596 Zenbakia 2011-10-14 / 2011-10-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Basoak eta gizakia. Gizakiaren ekintza baso naturalean (I/II)

EUSKAL HERRIKO NATURA



2011 Basoen Nazioarteko Urtea denez gero, Euskal Herriko Natura aldizkaritik jasotako artikulu honen aurreneko atala ekarri dugu Euskonews Gazteara. Urederra ingurura doan bidean, zuhaitzak. Argazkia: © Archivo Sahats (3digitala)

Gizakiak basoak hondatzen dituen presioa egiten du eta, horren eraginez, zuhaiztiek murriztapen itzela izan dute; baina, gizakiak, aldi berean, basoko produktuekiko mendekotasun handia izan du. Horren eraginez, baso naturalen zati batzuek gaur egunera arte iraun dute munduko leku ia guztietan; hala eta guztiz ere, horretarako aplikatu diren ustiapen erregimenak eskari horien araberakoak izan dira. Beharrezko ustiapen hori ezinbestean egokitu da ingurunearen (klima, lurzorua, malda) eta basoaren (espezieak, egitura) baldintzetara, beti ere gizarteen trebetasun edo gaitasun teknikoekin konbinatuta, eta garai historiko bakoitzeko baldintza ekonomiko eta sozial nagusiak ere kontuan hartuta.

Horrela, gizakiaren historian zehar, baso natural kulturala sortu da; izan ere, jendearen esku–hartzearen erregimenak baso hori goitik behera moldatu du eta ezaugarri bereziak eman dizkio (ustiapen horren eraginezko ezaugarriak).

Tradizionala deituko diogun ustiapen mota edo erregimena aztertuko dugu, Erdi Arotik hona mota hori egon baita indarrean, XIX. Mende hasierako aldaketa sozial eta ekonomiko handien aurreko mendeetan. Hainbatean landa–ekonomia zuen gizartea zen; biztanleria baserrietan edo herrixketan oso sakabanatuta zegoen, eta lurraldea ia osorik okupatzen zuen 600 m–tik gorako zona altuak izan ezik). Landatar horrek basoko produktuak erabiltzen zituen bere beharrizanak betetzeko: tresnak eta erremintak, etxeetarako mantenua, soroetarako ongarriak, abereen janaria eta beste batzuk. Horrez gainera, biztanleriaren beste zati bat hiribilduetan eta hirietan zegoen eta hiritarren jarduera nagusiak eskulangintza eta merkataritza ziren. Basoko produktuen kontsumo handiko industria eta jarduera batzuk lurraldean finkatu eta garapen handia lortu zuten; adibidez, burdinolek osaturiko eskulangintzako siderurgiak, ontzigintzak, etxeen nahiz eraikinen eraikuntzak, karearen fabrikazioak, eta teilen zein zeramikazko gauzen fabrikazioak.

Horren arabera, antzinako gizarte horrek behar zituen basoko produktuak honako hauek ziren:egurra, etxeko berokuntzarako eta erregaitarako; zurezko haga, makila eta taketak, erabilera askotarako, batez ere landa inguruan; egurra, egur–ikatza egiteko, batik bat burdinoletarako; egurra, karobietan kareharria berotu eta kare bizia egiteko. Karea eraikuntzan eta lurra medeatzeko erabiltzen zen; egurra, zeramikazko produktuen labeetarako: teileriak, ontziteria egiteko labeak, etab; mota eta tamaina desberdinetako zurezko piezak, habeetarako pieza handiak ere barne, eraikinak egiteko; mota eta tamaina desberdinetako zurezko piezak, pieza handiak ere barne, ontzigintzarako (mastak eta beste pieza batzuk); orbela eta lur estela, soroak ongarritzeko, baita iratzea eta beste landare material batzuk ere (basabera), abereen azpietarako eta erregaitarako; hosto berdeak, urritasun garaietan (lehorteak etab.) abereei jaten emateko, kasuan kasuko zuhaitz espeziearen arabera.; fruitu jangarriak, batez ere ezkurrak, abereak elikatzeko (inoiz gizakiak elikatzeko ere bai); sendabelarrak, larruak ontzeko landareak eta tindatzekoak eta perretxiko jangarriak. Argazkia: CC BY — david_jones

Gainera, basoan interes zinegetiko handiko animali espezie asko eta asko bizi eta babesten ziren; horren eraginez, garai guztietako ehiztariek basoari laguntza eta babesa eman diote. Europan gaur egunera arte iraun duten baso natural handietariko batzuk, naturaren kontserbazioaren ikur direnak, gainera, erregeen edo jaun handien ehiza babesleku garrantzitsuak izateagatik kontserbatu dira; esate baterako, Madrileko Pardo mendia edo Poloniako Bialowieza baso handia. Mendiaren forma kulturalak

Eskari handia eta askotarikoa edukitzearen ondorioz, gizakiak basoaren ustiapen konbinatua egiten du, egin litezkeen ustiapen guztiak neurri handiagoak edo txikiagoan bateratu ahal izateko, ustiapen eredu anitzari eta iraunkorrari erantzun egokia emate aldera. Ekonomia autarkikoa edo erdi autarkikoa zuen gizarteak, industria iraultzaren aurreko garaian, urrunera joan barik sortu behar zituen kontsumitu beharreko produktu guztiak, produkturik gehienen inportazioa ezinezkoa zelako, hori kontsumoko elementu oso gutxi batzuen kasuan baino ez baitzen erabiltzen. Horren ondorioz, mendia edo basoa ustiatzeko eredu batzuk orokortu eta Europa osoan hedatu ziren, Euskal Herrian ere bai. Ustiapen mota horiek, neurri handi batean, herri lurretan edo Elizaren nahiz monasterioen jabetzako lurretan egiten ziren. Ustiapen horietan kontzejuetako biztanleek hartzen zuten parte, eta horrela, espazio horiek baliabide iturri nagusiak ziren jabetzarik gabeko pertsonentzat (gizarteko beherengo mailan zeuden pertsonak).

Lurraldearen ezaugarrien, kasuan kasuko basoaren eta eskarian nagusitzen zen produktu motaren arabera, ustiapen desberdina egiten zen, baina mendia ustiatzeko hiru mota edo eredu nagusi bereiz daitezke. Kasu ezagun guztiak edo gehienak horien barruan sartu ahal direlako. Baso garaia

Halako basoetan, zuhaitzei hazteko eta 20 m–ko edo hortik gorako altuera hartzeko aukera ematen zaie. Zurezko pieza handiak eta zuzenak lortu nahi dira, eraikinen habeak edo itsasontzietako masak lortzeko. Hortaz, zuhaitzak zuzen hazi behar dira eta beraien enborrak zuzena, lodia eta luzea izan behar du; horretarako, zuhaitz gazteen kasuan, batzuetan gidak erabiltzen dira hazkunde mota hori lortu ahal izateko.

Halako baso motan interesa zuten sektoreak ontzigintzari lotutakoak ziren; hain zuzen ere, koroa, horrek Erregearen Itsas Armadarako itsasontziak egiten zituzten ontziolei hornidura egokia bermatu behar baitzien, eta diputazioak ere bai, etxeak eraikitzeko pieza handien kopuru nahikoa ziurtatu nahi baitzuten. Laguntza ofizial horien ondorioz, haritzak, pagoak eta gaztainondoak landatzeko sistema jakina orokortu zen, baso garaiak lortzea helburu zuena: bazegoen mintegien sarea, norbanakoen esku, eta mintegietan landaretxoak hazten ziren harik eta behin betiko lurretara edo baso garaiak izateko aukeraturiko lurretara (gehienetan jabetza publikoko lurrak) aldatzeko moduan egon arte.

Baso mota hori bateragarria zen abeltzaintzako ustiapen neurrikoarekin eta kontrolpeko egur–erauzketarekin, baita lurrustela ateratzearekin eta bigarren mailako beste aprobetxamendu batzuekin ere. Ez zen bateragarria egurraren erauzketa intentsiboarekin; produktu horren eskaria hazi egin zen hurrengo mendeetan, biztanle kopuruak gora egin ahala. Horren ondorioz, baso garaiak gero eta urriagoak ziren Euskadin, koroak horri buruzko xedapen jakinak eman arren. Argazkia: CC BY — Jacob Gube

Erregearen Itsas Armadak gauzatu nahi zituen xedapenak, batez ere XVIII. mendetik aurrera. Baso garaietan landaketak egiteko espezierik babestuena haritz arrunta izan zen. Basobera edo “txaradia”

Egurra ekoiztera bideraturiko ustiapen eredua da, hau da, zurezko pieza txikiak atera nahi dira egurretarako. Zuhaitz gazteak lurzoruaren paretik edo zentimetro gutxi batzuk goragotik mozten ziren; motzondoa utzi eta bertatik hainbat zurtoin sortzen ziren. Adar ugari eta mehe horiek zenbait urtetan hazten uzten ziren (12 edo 15 urte, espeziearen eta tokian tokiko ezaugarrien arabera), harik eta mendia berriz ere baso bihurtuta gelditu arte eta zuhaitzek 5–10 m inguruko altuera eduki arte; orduan, lehengo gauza bera egiten zen. Kasu batzuetan motzondoak hil egiten ziren, baina sustraiek bizirik irauten zuten, eta sustraietatik banatutako zatiek aireko zurtoinak ematen zituzten; horrela; ale berriak sortzen ziren, baina jatorri genetiko berekoak,landare beretik sortuak baitziren (klonak).

“Txaradian” egiten ziren aldian behingo mozketetan, oin isolatu batzuk uzten ziren hazteko eta loratzeko; horrela, horiek inguruan haziak zabaldu eta zuhaitz–landaretxoak ere berritu egiten ziren. Haziak hornitzeko funtzio hori zeukaten zuhaitzak erresalbuak ziren, eta gainera, moztu berritan basoberari nolabaiteko gerizpea eta babesa ere ematen zioten.

Oraindik ere ikusten dira halakoak, adin bereko zuhaitzak eta lodiera bereko enborrak dituzten basoetan; izan ere, horietan gainerakoak baino askoz ere handiagoa eta enbor askoz ere lodiagokoa den zuhaitzen bat ikusten da noizean behin.

Tratamendu mota hori produktibitaterik handienekoa da zur kantitateari dagokionez, baina zur piezak ez dira oso handiak. Egokiena da ahalik eta egur kantitaterik handiena ateratzeko hel buru energetikoetarako (etxeko erabilerak, burdinolak, karobiak edo teileriak), baina ez du balio pieza handiagoak lortzeko. Gainera, mozketa bakoitzaren osteko suspertzea ahalbidetzeko, abereak ezin dira basoan sartu zenbait urtetan, eta beraz, basobera ez da bateragarria basoa abeltzaintzarako ustiatzearekin.

Hosto freskoak, abereentzako bazka gisa, urritasun aldietan edo osagarritzat baino ezin daitezke erabili (behintzat, mozketaren hurrengo urteetan). Erabilera hori espezie askori aplikatzen zaie, adibidez, gaztainondoari, pagoari, hurritzari, gurbitzari eta haritzari. Basobera, segurutik, nahiko ohikoa izan zen Erdi Aroko azken mendeetan, baso garaia zuten lursailak basoberarekin konbinatzen baitziren. Harrezkero, garapen demografikoak eta produktu mota desberdinen eskariak gora egitearen eraginez, halako “txaradiak” ezabatu edo horien ordez zuhaizti motzak sartu ziren. Baso motza

Tratamendu mota honetan, zuhaitz gazteak lurretik 2 edo 3 m–ra mozten dira; horrela, goranzko hazkundea eten egiten da eta ebakiduraren parean adar koroa sortzen da. Koroa horri zati bat mozten zaio 8–10 urtean behin, betiere adar batzuk utzita, harik eta horiek hurrengo inausketan moztu arte. Horrela, fraide buruaren antzeko zuhaitzak sortzen dira: enbor lodi eta zuzena dute, 2–3 metrokoa, eta aldian behin inausten diren adarren koroak inguratuta. Adar horiek alborantz hazi eta, berehala, gorantz okertzen dira posizio bertikala hartzeko, argiaren bila; horrela, behealdean forma kurbatua hartzen dute eta erdiko nahiz goiko zatietan zuzenak dira; forma horri “urka eta zutoihala” esaten zitzaion. Argazkia: CC BY — Marilyn Peddle

Zuhaitz motzek basoberako tratamendua izaten dute, baina altuera jakinean egiten dira mozketak; horren ondorioz, adarren koroa batekin errematatzen den enbor lodia eta laburra sortzen da. Tratamendu hori ohikoa da baso bakanduetan edo larre basoetan, horietan abeltzaintza eta baso ustiapena konbinatzen baitira. Horretarako, ezinbestekoa da zuhaitzen arteko distantzia handiagoa izatea eta zuhaitzak nahiko sarritan inaustea, argia oihanpean sartzeko eta biomasa nahikoa duen belar geruza osatzeko (abereek jaten duten belarra). Gainera, zuhaitzek basoko produktuak ematen dituzte, adibidez, kontsumo zuzenerako zura edo egur–ikatza eta fruituak (ezkurrak edo pagatxak) nahiz hostoak, abereak elikatzeko. Abereak, beraz, baso horren barruan dabiltza eta bertan bazkatzen dira, horretarako aukera ematen duen baso irekia baita, baina abere horiek ez dira iristen mozketa bakoitzaren ostean sortzen diren kimuetara.

Halako basoa ondo egokitzen da eskari desberdinei erantzuna ematen dion ustiapen balioanitzera. Egurraren ekoizpena basoberakoa baino txikiagoa da, baina artzaintza zuzenaren bidezko abeltzaintza–ustiapena dago, eta hori ezinezkoa da azken ustiapen mota horretan.

Fraide buruaren antzera inausitako zuhaitzen basoan ezin daiteke tamaina handiko piezarik lortu, salbu eta mozketa egin eta enbor lodiak ateratzen direnean, baina gutxitan egiten zen hori, zuhaitz motzen ustiapena iraunkorra eta jasangarria zelako. Pieza okerrak soilik lortzen ziren eta horiek itsasontziak egiteko erabiltzen zituzten. Adarretako zati okerretatik “korbatoiak” ateratzen ziren, itsasontzien branketarako. Pieza horien hornidurak balio erantsia ematen zien baso motz horiei, zuhaitzek garatzen zituzten “urka eta zutoihal” itxurako adarrei esker. Baso motzak sortzen zituzten tratamenduak egiteko, zenbait espezie erabiltzen ziren, batez ere pagoak eta, neurri txikiagoan, lizarrak eta haritzak. Espezie bakoitzetik bere ezaugarrien araberako produkturik egokienak lortzen ziren; esaterako, pagotik batez ere ikatza eta egurra ateratzen ziren, eta lizarretik abereentzako bazka lortzen zen.

Nolanahi ere, baso garaien kasuen bezala, zuhaizti motzetan maiz zuhaitzak ilaratan egoten ziren, eta horrek aditzera eman du gizakiak landaturikoak zirela. Hori ohikoa izan zen Euskal Herriak, zuraren eta ikatzaren produkzioa sustatzeko; horren aztarnak gaur egun ere ikusten dira pagadietan eta hariztietan, batez ere apur bat “lekuz kanpo” agertzen diren horietan: oso behean, haritzaren estaian, dauden pagadietan, edo estai menditarrean dauden hariztietan.