer behar dugu eta nola?

2021ean eman genion hasiera etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko herri-gogoetari. Gure bide-orri nagusia euskal lurraldeetan hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunen inguruko gogoeta bultzatzea izan da. Euskal Hezkuntza Sistemak epe luzera begira beharko lukeen marko partekatua eskaintzeko asmoarekin eta, euskal lurralde bakoitzaren errealitate desberdinei erreparatuta, euskal lurraldeak bilduko dituen balizko “hezkuntza sistema-eremu” baten oinarriak irudikatzeko bideak zedarritzen lagunduko digulakoan.

Partehartzean oinarrituta, inoiz egin ez den hezkuntzarekin lotutako herri-gogoeta burutzen ari gara, azterketan bi ardatz nagusi gurutzatuz. Batetik, sistema osoa osatzen duten etapa guztien azterketatik abiatuta -Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza;  Bigarren hezkuntza eta Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea eta Goi Mailako Hezkuntza- sistema osoaren irakurketa burutuz; bestetik, hezkuntza sistema bakoitza kokatuta dagoen eremu administratiboa, errealitate sozio-politikoa eta sozio-linguistikoa kontuan hartuta, lurraldetasunaren logika aplikatuz.

Esango nuke hezkuntza sistema osoa lurraldetasunaren ikuspegitik irakurtzeko ariketa konplexu honek irudikapen berriak eraikitzeko eta ekintzazko esparru berriak artikulatzeko aukera zabaldu digula. Beste modu batera esanda, Euskal Herriko jendarte eta lurralde kohesioa performatibizatzeko, praktika kontzientea izateko oinarriak eskaintzeko aukera zabaldu digula.

Hasieran esan dudan bezala, urrian izango dugun Kongresuan plazaratuko ditugu lortutakoak eta prozesuan zehar ikasitakoak, aurrerapen gisa, praktika kontziente horren bidean jarriko gaituzten lau elementu aipatuko ditut: 1) Euskal Herriko errealitatearen jabekuntzarako elementuak: dakiguna eta elkar-ezagutzan sakontzeko behar duguna;  2) marko interpretatiboa: kohesiorako gakoak, aukerak eta gainditu beharrekoak; 3) eremu administratibo desberdinak lotuko gaituzten elkar-lanerako bektoreak eta estrategiak; 4) Euskal Herri mailako hezkuntza espazioa, kohesiorako praktika kontzienterako espazioa, egikaritzeko eta sistematizatzeko sortu beharreko parte-hartze ekosistema.

Euskal Hezkuntza Sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen egitasmoa, Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioa performatibizatzeko prozesua? Erantzunak eta galdera berriak urriaren 3an Gasteizen, Europa Biltzar Jauregian.


Eusko Jaurlaritza