760 Zenbakia 2021-04-21 / 2021-05-19

KOSMOpolita

Euskal artzainak eta arautu gabeko lur publikoen tragedia Estatu Batuetako Mendebalde Urrunean

SAITUA, Iker

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, euskal artzainak Estatu Batuetako Mendebaldean, euren artalde handiekin, mehatxu gisa hartuak izan ziren. Garai hartan, ardiak, beste edozein animaliak baino gehiago, larreak suntsitzen eta barreiatzen zutelaren ideia oso zabalduta zegoen. Askoren ustez, ardiak ziren gainlarratze-egoerak sortzen zituzten animali bakarrak. 1899.ko martxoaren 10ean, Hego Dakotako Weekly Star egunkarian honako hau irakur zitekeen: “Ardiek belardia hondatzen dute eta bazka guztia agortzen dute, abeltzainak negu-txori bat bizirik mantentzeko nahikoa landaretza sortzen ez duen lur batean utziz”. Eta beraz, ikuspegi horren arabera, artzainak ziren gehiegizko larratze egoeren erantzuleak. 1899an baita, California Cultivator and Livestock and Dairy Journal hilabetekariak adierazi zuen: “[Kaliforniako] Sierra Nevada-ko artzain asko euskaldun arduragabeak dira, beren ardiez gain beste jabetzarik ez dutenak; ez dute inolako zergarik ordaintzen, etengabean leku batetik bestera mugituz saihesten dituztelarik”. Horrela, urte haietan, euskal artzaina naturaren doilor gisa irudikatua izan zen. Noski, honek badu bere dimentsio soziala eta kulturala. Garai hartan oraindik, hein handi batean, euskal etorkinei buruzko imajinario soziala nahiko negatiboa zen, bestelako immigrante talde askorena bezala. Baina ikuspuntu ekonomiko eta legal batetik, nola ulertu genezake hau?

Arautu gabeko lur publikoen tragedia kasu bat erakusten du. XIX. mende bukaeran, Mendebalde Urrunean Estatu ezberdinetako lur-publiko-eremu jakinetan gehiegizko larratzea edo larreen gehiegizko kontsumoa eman zen. Lur publikoak gobernu federalaren jabetzako lurrak ziren bere historian zehar bereganatutakoak, bai konkistaren bitartez bai beste herrialdeekin sinatutako itunen bidez. XIX. mendean zehar, Estatuak Kongresuak onartutako lege ezberdinen bitartez lur horiek babestu edo besterendu zituen. Izan ere, lur-publiko horiek etorkin asko erakarri zituen Mendebalde Urrunera, han lursail baten jabe (edo hobeto esanda, gobernuak besterendutako lurren jabe) bihurtzeko aukerak handiak baitziren. Baina XIX. mende bukaera aldera, gobernuko lur asko, orokorrean marginalak zirenak, besterendu gabe geratu ziren, nekazaritzarako balio handirik ez zuten lurrak zirelako. Baina ez hori bakarrik. Besterendu gabeko lur horiek arautu gabe geratu ziren.

Iturria: United States Department of Interior, Bureau of Land Management, Rebuilding the Federal Range:
A Resource Conservation and Development Program (Washington, D.C.: Government Printing Office, 1951).

Denborarekin, lur horietako askok animalientzako larre bihurtu ziren. Larre hauek libreak ziren. Honek esan nahi duena da, abeltzain orok (euskal artzainak barne) ez zutela ezer ordaindu behar lur publiko horiek erabiltzeagatik. XIX. mende bukaeran, espero bezala, lur horietan garatutako abeltzaintzaren ekoizpena asko hazi zen. Eta hain zuzen, hazkunde horrek sortutako lan-esku eskariak erakarri zuen euskal immigrazioa lurralde haietara. Esan daiteke lurra abere-industriaren hazkunde horretako ekoizpen-faktore garrantzitsuena izan zela. Egoera horrek sostengaezin eta ingurugiroaren suntsitzaile zen abeltzaintza bat bultzatu zuen. Ziurgabetasun handiz inguratuta zegoen testuinguru batean, espero bezala, sektore hori krisi batera kondenatuta zegoen.

1880.eko hamarkadararte, abeltzaintza-konpainiak (handiak, ertainak zein txikiak) larre publikoez baliatuz hedatu ziren, neguko hilabeteetan azienda elikatzeko belarraren eta soberakinaren bazkaren mende egon gabe. Hamarkada horretan, ordea, negu bereziki hotz batzuek larre irekiko sistema hori kolokan jarri zuen. Krisi horren ondoren, abeltzaintza-industriak berrantolaketa sakona izan zuen, eta horren ezaugarri nagusia neguko hilabeteetarako abereen bazkarako belarra lantzea eta ekoiztea izan zen. Jakina, horrek inbertsio arriskutsuen estrategia zekarren berekin, denboraldi luzeetarako, eta askok ez zuten beren gain hartzeko asmorik izan. Arriskua oso handia zen. Beste askok ezin izan zioten kapital-inbertsio horiei aurre egin. Abeltzaintza-ekoizpenaren kostua %50 handitu zen 1890eko hamarkadaren hasieran. Krisi horren beste ondorio garrantzitsu bat behien guztizko kopurua nabarmenki murriztea izan zen. Eta horrek sortutako hutsunea ardi sektoreak bete zuen.

Une horretan, egoera aprobetxatuz, Nevadan eta beste zenbait Estatutan ardi ustiategi asko sortu ziren, enpresa txikiak zein ertainak. Enpresa horietako asko etorkinek ezarri zituzten (adibidez, greziarrek, portugaldarrek edo euskaldunek), sektore horretan soldatapeko lanaren ondorioz metatutako kapitalarekin. Honekin batera ere, behi ustiategiak (horietako batzuk enpresa handiak) epe laburrean errentagarritasun potentzialak eraginda ardiak haztera pasa ziren. Konpainia asko desagertu ziren arren, bazkarako lehia ez zen desagertu. Izan ere, ardi-sektorearen hedapenarekin, abeltzainen eta ardi ekoizleen arteko lehiak areagotu ziren, baina baita ardi ekoizleen artekoak ere. Eta sarritan, lehia hori indarkeria bihurtzen zen. Gatazka horietan euskal artzain asko hil ziren. 1900eko apirilean, Nevadako Humboldt konderriko epaitegiak Winnemucca-ko John and Adam Schell abeltzainek auzipetu zituen euskal artzain bat hiltzen saiatzeagatik. Gertakari hauek lur publikoen gehiegizko ustiapenaren historiaren aurpegirik gogor eta krudelena erakusten zuten. Egoera gatazkatsu horrek larreak erabiltzeko sistema ordenatuago bat eskatzen zuen.

1890eko hamarkadan, abeltzaintza arautzeko beharrez, gobernu federalak neurriak hartzen hasi zen. 1891. urtean Kongresuak Baso Erreserbaren Legea onartu zuen, eta honekin aginte osoa ematen zitzaion AEBetako presidenteari, dekretu bidez, jabari publikoko lurretan baso-erreserbak ezartzeko. Lege honekin, hasiera batean debekatuta geratu zen baso-erreserba horietan jarduera ekonomikoak gauzatzea. Baso Erreserba horien sorrera estatubatuar Mugimendu Kontserbazionista printzipiotzat hartzen dute askok, Estatu Batuetako Aro Progresistaren politika erreformisten alde garrantzitsu bat izan zena. Ikuspegi utilitarista batetik, kontserbazionistak lur publikoetan erabileran jarduera ekonomiko batzuk legitimatzen zuten bitartean, beste batzuk deslegitimatzen zituzten. Azken hauen artean zegoen ardi-artzaintza. Eta beraz, espero bezala, euskal artzainak kontserbazionisten jomugan egon ziren. Ez hori bakarrik, gobernuko basoko agintariek euskal artzainak jazarri zituzten. 1893ko uztailean, adibidez, Piarres Aintzano atxilotua izan zen bere artaldearekin San Bernardinoko Baso Erreserban (Kaliforniako hegoaldean) sartzeagatik erreserba hori sortu eta hilabete gutxira.

Sawtooth Baso Nazionaleko larreak XX. mende hasieran. Iturria: Twin Falls Public Library Archives (AEB).

1905. urtetik aurrera, abeltzaintzari egonkortasuna emateko, Baso Erreserbak Baso Nazionaletan berrantolatu ziren, eta berriak sortu ere. Baina Baso Nazional berri horien ezartzeak ez zuen lur publikoen tragedia konpondu, eta arazoak jarraitu zuten. Izan ere, Baso Nazional horien mugetatik haratago oraindik arautu gabeko lur publiko asko mantentzen ziren, eta beraz lur horietan abeltzaintza askea zen. Hein handi batean, egoera nahasi hori 1934.erarte mantendu zen, zehazki Kongresuak artzaintzaren lege bat onartu zuen arte. Lege honekin, azkenean besterendu gabeko lur publikoetako abeltzaintza arautu zen.

Ordurarte, askok ardiak eta artzainak gaitz guztien kausa eta eragile gisa ikusten jarraitzen zuten. Denborarekin, ordea, batzuk ardi artzaintzaren onura ekologikoak ikusten hasi ziren. Basoetan zehar zebilen ardi-aziendak jaten zituen belarrak erre zitekeen landarediaren hedapena kontrolatzen zuten, eta beraz, orain, artzainak paper inportantea joka zezaketen suteen prebentzioan. 1948ko ekainaren 7an, C. E. Favre, Nevadako Toiyabe Baso Nazionaleko baso-ikuskatzailea, honako hau adierazi zuen: “erabat ados gaude… ardiak gobernatzeko pertsona kualifikatuak eta esperientziadunak izateko beharrarekin, baso nazionaletan edo beste zelai menditsu batzuetan bazkatzen dutenean”. Gaur egun ere, askok uste dute ardiek eta ahuntzek suteak larreetatik zabaltzeko aukera murrizten lagun dezaketela, eta horregatik beharrezkotzat ikusten dute artzaintza jarduera bultzatzea.


Eusko Jaurlaritza