598 Zenbakia 2011-10-28 / 2011-11-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskararen Nazioarteko Eguna: 44 euskal emakume eta lehiaketa bat

EUSKONEWS GAZTEA



Euskararen Nazioarteko Eguna Eusko Ikaskuntzak 1949az geroztik bultzatu duen ekimena dugu eta Euskal Herrian zein nazioartean ospatzen da urtero abenduaren 3an. Dagoeneko ipini dute martxan edizio berria, eta kasu honetan, “Euskal Herriko historia, era batean edo bestean, markatu duten emakume guztiei omenaldia egin nahi zaio 2011ko Euskararen Nazioarteko Egunean,” adierazi dute antolatzaileek. Emakumeen aukeraketa

Euskararen Nazioarteko Egunak euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzea du xede. Sei urte igaro dira Eusko Ikaskuntzak egun berezi honi bultzada berezia ematea erabaki zuenetik, eta ondorioz, ekimen ezberdinak ipini dira martxan edizio bakoitzean*. Baina guztiek xede berdina eduki dute beti, hain zuzen ere, “helburua euskal hizkuntzarekiko gogoa berpiztea izan da, bai gizarteko alderdi berrietan zein XXI mende hasiera honen komunikazio plataforma menderatzaileen artean.”

Aurtengo ekimenak emakumeak ditu ardatz nagusitzat, “gure historiaren garai ezberdinetako, baita diziplina eta jarduera eremu anitzeko 44 emakume dira. Eusko Ikaskuntzako bazkide Lola Valverde Lamsfus, Euskal Herriko Unibertsitatean Historia Garaikideko irakasle eta emakumearen gaietan adituaren laguntza izan dugu. Hura izan da Euskal Herriko historian, aztarna utzi duten emakumeen hautaketa egiteko arduraduna,” azaldu dute antolatzaileek.

Aipatu bezala, urtero zer edo zer berezia antolatzen du Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3aren karira, eta 2011ko kasuan, “lehiaketa erraz bat martxan jarri da: 4 galderez osatuko galdetegi bat, alegia. Kukuxumusuk egunerako diseinatutako kamisetan azaltzen 44 emakumeetatik 4ren inguruan galdera errazak planteatu dira”.

Edozeinek hartu dezake parte lehiaketan eta galdera guztiak zuzen erantzuten dutenak zozketa batetan sartuko dira. “Eusko Ikaskuntzak banatuko dituen 180 kamiseten bat lortu nahi dutenek 4 galderei erantzun zuzena eman beharko diete 2011ko abenduaren 2ra arte luzatuko den lehiaketan. Irabazleen zerrenda abenduaren 3an, hots, Euskararen Nazioarteko Egunean, ezagutzera emango da”.

Horrez gainera, Eusko Ikaskuntzako bazkideek saria lortzeko aukera bikoitza edukiko dute, “bazkideek izenaren aurrean EI–SEV siglak idatzi beharko dituzte, bestela ez dute abantailarik izango. Halaber, partaidetza sustatzeko eta ahalik eta jende gehien kamiseta jasotzeko aukera izan dezan, galderetan bertan bidea errazten zaie (erantzuna non kontsultatzeko estekak). Galderetan eskainitako argibideak Eusko Ikaskuntzaren baliabideei loturak egongo dira, hain zuzen ere, Euskomedia, Euskonews eta Euskonews Gazteara.”

Animatu, parte hartu eta zorte on!

* Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta 2005etik martxan ipinitako ekimenak: — Euskararen aldeko adierazpena (2005) — Benito Lertxundik sortutako abesti bat (2006) — Bost bertsolari gaztek euskarak bizitzaren esparru ezberdinetan duen loturaren inguruan bertso sorta bat konposatu zuten (2007) — Komiki partizipatibo bat (2008) — Teknologia berrietan oinarritutako kanpaina blog baten sorreraren bidez (2009) — Euskararen hitzik politena bilatzea (2010)