597 Zenbakia 2011-10-21 / 2011-10-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Larreinetako funikularra

ACOSTA, Paúl HIGUERO, Unai SEVILLA, Egoitz

Trapagako Burdinibarra Institutuko ikasleak

Lehen funikularrak

Gutxienik Erdi Aroaz geroztik meazuloetan erabilitako plano inklinatuetan dago funikularren jatorria. Larreinetako funikularra. Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Instalazio horietan, burdinbide paralelo bi zeuden, eta horietatik kable bati loturiko bagoitxoak ibiltzen ziren. Bagoitxo zamatuak beherantz joanez gero, nahiko zen horiek kablearen mutur bati eta hutsik zeudenak besteari lotzea, grabitatearen indarrez igo zitezen. Lehen funikularra egurrezkoa zen baina orain modernizatu egin dute (baina guri gehiago gustatzen zitzaigun egurrezkoa). Larreinetako funikularraren jatorria

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Bizkaiko meatzaritzak goraldi bizkorra izan zuen, Europako siderurgien eskari handia zela–eta; izan ere, bertako meategietatik ateratako burdina egokia zen Bessemer sistema modernoari jarraiki altzairua ekoizteko. 1920an, Bizkaiko Aldundiak 1.544.121 pezetatako (orain 9.280,35 euro) aurrekontua ordaindu behar izan zuen funikularra egiteko. Baina Aldundiak diruz lagundu arren, funikularreko lanek epe luzea iraun zuten eta nahaspilatsuak izan ziren. Inaugurazioa

Larreinetako funikularra 1926ko irailaren 15an inauguratu zen. Trapaga eta Larreineta lotzeko egin zen eta baita meatzariak igotzeko ere. Aitzinean funikularra desmuntatzen zen kamioak eta autoak eramateko ere.

Funikularrak 1200 metroko ibilbidea dauka (ibilbidearen luzerari begira Espainiako bigarrena da). “Funia”, bertoko jendeak esaten dion bezala, ospetsua izan da herritarrek gehien erabili duten garraiobidea izan delako udalerriko alderdi bi horien arteko 300 m–ko desnibela gainditzeko. Funikularra, harrizko tunel baten gainetik igarotzen. Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala) Burdinbidea eta mendia

Burdinbideak badauka abantaila bat lurreko beste garraiobideen aldean: marruskadura apalagoa da gurpil eta altzairuzko errailen artean, errepidean pneumatiko eta asfaltoaren artean dena baino. Hori dela eta, esaterako, Eusko Treneko merkantzia–tren bakar batek hogeita hamar kamioi astunen besteko zama garraia dezake. Geltokiak

Diego Basterra arkitektoak eginiko proiektuen arabera eraiki ziren geltokiak. Eraikuntza biak estilo neoeuskaldunean eraiki ziren, eta hainbat akabera mota dituzte nahasian: kuxin antzeko harlanduzko edarrapiak eta harri–horma berdinduak, eta egurrezko egitura apaingarriak. Geltoki bien fatxada nagusiko eskuineko aldean badago harlanduzko dorretxo bat, gailurrean harrizko arrano bana dutela.

Geltokien barrualdean badago esparru zabal bat, behar izanez gero, bidaiarien kabinak hara baztertu ahal izateko. Horretarako, zubi–garabi bi daude, motor elektriko txiki bana dutenak, errazago desmuntatzeko. Bestetik, hesi batetik sar daitezke errepideko ibilgailuak funikularraren barrualdean.