602 Zenbakia 2011-11-25 / 2011-12-02
Hona hemen nere osaba Tomasek inspiratu zidan ipuin bat, maitasunezko ipuin bat:
20 urte zituelarik joan zen artzain Ameriketara. Han ehun arditik goitiko artaldea gobernatu behar zuen, eta bakarrik zegoen Kaliforniako eta Nevadako lautada zabaletan, artzain–zakur baten konpainian soilik. Bakar–uneak kantari edota bakarrizketan igarotzen zituen, eta noizean behin gurasoei eskutitz bat igortzen zien. Erantzun gutxi batzuk jasotzen zituen, bere arrebaren batek izkiriaturikoa, gurasoak euskaldunak bai, baina alfabetatu gabeak baitziren.
60 urte zituelarik hartu zuen Tomasek erretiroa. Sei urte zeramatzan lasaitasun ederrean, euskal etxeko bere adiskideekin juntatzen, musean jokatzeko aitzakian euskaraz mintzatzen eta kontu zaharrak elkarri erranez. Euskal etxea aitzakia zen bere bizitzako emakumea burutik pixka batean airatzeko, egunero–egunero oroitzen baitzuen behin bihotz–bihotzez maitatzen hasi zena eta gaztarotik ikusten ez zuena. Baina, egun batean ezusteko eskutitz bat jaso zuen: Kalkuta, 1962ko martxoaren 25a
Tomas maitea,
Zer moduz hago? Bazekiat Kalifornia alde horretan habilela...“indio”ekin borrokan! ni, berriz, hementxe, Indian, indiarrekin.
Orain dela urtebete etorri ninduan bakar–bakarrik Jainkoaren deia aditu uste nialakoan, hirea ez bainian jasotzen–eta: oraindik ez diat enteintzen zer gertatu zuan hirekin, zergatik alde egin huen herritik horrela deus ere erran gabe... zergatik? Ez ni aski maitatzen, ala?
Oroitzen haiz Otsondoko belaietan nolako zilipurdiak ematen genituen elkarrekin? Eta nolako bustialdiak Bozateko errekan? oroitzen? ni bai, ni egunero oroitzen nauk bihotz–bihotzez maite hindudala eta oraindik ere... iratzartzen naizelarik hi haiz ene lehenbiziko pentsamendua eta oheratzerakoan hire oroiminaren laztanekin estaltzen ene soingain eta behea, horregatik idazten haut. Edo ez zakiat zergatik idazten haudan egia errateko, ene bizitzako gizonaren berri jakin nahi nialako, segur aski.
Orain deusek ez dik aunitzik inporta, hik seguruaski heure bizitza egin duk eta nik ere bide bat hartu diat, atzeraezinezko bide bat... atzean gelditu dituk Gorramendiko mazel maiteak, ezta? Nik hemen ez diat mendirik, eta hik, berriz, bertze paisai bat izanen duk, desertuak eta harriak begien bistan? Ni hemen misiolari eta hi artzain, a ze kristau finak gu!
Ez zekiat eskutitz hau leitzera ailetuko haizen, eta leitzen ari bahaiz, galdeginen haiz nolatan jakin dudan hire helbidea... egia errateko, hona etorri baino lehenago herriko hire lagunen bidez jakin nian hi Ameriketan hintzela eta helbidea ba al zuten galdegin nien... hire adiskide Anttoniok eman ere!
Eskutitz hau gehiegi luzatu aitzin, agurtzen natzaik, hire berri jakinen dudalakoan,
Betiko hire Manuela
Malko batek irrist egin zion artzain euskaldunari goxo–goxoki bere azal zimurtua laztanduz; berriro ere eskutitza esku artean hartu zuen eta bertze orri bat zegoela ikusi. Irakurtzen segitu zuen: Iru?ea, 2006ko martxoaren 25a
Kaixo,Tomas... aita, zer moduz?
Bai, ongi leitu duzu, aita zara, harritu zara, ezta? Zuk ez dakit bazenekien, baina nik oraintsu arte ez dut jakin aita nuenik, ezta ama bat ere... ama ez dut bizirik ezagutu, eta justuki haren hilotzean topatu nuen zuri inoiz ere ailetu ez zitzaizun eskutitza, azkenean ez baitzizun igorri. Amak sortzetik beretik utzi ninduen Iru?eko mojen komentu batean eta bera moja misiolari joan zen Indiara... mojak izan dira ene familia, haiek hezi ninduten eta haiek erran didate ama hil dela...haren gorpua etxera ekarrarazi eta hemen lurperatu dugu...
Segur aski ez zenuen ene berri, eta orain zu ezagutu nahi zaitut, aita... zuk zure alaba Graxi ezagutu nahi duzu? Berrogeitaka urteko alaba heldu bat ikusiko duzu eta bere inguruan bi umetxo...bai, ezkondurik nago eta bi biloba jator dituzu, ezagutu nahi?
Laster ikusiko garelakoan, besarkada handi bat Betiko zure alaba Graxi
Bat–batean, telefono–hotsa entzun zen eta segidan oihu bat harrera–gelatik: “Tomas! Zuretzat telefono–deia!”. Tomasek jauzi bat eman zuen bere eserlekuan, nork deitzen ote zion bere buruari galdeginez, aparaturantz abiatu zen harriturik, inork gutxik deitzen baitzion.
“Bai, erran?” lotsati hartu zuen aparatua. “Zu al zara Tomas?” “bai, ni naiz, baina zu...” “ni... Graxi naiz, jaso duzu ene eskutitza?? “bai...”.