601 Zenbakia 2011-11-18 / 2011-11-25

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: María Lezáun. (Euskadiko GGKEen Koordinakundea): Munduan nahikoa aberastasun dago denon artean banatzeko

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Mundu osoko gaitza da pobrezia; hegoaldeko herrialdeetan oso gogor astintzen ari da, eta iparraldeko herrietan ere duela urte batzuk baino beltzagoa da egoera. Maríarekin hitz egin dugu guzti honetaz, izan ere, Zero Pobrezia kanpaina oso ongi ezagutzen baitu, duela hiruzpalau urtetatik baitihardu Mobilizazio eta Kanpainen taldean.

Zero Pobrezia kanpaina ongi ezagutzeko, oker ez banago AEB aldera egin behar dugu...

Bai, eta gainera 2000 urteraino bidaiatu behar dugu; izan ere, Nazio Batuen Milurteko Kanpaina zinpetu zuten orduan gobernuek New Yorken. Helburu ezberdinak finkatu zituzten: lehenengoa, pobrezia kopurua erdira murriztea zen; bigarrena, lehenengo hezkuntza unibertsala lortzea; generoen arteko berdintasuna eta emakumeen autonomia sustatzea hirugarrena; haurren heriotza tasa murriztea laugarrena; bosgarren xede bezala, amen osasuna hobetzea; seigarrena IHES, paludismoa eta bestelako gaixotasunei aurre egitea; zazpigarrenez, ingurugiroaren jasangarritasuna bermatzea; eta azkenik garapenerako munduko ituna sustatzea.

Guzti horren aldeko manifestua sinatzea urrats garrantzitsua izan zen, baina gogoratu behar dugu gutxieneko helburuak direla han zehaztutakoak eta gure aldetik behintzat, gehiago egin nahi dugu. Hau da, adibidez, ez zuten erabaki pobreziarekin amaitzea, baizik eta 2015 urte bitartean erdira murriztea. Guk, azken helburu moduan ikusten dugu desagertu arte lan egin behar dela.

Bestalde, ondo begiratzen badiegu aurreneko zazpi helburuei, hegoaldeko herrialdeekin zerikusia dutela ohartzen gara, eta zuzenean iparraldekooi eragiten digun bakarra azkena da. Noski, lortu behar diren helburuak dira, baina gauza gehiago egin behar da eta gure esku dago. Egoera salatzeko ikuskizuna eta agerraldia, Bilbon. Argazkia: María Lezaunek utzia.

Eta gure artera ere iritsi da borroka hori.

Hori da. New Yorken ondoren, Johannesburgo bilakatu zen protagonista, izan ere, 2004ean Global Call to Action Against Poverty ipini zen martxan eta bertatik atera zen gure kanpaina. Hala, 2005ean egoera nola zegoen begiratu eta bai estatu mailan eta baita hemen ere, Zero Pobrezia kanpaina abiarazi genuen. Gure kasuan sareak eta kolektiboak urte hartantxe bildu ziren Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Hasi ginetik daukagun helburua pobreziarekin amaitzea da, ez soilik murriztea.

Ez duzue lan makala... Zer nolako ekimenak egiten dituzue?

Aipatu behar dugu urtero urriaren 17an Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna egiten dela Nazio Batuen batzarrak 1992an hala izendatu zuenetik, eta guk ere data hori aprobetxatzen dugu gure salaketa egiteko. Mobilizazioak antolatzen ditugu, edo kontzentrazioak, azken finean jendeak pobrezia desagertzearen aldeko lana egiten dugula ikus dezala nahi dugu. Kolektibo ezberdinekin batzen gara eta pobreziaren aurkako astea antolatzen dugu baita ere, zine emanaldiak eskaini...

Halere, urte guztian zehar egiten dugu lan eta gutxienez hilean behin batzen gara kanpaina honetan dihardugunok. Intzidentzia taldekoekin biltzen gara; hauek gizartearen errealitatearen gainean agintariei azalpenak eskatzeko datuak biltzen dituzte, informeak idatzi...

Guk aldiz, gizarte zibilarekin egiten dugu lan, sentsibilizatu eta egoera aldatzeko zer egin dezakegun ikusi eta hori hedatzen saiatzen gara; eta gainera gure lanari buruzko informazioa zabaltzen dugu, errealitatea nola dagoen ezagutarazi eta horretarako zer egiten dugun gizartera hedatu.

Pobreziak ez du mugez ulertzen eta gure artean ere badagoela jakitea garrantzitsua da, ezta?

Bai, eta kanpainaren helburuak horiek dira, jendea sentsibilizatu behar dugu pobrezia zer den aditzera emanez, bai eta non ematen den eta zeintzuk diren horren arrazoiak; eta gainera, informatu ostean eta jendea jakitun denean, mobilizatzea bilatzen dugu eta azkenik, intzidentzien bidez, eskumena dutenei erantzukizuna eskatu. Bizikleta martxa, Gipuzkoan. Argazkia: María Lezaunek utzia.

Krisia denboraldi luze bat geratzeko etorri dela dirudi; nola ikusten duzue egungo egoera?

Datuak ez dira goxoak. Pobreziak gizarteko esparru guztiari eragiten dio, eta hori erakusten dute datuek. Bestalde, ezin dugu ahaztu hegoaldeko herrialdeetan krisia gogorrago nabaritzen dutela, gure sistema kapitalistaren eraginak zakar eragiten baitie. Izan ere, krisiaren zergatiak aztertu eta konturatzen gara sortu ez dutenek ere sufritzen dutela. Urte gogorretan beti egiten dira diru–laguntzetan murrizketak eta horrek zuzenean eragiten digu guri, baina iparraldeko herrialdeetako agintarien erabakien ondorioak haiei ere iristen zaizkie.

Bestalde, ezin dugu ahaztu, gure artean murrizketa sozialak ematen direnean, emakumeak, gazteak, etorkinak, eta egoera larrietan dauden kolektiboak direla gehien nabaritzen duten sektoreak.

EAEko 2011ko datuak errepasatzen aritu naiz, eta euskal biztanleen %4.1 omen dago pobrezia egoeran, eta %19.3 dago arriskuan. Beltz dago panorama!

Erabat ados, datu horiek eskuetan izanda momenturik onena ez dela konturatzen gara! Kanpaina honekin nahi duguna zifra horiek zergatik ematen diren ikustea da. Oro har, bizi garen sistema honekin ailegatu gara gauden egoerara, eta asko gara gauzak aldatu behar direla dakigunak, eta horretarako politikariekin hitz egin behar dugu, egoera zein den adierazi, eta ondoren, norbanako gisa, gure bizimodua ere birplanteatu behar dugu.

Munduan nahikoa aberastasun dago denon artean banatzeko. Gure helburua guztiok bizirauteko nahikoa edukitzea da, baina hori lortzeko gauza asko aldatu behar dira. Begiratu behar dugu zertan bilakatu garen, zeintzuk diren gure baloreak eta zer den zoriontsu izateko nahi duguna; hau da, dirua eta gauza materialak nahi ditugu, edo aldiz, gure familiarekin denbora igarotzeari ematen diogu lehentasuna?

Zoritxarrez baina, momentuko zoriontasun materiala bilatzen dugu sistema kapitalistarekin, ezta?

Bai, eta krisitik ateratzeko erabaki dituzten konponbideak ere berriro sistema kontsumista horretan sartzeko bideak dira. Laguntzak ez dira gizarte gaietarako, baizik eta erosteko , berriro merkaturatzeko edota bankuei laguntzeko.

Politikarien aurpegiekin, kale ekitaldia. Argazkia: María Lezaunek utzia.

Guzti horren atzean egoera aldatzeko borondate falta dagoela uste duzu?

Uste dut ez dela soilik borondate falta; iruditzen zait pertsona askok ez dakitela nola ari diren gidatzen gizarte hau, eta horrexegatik gure egitekoa informatzea eta sentsibilizatzea da. Politikariak aldatu behar ditugu, haiengan eragin; udaletxetan, estatu mailan eta abar salatu behar dugu egungo egoera, eta ahal den neurrian agintariek euren jardunaren noranzkoa zuzentzea lortu behar da. Eta noski, guk ere gure bizimodua aldatu behar dugu.

Beraz, zer egin dezakegu norbanako gisa laguntzeko?

Lehenengo eta behin, gertatzen ari denaz informatuta egon behar dugu eta pobreziari buruz zerbait esaten digutenean, egoera aztertzea gomendagarria da; ondoren mobilizatzea, eta gure ingurukoei egoera azaltzea.

Gainera, gure eguneroko bizimoduan aldaketak ematea garrantzitsua da, hau da, zer nolako kontsumo mota egiten dugun begiratzea —hau da, arduratsua den ala ez—, eta bidezko merkataritzako produktuak aintzat hartzea; edota gure bankuak nola funtzionatzen duen, inbertsioak non egiten dituen ikusi eta banka etikoak zer diren informatzea... Eta noski, gaia agintarien aurrean salatzea eta aldaketa lortzeko inplikazioa bilatzea.

Gauza txikiak dira, baina guztiok egin ditzakegunak esfortzu minimo batekin.

Nola ikusten duzu epe motzera etorkizuna?

Baikorra naiz, bestela ezingo nintzateke lan honetan ibili! (barre) Gure esku dago aldatzea, eta gure konpromisoa oso garrantzitsua da. Agintariekin lan egin behar dugu baina esan bezala, baita gizartearekin ere.

Uste dut pixkanaka gauzak aldatuko direla. Egia da krisi honetatik irteteko bideak ez direla guk nahi ditugunak, guk gizartea eta sistema bera aldatzea nahi baitugu. Atzera begiratuta, ohartzen gara jendeak duela lau urte ez zekiela zer zen urriaren 17ko eguna, baina geroz eta oihartzun gehiago dauka Pobreziaren aurkako egunak, geroz eta medio gehiagotan agertzen gara, jendeak gure lana ezagutzen du eta aldi beran, arazo horren jakitun da...

Beraz, egiten dugun lanarekin jarraitzea funtsezkoa da, baina jakin badakigu ez dela prozesu erraza, azken finean sistemaren barruan baikaude. Denborarekin, baina, sistema jasangarriagoa bilatzeko gai izango gara. María Lezáun Tola (Bilbo, 1981) Bizkaiko hiriburuan jaio zen Mar?a Lez?un Tola. Goi Mailako ikasketak egiteko orduan Pedagogia hautatu zuen. Lau urte dihardu Alboan elkartean lanean, sentsibilizazio arloan; gizarte zibileko taldeekin jarduten da, gaur eguneko egoerari buruz hitz egin eta hobetzeko egin daitekeenari buruz informatzen. Hiru urte dira aldiz, Euskadiko GGKEen Koordinakundean diharduela, Mobilizazio eta Kanpainen taldean.