763 Zenbakia 2021-07-28 / 2021-09-22

KOSMOpolita

Haserrearen pedagogia

UGARTETXEA ARRIETA, Arantxa

Itzulpena: Txema Auzmendi

Askotan nahiko ukitua geratzen naiz Kolonbiako pertsonekin hitz egiten dudanean, ikusten dudalako modu eraginkorragoan erantzun beharko genuela pedagogikoki egun bizi duten errealitateari eta horrela nenbilela “Pedagogia da indignação cartas pedagógicas e outros escritos”. Paulo Freire. São Paulo: Editora UNESP, 2000, pg. 81”, hitz hauek topatu ditut:

“A rebeldía é ponto de partida indispensável, é deflagração da justa ira, mas não é suficiente... A mudança do mundo implica a dialetização entre a denúncia da situação desumanizante e o anúncio de sua superação, no fundo, o nosso sonho.”

(Asaldaketa ezinbesteko abiapuntua da, amorruaren leherketa justua da baina ez da nahikoa (…) Munduaren eraldaketak, ezgizatiarra den egoeraren salaketa eta egoera gainditzea anuntzioaren arteko dialektizazioa suposatzen du, asken batean, gure ametsa.)

Eta gauzak horrela direla plazer bat da niretzat, intelektuala ez ezik, esperimentala ere, Kolonbiarentzat hain mingarriak diren une hauetan Alejandro Romero Sarmientoren ahots maitagarri eta profesionala jaso ahal izatea, haren familiari lotuta egon bainaiz, nire bizitzako egoera desberdinetan, 1970eko hamarkadaz geroztik. Komunikazio bide hau bioi benetako bilakaera pertsonal baterako baliagarria izango zaigula espero dut, eta urrundu egingo garela itsukeria pozoitsu, setakeria eta era askotako esku sartzetatik, baita nahi gabeko barreiatzetatik ere; aitzitik, komunikazio bide honek lagundu egingo digu une historiko batean sakontzen, zeinetan nahasmena nagusi dela dirudien, iparra galdu dugula sinestarazteraino. Funtsezko kontua sinesten dugunaren eta benetan gertatzen ari zaigunaren artean bereizten jakitean egon liteke.

Ezinezkoa da neutral irautea hainbeste egiturazko indarkeria merkatu libreko itxuragabekeria benetako pobreza, narkotrafikoa eta populazio miseriaren aurrean. Ez dago horri eutsiko dion pedagogiarik. Egundoko haserrea sentitzen da. Agian hau izango da, eta ez beste bat, une honetako pedagogia.

Fando, Alejandrori deitzen diogun bezala, Popayángo unibertsitate publikoan irudiaren (bideo, dokumental eta argazkien) profesionala da. Caucako departamendu hau Kolonbiako hego mendebaldean dago, eta txirotasunak, indarkeriak eta klasismoak gehien astindu ohi dutena da. Unibertsitate publikoak tradizio eta militantzia politiko*handia du, egungo egoera dagokion gordintasun eta errealismoarekin esperimentatu ahal izateko eszenatoki pribilegiatua.

Ondoren, Paola Saenz eta Alejandro Romerorekin (Fando) izandako elkarrizketa, kolaboratzaileak biok Kolonbiako unibertsitate publikoan.

Paola:

Kaixo, Arantxa!

Asko gustatzen zait zurekin konektatzea eta baliabide honen bitartez elkar ezagutzea. Laster pertsonalki hitz egiteko aukera izatea espero dut. Barkatu nire erantzunaren atzerapena, gauza asko hartzen baititut aldi berean, eta zuri idazteak buruargitasun eta umore onezko denbora apartekoa hartzea merezi du. Batzuetan, eguneroko zereginek nekatu egiten dute eta norberak maitasunez ez idazteari eragiten diote. Maitasunez, bakez eta lasaitasunez idaztea oso garrantzitsua da.

Nor naiz?

Hitz bat esaten duzunean, hitz bat bakarrik esan nahi duzu, bat bakarrik? Horrela bada Diziplina da hitza. Zentzu zabalagoan esan dezaket hezkuntza zientzia eremuko profesionala naizela, aholkulari akademikoa goi mailako hezkuntzan curriculumaren artikulazioan, ikerketan, praktika pedagogikoan, hezgarri, ikerlari eta kalitatearen ebaluagarri eremu fisiko eta on lain formazioan.

Caucako Unibertsitatea Popayánen egoitza duen unibertsitate publikoetako bat da. Popayáni, Caucako Departamenduko hiri buruari, ‘hiri zuria’ deitzen zaio, eta unibertsitate hiritzat hartua izaten da, 9 unibertsitatek jasotzen baitituzte ikasleak sei hileko bakoitzean. 

Popayánek pisu historiko garrantzitsua izan du herrialdean garai guztietan aurre hispanikoan, konkista, eta kolonia garaietan  independentziaren gakoa izan zen. Hortik ulertzen da, indigenen, beltzen (afrikarren ondorengoen), nekazarien eta espainiarren oinordekoen arteko tirabiren erdi gunea izan dela, dela, eta izango dela; tentsio egoera horietako bat lurraldea da, eta narkotrafikoa tartean izanik, talde horiei polizia, militarrak, politikari ustel batzuk, gerrilla eta legez kanpoko beste talde armatu batzuk batzen zaizkie.

Caucako Unibertsitateko 17 ikasle ohiak izan dira Kolonbiako presidente.

Fando:

Elkar azkenekoz ikusi genuela Milurteko aldaketa garaian izan zela oroitzen naiz. Unibertsitatean nengoen. Zinemagilea naiz, zineman eta telebistan egiten dut lan, nire emaztea pedagogoa da eta biok hemen, Caucan*,amaitu genuen. Biok Cauca eskualdeko unibertsitate publikoan egiten dugu lan. Gizarte ekimena oso garrantzitsua du departamentu honek, indarkeria sistematikoaren ondorioz historikoki Estatuaren bazterketa jasan duelako, aldi berean norbaiti komeniko litzaiokeela ematen duelarik. Hori dela eta, erkidegoetan industria eta enpleguaren hazkundea oso etenda egon dira eta daude gaur egun ere.

Paola:

Ni Psikologian eta Pedagogian lizentziatua naiz (irakasle gisa prestatzen garenoi lizentziatu titulua ematen digute). Heziketa Maisutza egin nuen. Bi egitarauak Bogotako Nazio Unibertsitate Pedagogikoan egin nituen. 2016an Popayángo unibertsitate batean kargu bat eskaini zidaten, bertan 2 urtez lan egin nuelarik, eta gero Caucako Unibertsitateari lotu nintzaion, egungo Administrazioaren Erakunde Garapenerako Planari itsatsitako proiektu baten koordinatzaile gisa. "Lizentziaturen Unitate Pedagogikoa" izenaz ezagutua. Iaz, Kataluniako Universitat Obertako Hezkuntza eta Tik (e-Learning) unibertsitate masterrean graduatu nintzen, eta nire TFM honetan oinarritu zen: Saber Pro izeneko nazio proba estandarizatu baten bidez ebaluatzen direnen errendimendu akademikoan eragina duten faktoreen azterketan (ohorezko Matrikula jaso nuen nire lanagatik). Asko interesatzen zait ikerketa eta horretan nire burua indartzeko ahal dudan guztia egiten dut.

Arantxa: Kulturari dagokionez, zer gertatzen zaizu deigarri egungo egoeran?

Paola:

Antropologo adituek diote kultur askoren aldaketa batek 50 urte behar dituela, eta ziur asko gaur egun gertatzen ari dena 70eko hamarkadan sortzen hasi zen zerbaiten ondorio izango dela. 80ko hamarkadan eta 90ekoan, narkotrafikoak sikarioekin, bonba autoekin, gerrillaren kontrol eta atentatuekin, beldurrezko giroa biziarazteaz gain, askori, batez ere landa eremuetan, zera erakutsi zien, diru erraza lor daitekeela eta askoz erakargarriagoa izan daitekeelako koka oak biltzea lurra beste labore mota batzuekin lantzea edo abereak zaintzea baino; izan ere, kokarekin errazagoa baitzen eta errazagoa baita patrikan dirua izatea, beste batzuentzat jo eta ke lanean aritu behar izan gabe baino. 90eko hamarkadan, ustelkeria gorantz zihoan eta eredu ekonomikoaren aldaketarekin, irekitzearekin, enpresa asko pikutara joan ziren; multinazional handi batzuek Kolonbiako industriaren zati handi bat desagerrarazi zuten. Milurteko aldaketak teknologia oso aurreratua ekarri zuen, enpresa nazional asko oso azkar pikutara bidali zituena; ustelkeriak gora egiten jarraitu zuen eta gobernu ezberdinek, poliki- poliki, enpresa pribatuei osasuna, hezkuntza eta pentsio sistema eman zizkieten. Urtez urte ziurgabetasun handiagoa dugu, lan eta ekonomi irmotasun txikiagoa, gaixotzea garestiagoa da eta ordaintzen dugun zerbitzua eman diezaguten kexatu egin behar dugu; langabezia tasa handiagoa da, emakumeok bi eta hiru aldiz ere pentsatzen dugu seme alabarik izateko aukera, ez baitugu haiek hazten ikusteko astirik, eta erasokorrago eta matxismoarekiko eta gobernuaren isekekiko tolerantzia txikiagoko ari gara bihurtzen, baita herrialde honetan beti erabili izan dituzten familien engainuen aurrean eta, oro har, bidegabekerien aurrean ere. Egunero ikusten dugu gauzak gertatzen direla, errudunak seinalatzen dituztela, baina, aldi berean, ez dela ezer gertatzen. Politikarietako bat bera ere agindu zitzaiona ez betetzeagatik ez dela zigortua izaten sumatzen dugu. Ez goi mailako militar batez goi karguko apaiz bat ere ez dira zigortuak izaten haurrak bortxatzeagatik; polizia bat bera ere ez da zigortua izaten kaputxadun ikasleak erailtzeagatik; Estatuarekin hitzarmena egiten duten iruzurti handiei etxea ematen diete kartzelaren ordez. Kalean jendea hiltzen dute mugikorra lapurtzeagatik eta TB albistegietan kaleko biztanleen (behartsuen) bideoak ikusten ditugu autoen osagaiak lapurtzen semaforoetan gelditzen direnean eta gero poliziari ematen, eta ez da ezer gertatzen. Gose gara. Beste batzuek guk ere ereiten duguna gozatzen dutela ikusten dugu, hatzik mugitu gabe, eta ez da ezer gertatzen. Kultura aldaketa eman egin behar da, guk jada nik ez baitugu galtzeko ezer. Geldiarazitako beldur horrek guztiak, ezer gertatzen ez dela ikustearen amorru horrek, buruzagien segurtasunik ezak eta sinesgogorkeria horrek leherrarazi eta aldatu egin behar gaituzte.

Fando:

El Cauca kultura anitzekoa da: komunitate beltzak, komunitate indigenak eta nekazarien komunitateak ere gatazkan egon dira euren eskaerak aldarrikatu ahal izateko beharragatik. Batzuetan elkarren aurka egiten dute talka. Baina aurkitzen garen anabasa honen ondorioz, jendea halako moldez ari da antolatzen, non jada gu ez garen afroak, indigenak, eta haiek nekazariak, baizik eta "gu herria" bezala identifikatzen garen.

Arantxa: Nolakoa da gazteen erantzuna egungo errealitateari?

Paola:

Gaurko gazteen pentsamendua eskumenen araberako prestakuntza ereduaren emaitza da. Eredu horrek gehien dutenei ematen die lehentasuna, eta aukerarik ez dutenak baztertzen ditu. Aukerarik gabeko belaunaldia da, bizirauten duen belaunaldia, eta martxa edo manifa  batean irtetean Covidez kutsatzea nahiago duena, manifestatzeari uztea baino. Haiek dira indarrik handienaz diotenek ez dutela galtzeko ezer. Sare komunikazioaren belaunaldia da, sare sozialetan mugitzen dira, aztertzaile politiko, ekonomialari eta hezitzaile handien atzetik doaz, baita reggaetonero eta ke saltzaileen atzetik ere. Ikasten duten bitartean egiten dute lan, eta ikerketa taldeetan parte hartzeko interesa dute. Aldaketan sinesten dutelako joaten dira martxa edo manifatara. Popayánetik Bogotara ibiltzen dira, 2019an egin zuten bezala, dena esperientzia delako, oraina bizi behar delako eta hau dena egiteko erresistentzia jarrera dagoelako. Martxa ez berdinen buru izaten dira.

Gaur egungo gazteek haurrak jartzen dituzte eraildako pertsonen izenak irakurtzen, gainerakoek "Estatuak erailak" erantzun dezaten, bederatzi urreneko gabon sari bat balitz bezala; presidentearen eta poliziaren aurkako hitzaldi sutsu prestatzen dituzte. Ezkutuak egiten dituzte, horiekin babesten dira giza ezkutu bihurtzen direlarik, eta 2019tik aurrera "Lehen lerroa" deitzea erabaki dute; horiei aurten beren ama batzuk elkartu zaizkie eta "Lehen lerroko amak" deitzea nahi dute. Kolonbiako gazteen irakasleok Jaime Garzoni entzunez hazi ginen, gobernuari kritika egiteko umorezko saioarekin, eta oraindik ere indarrean daude herrialdeko buruzagiek zer egiten duten eta nora doazen azaltzeko haren hitzaldiak. Garzon 1999an erail zuten eta gaur duela astebete Unibertsitate Nazionaletik hitz egin izan baligu bezala gogoratzen dugu:  

Garzonek gauzak osorik ez irensten irakatsi zigun, gobernua ustela dela erakutsi zigun eta bere heriotzak min eman zigun. Gaur egun ere, haren bideoak ikusten ditudanean, begiak malkoz betetzen zaizkit. Gaurko gazteak ni baino ausartagoak dira. Beldurra izan arren jarduten dute eta ez dute isilik egon nahi.

Fando:

Gazteak, afroak, indigenak, nekazariak, hirikoak, landa eremukoak dira guzti hau aurrera eramaten ari direnak. 40/45 urte betetzen ari garen belaunaldikook esnatu egin gintuzten, gu lokartutako herensuge bat bezala ginelako, aurrera egiteko edo zein baldintzatan lan egin behar zela zioen ipuinean geratu ginen eta arratoi lasterketaren ipuina irentsi genuen eta oso pertsona gutxik lortu zuten amestutako bizitza.  Nik   bereziki ez nuen inoiz pentsatu nire ibilbide artistikoan horrelako egoeran aurkitzea, profesionala baino lehen artista sentitzen bainaiz.

Arantxa: Nola egiten diozu leku zure bizitza artistiko profesionalean haserrearen pedagogiari?

Fando:

Nire buruari zera galdetuz, ibilbide profesionalarekin eta are gehiago nire karrera artistikoarekin zer egin dudan. Unibertsitatearen bermerik gabe zenbait gauza (bideoak, adibidez) egiten hasi naiz; ez naiz unibertsitatearen izenean azaltzen, gehienez ere unibertsitatearen identifikazioa jartzen dut, poliziak infiltratutakoa naizela edo antzeko zerbait  pentsa ez dezaten beti pentsatuz nola babestu borroka hau, etorkizuneko belaunaldiek gutxienez beti nahi izan dugun herri zantzua izan dezaten. Nire gurasoen belaunaldiak ere borroka egin zuen, galdu eta egokitu egin ziren, gero guri tokatu zitzaigun eta orain haiei dagokie.

Horren guztiaren erdian aktore kultura askotarikoak daude. El Cauca eta zehazki Popayán kulturen arragoa da. Badira ere aldarrikapen kulturalak babesten ez dituztenak, errepublika eta independentzia garaiko arbasoei begira bizi direnak; oro har espainiar konkistaren ondorengo sendiak dira. Sentitzen dugun haserrea ez babesteaz gain, aurrez aurre daude aurka.

Arantxa: Zer iruditzen zaizu, Kolonbiako egungo egoerari buruz, ematen den informazioa?

Paola:

Caracol eta RCN kanal nagusiek, gutxi erakusten dute eta gutxi hau egokitu egiten dute. Irrati batzuek elkarrizketatu egiten dituzte elkarrizketatuak izateko ordaintzen dutenak, eta hauek desinformatu egiten dute. Modu independentean pertsona gutxik erabaki dute errealitatea ikuspuntu desberdinetatik erakustea. Etxean aspaldi utzi genion telebista ikusteari, gezurrek eta kalitate txarrak eragindako nekeagatik, eta youtuber batzuen jarraitzaile bihurtu ginen, hauek laguntzen baitigute egoera ikuspuntu kritikoagotatik ikusten, ikuspuntu ezberdinak komunikabide nazionaletatik datozkigunekin konparatuz gero. Hauek Ariel Ávila eta La Pulla dira. Ariel Ávilak, Caucako Unibertsitateko Hezkuntza eta Pedagogia Sailak gogoeta une bat partekatzeko duela gutxi gonbidatuak, hau bezalako bideoak dauzka. La Pullak bideoak ditu, besteak beste honako hauZorionez ‘influencer’ hauei gure Herriko gazteek jarraitzen dizkiete, nazio komunikabideak bazter utziz, gezurtiak direla esaten baitute, eta beren mugikorretan dauzkaten kamerak erabiliz, gertatzen dena zinez erakusteko. Honek ere indarra ematen du eta aldaketan ahi izatera bultzatzen, pentsamendu kritikotik eta autonomiatik indarra hartuz. Kontzeptu hauek azken bi hamarkadetan dedikazio handiagoaz izan dira landuak eta gazte batzuen ganberen kimuak agerrarazten hasi dira. Kimu horiek nire itxaropena dira. Nire idazmahaitik, egunero datuak eta ekintzak idazten eta argitaratzen ditut, eta maisu maistren prestakuntzari bira egiteko estrategiak proposatzen ditut. Ni ez naiz ‘manifatan” ibiltzen. Ibili nintzen ikaslea nintzela. Ibili nintzen Pedagogiako irakaslea izan nintzenean. 2019an ibili nintzen eta gaur aldaketak proposatzeko aukera ematen didan lan bat daukat, gauzak beste era batean egiteko eta aldaketa sustatzen jarraitzeko aukera ematen didan lan bat. Hauxe da nire protesta modua, nik ere ez baitut gauza bera gehiago nahi.

Fando:

Polizia irten eta dena korrika eta anabasa da, baina inoiz ez dago mutil eta neska hauei pentsatzeko eta hitz egiten uzteko unerik, hauek baitira guztiari aurpegi ematen diotenak. Hauxe egitea izan da nire asmoa, baina hau ere ez da erraza izan, epai soslai handia dagoelako, eta kamera bati aurpegia jartzeak batzuetan mesfidantza sortzen du. Guardia indigenarengana hurbildu nahi nuke eta baita zergatik ez! herrialdeko poliziarengana ere, hauei ere zergak igo baitizkiete eta gero eta gehiago kostatzen baitzaie merkatura erosketak egitera irtetea.

Dugun elkarrizketa honetan, bada kezkatzen nauen alderdi bat: artikulua nire pertzepzio hutsean oinarritzea, zeren eta ni, egoerak eraginda egon arren, solidarioa eta kide izanik, ez bainaiz kondairaren protagonista. Dagoeneko ordezkatua izaten ari den belaunaldikoa naiz, bere garaian borrokatu ez zuen belaunaldikoa, funtsean egoerara egokitu zelako; hau, nire ustez, beti gainean eramango dudan gurutzea da. Nire egoera oso bestelakoa da mutil horienaren aldean: unibertsitate pribatu batean egon nintzen, gela arazorik ez zeukan unibertsitatean, ez irakasle arazorik, ezta diru faltagatik sei hilekoren bat bertan behera uzterik ere. Gazteek hemen dituzten aukerak oso desberdinak dira unibertsitate publikoa finantziazio gabe geratzen ari dela ikusten dutenean, eta beste arlo batzuetan xahutze ugari daudela, hala nola kargu burokratikoetan, ezertarako balio ez duten horietan. Zuk iritzi errealagoak nahi dituzula uste dut, larruazalekoagoak, lehen lerrokoak. Azken hauei egindako elkarrizketa errealagoak bilatzea pentsatzen ari nintzen, gure egoera ez baita herrialdeko %70arena.

Arantxa: Zure mezuak, zure hitz egiteko era, kontatzen didazuna, zeure buruarentzat duzun espiritu kritikoa jasotzea oso interesgarria iruditzen zait. Elkarrizketa hauek elkar aspaldi ezagutzen ditugun pertsonen artekoak direla uste dut: aspaldi ezagutzen dut zure familia ingurunea eta ingurune honek aspaldi ezagutzen du Kolonbiako lurretan izan dudan proiekzio pertsonala. Gure arteko elkarrizketa da, bizi garen gure inguruneaz eta lekuaz arduratuago eta kontzienteago sentitzeko. Pedagogia da kazetaritza baino gehiago.Hortxe kokatzen naiz.

Zure iritzia baino ez agertzeak kezkatzen zaituela esaten didazu.Tira, zurea bai;  Paola  ere bai, hain atsegina bada, eta nirea, baina hauxe da neure pertzepzioa, neuk nahi dudana.  Ondo egokituta gaudela? Ez zu bakarrik, ni ere bai; baina horrek ez du esan nahi une honetan iritzi eta kontzientzia kritikorik ez dugunik, bakoitzak gure ingurunetik eta zirkunstantziatik iritzia ematen baitugu eta gertatzen zaiguna esaten, pertzepzio hori ez da osoa, baina agian ezta lehen lerroan daudenena edo lehen lerroan daudela uste dugunena ere. Lehen lerroan guztiok egon beharko genukeela uste dut, bakoitzak dagokion tokian, bere pertzepziotik eta ekarpenetik begiraturik. Oso iritzi pertsonala izan arren, inoiz ez da soil soilik iritzi pertsonala; leku eta ingurune batean hautematen dugu eta hortxe bizi gara. Ezezagunak izanda, arduratsuak izatea zaila egiten zaigula ematen du. Denok gaude lehen lerroan egunerokoan tokatzen zaigunari dagokionez. Esan nahi didazuna ulertzen dut, baina ez dut gurea inola ere baztertzen eta oso garrantzitsua iruditzen zait, jendetza garelako ondo egokituta gaudenok, esnatu beharra dugulako, geure burua aztertu eta ikusi pedagogikoki hezkuntzatik eta unibertsitate batetik hobeto nola erantzun diezaiokegun askok eta askok partekatzen dugun errealitate horri. Dena larruazalean dago, ni ere zurekin, nahiz eta distantzia, zirkunstantzia eta adin ezberdinak izan, protagonistak gara, baina ez banderadunak. Iritzia ematea, sentitzea, gertatzen ari zaiguna antzematea, horixe besterik ez dugu egiten.

Ez naiz kazetaria, eta ez daukat Kolonbia osoaz edo puska batez oraingo honetan bezala iritzia emateko behar den prestakuntzarik. Hauxe da nahi dudana jakin zuri, Paola eta niri zer gertatzen ari zaigun, dena norberaren eraldaketatik hasten delako. "Etorkizuna jatorrian dago" esaten entzun nion Oteiza euskal eskultoreari, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Zure mezuak jasotzen ditudanean, bilatzen ari nintzen elkarrizketa hauxe dela sentitzen dut. Zuk proposatzen didazuna proiektu bat iruditzen zait. Mobilizatzen gaituen lehen mugimenduan gaude, eta honek eraldaketa bat suposatzen du guregan; hauxe da, nire ustez, baliozko pedagogia. Gure arteko elkarrizketa oso beharrezkoa da niretzat. Desberdinen arteko elkarrizketa da, baina kezka berak batzen gaitu: nola bizi unea, pedagogia ‘nola’ horretan baitago.

Fando:

Paolak dioen bezala, unibertsitateak pentsamendu kritikoa irakasten hezi behar du, alde bateko eta besteko ipuinik irentsi  gabe, ez ezkerrekorik ez eskuinekorik ez erdikorik, baizik eta autonomiaz pentsatzen ñabardura guztiak ikusiz, ez baita zuri-beltzezko borroka bat, tonalitate eta faktore pilokoa baizik.

Azkenaldian edalontzia gainditu zuen tanta hauxe izan zen, gobernuak pandemia betean aurkeztuko zuen zerga erreformaren proposamena. Kolonbia izan da txertaketa planak egiten herrialderik motelenetako bat; izan ere, gobernua telebistan ateratzen geratu zen, elkarri bizkarrean zapladatxoak emanez, eta beste herrialdeak txertoak jartzen hasi zirenean, artean ez zuen bakar bat ere erosi. Hau motel doa, oso, gailurrak edo pikoak oso goian egon dira eta, oro har, arrangura dago, jende asko lanik gabe geratu delako, alde batera utzi behar izan zituzten enpresetako langileak, konfinamendua dela eta egunean eguneko lan egiten duten pertsonak eta berrogei aldietan lanera atera ezin izan zirenak.

Une honetantxe ateratzen dute zerga erreforma, maila ertain eta apaleko jendeari zergak handituz eta herrialdeko kapital handiak ukitu gabe utziz. Hauxe esan liteke: lan egitea Presidentea dagoen tokian jartzeko. Kolonbiako diruak gero eta gutxiago balio du, eta dolarrak gero eta gehiago. Bizi kostuak, eskuratze ahalmenari dagokionez, gora egiten du itxura gabe. Kolonbia herrialde garestia da eta soldatak ez dira nahikoa. Urtero liskarra izaten da gutxieneko soldata igo dezaten, miseria baita, eta, aldi berean,  gerrikoa estutu behar dela esaten digute. Trikimailu gaizto horiek, faltsututako kirtenkeria horiek gertatzen dira zera ikusirik Duque Presidenteak postu burokratiko batzuk sortu dituela, soldata barregarriekin, marmelada deritzon horretan erortzen edo sartzen direnak, gobernuaren koalizioa osatzen duten alderdiei esleitutako kargu burokratikoak, bere neurrien alde egin dezaten.

Defentsa ministroaren aurkako egungo zentsura mozioa, zibilen aurkako indar publikoarekin zer ikusia zuten basakeria guztiengatik, pikutara joan zen, senatuan zeuden kargudun gehienek, euren postuak mantendu nahi zituztenez, Gobernuko ministroa gobernutik ateratzearen aurka bozkatu zutelako. Honi guztiari gehitu behar zaizkio ez dakit zenbat borroka hegazkin erosteko zentzu gabeko gastuak. Eta hau guztia Kolonbian, non ikastetxeak erortzen diren, non ospitale batera iristeko modurik ez dagoen, errepiderik ere ez dagoelako, non pentsioak oso txarrak diren eta guztia zentzu gabea den, guzti honi bake akordioak ez betetzea gaineratuz.

Ezin egon orokorra da; horregatik, biztanleen %70 inguruk langabeziaren alde egiten du. Gogaituta daude gizon horrekin, eufemismoez hitz egiten baitu, zera esanez: ez direla sarraskiak, ez dagoela desagertutako pertsonarik,  lekutu gabeko pertsonak baizik. Kontrol erakunde guztiak bere gobernuaren fitxa bihurtu ditu; izan ere, horietako bakoitzaren (Kontraloria, Prokuradoretza eta Fiskaltza) buruan, adiskide bat jarri zuen, inoiz kontrakorik egingo ez diona. Jendea oso nekatuta dago hezkuntza publikoa, osasuna eta pentsioak hain gaizki finantzatuta egoteaz, landa eremuak abandonatuta egoteaz eta Vietnam bezalako herrialdeekin merkataritza libreko itunak sinatzeaz. Merkatuan inportatutako arroza aurkitzen ari gara, Kolonbiak tona eta tona arroz ekoizten dituela jakinda. Egia esan, errealitate hau guztia urte asko daramagu arrastaka, eta orain aurpegian lehertu zaigu.

Arantxa: Eztanda baten ondoren, beti geratzen da altzari edo egoeraren bat salbatzen dena eta bertatik hasten da berreraikuntza. Gustatuko litzaidake Paolak, pedagogoa gisa, adieraztea zein den, bere ustez, bere hezkuntza ingurunean begiztatzen den salbazio pedagogikoaren ohola.

Paola:

Beti defendatu dut Hezkuntza aldaketaren eragile gisa. Ikerketan eta ikerketak sortzen duen hausnarketaren boterean oinarritutako hezkuntzaz ari naiz. Kolonbian, kasu batzuetan, irakasle izan nahi ez dutenak prestatzen dira irakasle gisa, lan lotura besterik ez dutela nahi. Legeak edozein arlotako profesional bati irakasle gisa aritzea ahalbidetzen du, eta hau hainbat tentsioren ondorio da: lehena, nazio langabeziaren tasa; bigarrena, irakasle gisa prestatzen denaren eta beste arlo batzuetan prestatzen denaren jardun akademikoaren maila; eta hirugarrena, berriz, ikerketarako eta eraldaketarako trebetasunen garapen maila, irakasle gisa prestatzen direnen eta beste arlo batzuetan prestatzen direnen artekoa. Hauxe esan nahi dut: hezkuntzaz bestelako arloetako profesionalak hezkuntza erakundeei uztartuak izaten dira, behar diren arloetan ez dagoelako hezkuntzako profesional prestaturik edo erabilgarririk. Horren adibide honako hau: Popayánen ez dago Gizarte Zientzietako irakasleak prestatzen dituen programarik eta horren ondorioz, Geografia eta Zuzenbidea bezalako arloetako profesionalak irakasle gisa aritzen dira. Litekeena da beste arlo batzuetako profesional hauek, pedagogian eta didaktikan prestakuntzarik ez dutenez, porrot egitea, baina litekeena da, halaber, irakasle gisa trebatzen direnek baino jarduera akademiko hobea dutenez, pedagogian eta didaktikan azkar egokitu eta ikasteko aukera izatea; gutxienez, irakasten saiatzeko oinarrizkoa dena. Zorte handia da horietako batzuek irakaskuntzarekiko maitasuna eta ikasteko jakin mina aurkitzen dutenean eta horrela beraiei  jarraitzeko eredu bihurtzen direnean, eta zorigaitza da hezkuntza kide profesionalek beren lanerako bokaziorik txikiena ere agerian azaltzen ez dutenean. Bestalde, ez da oso ohikoa ikerkuntzan, arazoen konponbidean eta datuen azterketan trebatutako hezkuntzako profesionalak aurkitzea; ohikoagoa da, ordea, abokatuak, sendagileak eta, batez ere, trebetasun horiek dituzten ingeniariak aurkitzea. Horren ondorioz, tamalez, irakasleen ospea gero eta azkarrago galtzen ari da. Herrialdeko hezkuntza politikek ez dute aldaketan interesik, eta ez dute ez garapena ez lanbide heziketa sustatzen; aitzitik, gero eta baldintza konplexuagoetan murgiltzen dute hezkuntza. Irakaskuntza kualifikazioko ahaleginak gutxi dira, eta herrialdeko irakasleen errealitatera oso mugatuak. Aldaketa nahi badugu, gehiago ikertu behar dugu, gehiago hausnartu eta intuiziotik edo ez jakintasunetik jarduteari utzi. Gure salbamen pedagogikoaren ohola behin betiko gure inguruari buruzko ikerketa da eta horrek dakarren hausnarketa. Horrexegatik ikertzen ditut jardun akademikoan eragiten duten ezaugarriak, datuak aztertzen eta aldaketarako estrategiak proposatzen; bestela, horrela ez bada, martxak/manifak ez dira nahiko eta, aldaketarako proposamenik ez badago, ez dago eutsiko dion langabeziarik.


Paola eta Alejandro, har ezazue itsasoz bestaldeko besarkada bana, hiruren arteko elkarrizketa honen ondoren, maitekiro dastarazi didazuen pedagogia samurraz blai sentitzen bai naiz. Positiboki eta aberaski erradikaltzat zaituztet, Humberto Maturana biologo txiletarrak "El sentido de lo humano" (“Gizatiarraren zentzua”) liburuan aipatzen digun erradikaltasunaz, eta gozatu egin dut gure “hizkerarekin”, ezagutza pedagogikoaren teoria eta praktika dastatuz. Beti arte edo hemen diogun bezala AGUR!


Eusko Jaurlaritza