594 Zenbakia 2011-09-30 / 2011-10-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hitzak, min egiteko armak

GARAI, Maitane



Aurreneko emakume eta gizonezkoak hitz egiten hasi zirenetik horrenbeste denbora pasatu da, horrenbeste hizkuntza sortu dira, eta beste hainbat desagertu...! Beharrizan ezberdinei erantzuteko hitz desberdin ugari sortu izan dira historian zehar, eta hala, aberastuz joan dira hiztegiak.

Estilo ezberdinetakoak izan daitezke gure ahotik irteten diren hitzak. Goxoak —edota gozoegiak— izan daitezke maitasun sentimenduak helarazteko baliatzen baldin baditugu; kolore berdea izan dezakete berbek, natura zaintzeko mezua zabaltzerakoan; inozentziaz beterikoak, bi haurren arteko hizketaldiari erreparatuz gero.

Baina maltzur jokatzera ausartuz gero, min egiteko arma aproposak ere izan daitezke, hala erabakiko bagenu. Azken adibide horri dagokionez, edonork berretsi dezakeela ez daukat zalantzarik; argi eta garbi ikusten dugu egunero han–hemengo zenbait komunikabideren jokamoldeetan. Ez al dituzte bada, hitz neurtu eta ankerrak erabiltzen? Badakite nora apuntatu, nori tiro egin, eta min egin arte nor eraso.

Behin eta berriz, egunez egun, asterik aste... Etenik gabeko gerra izango balitz bezala, odolik gabea, baina eraginkorra, oso. Batzuen eta besteen artean mespretxua eta haserrea sorrarazten dute, eta okerrena, nahita egina dela, ongi pentsatutako estrategia maltzurra. Eta horrek inguratzen gaituen giroa kutsatzen du, elkarbizitzarako zangotrabatze ikaragarria bilakatuz. Gizarte oso baten kontrako plana, edota sektore jakin batzuen aurka egitekoa; euskaldunak, emakumeak, homosexualak eta atzerritarrak jomuga garbiak izaten dira sarritan, beste askoren artean.

Eta samindutakoak hitzez erantzun dezake, eta bestetan aldiz, entzungor eginez; askotan, hitzik eraginkorrena esaten ez dena baita.