
Gaiak
Zergatik ez du gora egiten herritarren parte-hartzeak udalerrietan?
Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslea, Parte Hartuz-eko ikertzaile nagusia eta Gizartea, Politika eta Kultura Doktorego Programaren zuzendaria
Gure udalerrietan gero eta gehiago dira herritarrek parte hartzeko mekanismoak. Partaidetzazko aurrekontuak, aholku-batzordeak eta herritarren batzarrak gure ohiko ekosistema politikoaren parte dira.
Mekanismo horiek hirigintza-berritzeetan eta politika publikoen diseinuetan erabiltzen dira, baita ingurumen-larrialdiari aurre egiteko proposamenak egiteko ere.
Baina mekanismo horien sustatzaileen artean bada behin eta berriro agertzen den kexa bat. Esaten dutenez, asko kostatzen zaie jendeak parte hartzea. Bestalde, hau da orokorrean herritarren pertzepzioa: uste dute halako ekimenek ez dutela ezertarako balio.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHUko) gure ikerketa-taldean, Parte Hartuz-en, parte hartzeko prozesuak bultzatzen ditugu. Partaidetza eta Garapen Komunitarioko Masterrarekin 20 urteko esperientzia dugu parte-hartzearen arloko prestakuntzan. Badakigu ez dela erraza herritarrak inplikatzea. Parte-hartzeak askorako balio ez duen sentipenari beste elementu bat gehitu behar diogu: jende asko lan-, bizitza- edo gizarte-prekarietatean bizi da. Berehalako lehentasunak gailentzen zaizkie parte hartzeko nahiei.
Parte-hartzearen etorkizuna
Baina, era berean, badakigu herritarren inplikazio handiagoa ahalbidetzen duten hainbat gako daudela. Eta, bide batez, demokrazian sakontzea ahalbidetzen dutenak.
Uste dugu parte-hartzearen etorkizunak legitimazioaren bilaketarenak baino asmo handiagokoa izan behar duela. Ez da nahikoa kasu egiten ari zaren itxurak egitea. Benetan egin behar da kasu, erabakien eraginkortasuna handitzeko. Herritarren ezagutza beharrezkoa da.
Jendeak badaki. Eta jendea konprometitu egiten da, ikusten badu klase politikoak aintzat hartzen duela pentsatzen eta desiratzen duen hori. Baina, batez ere, demokrazia demokratizatzeko balio behar du parte-hartzeak.
Demokrazian sakontzeko 5 osagai
Zehazki, bost dira demokrazian sakontzeko partaidetza ahalbidetzen duten elementuak. Bost begirada-aldaketa behar ditugu. Politika legitimatu eta eraginkortasuna areagotuko duen parte-hartzean aurrera egitea bilatzen dute elementuok. Baina, batez ere, herritartasuna eta kultura demokratikoa sortzea.

Herritarrak kolektiboki aktibatzen dituzten prozesuetan oinarritu behar da parte-hartzea, absentziak erakartzeko eta erantzunkidetasunerako guneak eraikitzeko.
- Unetik prozesura. Beharrezkoa da uneen (dinamika isolatu eta jarraipenik gabekoen) logikatik parte hartzeko prozesuen logikara igarotzea. Ezer gutxirako balio du unean uneko parte-hartzean inbertitzeak baliabideak. Prozesu-logika batek (denbora, zaintza eta baliabideak behar dituenak) soilik ahalbidetzen du «parte sentitzea». Unea frustrazioz bizi ohi da, jarraipenik ez duela ohartzean. Prozesuaren logikak soilik eskaintzen du jomuga partekatu bat zehazteko aukera.
- Objektutik subjektura. Objektuaren logikatik subjektuaren logikara pasatu behar da. Parte-hartzeak subjektu erantzunkideak sortu behar ditu. Zaila da subjektu sentitzea parte hartzeko une batean. Pertsonak erabiliak sentitzen dira. Parte-hartzeak herritartasun aktiboa sortu behar du. Eta, horretarako, nahitaezkoak dira denbora eta baliabideak.
- «Nola dago nire hori?» galdetzetik «nola dago gure hori?» galdetzera. Parte-hartzeak deliberamendua behar du. Horrela soilik uler dezake taldeak norbanakoaren «atsekabea». Parte-hartzea ezin da izan nahien edo arazoen batura hutsa. Izendatzaile komunetako txikienaren bilaketa izan behar da. Adostasunak, irizpide partekatuak eta elkarrizketaren ondoriozko akordioak sortzen dituen parte-hartzeak ilusioa pizten du. Parte-hartzea ezin da izan «nola dago nire hori?» galderaren kakofonia bat. Horixe da unean uneko parte hartzeko prozesu indibidual askoren kasua. Prozesu horietan, proposamen urratu askoren artean bat aukeratzeko bozkatzen da. Dinamika horiek frustrazioa besterik ez dute sortzen. Parte-hartzeak taldean zerbait sortzea esan nahi du.
- Presentzietatik absentzietara. Absentziak identifikatu behar dira; hau da, bizitza publiko edo sozialean presente ez dauden pertsonak. Eremu publikoko absentziak kidetasun bihurtu behar dira. Eremu publikora erakarriak sentitu behar dira. Jendea ez da bere kabuz etortzen. Bilatu egin behar da. Parte hartzeko prozesuek agerian utzi behar dute «nola dago nire hori» guztiak direla garrantzitsuak: hazteko adinean dauden pertsonenak, bakarrik bizi direnenak, migratzaileenak, auzora iritsi berri direnenak, egunsentitik gauera arte lan egiten dutelako gozatu ezin dutenenak eta abarrenak. Eremu publikoko absentzien zergatiak askotarikoak dira. Gakoa da ahalik eta absenterik gehien aktibatzea, prozesuen partaide izan daitezen, gu parte-hartzailearen parte izatera iritsi arte.
- Pertsona asko gauza gutxitan, eta ez pertsona gutxi gauza askotan. Aurreko puntua asebetez gero, estrategiak sortu ahal izango ditugu, pertsona askok, gutxi eginez, ekarpen handia egin dezaten. Horixe gertatzen da hainbat lankidetzako egituratan eta dinamikatan, hala nola antzerki komunitarioan, denbora-bankuetan, herri-baratzeetan, garapen komunitarioko planetan eta ekintza komunitarioko estrategietan. Horietan, taldean antolatzen dira nahi indibidualak. Prozesuetan antolatzen dira, eta ez uneetan. Horrela, pertsonak eragile sentitzen dira, eta ez bezero.
Egia esan, asko dira Euskal Herrian oinarritzat bi noranzko dituen ildo horretan aurrera egiten duten esperientziak. Izan ere, ezin da ahaztu parte-hartzea ez dela agortzen irekitzeko modu instituzionaletan; behetik gora —batzuetan indarrean sartzen diren estrategietan— azaleratzen diren berrikuntzak ere hartu behar ditu kontuan. Bi horien artean, gonbidapenaren eta autonomia sozialaren artean, herritarrak (instituzioetan baino gehiago) instituzioekin lankidetzan jarri nahi dituztenak daude. Laster, Oñati Socio-Legal Series aldizkariak monografiko bat argitaratuko du, eta espero dugu Euskal Herriko parte-hartzearen kartografiatzat balio izatea. Monografiko horretan, euskal akademikoek horrelako esperientziak aurkezten eta aztertzen dituzte. Gonbidapen bidezko partaidetza-logiketan finkatutako lehen dinamikaren adibidea Etorkizuna Eraikiz estrategiaren (Larrea, Arrona eta Barandiaran, 2024) esparruan bultzatutako gobernantza kolaboratiboaren aldeko apustua da. Parte hartzeko estrategia irruptiboen adibidetzat Errekaleor esperientzia (Uharte eta Curto, 2024) eta Alda, Bizi eta Eusko mugimenduak Iparralden (Ahedo eta Lekue, 2024) aztertzen ditu. Gonbidapen-logiken eta logika irruptiboen arteko erdibidean, eta lankidetza horizontaleko prozesu-estrategia batean oinarrituta, Eusko Ikaskuntzak gidatutako GizarteLAB esperientzia (Castro, Galarraga eta Muro, 2024) aurkezten du. Proiektuak gogoeta kolektiboko estrategia interesgarri bat planteatzen du, trantsizio-gaitasunen ikuspegian oinarrituta. Estrategia horrek egiten jakitearen prozesuak aktibatu nahi ditu, eraldaketa pertsonala eta eraikuntza kolektibo eta erlazionala oinarri hartuta, etorkizuneko arazoei erantzun estrategikoak ematera bideratutako tokiko soluzioak identifikatzeko. Hain zuzen ere, helburua da ideien prototipoak egitea eta praktika-komunitateak sortzea, tokiko soluzioak, soluzio inkrementalak eta epe luzerakoak garatzeko.
Afaltzera ala afaria prestatzera zatoz?
Metafora batekin amaituko dugu, eta hori lagungarria izango da zer-nolako parte-hartzearen alde egiten dugun azaltzeko. «Ea noiz zatozen afaltzera» esaldia ongi geratzeko baliabide bat izan ohi da. Badakigu inoiz ez dela afaririk izango. Era berean, zaila da konpainia topatzea menua, eguna eta ordua kontsultatu ezean, eta azken unean gonbidatuz gero. Inor ez da gustura sentitzen menuko jakia anfitrioiari bakarrik gustatzen bazaio. Modu asko daude afari bat ezinezkoa edo jasanezina bihurtzeko.
Aldiz, jakina da lagunen arteko afari batean afaria prestatzea dela atseginena. Zaila da denentzako egokia den egun bat topatzea, baina merezi du. Izan ere, horrek aukera ematen du azokara joateko, menua erabakitzeko eta afaria lasai prestatzeko, jakinik garrantzitsuena ez dela jatekoa, elkarrekin egotea baizik. Parte-hartzea elkartasuna da, zerbait komuna bilatzea, eta oso gauza serioa. Batzen gaituenik gabe ez dagoelako demosik. Eta demosik gabe ez dago demokraziarik.
Bibliografia
AHEDO, Igor, LEKUE, Iago (2024). «Gobernanza colaborativa e irrupción en Iparralde: ¿un modelo de gobernanza irruptiva? (Collaborative governance and irruption in Northern Basque Country: an irruptive governance model?)», Oñati Socio-Legal Series, doi: 10.35295/osls.iisl.1879.
CASTRO-SPILA, Javier, GALARRAGA, Auxkin, MURO ARRIET, Koro (2024) «Competencias de transición en comunidades ciudadanas: la experiencia GIZARTE LAB: (Transition skills in citizens communities: The GIZARTE LAB experience)», Oñati Socio-Legal Series, doi: 10.35295/osls.iisl.1890.
LARREA, Miren, ARRONA, Ainhoa, BARANDIARAN, Xabier (2024). «A place-based approach in collaborative governance», Oñati Socio-Legal Series, doi: 10.35295/osls.iisl.1892.
UHARTE POZAS, Luis Miguel, CURTO-LÓPEZ, Saul (2024). «Errekaleor: un laboratorio de democracia comunal en un barrio del País Vasco: (Errekaleor: a communal democracy laboratory in a neighborhood in the Basque Country)», Oñati Socio-Legal Series, doi: 10.35295/osls.iisl.1884.