Iaz COVID-19ak eragindako krisiak Bakersfield hiriko Noriega Hotel-ak ateak ixtera behartu zuen. Hotel honek historia mamitsua du Kalifornian. Noriega Hotela XIX. mende bukaeran sortu zen Estatu Batuetako Mendebaldera joandako euskal immigranteei ostatu emateko. Eta urteekin Kaliforniako hegoaldeko ekonomian instituzio garrantzitsu batean bilakatu zen.
Boardinghouse business edo ostatu-etxeen negozioak historia luzea du Kaliforniako hegoaldean eta San Joaquin haranean. XIX. mendearen bigarren erdian, jakina denez, euskaldun askok AEBetako Mendebaldera emigratu zuten ardi-industrian lan egitera. Haietako zenbaitek Kaliforniako Bakersfield-era eta Tehachapi herri txikira joan ziren, gehienak hasiera batean Miller & Lux Ranch eta Kern County Land Company abere-ustiategietan lan egitera. Hain zuzen, 1870 eta 1900eko hamarkada bitartean, hainbat euskal herritar Kaliforniako zonalde horretara ailegatu ziren. Migrazio-kate horren ondorioz, euskal immigranteen kontzentrazio handia sortu zen Kern City-n (gerora East Bakersfield izango zena). Bertan, eta Mendebalde Urruneko beste hainbat lekutan, euskal ostatuak berehala bihurtu ziren euskal immigranteen instituzio nagusian.
XIX. mende bukaerako etorkin euskaldun askok ardi-industriaren beheko mailetan lan egin zuten. Horietako batzuk lanean irabazitako kapitalarekin immigranteentzako ostatuak ireki zituzten. Boardinghouse bat lotarako leku bat baino gehiago zen. Etorkinek laguntza zabala jaso zezaketen hotel hauetan, besteak beste, enpleguari lotutako zerbitzuak, osasun arreta eta baita diru-laguntzak ere. Bakersfield-eko Noriega Hotela kasu bat zen.
Noriega Hotela, Faustino Mier Noriega immigranteak ireki zuen. Jatorriz kantabriarra bazen ere, etorkin honek Kern City-ko euskal komunitatearen parte izan zen hasiera-hasieratik. Kaliforniara emigratu zuen artzaintzan lan egitera. 1882.an Miller & Lux konpainiarentzako lan egiten hasi zen—hasieran artzain lanak burutu zituen eta gerora langilezain gisa jardun zuen. 1893. urtean, Fernando Etcheverry aldudetarrarekin Iberia Hotel-a ireki zuen, eta bost urte geroago establezimendu hau Noriega bezala berrizendatu zuten.
Negozio txikia baina errentagarria zen. Batzuetan, euskal ostatuak familia baten jabetzakoak ziren. Bestetan, aldiz, bi bazkidek kapitala inbertitu eta hotelak kudeatzen zituzten. Noriega hotelak bi modeloei jarraitu zien, enpresa inbertsiogile bezala hasiz, baina 1931.ean familia negozio bihurtu zen, Jean eta Grace Elizaldek erosi zutenean. Euskal hoteleroek, noski, etekin ekonomikoa bilatzen zuten, baina baita iritsi berriak ziren etorkinei Amerikar bizitzarako trantsizioa egiten laguntzea ere. Beste modu batean esanda, leku hauek migratzaileen kapital sozialerako sarbidea errazten zuten. Normalean, ostatu hauek hiri eta herrietako tren geltokietatik gertu aurkitzen ziren, etorriberrien iritsiera erraztuz eta euskal komunitateentzat gizarte-zentro irisgarriak sortuz. Hain justu, Noriega Hotela Bakersfield-eko Southern Pacific Railroad geltokiaren bestaldean kokatuta zegoen.
Ostatu hauek tamainaz apalak ziren. Gehienak bi solairuko eraikuntzak ziren, praktikoak eta luxurik gabekoak. Beheko solairua jangela eta taberna handi batez osatua zegoen. Goiko solairuan bisitarientzako gelak zeuden. Bezero nagusiak euskal artzainak ziren. Haien soldatak, modu batean edo bestean, ostatu horietan bukatzen zuten. Neguan, langile hauek gertuko hiri edo herrietara joaten ziren soldataren zati bat alkoholean, jokoan eta prostituzioan gastatuz. Batzuetan, boardinghouse-etako hormen barruan aurki zitekeen hau dena. Gainera, urte osoan zehar hoteleroek bestelako zerbitzuak eskaintzen zizkieten, besteak beste, biltegiratze, posta eta mediku zerbitzuak. Hoteleroek ere txekeak kobratzen zituzten eta maileguak ematen zizkieten laborari hauei, banketxeetarako sarrera mugatua baitzuten.
XX. mende hasieratik, boardinghouse haietako tabernek langile-klase zabalagoko bezeroak erakartzen hasi ziren. Eta batzuetan, liskarrak eta istiluak suertatzen ziren. 1912.ko martxoan, adibidez, Noriega Hotelaren atarian karta-joko bati buruzko eztabaida batean, eraikuntzako langile batek tiroz hil zuen Genaro Silva deituriko artzain mexikar bat. Baina arriskuarekin dinamismoa etorri zen. Establezimendu hauek gero eta bezero gehiago jasotzen hasi ziren, klase guztietakoak, eta horrekin batera, negozio-jarduera areagotu zen. Denborarekin, leku hauek ezinbesteko instituzio ekonomikoetan bihurtu ziren. XIX. mendearen lehen erdialdean, boardinghouse-ak ardi sektorearen erakusleiho, sustapen gune eta erakarpen faktore garrantzitsu bilakatu ziren. Horren adibide garbia izan zen Noriega Hotela.
Lehenik eta behin, euskal hotelak ardi-langileen erreklutamendu-zentro gisa funtzionatzen zuten. Sarritan baita, galdutako ardi, behi edo zaldien jabeek hoteletan iragarkiak jartzen zituzten, animaliak itzultzeko sariak eskainiz. Noizbehinka, artile eta arkume salerosleak hotel horietan elkartzen ziren abeltzainekin negozioak egiteko. AEBetako Mendebaldeko woolgrowers associations edo artile-hazleen elkarteek euskal hotelak euren egoitza estraofizialak bihurtu zituzten. Elkarte horiek, besteak beste, bilerak, enkanteak eta ardiaren produktuak sustatzeko ekitaldiak antolatzen zituzten. Zenbaitetan ere sukaldaritza eta ardi-haragi mozketa erakustaldiak antolatzen zituzten haragi honen kontsumoa sustatzeko. 1941eko urriaren 4an, esate baterako, Kern County Woolgrowers Association-ak Noriega Hotelean ardi-haragi mozketa erakustaldi bat antolatu zuen. XX. mende erdialderako, esan daiteke sektore honetako erdigunean kokatu zirela ostatu hauek.
1960ko hamarkadaren amaieran, euskal immigrazioa AEBetara moteldu egin zen. Ordurako, baita ere, AEBetako Mendebaldeko ardi-industriaren ekoizpena, produktibitatea eta lehiakortasuna mundu mailan behera egin zuen. Horrek guztiak boardinghouse negozioaren amaiera ekarri zuen. Ostatu haietako asko jatetxe ospetsu bilakatu ziren denborarekin. Gaur egun jatetxe entzutetsuak izaten jarraitzen dute AEBetako Mendebaldean, eta eskualde honetan ekoiztutako ardi-haragia jateko erreferentziazko lekuak dira. Noriega Hotel-a leku horietako bat zen, baina azkenik COVID-19ak eraman du.