777 Zenbakia 2023-02-15 / 2023-04-12

KOSMOpolita

Atletiko Paulistanoko frontoiaren ertz batean. Soraya Cuellasekin solasean

UGARTETXEA ARRIETA, Arantxa

Joxerramon Zubizarreta nire gizona hil geroz São Paulora egin ditudan bidaietan, Soraya Cuellasekin hitz egitea bizitzari buruz, gauzarik estimulagarrienetakoa izan da nik izandako bizipenen ondorioak gozatzeko. Eremu askotan aukera izan dut hau bizitzeko baina batez ere maitagarriena egiten zaidana duen berezitasunagatik euskal pilotaren txokoa da. Soraya paleta goma eta zesta puntako pilotaria dugu, bokazioz. Kirol hau miresten duen emakume jatorra.


 

São Pauloko tenis txapelketan garaile izandakoa. Enpresaria da, trofeo denda eder bat dauka eta ni hiri honetan bizitutako garietan berak gestionatzen zituen modu bikainean bezeroekin zituen harremanak. Orain fabrika eta dendaren arduraduna bere iloba Carlos da, bera jubilatuta dagoenez.

São Pauloko  Klub Paulistanoan frontoi bat dago zesta puntako amateur direnen neurrian antolatua Alfredo Correia Soeiroren zuzendaritzapean. Afizio hau ugaltzen doa Alfredoren profesionaltasuna eta ekite pedagogikoari  esker zeren pilota eta xistera maite ditu era bikainean. Psikiatra da, hau izanaz bere ogibidea. Nire askeneko bisitetan São Pauloko hirian Soraya eta Alfredori esker une hunkigarriak bizi izan ditut frontoi honen inguruan, beraiek trofeo preziatuena bezala bizitzen dutenez. Kantxa barrura sartzen naizenean Euskal Herria samurki sentitzen dut sentsibilitate brasildarrarekin bat egina, benetan harrigarria. Frontoi hau  klub honen harri bitxia gertatzen ari da.    

Ez da lehenengo aldia frontoi honi buruz Euskonewsen informatzen dugula 237. zenbakian argitaratu genuen zeintzuk eta nolakoak diren bere parte hartzaileak. Baina oraingo honetan Sorayarekin hitz egin nahi dut egungo Brasil bizitzen ari den giroaz hauteskunde bezperetan  dagoelako. Badirudi herria bi lapurren artean gurutzaturik dagoela, egoera honen konnotazioa izanik alde batetik ekonomiaren depresioa herri aberats batean eta bestetik ulertezina egiten den mirari gizatiar bat Jainkoaren aldetik esperoan daudenak. Zesta puntako pilota partidua izango balitz bezala aztertu nahi nuke egoera hau zeren jokaldi honek ondorio internazionalak eta mundialak izango ditu.

Arantxa:
Zuriz jantzita eta mantxarik gabe sartzen dira pilotariak kantxa barrura beraien zuritasun transzendentziaren jabe izango balira bezala, badirudi dena dakitela, pilota, xistera eta frontoiari buruz baina publikoa ez dute kontrolpean. Duten guzia ematera datoz, jaun da jabe direla ematen du ikuslegoak txalotzen dituen bitartean hauei jator erantzun nahian beraiengan sinesten dutelako. Esango didazu zein den zure koartada, zer ez zaizun atsegin, zuritasun distiratsua?, xisteraren egokitasuna?, pilota marratik bera ez pasatzea?, pilotari behin eta berriro gogor ematea?, publikoarengandik jasotzen dituzten txaloak?, kantxa barruan agertzen duten poderioa?, esango didazu nola kokatzen zaren eta batez ere nork irabaztea nahi duzun, dituzten errekurtsoak, espero dut beti bezala ongi jantzia egongo zarela eginkizun miresgarria den espektakulu honetarako, xisteraz lagundua datorren pilotakadak ongi hartzeko, zure erabakia ona izango delakoan nago, publikoak zutituta hartzen zaituela sartzen zarenean eta eserita partidua ikusten patxadaz zaudela. Zure argumentuak edozein direla asko jasan beharko duzu irabaztearren eginiko apustua. Partidu honetako epailea Alfredo izan daiteke berak asko dakielako “bizi garen espektakuluaren gizarte honetan ikuslegoaren senari buruz”. Askeneko ebaluapena ona izango litzateke bere eskuetatik pasatzea.

Ezkerrean Alfredo, eskuinean Soraya eta erdian Arantxa Ugartetxea bien erdian.

Soraya:
Eskertuko nizuke lehenengo eta bat nire memoria historikoaren ezaugarri batzuk elkarrizketa honetara ekartzea eta hau egiterakoan Europara itzuli beharrean nago, han hasten delako hemengo JAI ALAI honetan jokaldi honen partaide direnak. Ni harro sentitzen naiz nire jatorriaren barruan zenbait pertsonekin, egun nire bizitzan nireganatutako publikoa osatzen dutelako. Orden batean eta duintasunez aipatuko dizkizut:

  • Nire birraitonak hil zorian zegoela baieztatu zuen errusiarrak Berlinen sartu baino lehen bigarrengo guda mundialean ez zela hilko eta sartuz gero hurrengo egunean hil zen hau esanaz “orain hil naiteke”. Bera izan zen nire amona Juliaren aita.
  • Nire amona Julia emakume distiratsua eta biziaz betea zen, nire birraitonaren haziendako arduradunarekin maite mindu zen, harridura eta kontraesanak sortuz garaiko gizartean Granadako Santa Fen. Ezkondu ziren eta nire birraitonak aholkatu zien Brasiletik pasatzea nire aitonak hemen familia zuelako. Brasil herri bat zen aukeraz betea, Espainia bitartean deseginda zegoen guda ostean eta Francoren diktaduraren agintepean, eta horrela etorri ziren inoiz jatorrira ez bueltatzeko.
    Nire amona Juliak oso ongi kantatzen zuen ahots ederra zeukan Jainkotzea zirudien, Granada abesten zuen, bere oholtza São Paulon Capote Valente kaleko atzeko patioa zen eta publikoa ahotz hura kaletik pasatzerakoan entzuten zutenek.
  • Francisco nire aita, zuk ezagutzen duzun ateoa, aeronautikako militarra izan zen eta parte hartu zuen Brasileko mugimendu garrantzitsuenetako batean: “¡Petrolioa gurea da!”, kide asko erailak eta torturatuak izanik bizi izan zuela.

Arantxa:
Zure birraitona, amona Julia eta Francisco aita ohorezko palkoan eserita ikusten ditut. Orain hasten naiz ulertzen frontoiko paretaren zer ezan nahia Berlingo paretarekin alderatuta, hura erori zen baina gureak zutik jarraitzen du kirolaren transzendentzia agirian utziz.

Zure amona Juliak zer ikusi handia du nire gizona zen Joxerramon Zubizarretarekin, eraikitzailea, tenorea eta São Pauloko lehenengo Euskal Etxearen fundatzailea beste batzuekin batera, han eraikiz gaur arte dagoen frontoia. Behar bada bikote hau izan daiteke pilotarien ereserkia sortzen dutenek txalo zaparrada artean JAI ALAIKO publikoak txunditurik eta zutik errezibitzen dituenean pilotariak.

Zure aita Franciscok gogoratzen dit bizitutako drama ordezkatzen duen “gudaria” (soldado), Joxerramonekin gertatu zen bezala 1936eko gudan. Pilotak une horretan dejada gainditu zuen eta gorantz ihes egin zuen publikoaren irrintziaz baliaturik naiz eta eserlekuetan eta geldirik geratu aho zabalik. Tanto hau beraiena eta beraien jarraitzaileena da. Boteretsuak eklipsatuta geratu dira eta aldarrikatzen duten zuritasuna zikinduta sekula sekulorum Amen.

Soraya:
Horrela gertatu da munduan zehar zenbait lekutan gaur arte zutik dauden frontoietan. Joxerramon Zubizarretak Espainiako 1936ko gudako ondorioak zirela medio ekarri zuen Brasilera kirol hau, hona etorritako beste euskaldun batzuk bezala. Nire amonak ozeanoa zeharkatu zuen bere familia eraikitzeko hemen eta nire aita kirol zalea jaio zen. Ni gurasoen sentsibilitate beretik abiatu nintzen lehenbizi tenisean, gero Batmintonen eta azkenean euskal pilotan.

Alfredo Correia Soeiro izan zen nire eskuan jarri zuena JAI ALAIKO xistera. Une honetatik haurrera aldatzen hasi nintzen, kirol honi esker eta maisuak duen pedagogiari esker, aldaketa gradualean murgildu nintzen. Hitz batean esanda eraldaketa da bizi izan nuenaren hitz propioa. Kirol honen bilakabidearen zehar aldaketa, pertsonalak, kirol aldekoak eta politikoak bizitzen ditut. Esan dezaket Alfredo Correia Soeiro izan dela niretzat zuretzako hezkuntza mailan izan eta den bezala Paulo Freire. (Jarraian Alfredo Correia Soeiro Xisterapean)


 

Ikusten duzunez nire bizitza dialektiko barruan ezin dira banandu garapen pertsonala, kirola eta politika. Eta zehaztasun honen harira dator zuk lehengo egunean komunikatu zenidana hau da: Euskal Pilota Internazional Federakuntzak errekonozitu duela EUSKAL SELEKZIOA (2022/10/25) txapelketa internazionaletan parte hartzeko. Hau urte askotako borroka politikoaren ondorioa da. Justiziaz merezi duena. Gure kirol hau duen jatorri historikoaz aparte ez dago zalantzarik Legez Euskalduna dela. Frontoi bat dagoen lekuan, han Joxerramon Zubizarreta bat egon delako dago kirol hau munduan zehar. Euskal Herria zoriondu egiten dut hartutako erabakiagatik, festa giroan egongo zarete noski gu gauden bezala.

Alfredo eta Soraya nirekin nire etxean Donostian (2022).

Arantxa, frontoia da gure kidetasunaren oinarria, Donostiako zure etxean gaude argazki honetan, itsasoak nabigatu ditugu JAI ALAIREN magalean gure Noeren Arka izango balitz bezala, onak barrura sartuz eta txarrak kanporatuz. Egun ateak zabaltzen dizkiogu EUSKAL SELEKZIOARI eta kanporatzen dugu Brasilgo politika.

Arantxa:
Bai, Alfredok eboluzionatzen laguntzen gaitu. Xisterak sinbolizatzen du bera pilota jasotzen dakielako, gure nano-mundua hartzen eta gozatzen dakielako mila aldiz pilota gora eta bera errezibitu eta itzuliz ormaren kontra era honetara jokoa espektakulu miresgarria bihurtuz. Euskal Herria ezagutu baino lehen, pilota, xistera eta frontoia zaindutakoa da artisau erara erabilitako tresnak konpontzen eta berriztatzen. Bera da hein berean Atletiko Paulistanon JAI ALAIKO parte eta epaile. 

Gogora ekarri nahi ditut baita ere, Brasilen apustuak frontoian debekatu zirenean Chinara joan ziren pilotarien bi alaba. Beraiek kontatu ziguten han bizitutako bizitza dotorea. Topaketa interesgarriak eta historia bitxiak kontatu zizkiguten, benetan atseginak eta xamurrak egun euskal pilotaren memoria osatzen duten historioak. Beraiek ere eserlekutan dotore jantzita daude. Baita ere, eskuzko pilotaria den Heraldo Biscayzacu Uruguaiarra eta Zuberotarra (Iparraldekoa) aitaren aldetik, São Paulon Banespako frontoian entrenatzen duena. Euskal Pilotako Federazio Internazionalak aukera eman zion bere aitaren jatorria ezagutzeko eta nik gozatu nuen Euskadiko frontoiak berarekin bisitatzen. Bera ere partaidea da eta duintasunez dago ezarrita bere lekuan. Alfredok esaten didan bezala pilotariak euskal pilota globalizatu zuten oraindik hitz egiten ez genuenean globalizazioari buruz.

Esaten didazu frontoitik kanporatzen duzula Brasileko politika. Bihar hauteskunde eguna duzue (2022/10/30). Garbi daukat, zure memoria historikoa jakinda gero zer izango den zure hautaketa, dena dela izan daiteke zuriz ere, egia esan ez dakit ziur. Hauteskundeek baino haratago eskertuko nizuke zerbait esango bazenit Brasilgo egungo egoerari buruz, zer sentitzen duzun, zeren herria gurutzatuta dago bi hautagaien erdian. Honetaz hitz egiteko JAI ALAITIK irten beharko dugu kirol honek bere bitxitasun propioa duelako pilotaren musika bereziaren babespean, hau izanaz gizatiartzen gaituena eta munduan era ederrean presente egiten gaituena.

Ze politika mota nahi zenuke egun Brasilerako, eta konkretuki São Paulorako?, ze zehaztasunak, ze sentsibilitateak, zer jarriko edo kenduko zenuke?, uzte dut iritzi propioa baduzula, kontatuko zenidake zerbait berezia?

Soraya:
Benetako politika batek etorkizuneko politika konponduko luke. Oraindik gure bizipena nahiko indigena da. Botereak badirudi dena usteltzen duela baina ni ezin naiz izan Brasilengan sinetsi gabe bizi den horietako bat.

Arantxa:
Denbora da Brasil galtzen hasi zela. Sentitzen dut baino brasildar gizarteko gehiengoa ez dut uzte salbatuko denik, begiak zabaldu eta begiratzea besterik ez dago.

Soraya:
Nahiago dut zure hitzetan ez sinetsi eta itsututa bizi. Etorkizunetik gertu gaude eta gauza asko gertatuko dira baina bizitza gure existentzia propioa baino urrunago dago. Historiaren zati txiki bat gara. Kontutan eduki behar dugu gure historia berriagoa dela. Europarrak 1500 hasi ziren etortzen hona. Gure historia berridazten ari gara era politean. Gure indioa orain hasten da hitz egiten eta idazten bere kabuz. Beraiek dira irakasle eta ikasle era berean. Gure Beltza ohartzen hasi berria da zein garrantzizkoa den gure garapen eta edertasun historikoan. Oso ederra da herri bat bere buru hausnartzen hazten denean kide sentitzea. Ospatzen ari gara kontzientzia beltzaren hilabetea, jakin dezaten nor diren eta bere lekua okupatu dezaten duintasunez. Hau dena behar dugu ikusi eta entzun telebistan, irratietan eta interneten … Benetako hezitzaileak gertatzen dira kontatzen dituzten gordetako historia familiarrak, egun dagokien baldintzei eta eboluzioari buruzko ikasketak dira. Ez da dominatzaileek kontatzen duten historia eta hau da egun gertatzen ari dena Brasilen, beraiek ari dira dagokien historia kontatzen. Ez ahantzi Europa eta Txina egoera txarragoetatik pasatakoak direla.

Arantxa:
Amildegian ez erortzeko ahalegina egin behar dugu, erorita gero oso zaila delako altxatzea. Batzuk ongi bizitzea ezagutu dugu eta kaos batean erortzen ari gara.

Soraya:
Une historikoak ezin ditugu neurtu partikularki gertatzen zaigunarekin. Adineko pertsonak animo gutxirekin ikusten dugu gertatzen ari dena bizi baten ikuspegi bakarra dugulako eta zapuztu egiten gara ez dugulako ikusten nahi genuen eraldaketa naiz eta horretarako ahaleginak egin. Gauzak aldatzen ari dira, begira Iran adibidez emakumeak eta gizonak esnatzen ari dira. Aldaketa hau oso garrantzizkoa da, mugimendu txiki bat planetarako baino handia gizakiaren garapenerako.

Gehiago esan nahi dizut, nik gizakiak duen burmuinaz sinesten dut hau denez gure planetako materia preziatuena. Emakumeen berdintasunaren alde borrokatzen ari garen bitartean, munduan gosea eta miseria ezabatzeko ahaleginean eta gutxiengoen onartzean, hein berean eraldatzen ari gara gure planeta gure burua munduaren organismoa izaten ari den arabera. Egun gure planetako, begiak, belarriak eta inteligentzia gara unibertsoan. Ahalegintzen gara beste planetak eta galaxiak sumatzen, bizitzaren beste seinale eta moduak. Zerebroaren eraikuntza bizitzen ari gara unibertsoan eta sortzen dena handiagoa eta errurik gabekoagoa izango da  garapenaren arabera.

Arantxa:
Ez naiz pesimista ohartzen gertatzen dena da beste zibilizazioen sufrimenduak eta gureak ere bai urrutitik sentitzen ditudala, pribilegiatu batzuk garelako. Ni eta mendeetan bizi ezin dutenen artean amildegi bat dago eta ezinezkoa sentitzen dut. Ez dugu nahi dagokigun klasearen suizidioa bizi eta klasea esaten dudanean mota guztietako klaseaz ari naiz, goikoaz, ertainekoaz, behekoaz eta transzendentzia mota guziez.  Lehenengo aldiz entzun nuenean klaseko suizidioari buruz zerbait esaten Freireri entzun nion eta inpaktu handia egin zidan, ulertu ezinik geratu nintzen eta behar bada ez zela hainbesterako pentsatuz ere. Ego Ameriketan  alfabetatze lanetan ibili naizen ekonomi aldetik giro deprimituetan hobeto ulertzen hasi naiz eremu sozial guztietan ahalegindu beharko genukeela gizaki berri bat sortzeko.

Guretzako hau zaila bada pentsa ezer ez daukatenentzat, zeri heldu? Bueltarik ez daukala iruditzen zait. Ezina sentitzen badugu, Erakundeak eta Gobernuak nola sentituko ote dira? sentitzen badute noski! Hein berean honek gizatiar tentsio osasuntsuagoan  mantentzen nau eta laguntzen dit hobeto ulertzen “Zapalduen Pedagogian” Freirek idatzitako eskaintza. MUNDUKO EZER EZ DUTENEI ETA BERAIENGAN AURKITZEN DIRENEI BERAIEKIN SUFRITUZ ETA BORROKATUZ. Ze sentsibilitate mota eta ze zergati komunak ditugun gu ez direnekin, aurkitu beharrean gaude nolabaiteko eraldaketa lortzearren baina gure ohitura alderantzizkoa da orokorrean.

Soraya:
Ideien trukaketa honetan kafetxo baten falta nabaritzen dut!… Ez nuen pentsatzen internetek eskuratuko zenidanik hainbeste ezaguera gertutik pertsona eta egoerei buruz egun gertatzen den bezala, harridura sortzen duten eraldaketak aurkezten dizkigu. Hemen Anitta abeslariaren kasua dugu, estadioak gaztediarekin betetzen ditu eta eremu birtual  honetan sortutakoa da. Dena dela ez da Anitta kontua harritzen nauena da nola eremu birtualak izan dezaken horrelako botere erakargarria komunikatzeko eta emakume hau bezalako pertsonak sortarazteko. Beste kasu bat da Amom Mandel 21 urteko mutila boto gehien eduki duena Brasilen diputatu federala bezala 2022an. Segundo bat bakarrik edukita propaganda elektoralerako irrati eta telebistan. Mandelek 288.555 boto jaso zituen, bete zituen behar diren %14,49 balioko botoak Amazonan diputatu izateko pertsonekin konektatuz medio horren bidez bakarrik.

Antzinen Jesus pertsonaiak, existitu edo ez, bere ideiak balore pertsonal eta sozialak gizatiartu zituen, harri arotik oraindik gertu geundela, gizakiaren eboluziorako oinarrizkoak izan zirenak hain zuzen. Lehenengo arauak izan ziren mendebaldar munduan pertsona bezala izateko eta ekiteko eremuetan. Urte asko pasata gero Marx etorri zen langileen mundua aldatzeko, hauek esklabo bezala tratatuak zirelako, inongo eskubide gabe industrializazioa gertatzen ari zen unean, langileen historiari hasiera emanaz. Asian Mao dugu baserritar mundutik txinoen eraldaketa sortzen (gogoratu behar dugu erreboluzioa aurretik kaleetatik pasatzen zirela gurpil batzuk, gosez edo gaixoaldiz  hildakoak jasotzen). Egun kritikatu dezakegu Txina baina ala edo nola aldaketa lortu zuela esan behar da. Erreboluzioa lortu zuten naiz eta erru asko barru baina kontutan eduki behar genuke herri honen historia eta konplexutasuna ikusiz nola heldu diren egun potentzia bat izatera. Ez naiz ari demokrazia puntutik baloratzen noski. Badut lagun bat Txina ezagutzen duena eta hau esaten du: Beldurra ematen badizue Txina komunistak itxoin ezazue ezagutzea Txina kapitalista!

Pertsona batek bakarrik alda ditzake historia eta gizakiaren baldintzak horregatik aipatu ditudan Anitta eta Mandelek pentsarazi egiten naute zerbait hortik etorri daitekeela.  Mundu birtuala hor dago eta behar bada egunen batean sortu daiteke norbait edo zerbait mundua alda dezakeena kontzientzia gizatiar eta politikoa hobeagoarekin herri baten historia eboluzionarazteko. Komunikatzaile medio hauek ere manipulatuak direla badakigu, baina gaurko belaunaldiak hor daude eta egon beharra dago dena aldatzen ari delako. Beraz nik nahiago dut amildegian ez pentsatu eta zerbait eraldatzailea sortzeko dugun ahalmenean sinetsi. Inoiz pentsatu gabeko eraldaketa izan daiteke eta liluratu egiten nau horretan jartzeak nire esperantza.          

Zuk aipatzen duzun Ego Ameriketako esperientziari buruz esan nahi dut egia dela baina ez da atzerakada kontua baizik inoiz ez direla aurrera joan, ez dietelako aukerarik eman. Zuk parte hartu duzu eman behar den lehenengo pausu horretan. Leku askotan ikasten ari gara ibiltzen, irakurtzen edo konprenitzen mundua. Batzuetan pausu bat atzera, eta bestetan bi aurrera …

Arantxa:
Soraya baina bitartean?, amildegia hor dago, zarpailak, eta gu ere bai. Mesia direnak ere erail egiten ditugu naiz eta gero era birtualean geratu beraien jarraitzaileentzat. Ez gara bakarrak egoera honetatik atera nahi dugunak noski, zerbait mugitzen ari da eta bilakabide horretan gaude. Behar bada gauzen izenak aldatu beharko genituzke. Nik uste dut amildegia errekonozitu behar dugula transzendentzia historikoan sinesten dugun hein berean, batak ez du bestea kentzen, errealitateak ez du itxaropena baztertzen bata bestearekin elikatzen baita. Freirek aipaturiko “argitaratu gabeko bideragarritasuna” posible da baina denon artean argitaratu beharko dugu. Nik pentsatzen dut magikoa den kontzientzia birtuala beharrezkoa dela baina ez da nahikoa hor dagoelako gizatiarragoa izan behar duen gizakia.

Soraya:
Partaide garen bilakabidetik hitz egiten ari gara. Nik gogoratzen dut zuri egindako elkarrizketa batean, gordeta daukadana hain zuzen, nola adierazten zenuen Brasilen ikasi zenuela mahai inguru batean janaria konpartitzen, lehenengo, bigarrengo eta hirugarrengo plateren erritorik gabe, hemen batera jartzen delako janari guztia mahaian eta bakoitzak jaten duelako gustatzen zaiona dagokion erritmoan. Zuk distantzia dela medio badakizu zureganatzen gure kulturako zenbait zehetasun eta hori asko gustatzen zait.

Baita ere elkarrizketa horretan aipatzen zenuen Darcy Ribeiro antropologoak  “generikoa den brasildarra”, egun askotariko kultura eta arrazaz osaturiko brasildarraz hitz egiten duenean “O povo brasileiron”. Zibilizazio berri baten aurrean gaude. Kultura eta ohitura berriak eratzen ari gara, zuk aipatzen duzun jangelako mahiaren ingurutik egun ematen den askotariko arraza nahasketaraino, hau gure herria denik askotan ohartu gabe, bizitzen ari gara. Kaos bat dirudi baina hemendik ateratzen haziak gara.

Arantxa:
Bai, eskerrik asko nitaz duzun sentsibilitateagatik. Presidente berria baduzue, Jair Bolsonaro aldekoen disgustuarekin Luis Ignacio Lula da Silva garaile atera da, naiz eta garailetasuna ez errekonozitu Bolsonarok  Lulari demokrazia guztietan ohitura den bezala pertsonal eta sozialki, zeren legalki bakarrik onartu du gertatutakoa. Politikak ez duenean funtzionatzen behar den bezala ikustea nola erlijioak lehenengo lerroan jartzen diran, Konstituzioaz era kaskarrean hitz egiten eta ejertzitoaren aldeko eskaerak agertuz, erreflexionatzera narama.

Nik bizi izan nuen Brasilen, Presidente bezala Enrique Cardoso gertatu zen eta pedagogo bezala Paulo Freire. Biak Txileko Santiagon erbestean denboraldi berean egonak, nork esango ziran niri gero São Paulon aurkitu behar nituela berriro ere zuk esaten duzun bilakabide horretan lanean? Gutxienez nirekin lortu zuten zerbait. Ez ziren magoak izan errealak baizik, mailadi batzuk jaitsi zituzten amildegian eta gaur mundu birtualean daude gurekin bat eginaz. Oso garbi eduki zuten Biblian agertzen den “Zesarri, Zesarri dagokiona eta Jainkoari, Jainkoari dagokiona”. Ze saudadea!    

Soraya:
Zerbait bitxia gertatu da egun Brasilen eta da, politikaz jakin ez zutenen nahi asko, duten sinesmenaren bidez jarrera politikora heldu direla Bibliak esaten duena baieztatuz: “Jainkoak zuzen idazten duela lerro okerrekin” eta esaldi hau nireganatuz ausartzen naiz esatera, “gizakiak zuzen idazten duela lerro okerrekin”. Sektakeria ez da inolaz ere ona.

Ejertzitoak komandoz osaturik daude, jeneralak dituzte eta behean daudenak obeditu beharrean daude, Estatu boterea duen erakunde bat da eta Estatu honek diktadoreak izendatzen ditu eta badaude pertsonak pentsatzen dutenak, komunismoari beldurra diotelako,  hau komenigarria dela egun Brasilen. Hautatua izan den Presidentea eta ezkertiarrak komunistatzat jotzen dituzte eta nahiago dute diktadura militarra. 

Derrota ez onartzea guda deklaratzea da, kontraesan handienetakoan eroriz gudarekin dena galtzen baita, ez da ezer soberan geratzen eta duintasuna ere zapalduta geratzen da. Brasilen orain arte mundu guztian egin diren aldaketak gudarik gabe egin ditugu, geure artean guda sortu gabe. Eduki ditugun gobernu sistemak hauek izan dira: Kolonia garaia (1500-1822); Monarkia (1822-1889): Lehenengo erreinua (1889-1831),  Erreinu garaia (1831-1840), Bigarren erreinua (1840-1889); Errepublika: Lehenengo errepublika (1889-1930), Vargasen garaia (1930-1945), Laugarren errepublika (1945-1964); Diktadura militarra (1964-85); Errepublika Berria 1985 … Aldaketa guzti hauek geure arteko gudarik gabe egin ditugu. Esklabo garaia ere gudarik gabe bukatu genuen Estatu Batuetan gertatu ez zen bezala, guda gabe esaten dudanean ez dut esan nahi borroka gabe, hildako gabe eta heroiak gabe ez garela tradizio hori daukagun herri bat baizik eta aldaketa guzti horiek geure arteko hilketarik gabe egin ditugula. Honek balore bat du eta horrela jarraitzea nahi nuke. Esan dezaket Brasilek munduari gehitzen diola mahaiko plateretatik hazita guda gabeko gobernuen aldaketarainoko portaera historikoa. Hautatutako Presidenteak ikuslego ugaria eta aktiboa izango duelakoan nago, lehen eduki zuen ingurua baino hobea edukiko duela eta asken batean hurrengo hauteskundetarako bidea egingo duela.

Zuk egindako galderari erantzunaz zerbait berezia esan nahi dut, behar bada gauza txiki bat izan daiteke baina benetan nahi nukeena da: Errespetuaren testigantza utzi mundu honetan. Besteen hitzei, pentsamendu eta bizi moduei sor diodan errespetua. Errespetuarekin bakarrik hazi dezakegulako Unibertsoan.

Errespetuarekin, ea lortzen dudan!

Arantxa:
Ze ona zure jokaldia frontoi kanpoan. Ni Frontaian geratzen naiz, nano-munduak pareta jotzen duenean behin eta berriro xisteraren poderiozko, musika hau entzun nahian JAI ALAI benetakoa lortu arte, hau baita zuk lortu duzuna gaur nigan. Muito obrigada!

Besarkada bero bat.

Soraya:
Niretzat ohore bat da zure laguntasuna, maitasuna eta hartzen nauzun kontsiderazioaz konturatzea. Jadanik bururatzen nabil gure arteko partidua  JAI ALAIN, zu atzelaria eta ni aurrelaria, dena dela beste galaxia batean izango da! Hemendik aterako gara gure Arka Kantxan Unibertsora, batzuetan galtzen ibiliko gara eta beste batzuetan irabazten baina BETI JOLASTEN.    


Eusko Jaurlaritza