593 Zenbakia 2011-09-23 / 2011-09-30
Sinde Legea bezala ezagutzen denak interneten dauden edukien deskargak egiteko web orrien itxiera baimentzen du agindu judizialaren bidez, ilegaltzat joko lituzkeelako. Lege hau aurreko otsailaren 15ean onartu zen Espainiako Diputatuen Kongresuan. Legea onartzeak deskargak legalak egin ahal daitezkeen web orriak ixteko aukera dakar, baina gehiengoa ez dago lege honen alde. Gu, adibidez, lege honen aurka gaude eta gure iritzi propioak ditugu.
Alde batetik, ez da gauza bera zinemara joan edo etxean film bat ikustea, zinean gehiago bizi baitugu pelikula. Baina, era berean, garestiagoa ere bada, eta etxean filma ikustea erosoagoa da. Musikarekin berdina gertatzen da, abestiak askoz azkarrago jaisten dira deskarga programen bidez (adibidez, Ares, eMule...), eta CD bila joan beharrik ez izateaz gain, dohain dira. Gaur egun, izugarrizko prezioak dituzte kultura produktuek. Adibidez, zineman film estreinatu berri bat ikusi nahi badugu, 8–10¤ ordaindu behar ditugu, eta DVD bat erosi nahi badugu, 15–30¤. Musika CD batek 15–20¤ inguruko prezioa izaten du. Prezio hauekin eta krisian egonda, jende askok nola ez ditu, ba, produktu hauek Internetetik lortuko?
Gainera, Sinde Legeak kalte gehiago egiten du onura baino. Orangek egindako inkesta baten arabera, %99k legearen kontra bozkatu zuen. Beste inkesta batzuetan, %6 edo %8 soilik zeuden alde. Beraz, argi ikusten da jende gehiago dagoela legearen kontra alde baino.
Egia da Sinde Legeak zinema edo musika industriei lagunduko diela, gero eta jende gutxiagok erosten baititu produktu kulturalak eta gehiengoak internetera jotzen baitu. Baina, hala ere, deskargak legez kanpoko bihurtuz gero, jendeak, dauden prezioetan, erosiko lituzke CD, DVD nahiz liburuak?
Bestalde, lege honek kaltea nori egiten dion ere begiratu beharra dago, eta honekin egiten dugu topo: Interneten historian gehien deskargatu den filma zinemaren historian diru gehien bildu duena izan da, Avatar, 400 milioi inguruko inbertsioa, 2.200 milioiko bilketa, erdia ekoizleentzako mozkina, eta dena urte betean. Beraz, artista, bitartekari eta ekoizleak ez dira hain kaltetuta ere irteten.
Eta polemika honetan inork amore emango ez duenez, akordio batetara iristea izango litzateke onena. Kultura ministroak dioen bezala, kultura–produktuak alokatzeko lekuak eskasak dira. Orduan, zergatik ez die gobernuak laguntzarik eman leku hauei? Ez al dira kultura–iturri handi eta merke bat? Horrela bada, hona gure proposamena: lege hau alde batera utzi eta kulturara iristeko beste bideak ugariagotu beharko lituzkete, adibidez, bideo–klubak berriz ireki laguntza ekonomikoekin pelikulak merkeago alokatu ahal izateko, Itunes bezalako musika erosteko lekuak bultzatu, edo besterik gabe, merkeago jarri. Horrela, gehiago saldu eta aurretik irabazten zuten diru kopuru bera irabaziko lukete.
Hau guztia kontuan izanda, iruditzen zaigu Sinde Legea ez dela diskoetxe eta abarren arazoari irtenbidea emateko bidea, ezta gutxiagorik ere. Bi aldeek listoia jaitsi eta akordio batetara iristean, elkarlanari ekiten diotenean, orduan bakarrik lortuko da ganorazko eta denontzat onuragarria izango den konponbideren bat.