603 Zenbakia 2011-12-02 / 2011-12-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XCIII): Etxarri Aranatz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Sakanako bigarren udalerririk handienera joango gara Euskonews Gazteako proposamen berri honetan. Etxarri Aranatz zain daukagu, beraz, has gaitezen! Etxarriko Portugañeko trikuharria. Argazkia: © Archivo Sahats (3digitala)

Nafarroako ingurune hauetan trikuharri mordoxka bat eraiki zituzten gizon–emakumeek garai batetan; gutxi batzuk aipatzearren, Olano, Maitzegu edo Beitzeta, eta horiek bisitatzeko parada edukiko dugu Etxarri Aranatz ingurura bertaratuz gero. Gure arbasoen testigantzak direla esan genezake, eta ezagutu gura izanez gero, ez ahaztu arropa egokiz hornitzea. Izan ere, Etxarriko kanpinetik ateratzen den Trikuharrien Ibilbidea deiturikoak bi aukera eskaintzen ditu, luzea bata (15 kilometro 3’5 orduko) eta laburra bestea (ia 10 kilometro, 2–3 ordu). Mendi itzulia egiteko aitzakia polita. Dorrea, gaztelarrak...

Halere, has gaitezen historiako bestelako pasarteak ezagutzen. Aurreneko geldialdia XIV mendean egingo dugu, hain zuzen, orduantxe jaso zuen udalerriak hiri–gutuna Engarrán de Villers gobernadorearen eskutik, 1312an. Sasoi hartan Araba eta Nafarroako muga haietan lapurreta kasu ugari eman ziren eta ingurunea babestu asmoz eratu zen Etxarri Aranatz.

Baina nork populatu zuen tokia? Ordura arte Arañaz aldeko herri ezberdinetan bizi ziren biztanleek. Horrez gainera, jakin badakigu gainera, eliza eta dorre bat existitzen zirela udalerria eratu aurretik. Hiri–gutuna jaso eta hogeita hemeretzi urte pasata, etxebizitzak–eta eraikita, herria amaituta zegoen eta harresiz inguratzen hasi ziren; baina aurre ezin egin, eta 1378an gaztelarrek hartu zuten gotorlekua. Etxarri Aranatz eta San Donato mendia. Argazkia: © Archivo Sahats (3digitala)

Gaztelarrak aipatu ditugunez, bitxikeria moduan, Burundatik sartuz 1512ko uztailaren 21ean Nafarroa konkistatzen hasi zirenean, Etxarri Aranatzen kanpatu zuten egun berean, biharamunean Iruñera abiatu aurretik. Bestalde, Zumalakarregik ere ondo ezagutu zuen udalerria, XIX. mendean jazotako karlistadetan, setiatu eta bere menpe geratu zen eta.

Denboraren joan etorrian udalerriko etxebizitzek berreraikitze prozesua bizi izan dute, tirabiratan txikituta geratugatik, edota zaharkituta zeudelako. Lehengo estiloari jarraiki oraindik ere etxebizitza batzuek solairu bakarra izaten segitzen dute, baina garaiera handiagoko ugari joan dira eraikitzen urteekin.

Eraikin erlijiosoei dagokienez, Jasokunderen elizari buruzko aipamena egin behar dugu, 1636 inguruan estilo gotikoan eraiki zuten Juan de Bulano eta bere seme Juan Ruiz de Bulano maisuek. Horrez gainera, zenbait ermita ere badaude inguru haietan: XII. mendeko Sortze Garbiaren ermita Urbasaren hegian, edota XX. mendean berreraikitako San Adriango ermita, bideaz bestaldean...

Leku estrategikoa izandako udalerria ezagutu dugu oraingo honetan. Bertaratuz gero, zein beste altxor egongo da gure zain? Horretarako, Etxarri Aranatz bisitatu beharko...

‹‹Orain arteko ibilaldiak››