600 Zenbakia 2011-11-11 / 2011-11-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ditxosozko hauteskundeak

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Demokrazia batetan jaiotzen garenean, teorian behintzat, eskubide eta betebehar batzuk jasotzen ditugu, eta horien artean, adinez nagusi bilakatzerakoan, bozkatzearen ekintza dugu.

Ate joka ditugu espainiar hauteskundeak —edo ditxosozko bozketak esan beharko nuke? Bizi dugun sistema honetan gidaritza nork edukiko duen erabakitzeko bide bakarrenetarikoa dugu hautestontzian gure boto–txartela sartzea. Aldaketarik ezean, horrela funtzionatzen jarraituko du gizarte honek.

Halere mundu osoan geroz eta gehiago dira kapitalismoaren aurkako ahotsak, eta ondorioz sortu diren mugimendu anitzak. Suminduak ugari dira, eta hauek ez dute sinesten munduaren noranzkoa gidatzen duten ekonomia eta politika sistemetan. Bestelako etorkizuna aldarrikatzen duten gizon eta emakumeak geroz eta gehiago izan arren, zalantza sortzen zait haien eskaerak aintzat hartuko ote diren, edota epe laburrera eraginik edukiko duten; geroari erreparatuz, aldiz, badaukat etorkizunean gauzak aldatuko diren esperantza.

Argi geratu zaigu askori, egungo panorama ez dela jasangarria; krisian sartu eta zulotik atera ezinka baikabiltza. Irtenbidea topatu beharko luketenek edo horretarako eskumena dutenek, ezer gutxi aldatzen dutela iruditzen zaio gizartearen zati bati, giro honetan eroso bizi direla dirudi, jendartearen egoera larria dela pentsatuko ez balute bezala.

Eta sentsazio horrekin ailegatzen gara 2011ko azaroaren 20ko hitzordura. Zarata ugari ateratzen dute aurre–kanpainan, baina berdin da nork irabaziko duen. Izan ere, gure aurrean ardi larrua soinean duten otsoak ageri zaizkigu, anitza beharko lukeen, baina bi alderdiren arteko lehia bilakatu den boterea eskuratzeko norgehiagokan.

Bozkatzera joango naiz, besterik ezean; baina demokrazia deitzen duten parodia horren protagonistak hautatu ordez, derrigortuta figurante papera beteko duten horien aldeko apustua egingo dut. Txikiek ere ahotsa eduki badutelako.