595 Zenbakia 2011-10-07 / 2011-10-14
Oker ez banabil, handik hona ibili zara ikasten.
Egia da gustuko dudan arloan jarduten saiatu naizela, ez bainuen nire burua 30 urtez lantegi batetan ikusten. Hala, Iruñean Arte Eskolan aritu nintzen grabatua eta estanpazioa ikasten eta bertan amaituta, Bartzelonara joateko ateak ireki zitzaizkidan. Diseinu Grafikoa ikasi nuen eta zorionez, horretan lan egiteko zortea daukat gaur egun, nahiz eta krisiak gogor eragin digun guri ere!
Baina esan behar dut, ez direla berdinak gaztetan dituzun aukerak edo apur bat helduagoa zarenean dituzunak. Hau da, nik betidanik eduki dut marrazteko zaletasuna, gaztetatik, eta noski, ikasketak gurasoek ordaintzen zizkidatenean utopia bat moduan ikusten nuen Bartzelona aldera joatea komikigintza ikastera, esaterako. Aldiz, ikasketak lanarekin uztartu ditudanez, nire poltsikotik ordaindu dut ikasi dudan guztia, eta horrela eduki dut aukera, 27 urterekin amets hura egia bilakatzeko. Gari eta Sei, Anderren komiki zinta.
Komikiak aipatu dituzula, noiz hasi zinen marrazten?
Betidanik eduki dut marrazteko afizioa, baina 14–15 urte nituenean hasi nintzen komikietan sakontzen. Gainera, irakasle moduan aritu nintzen Lizarra aldamenean, Larragan, Komiki hastapen ikastaroak ematen, hain zuzen.
Bien bitartean, inprimatzaile moduan niharduen enpresa batetan. Orduan ikusi nuen ez nuela lantegi batetan aritu nahi eta alde egin nuen benetan izan nahi nuen hori lortzeko asmoz. Eta ez naiz damutzen, izan ere, ate asko ireki dizkit hor zehar ibiltzeak, jende ugari ezagutu dut desiratzen nuen bideari jarraituz. Donostiako Jazzaldia iragartzeko aurkeztutako kartela finalista izan zen.
Eta oraindik ere jarraitzen duzu komikien munduan...
Bai. Gari eta Sei izeneko komiki zinta egiten dut. Nahiko kritikoa da, baina aitortzen dut gehiago izatea gustatu litzaidakeela; halere, astekari batetan kaleratzen denez, nire hitzak apur bat neurtzen ditut.
Garik nire itxura dauka, eta nolabait ni naizela esango nuke, edo behintzat nire subkontzientea dela. Hasiera batean errespetua ematen zidan lan honek, ez baita erraza komiki zinta batean umorea edukitzea eta kritikoa izatea, batzuetan ez dakizu irudikatzen duzun horrek graziarik egiten duen... Baina pozik nago emaitzarekin!
Bartzelonan, ikasketa amaierako proiektu moduan gainera, ilustrazioa eta osasuna uztartu omen zenituen. Bitxia!
Hala da! Zikloa amaituta, derrigorrez proiektu bat egin behar genuen; jende gehienak logoak diseinatu zituen. Nire bikotea psikologoa zen, eta bion artean, diseinu grafikoari beste erabilera bat emateko ideia lantzen hasi ginen. Egun batean, TV3 katean alzheimerrari buruzko saio bat ematen ari ziren, eta horrela sortu zen haiei laguntzeko ideia.
Eguneroko ekintzetarako autonomia gehiago eduki, eta gainera, auto–estimuan ere irabazi zezatela nahi nuen, zaintzaileenganako dependentzia ez izatea horren handia; hala, piktograma batzuk sortu nituen.
Bere garaian egon zen enpresa bat interesatuta, baina ez zen aurrera atera. Orain aldiz, beste talde bat jarri da kontaktuan nirekin, eta proiektuari zenbait aldaketa egin eta frogatzeko ideia darabilte buruan; ikusiko dugu aurrera ote doan! Pozgarria izango litzateke ahaztuta geratu barik, egia bilakatzea.
Ilustrazioarekin jarraituz, zenbait kartel lehiaketatara ere aurkeztu zara, ezta?
Bai, eta nahiz eta gehienetan ez den ezer irabazten lehiaketetan, aitortu behar dut aurten nahiko zorte eduki dudala! (barre)
Nire izena ezagutzera emateaz gainera, ariketa onak dira praktikatzeko. Bestalde, normalean lanean ari naizenean bezeroek esaten didate zer nolako diseinuak nahi dituzten, haiek ipintzen dituzte arauak. Halako lehiaketek aldiz, libre ibiltzeko aukera eskaintzen didate, buruan ditudan ideiak paperean irudikatzeko.
Esango zenuke kartel horiek beraien artean antzekotasunik dutela?
Batzuek bai, baina egia esan gustuko dut estiloz aldatzen joatea, eta komenigarria ere badela iruditzen zait. Horretarako, nire kabuz ikasten jarraitzen dut, liburuak begiratuz, diseinu arloan zer egiten den ikusiz... Eta ez uste, gertatu izan zait duela lau urte sortutako lanei erreparatu eta ea halakorik nola egin nezakeen pentsatzea! Garai bakoitzean estilo bat eramaten da, eta horretara egokitzen zara, modari jarraituz.
Aurten, esate baterako, Donostiako Jazzaldiko lehiaketan finalista geratu naiz. Aitortzen dut lan ugari aurkeztu nituela, hamar bat, eta guztiak oso ezberdinak ziren euren artean; eta niretzako itsusiena zena hautatu zuten! (barre) Murtzian ere aurkeztu dut lanen bat internetez, eta irabazi gainera! Pantxo eta Ander.
Sareak laguntzen dizu, beraz.
Ezbairik gabe, gaur egun ez nintzateke ezer izango Internet barik! Halere, pentsa, Bartzelonara joan nintzenean ez nekien ezer egiten ordenagailu bidez, ordura arte lantegian ari nintzen eta ia–ia ez nuen erabiltzen.
Hori ere, garaiek hala eskatzen dutelako ikasi dut; pentsa, lehen diseinu grafikoan dena eskuz egiten zen, eta orain ordenagailuak ditugu. Hemendik hamar urtetara zer egongo da? Batek jakin! Honetan jarraituz gero, moldatzen joango gara momentuko teknologietara, ez zaigu beste biderik geratuko!
Zure beste fazeta bat ezagutzen dugu... Txotxongilogilea zara!
Harrapatu nauzu! (barre) Duela bi urtetatik egiten ditut. Hain zuzen ere, lagun batzuekin Pragara bidaiatu nuen, eta ohartu nintzen bertan txotxongiloen kultura handia dagoela, eta bueltatzerakoan bat egiten saiatuko nintzela erabaki nuen. Noski, ez dira berdinak, teknika ere ezberdina baita. Probatzen joan, bat sortu, eta beste bat... eta azkenean ohe bat bete nuen!
Ez dut saltzeko sortzen, eta horregatik denbora dezente eskaintzen diot bakoitzari. Oro har, esango nuke nire bi dimentsiotako marrazkien hiru dimentsiotako bertsioa dela! Bizitasuna daukate, alaitasuna, kolore argiak... Ederto pasatzen dut!
Eta egin dituzun guztietatik konplikatuen suertatu zaizunik bada?
Aurtengo udaberrian, Lizarrako merkatarien elkarteak Erdi Aroko astearentzat zaldi batzuk sortzeko eskatu zidan, eta akaso horixe aipatuko nuke. Izan ere, nire kabuz lan eginez gero, txotxongiloak beraien artean oso ezberdinak badira ere, ez du axola. Baina lau zaldi horien buruek euren artean ahalik eta antz gehien izateko lana hartu nuen eta konplikatuagoa izan zen; baina oso perfekzionista naizenez gero, lortu nuen. Gorputzak bidoiez egin, eta arropak ere diseinatu nituen, nahiz eta gero, beste batek josi zituen. Gainera, ondoren haurrak jolasean ikustea polita izan zen.
Zure ibilbidea ikusita, nola definitu behar zaitugu?
Egia da dozenaka gauza egiten ditudala, beti ditut buruan nire mikro–proiektuak; ez dut uste hauekin aberastuko naizenik, baina geldi egon ezin diren horietarikoa naiz! (barre) Abilezia eduki dut eskulanetarako, adibidez. Marraztu egiten dut, txotxongiloak sortzen ditut, daukadan baratzean soldatzen aritzen naiz... Oro har, esango nuke sortzailea naizela. ‹‹Ander Solanoren bloga›› Ander Solano Ugarte (Lizarra) Lizarra ikastolan ikasi zuen Ander Solanok, eta ondoren goi zikloko Industria Mantentze ofizialtza ikasi zuen Lizarran bertan. Gerora, Iruñeko Arte Eskolan grabatu eta estanpazio teknika arloan sakondu zuen eta handik Bartzelona aldera abiatu eta Massana eskolan Diseinu Grafikoa ikasi zuen. Arlo horretan dihardu lanean enpresa txiki batetan, eta daukan denbora librean komikiak marrazten ditu, kartelak ilustratu, txotxongiloak sortu...