605 Zenbakia 2011-12-16 / 2011-12-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Fukushimako zentral nuklearreko istripua

AGIRREZABAL, Jone MARKEZ, Julen MUJIKA, Maddi MURGIZU, Alazne OLAÑETA, Igor

Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleak



2011ko martxoaren 11n, 9.0 intentsitatedun lurrikara bat suertatu zen Japonian, ipar–ekialdeko kostaldean. Manu Arregi fisikari oñatiarra.

Fukushimako zentral nuklearrean, lurrikara gertatu zenean, 1, 2 eta 3 erreaktoreak lanean zihardutenez, automatikoki geratu ziren, hau da, fisioa momentuan eten zen. 4, 5 eta 6 unitateak, aldiz, aldizkako ikuskatze baten ondorioz, itxita zeuden. Elektrizitaterik gabe geratu zirenez, diesel generadoreak martxan jarri ziren eta ez zen inongo arriskurik egon. “Erreaktoreak errefrigeratzen jarraitu behar dira, barruko elementu erradiaktiboek bero asko ematen dutelako”, dio Manu Arregi fisikari oñatiarrak.

Ordu bete beranduago, tsunamia heldu zen, generadoreak apurtuz eta zentrala hozketa sistemarik gabe utziz. Tenperaturak gora egiten jarraitu zuen eta hidrogenoa metatzen. Arregi fisikariak ondorengo honen berri eman digu; “Hidrogenoa %4ko proportziora heltzen denean, berak bakarrik egiten du eztanda”, eta honen ondorioz izan omen zen ikusi genuen lehenengo eztanda.

Tenperaturak gorantz jarraitu zuen eta 500 gradu hartzera iritsi zen. Urarekin errefrigeratzen hasi ziren arteko momentua oso kritikoa izan zen, “hor egon zen arriskurik handiena”, esan digu Arregik.

Leherketaren ondorioz, lurruna kanporatu egin zen, presioa eta uraren mailak behera egin zuten eta horrek tenperaturaren igoera ekarri zuen, 2.200 gradu ingurura helduz. Iodoa eta zesioa lurrunarekin nahastuta kanporatu ziren, hondakin erradiaktiboak atmosferara askatuz. Fisikariak dioenez, gertatu zitekeenarekin konparatuz, ez da ezer gertatu; “Oso grabea izan da, 2. erreaktoretik ur erradiaktibo askok ihes egin duelako, baina askoz ere okerragoa izan zitekeen”.

Hasiera batean, isuri erradiaktiborik ez zegoela informatu zuten, baina erreaktoretik 3 km–tako erradio batean zeuden 3000 herritar atera zituzten. Handik ordu batzuetara, erradioa 10 km–takoa zen, honela, gutxi gorabehera, 45000 pertsonari eraginez. Nolanahi ere, kontuan izan behar dugu oñatiarrak dioena: “Japonera mugatuko dira kalteak, beste ezer gertatzen ez bada, behintzat. Hona ez da inondik inora helduko. Oso detektagailu sentikorrak dauzkagulako aurkitu dute erradiazioa gurean. Baina oso–oso baxua da aurkitu dutena. Anoetako estadioak duen bolumenean, segundoko desintegrazio bat neurtu dute. Garagardo litro batek 300 dauzka. Atera, beraz, kontuak” Hortaz, amerikarrek izan duten jokaera gehiegizkoa iruditzen zaiola dio: “Guztiz ridikulua izan da iodo pastillekiko jarrera, ez baita inongo arriskurik egon”.

Erreaktore horretan lurrunaren presio handia detektatu zen, onartzen zuenaren bikoitza izatera iristen zen. Tokyo Electric Power Company enpresak lurrun erreaktibo horren zati bat barruko presioa gutxitzeko zela adierazi zuen. Dena dela, kontrol gelako erradiazio maila behar zuena baino 1000 aldiz handiagoa zela konturatu ziren, eta zentralaren sarreran, normalean egongo litzatekeenaren zortzikoitza zen, nukleoaren fusioa ekar zezakeelarik.

Bigarren leherketa martxoaren 14an suertatu zen goizeko 11:15ean, hirugarren erreaktorean hidrogeno gehiegi bildu zenean. Leherketa horretan erreaktorea ez zen kaltetu, baina hiru zauritu izan ziren. Argazkia: CC BY — Surian Soosay

Hirugarren leherketa, berriz, martxoaren 15ean suertatu zen bigarren erreaktorean, goizeko 6:10ean. Eztanda honetan presioa murrizteko sistema izan zen kaltetua, eta erradiazio maila baimendua baino handiagoa zenez, langileak zentraletik bidali zituzten. Erradiazioa orduko 8217 mikrosievert–ekoa zen, eta pertsona batek urte oso batean jasan dezakeen erradioaktibitate kopurua 1000 mikrosievert–ekoa zenez, langileak arriskuan zeuden eta zentraletik bidali zituzten. Bost eta sei erreaktoreak, berriz, arrisku oso murriztua dute hozteko sistemak kale egiten ez duten bitartean.

Martxoko lurrikara eta tsunamiagatik sortutako istripuen ondorioz, Yukio Edanok, Japoneko gobernuko bozeramaileak, zentral nuklearra itxi egingo dutela adierazi zuen. Honetaz gain, esan beharra dago, Arregiren arabera, japoniarrak zuzen jokatzen ari direla. Eta ondorengo hau argitu digu: “Zentraleko langileei dagokionez, han ez da kamikazerik, medioetan ikusi eta irakurri dugunaren arabera, inpresio hori eman badu ere. Langile bakoitzak jasotzen duen dosia kontrolatzen ari dira, eta muga jakin bat gainditzen badute, lana utzi behar dute. Badirudi inor ez dela oraingoz dosi horretara heldu. Heltzen denak pertsona arrunt batek baino probabilitate handiagoa izango du kantzer bat izateko. Hala ere, horrek ez du honelakorik izango duenik ziurtatzen”. Adituaren arabera, hor omen dago Chernobylgo istripuarekiko desberdintasunetako bat, itxura denez, errusiarrek milaka lagun bidali zituzten bertara; hortaz, milaka eta milaka pertsona hil ziren jaso zuten erradiazio dosi handiagatik, eta gaur egun ere, nabarmenak dira izan zituen ondorioetako batzuk. Beste desberdintasun batzuk ere badaudela argitu digu, bi zentralen diseinuak desberdinak direlako: “Mendebaldeko zentraletan arazo bat dagoenean, erreaktorea automatikoko gelditzen da, fisio nuklearra momentuan geldituz. Chernobylen, fisioa geratu beharrean, indartu egin zen, eta erreaktoreak eztanda egin zuen, erradioaktibitate guztia zabalduz.” Argazkia: CC BY — Thierry Ehrmann

Hau guztia kontuan izanik, fisikari oñatiarrak dio berarentzako akats izugarria izan dela zentral hau itsasertzean eraikitzea: “Zentrala altuera batean balego, tsunamia ez litzateke bertara helduko eta ez zen ezer gertatuko, zentralak lurrikarari ondo eutsi baitzion. 6 m–ko tsunami bati aurre egiteko paretak zituzten, baina 10 metrotakoa heldu zen. Ez da erraza horrelakoa etortzea, baina, ikusi dugun bezala, etorri zen”. Honetaz gain, zentrala beste egoera batean balego, gertatutakoa ekiditeko modua egongo litzatekeela dio: “Badute zer hobetu diseinu horretan. Erreaktoretan gastatzen den erregaia piszina batzuetan gordetzen da. Igerileku horiek erreaktore gainean daude eta hori problema bat da. Beste etxe batean, aparte, egon beharko lirateke, ez dagoelako arrazoirik batera egoteko. Atmosferara askatu den gas erradiaktiboa piszina horietatik dator, eta guztia etxe berean dagoelako gertatu da. Horrez gain, beste sistema batzuk ere badaude, generadore dieselak kale egiten badute, arazoak ekiditeko. Eta ez dituzte”. Hori bai, Arregik argi utzi digu ekiditea dela arazo honen konponbidea. Berak dioenez, ez dago erradiaktibitatearekiko babesik: “Dagoen lekutik alde egitea besterik ez dago. Erradiaktibitateak muga batzuk gainditzen baditu, ez dago horren aurkako babesik”. Hala ere, ba omen dago garbitzeko sistemaren bat, hala ere, oso garestia izateaz gain, itsasora isuri dena garbitzea oso zaila da.

Bukatzeko, zentral nuklearrak erabiltzearen inguruan zer iritzi duen ere azaldu digu Manu Arregik: “Garbi dago natura arriskuan jartzea txarra dela. Lur bakarra dugu eta zaindu egin behar da. Baina arazoa beste bat da. Gero eta energia gehiago gastatzen dugu. 2050erako kotxe guztiak elektrikoak izango direla diote. Hori mantentzeko energia iturri bakarra energia nuklearra izan daiteke. Hori dela eta, nazioarteko herrialde guztiek planteamendu serioa egin behar dute energia aurreztearen aldekoa. Nahiko energia dago honen gastua kontrolatzen badugu. Horrela bakarrik izango da posible zentral nuklearrak kentzea”.