592 Zenbakia 2011-09-16 / 2011-09-23
Alfonbra gorri larregi ipintzen ari gara euskaldunok azken aldian. Aurreko batean, —irailaren 9 eta 10ean— eta 33 urteren ondoren, Espainiako Itzulia deiturikoa igaro zen guretik. Argazkia: CC BY — IvanWalsh.com
Askok egin zioten ongietorria, hori bai, nahiz eta ados ez egon erabakiarekin; gauza bat da eduki ditzakezun ideiak eta beste bat, kirola gustuko izatea. Gainera, ez dugu ahaztu behar Espainiako Itzulia 2009an Holandan hasi zela, eta nik dakidala, hori ere atzerria da! Eta Donostian ere, Frantziako Tourrari eman zitzaion hasiera, 1992an. Eta hau ez da Frantzia.
Ez ziren gutxi izan, ikuskizunarekin gozatzera joan eta haiekin aldarria eraman zutenak; telebista kate espainiarrek ere magia egin behar izan zuten gustuko ez duten hori telebistan ager ez zedin. Ahalegindu ziren mututzen independentzia oihuak, baina esan behar da, ez zutela helburua lortu ehuneko ehunean eta bide bazterrean aldarrikatzera bildutakoek bete zutela neurri batean euren nahia.
Entzun izan nituen gainera, lasterketa iritsi aurreko egunetan boikotaren gaineko ahotsen batzuk ere, eta horrek, bestelako gogoeta bat ekarri zuen nire burura. Bizikleta utzita baloia hartu eta futbolaren gaineko hausnarketa txikia burutu nuen. Izan ere, balantza orekatu nahi badugu, eta ez bagaude konforme itzulia euskaldunon herritik igarotzen delako, ez ginateke ados egon beharko Espainiako futbol liga hemen jokatzearekin, ezta?
Horrexegatik,zaila egiten zait ulertzea itzulia hemendik pasatzea kritikatu baina aldi berean, hamabostean behin futbol zelaira joaten diren horien iritzia. Ez al dugu horren gogoeta egingo? Koherentziaren bidea aurkitu eta hari segitu nahi badiogu, beharko genuke une bat eskaintzea ideia horri.