606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nire herriko kaleetan, argirik ez

AZKARRAGA, Koldo



Beste behin ere ailegatu da umeei horrenbeste ilusio egiten dien sasoia. Eta beste urte batez, nire herriko kaleetan ez duzu argirik ikusiko.

Batzuek diote tamalgarria dela erabakia, eguberritako giroa ez baita atzematen eta mantendu beharko litzatekeen ohitura dela defendatzen dute. Neurriaren alde daudenek ere, euren argudioak dituzte, askoren artean, krisi garaian aurrezteko bidea dela, gutxiago kutsatzen dela, Gabonetan sinesten ez dutenenganako errespetua... Argazkia CC BY — Ana MarÃa Guardia

Nork bere arrazoiak plazaratzea zilegi da, noski, eta bakoitzak jakingo du zeren alde dagoen. Ez nuke asmatuko esaten herritarren sentimenduak neurtu behar izanez gero zein aldetara egingo lukeen balantzak. Ikusi dudanez, baina, nire herrian jende asko dago pozik duela ez horrenbeste ohitura zen argiteria gaur egun ez egotearen erabakiaz.

Halere, sumatu izan dut pertsona horiek nostalgia puntu bat izaten dutela, eta beraiei txikitan argiak ikusteak sortzen zien ilusioa euren seme–alabek ere eduki dezaten, autoa hartuta joaten dira hiriburuetara. Eta beraz, sarritan kontraesanezko diskurtsoak botatzen dituztela dirudi; ez daude argiak ipintzearen alde, baina bai disfrutatzeko beharrez.

Egia esan behar badut, aparteko emoziorik ere ez dit sortzen sasoi honek, akaso txikitan ez nuelako jaiotza ipintzen, ez eta arbola apaintzen disfrutatzen; eta horrexegatik nire herriko kaleak ez dotoretzearekin ados nago. Baina bestaldetik, ulertu ere egiten dut kaleei distira berezia ematen dieten koloretako bonbillek bihotza pozten dietela asko eta askori, ume zein helduri.

Zaila izaten da halakoetan ados jartzea; argiak ipini edo ez ipini, hortxe koska. Geratzen zaigun bakarra, urteari behar bezala agur esatea, amets egin eta Olentzerori eskutitza idaztea, eta nola ez urte berria ate joka dugun honi ongietorria egitea. Norberak barruan daraman argiak bidea argitu dezala.

Ondo izan!