604 Zenbakia 2011-12-09 / 2011-12-16
Ingalaterra aldean topatu zaituztegu, noiz arte geratzeko asmotan?
Ingalaterrako hegoaldean, Chichesterren hain zuzen ere, urte bat pasako dugu. Irailaren hasieran iritsi ginen eta ekaina bukaera arte egonen gara. Hala ere, hasiera batean denbora gutxiago pasatzeko intentzioarekin etorri ginen, baina hastapenetik inpresioa ona izan zela ikusita, hiruhileko bat gehiago geratzea erabaki genuen. Beraz, urte akademiko oso bat bertan emango dugu.
Eskolatik 15 minututara dagoen erresidentzia batean bizi gara, logelak parez pare ditugula. Hemen bizitzea erabaki genuen bertan nazionalitate desberdineko ikasleak ezagutzeko eta aldi berean hauekin ingelesa hitz egiteko aukera izateko. Chichester erdiguneko erlojuan.
Unesco eta Colegio Navarraren bidez abiatu zineten hara. Nola izan zenuten aukera horren berri?
Gure lagun batek, Idoiaren klasekideak, Unesco eta Colegio Navarraren bidez atzerrira joatea pentsatuta zeukan eta horren berri eman zigun. Guk ez genuen erakunde hau ezagutzen, beraz, Unescorekin kontaktuan jarri ginen guztiaren gaineko informazioa jasotzeko. Eskaintzen zituzten kurtsoak aproposak iruditu zitzaizkigun, hori dela eta, dena aurrera eramatea erabaki genuen.
Esan duzuenez, aurreko unetik eroso sentitu zarete bertan.
Hala da. Hasieratik eduki dugun sentsazioa ona izan da. Igande batez ailegatu eta hurrengo egunean eskolara joan behar izan genuen, bertan jendea ezagutuz. Beraz, lehen momentutik gu bezalako esperientzia bizitzen ari ziren lagunak eginda dena errazagoa izan zen. Herriari dagokionez ere, hasierako inpresioa ona izan zen herri txikia delako eta aldi berean atsegina.
Halere, egongo zen zaila gertatu zitzaizuen zerbait, ezta?
Dudarik gabe, hasieran zailena hizkuntza zen. Lehendabiziko egunetan ez duzu jendea sobera ongi ulertzen eta oraindik zure hizkera maila eskasa denez, komunikatzea zailena izaten da. Hala ere, denborarekin hobetzen joan gara eta orain ez dugu horretarako arazorik izaten.
Hizkuntzarekin batera, hasieran eguraldi arras txarra tokatu zitzaigun eta Elizondotik eguraldi bikainarekin abiaturik, bat–batean hotza eta euriarekin egin genuen topo. Egia esateko, lehendabiziko astea izan ezik, hiru hilabete hauetan izan dugun eguraldia ona izan da. Azaroan adibidez, inoiz baino eguraldi eta tenperatura altuenak izan ditugu hemen, Chichesterren.
Ingelesa ikastea da egonaldiaren xede nagusia. Zer moduz daramazue egitekoa?
Hasierako egoerarekin alderatuta, ingelesarekin aurrerapenak izan ditugula antzeman dugu. Eskolan zailtasun ezberdineko mailak daude eta biak denbora tarte honetan mailaz igotzea lortu dugu, beraz hobetu dugula erran daiteke. Gainera, nahiz eta gaztelera hitz egiten duen jende asko egon, lagun kanpotarrak ditugu eta horiekin komunikatzeko ingelesa erabili behar dugunez ahozkotasuna garatzen dugu.
Unescok kurtso ezberdinak eskaintzen ditu, hiri eta eskola zehatzetara bideratuta daudelarik. Gu, Chichesterreko eskolara joatea aukeratu genuen eta astero 20 orduko klaseak ditugu.
Arratsalde libreetan eskolan bertan dagoen gimnasiora joaten gara, eskolan bidaltzen dizkiguten etxeko lanak egiten ditugu (horien artean idazlan asko egiteko izaten ditugu eta denbora dezente eskatzen dutenez, arratsaldeetan edo asteburutan egiten ditugu), ingeleraz dauden liburuak irakurri eta filmak ikusten ditugu, etxeko lanak egiten ditugu (etxea txukundu, arropa garbitu, erosketak egin...) eta baita deskantsatzeko probesten dugu ere. Izan ere, astean hiru egun libre izateak ongi heldu zaigu guretzat ere denbora behar dugulako, erran bezala, erlaxatzeko, deskantsatzeko eta gustuko ditugun gauzak egiteko (musika entzun, lagunekin txateatu...). Chichesterreko katedralaren aurrean.
Asteburutan berriz, lagunekin elkartu eta kafe bat hartzera joaten gara edo etxeetan bertan elkartzen gara. Noizbehinka, ondoko herriak bisitatzen ditugu horiek ezagutzeko eta bidaia aprobetxatuz, erosketak egiten ditugu.
Asteburua aipatu duzuela, nolako eskaintza dago Chichesterren?
Herrian bolatoki bat dugu eta boloetan jolasteaz gain, billarrean aritzeko aukera ere dugu, edota futbola gustuko duen jendeak bertako telebistetan ikusi dezake. Horrez gain, ostatu eta kafetegiak ditugu eta garagardo edo kafe bat hartzera joaten gara noizbehinka. Hala ere, herrian zinema eta antzokia dauzkagu eta igandero bigarren eskuko merkatu bat.
Gainera, eskolak ondoko herrialdeak bisitatzeko irteerak antolatzen ditu eta hauek asteburuetan izaten dira.
Gau giroari dagokionez, ostegunetan eta asteburutan jende dezente ateratzen da, baina tabernak oso goiz ixten dituzte, 00.30 inguruan. Beraz, besta jarraitu nahi badugu, herritik autobusez 20minututara dagoen diskoteka batera jotzen dugu, eta 3.00ak arte irekita egoten da.
Pentsa turismoa egiteko hautatzen dugula hiria; gomendatu bisitatzeko toki interesgarriak.
Lehenik eta behin, katedralera joatea gomendatuko genizueke. Hau herriko zentroan kokatuta dago eta bertara jende asko hurbiltzen da, bisitatzeko edo mezara joateko. Bigarrenik, kanaletik paseatzera joateko esango genizueke. Bertan bista ederrak daude eta erlaxatzeko ezin hobea da.
Azkeneko gomendioa, herriko kanpoaldean dagoen gaztelura joatea izango zen. Honen izena Arundel Castle da, gu oraindik ez gara egon, baina argazkiak ikusi ditugu eta bertara joan den jendearekin egon gara eta merezi duela uste dugu.
Egia erran, hiria nahiko txikia da eta ikusteko ohikoak diren tokiak urriak dira, hala ere, Chichester hiri polita da, bertan berdegune ugari dagoelarik.
Jende askok esaten du bizitzan behin horrelako zerbait egin beharko genukeela guztiok?
Bizitzen ari garen gure esperientzia hau oinarritzat harturik, kanpora ateratzea gomendatuko genuke. Izan ere, horrelako esperientzia batek jende, kultura, ohitura, hiri, pentsamendu... ezberdinak ezagutzeko aukerak ematen ditu eta hori guztia denontzat aberasgarria dela uste dugu.
Esperientzia honen ekarpenik garrantzitsuena hizkuntza da noski, hau da, hemen egotearen oinarrizko helburua ingelesa ikastea eta hobetzea da. Eta aurretik aipatu bezala, gure bizitza pertsonalei aberastasuna ematen diela uste dugu. Izan ere, etxetik, lagunengandik zein herritik kanpo denbora dezente emanez, situazio berrien aurrean ikusten dugu geure burua maiz. Lagunekin, Londresen, atzean Tower Bridge dutela. Argazkia:
Horrelako esperientzia bat bizi gura duten baina zalantzan daudenei zer esango zeniekete animatzeko?
Gaur egun, denok dakigun bezala, ingelesa ?modan? dagoen hizkuntza da, lanpostu gehienetan ezinbestekoa izanda. Beraz, krisia eta langabezia dela ikusita, atzerrira joateko eta hainbertze eskatzen ari diren hizkuntza hau hobetzeko denboraldi ona dela uste dugu.
Kontuan hartu beharreko bertze puntu garrantzitsu bat graduko ikasleek bereganatzen ari diren ingelesa maila da. Izan ere, ikasketa gehienetan ingelesa maila zehatz batekin bukatzen dute, eta guri orain arte hori exijitu ez digutenez, haiek gai honetan aurreratuago egongo direla uste dugu. Horrenbestez, aukerarik onena gure ingeles maila hobetzea edo ikastea dela uste dugu, modu honetan, graduko ikasleekiko aukera berdinak edukiz.
Oro har, ez dago zalantzarik esperientzia ona bizi duzuela, baina nabaritzen al duzue zerbait faltan?
Nola ez, etxeko jana faltan botatzen dugun gauzarik nabarmenena da. Izan ere, 3 egunez eskolan bazkaltzen dugu eta gainontzeko egunetan ez dugu denbora askorik izaten sukaldean egoteko. Hala ere, amaren mailara ailegatzea oso zaila izango litzateke. Aste pare batzuetan gure herrira bueltatuko gara eta jadanik jango ditugun gauzetan pentsatzen ari gara. (barre)
Horrekin batera, nola ez, lagunak eta familia faltan ditugu. Hala ere, gaur egungo teknologia berriak erabilita (skype, facebook...) eramangarriagoa suertatzen zaigu.
Pentsatu al duzue handik etortzean zer egingo duzuen?
Idoia: Udan, ahal bada, lan egitea espero dut eta irailetik aurrera gaur egungo gradurako adaptazio kurtsoa egitea pentsatuta daukat, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua lortu ahal izateko.
Maite: uda guztietan bezala, uztaila eta abuztuan lana egingo dut. Irailetik aurrera berriz, Nafarroako edozein eskolatik deitzen badidate, bertan lan egingo dut eta horrekin batera, 2013an izatea espero diren oposaketetarako ikasiko dut. Beraz, nire ideia lan egitea eta ikastea da. Idoia Maya eta Maite Rodriguez (Elizondo) Gauza ugari dituzte amankomunean Idoia Maya Daguerrek eta Maite Rodriguez Telletxeak: Elizondokoak dira biak eta 1990an jaio ziren, bata irailean eta urtarrilean bestea. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuten biek; Enpresa Zientzia eta Haur Hezkuntza diplomak dituzte, hurrenez hurren, 2011ko ekainetik. Irailaz geroztik Ingalaterra aldean daude, Chichester hirian, Unesco eta Colegio Navarraren eskutik.