599 Zenbakia 2011-11-04 / 2011-11-11
Historia ikasi zenuen, suposatzen dut betidanik atsegin izan duzulako...
Noski! Dagoeneko 14 urterekin ikastolatik institutura aldatu nintzenean, nahiko argi neukan Historia ikasiko nuela. Bigarren hezkuntzan, gaian gehixeago sakondu eta nire konbentzimendua sendotu egin zen, eta ez neukan inongo zalantzarik.
Gainera, uste dut ikasketez benetan disfrutatzeko, bokazioa ere behar dela, edo behintzat gauzak egiteko moduak aldatzen ditu, beste era batetan hartzen duzu karrera. Izan ere, ikasketetan beti daude momentu gogorrak, eta ez bazaude oso konbentzituta zaila izaten da aurrera egitea...
Doktoregoa egin zenuen eta tesirako 60–70. hamarkadetako Iruñeko udal politika ikertzea erabaki zenuen. Nola hautatzen da tesiaren gaia?
Kasu askotan unibertsitatean bertan egoten dira gai baten inguruan diharduten lantaldeak, baina nire kasuan aldiz, ez zegoen horrelako organigramarik aldez aurretik, eta hala, nahiko aske hasi ginen gaia aukeratzen. Iruñeko udaletxearen teilatuko zertzelada. Argazkia: CC BY — bachmont
Ikerketak zeintzuk diren eta nola dauden ikustea gomendagarria izatean da; hau da, edo ikerketa gai berria izan behar da, edota eginda dagoenaren inguruan berritasunen bat botatzea garrantzitsua izatean da.
Hala, niri beti interesatu zait XX. mendeko aro garaikidea, eta hasieran pentsatu nuen Errepublika eta gerra garaia arloak jorratzea, baina gero trantsizio garairantz jo nuen, ezer zehaztu gabe. Ondoren, nire tesi zuzendariarekin hitz egin eta argi eduki nuen historia politikoan espezializatu nahi nuela, asko atsegin baitut politika. Baina gainera, historia soziala ere ukitu nahi nuen, ez soilik mandatariak zeintzuk izan ziren edo nondik nora zihoan erregimena, baizik eta politika instituzionala eta anti–frankismoaren arteko erlazioak edo, hobe esanda, frankismoaren krisi soziopolitikoa ikertu nahi nuela planteatu nion zuzendariari. Hori egiteko Iruñeko udala izan zitekeen eszenatoki egokia, oraindik lantzeke zegoen, eta halaxe hasi ginen, poliki–poliki. Urtebetez, hamahiru urtetako udal plenoak irakurtzen aritu nintzen.
Lan nahikotxo izango zenuen, orduan!
Gaian barneratu gabe tesi bat planteatzen duzunean a priori landu beharko zenituzkeen iturriak zeintzuk diren zehaztu behar dituzu. Historia garaikidean oinarrizkoak diren iturri batzuk daude, badakizu bibliografiara jo behar duzula adibidez, prentsara, ahozko historiara, ministeriora eta udalaren kasuan argi dago, lehenengo bide bat berak sortzen duen dokumentazioa lantzea dela, modu zuzenena baita datuak eskuratzeko, eta baita gaian apurka murgiltzeko, eta hori egin nuen. Gero garaiko prentsari heldu nion, azken finean komunikabide honek ere jarraitzen baitzuen udalaren jarduna eta erabakigarria izan zen. Izan ere, Iruñeko udalean suertatu ziren aldaketak oihartzun soziala izan zuten hainbat kazetarien lanarengatik.
Eta gai oso polit batekin egin nuen topo bat–batean; esan dezaket maiteminduta nagoela, eta guztiz harrapatu nauela.
Sei urte eta gero, tesia idazten diharduzu orain.
Bai. Teorian amaitu dut datu bilketarekin eta jasotakoari itxura ematen ari naiz; halere, errealitatean, jarraitzen dut elkarrizketaren batekin eta. Baina ikertze fasea derrigor moztu edo eten behar duzun zerbait da, bestela bizitza osoa egon baitzaitezke datuak biltzen, beti irtengo da zerbait interesgarria...
Printzipioz 2012rako amaitu nahiko nuke idazketarekin, baina Unibertsitatean irakasle moduan hasi naiz lanean... Eta badakizu nolakoa den bizitza, beti egongo da zure egitasmoekin atzeratzera egitea behartzen zaituen zerbait! Datu artean murgildu da Zuriñe tesia egiteko. Argazkia: CC BY — sauceb
Esan duzun bezala, datu asko jaso ahal izan duzu ikerketan zehar.
Pentsa ezazu pleno arrunt batetan eguneko gai zerrenda edo eztabaida: pertsonala, hirigintza, ogasuna... Azken finean egun bezala, orduan ere komisio asko zeuden udal gobernuan, organigrama aldetik ez baita horrenbesteko aldaketarik egon.
Hori bai, plenoetara iristen ziren gai edo arazoak 100.000 pezeta baino gehiagoko aurrekontua zuten proiektuak izaten ziren soilik, eta gainerakoak aldiz, alkatea eta komisio permanentea deiturikoaren artean eztabaidatzen ziren. Komisio horren barruan alkateak izendatutako alkateordeak zeuden, eta saio hauek sekretuak izaten ziren, eta plenoak aldiz, publikoak. Sekretuak izatean denetarik zegoen, ez zegoen gardentasunik, ez kontrola eramaterik... Sistemak berak gardentasun eza ezartzen zuen; ezin dugu ahaztu diktadura batean ari garela zeinean goitik beherako mandatua, autoritarismoa hain zuzen ere, erregimenaren nortasunaren oinarri den.
Hau oso ongi islatzen da karguen izendatze eta hautaketa sisteman non udal legeak berak ziurtatzen zuen erregimenarekiko fideltasuna. Alkatearen ahalmena osoa zen udalean baina, aldi berean, udalerrian erregimenaren ordezkaria zen. Hau lortzeko Alkatea Gobernadore Zibilak aukeratzen zuen, eta hiriburuetan hura izendatzeko Gobernazio Ministerioaren onespena eduki behar zuen. Azken batean, Madrildik onetsi behar zuten bai ministroak bai Francok edozein erabaki, agerian utziz hierarkizazioa norainokoa izaten zen.
Eta komisio horren baitako bileren informazioa ere sekretua da? Hau da, arazorik izan duzu datuak eskuratzeko orduan?
Kasu horretan ez dut arazorik eduki, izan ere, udalaren dokumentazioa aktetan jasoak dira, eta horiek teorian publikoak izan behar dira. Baina aldiz, tesian zehar bestelako buruhausteak eduki ditut, gaiarekin aurrera egin ahala. Esaterako, hauteskundeak kontrolatzen zituzten ministerioek, hau da, Gobernazioaren Ministerioa eta Gobernu Zibilak dokumentazio asko egiten zuten, hiriaren egoera soziopolitikoaz eta ekonomikoaz informeak eskatzen ziren, bai eta zinegotzi eta hautagaien aurrekari soziopolitikoen ingurukoak, eta hauen parte hartzea atzera bota... Azken finean diktadura batek nola funtzionatzen zuen dokumentu horietan ikusten da, eta informazio hori lortzeko zailtasun handiak izan ditut, baina baten batzuk lortu ditut, bai.
Eta noski, oso informazio baliagarria da, ez baita gauza bera erregimena diktatoriala eta hierarkikoa zela jakitea edo informe polizial bat eskatu eta ikustea zergatik pertsona batzuk ez ziren onartzen eta beste batzuk bai, eta zer egiten zuten hori erabakitzeko; dokumentu horien bidez diktaduraren esentzia oso ongi irudikatzen da.
Frankismo garaiko azken bi hamarkadatan gaude. Zeintzuk ziren udal gobernuaren kezkak?
Nahiz eta erregimenarentzako udalak estatua mantentzeko giltzarriak izan, lan egiteko mekanismo oso txikiak zituzten, ez zeukaten aurrekonturik eta kargu gehienak hierarkia horren menpe izendatuta zeudenez gero, ez ziren operatiboak, nolabait esateko. Baina zer gertatu zen 60. hamarkadan? Orduan hasi zela desarrollismo garaia, teknokrazia eta hori guztia; frankismoaren epe berri batetan sartzen gara, ekonomikoki batez ere, eta udaletan diru apur bat egongo da. Hala, pertsona batzuek interesa edukiko dute udaletan sartzeko, batez ere hirigintzarekin lotutako negozioak aurrera ateratzeko, hain zuzen erabakigarriak diren akordioak bertan erabakitzen direlako. Eraikuntza sustatuko da eta hor interes ekonomiko ugari egongo dira. Garaiko udal gobernuan hirigintzako kontuak asko lantzen ziren. Argazkia: CC BY — mimentza
Erregimenaren lengoaian, udal zinegotzia ez da politikaria, teknikaria eta kudeatzailea baizik; beraz hiria hobetzeko daude, herritarrekin kontaktuan egoteko, baina errealitatea beste bat zen. 60. hamarkadatik aurrera, arazoak geroz eta handiagoak dira. Emigrazio eta industrializazio prozesu bortitzaren ondorioz, Iruñea haziko da baina hirigintza planifikaziorik gabe. Kontrol gabeko eraikinak eta auzoak agertzen hasiko dira eta horrek azpiegitura arazo larriak sortuko ditu. Aldi berean, auzokideak aldarrikatzen hasten dira, kaleak eta argiteria ipintzeko, adibidez; honen guztiaren erantzulea udala zen, gauzak egiten ziren hirigintzari zegokionez, baina ez ziren benetan ahalegindu. Halere gauzak 60. hamarkadan hasi ziren aldatzen.
Teorian herritarrekin kontaktuan egon behar zen udala, baina entzuten al zituzten benetan beraien kexak?
Orokorrean galdetzen baldin badidazu ez, baina Iruñearen kasuan bai; eta hementxe topatzen dugu Iruñeko udal gobernuaren bitxikeria. Izan ere, estatu mailan honi buruz egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dute, bizilagun elkarteek udalei ezin zietela ezer eskatu, eta noski, ezin zuten udal gobernuan parte hartu. Ondorioz, udalak gainbeheratu behar ziren kanpoaldetik eta horixe da mugimendu sozialek hartu zuten estrategia, kaletik aldarrikatzea. Kalea berreskuratzea, hain zuzen ere.
Baina Iruñean, aldiz, bestelako egoera eman zen, 60. hamarkada hasieran aldaketa erabakigarria hasi baitzen udalean. Hasteko, aipatu behar dugu hautaketa sistemaren arabera, hiru zinegotzi mota zeudela garai hartan, herenetan banaturik. Alde batetik heren familiarra zegoen; zinegotzi hauek, familia buruen erroldan erregistraturik zeuden eta bizilagunen bozketa zuzena eta sekretuaren bidez hautatzen ziren. Lehen mailako bozketa da; bestetik heren sindikala ? Sindikatu Bertikalak konpromisario batzuk izendatzen zituzten sindikatuaren barnean bere burua hautagai aurkeztu zuten pertsonek hautatzeko; bigarren graduko bozketa da. Eta azken herena, gobernadore zibilak sortutako zerrenda batetik beste bi tertzioek bozkatzen zituzten pertsonek osatuta zegoen. Bai bozkatzeko bai hautagai izateko baldintza aunitz zeuden. Hori zen Iruñeko udala, eta ez ahaztu, alkatea gobernadore zibilak hautatzen zuela.
Horren arabera, frankismoaren aurkako pertsonek sarbide bat ikusi zuen heren familiarrean eta antolaketa zorrotz bat eginez lortu zuten udal gobernuan sartzea. Hiru hauteskundetan egon ziren gainera, 1966, 1971 eta 1973an, eta guztietan lortu zituzten zinegotziak heren horretatik, eta baita sindikaletik ere ?langile mugimenduaren berpizkundearekin zerikusia eduki zuen horrek.
Esan dugun bezala, beste tokietan boterea kanpotik gainbeheratu behar bazuten, Iruñean barrutik hasi ziren gauzak aldatzen, eta guztiz eraldatu zuten panorama. Auzo elkarteekin hitz egiten zuten haien beharrak ezagutzeko; aldi berean, sindikalismotik zetozen eta fabriketako egoera ezagutzen zuten eta langile mugimenduan ibiliak ziren; udal politikaren eta batez ere, hirigintzaren ikusmoldea zeharo desberdina eta iraultzailea zen memento horretan.
Bitxia benetan, beste toki batzuetan pentsaezina zen momentuan, gainera!
Bai, eta horren goiz emateak ere atentzioa ematen du. Beste toki batzuetan Carrero Blancoren heriotzaren harira hasiko dira horrelako aldaketak, 1973an. Garaiak ere bestelakoak ziren 70. hamarkadan, Franco eta erregimena bera krisian daude, langile mugimendua oso ahaltsua da, grebak etengabe ematen dira... Egoera hartan, erregimenak irekitasunari begira atzerapausoak eman zituen eta gogor saiatu zen hau guztia geratzen, baina geldiezina izan zen.
Halere, ordurako Iruñean lan asko egina zuten. Eta zegoen hautatze prozesua ezagututa, horri izugarrizko balioa ematen zaio; hau da, erregimenak guztia nola kontrolatzen zuen ikusi eta hauek lortu zuten guztiaz jabetzea benetan harrigarria da.
Sistema diktatorial batetan herritarren ahotsa entzutea ez da normalena!
Hori da. Gainera, pertsona horiek udal gobernuan sartu zirenean bazeukaten egitasmo bat, hain zuzen, udaletxearen eta herriaren arteko elkarrizketa lortu nahi zutela horrek ahalbidetuko zuelako udalaren papera berreskuratzea, udalerriaren politikaren eta kudeaketaren zuzendaritzarena hain zuzen ere. Eta zein da herria beraientzako? Arrotxapea, Arrosadia, Donibane, Sanduzelai edota Txantreako bizilagunak, langileak oro har, emakumeak, umeak —klase gatazka kontzeptuaren inguruan ari gara mugitzen— ... Eta horrek ere argi uzten digu noren ordezkari ziren, eta noski, herritarren kexak udalean entzun egiten ziren, garaiko egoeraren salbuespen gisa.
Lehen adierazi duzun bezala, gabezia handi bat hirigintzarekin lotuta zegoen...
Hala da! Eta hirigintza zen —gaur egun bezala, tamalez— garai hartako udalaren politikaren muina askotan. Zinegotzi haiek gai hau hartu zuten, eta frankismo garaiko legea betearaztea eduki zuten xede; izan ere, honek hirigintza eraikitzaileen eta sustatzaileen interesak nahiko defendatzen zituen eta askotan legez kanpoko proiektuak onartzen ziren. Horretarako, goitik behera ikasi zuten legea, eta laguntzeko teknikoak zituzten, taldeetan egiten zuten lan, etxeetan eta nolabait esatearren, sasi–klandestinitatean... Hori ez zen zinegotzi frankista baten lana, baina hauek 1974. urtera arte euren gain hartu zuten erantzukizuna eta gauza asko egiten saiatu ziren. Esaterako, lur publikoa mantentzen saiatzen ziren, atzera botatzen zituzten legeak eskatzen zituen baldintza guztiak betetzen ez zituzten proiektuak, eta abar luze bat.
Halere, ezin dugu ahaztu udal gobernuaren zati bat besterik ez zirela, eta bazeudela frankismoaren aldekoak, enpresari eta eraikitzaileen interesak defendatzen zituztenak, eta oro har, ezberdin pentsatzen zuen jendea. Baina beno, zenbait egitasmo aurrera ateratzea lortu zuten.
Ikustekoak izango ziren orduko batzarrak!
Bai! Eta horren harira, beste bitxikeria bat eman zen batzar orokorretan. Beraiek iritsi aurretik, bestelako funtzionamendua zeukan; gai zerrenda bat zegoen, horren gainean hitz egin, bozkatu eta amaitu egiten zen saioa.
Baina zinegotzi horiek udalean sartzerakoan, gaien gaineko eztabaidak sustatzen zituzten eta gainerako zinegotziak horrela jardun eta euren interesak defendatzera behartuta egon ziren. Hala, aktak irakurtzerakoan, eztabaida demokratikoak ikusten dituzu. Eta zer zioen diktadurak? Udaletxeak parlamentarismotik aldendu behar zuela! Eta soilik ikuspegi horretatik, gauza handia lortu zuten!
Guzti hau horren garrantzitsua izanda, deigarria suertatzen zait aurretik inork ikertu ez izana!
Oro har, frankismo garaiari buruz asko falta da ikertzeko Nafarroan. Ez dakit izango den interes faltagatik,egon diren eta dirauten oztopoengatik, ikertzaile faltarengatik... Akaso apur bat arrazoi guztiengatik.
Baina momentu honetan unibertsitatean ikerlariak bigarren frankismoan sartzen ari garela esango nuke. Hau da, jende asko dabil ikerketa lokalak egiten eta abar, eta oso garrantzitsua da. Denbora bat igaro da dagoeneko, baina hartu kontuan batzuentzako atzo eman zirela gertakariak, eta protagonistak bizirik daude, denak oroitzen dira alkateez, grebez...
Tesiarekin zure harri–koskorra ekarri diozu garaiko historiari.
Iruñea, Nafarroa eta oro har, erregimenak nola funtzionatzen zuen erakutsi nahi izan dut, bai. Horixe da nire helburu nagusia, gauzak hobeto ezagutu eta ulertzeko bidea ematea.
Bitxia zen egoera bere osotasunean. Baina badago ikerketan deigarria suertatu zaizun beste ezer?
Gauza asko dira. Esaterako, astebetez artxibategi batetan zaude kutxak eta kutxak irekiz eta jakin gabe barruan zer aurkituko duzun, ezta dagoenaren artean zure ikerketarako zerbait interesgarria egongo ote den ere. Eta bat batean bi papertxo interesgarri aurkitzen dituzu, eta horregatik bakarrik tesiak balio duela ohartzen zara orduan.
Poza sentitzen duzu momentu horretan, baina ondoren konturatzen zara eginiko lana zein ausazkoa izan daitekeen. Hau da, jakin badakizu ikerketa bat hasten zarenean beti egongo dela lana osatzeko faltako zaizun zerbait, edo liburu gehiago irakurtzea, edo jende gehiagorekin hitz egitea... Ezinezkoa da bere osotasunean lantzea gaia, beharrezko informazio guztia lortzea. Baina politak eta baliagarriak diren gauzak aurkitzen dituzunean, lortzeko igarotako denborak merezi duela konturatzea polita da.
Eta bestalde, protagonistekin egotea eta haien ahotik istorioak, baina baita ere historia entzutea zirraragarria izan da niretzako, altxor bat, eta gure artean sortu diren loturak bereziak dira. Eta noski, orduko errealitatea ezagutzearekin batera, eta hobeto ulertzen duzu egungo egoera. Zuriñe Sainz (Iruñea, 1986) Iruñekoa da Zuriñe Sainz, bertan jaio eta hazi da. Ikasketak eskola publikoan egin zituen harik eta Historiako Goi Mailako ikasketak egitera Nafarroako Unibertsitatera abiatu zen arte. Halere, doktoregoa egiteko asmoz 2003an Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen, eta 2005ean berriz, tesiaren gaia aukeratu eta horri heldu zion. Ikerketa aroa nolabait amaituta, tesia idazten ari da eta bien bitartean irakasle moduan dihardu lanean unibertsitatean bertan.