591 Zenbakia 2011-09-09 / 2011-09-16
GetxoPhoto Begihandiren ekimenez sortu zenez, hitz egiguzu elkartearen gainean.
Kultura elkarte bat da Begihandi, eta esan bezala, GetxoPhotoren sustatzailea dugu, baina ez da antolatzen duen ekimen bakarra. Beste hitzordu batzuk ere egin ditugu, hala nola, Getxoko Sirenoa izeneko argazkilaritza, arkitektura eta gastronomia batzen duen diziplina anitzeko proiektua. Gainera, GetxoPhotoren hirugarren edizioak Asiako Fikzioak izan zuen ardatz eta gaia berreskuratuta, 2011ko azaroan Limara, Perura bidaiatu eta bertan erakusketa bat burutuko dugu.
GetxoPhotorekin duzun erlazioa duela hiru urte hasi zen. Zein da zehazki zure egitekoa?
Egia esan behar badut, Begihandi elkartea talde txikia gara, eta nahiz eta berez produkzioan dihardudan, azken finean denetarik egiten dugu: gonbidatuen bidaiak hartu, jaia antolatu, diru–laguntzak eskatu... Argazkia: © GetxoPhoto.
Gure lana ez da eteten, baina apirila inguruan heltzen diegu serioago antolaketa lanei. Noski, beti daude gauzak egiteko, eta kontuan hartuta gure diru–sarrera nagusiak diru–laguntzen bidez direla, horiek kudeatu behar ditugu, eskatu... Gainera, urtarrila aldera gaia finkatzen hasten gara, eta horren inguruan etor litezkeen autoreak zeintzuk izan daitezkeen begiratzen dugu, lanak ekoiztu...
Erakusketaren komisarioarekin egiten duzue egiteko hori?
Bai. Azken bi urteotan Frank Kalero da GetxoPhotoko komisarioa eta berak gaia proposatzen du eta ondoren geu hasten gara horren inguruko guztia antolatzen. Aipatu bezala, argazkilariak hautatu behar dira, baita burutuko diren ekintzak zehazten eta prestatzen hasi...
Argazkilaritza jaialdi berezi baten aurrean gaude.
Ezin dugu ahaztu GetxoPhotoren helburu nagusia argazkilaritza jendeari gerturatzea dela eta xedea lortzeko asmotan, kalean argazkiak ipintzeari garrantzia handia ematen diogu. Nahiz eta baditugun areto batzuetan erakusketak, gehienak denon eskura, guztion begi–bistan daude.
Bestalde, lona formatuan daude sortuta argazkiak, eta baliabide ezberdinak erabiltzen ditugu haiek erakusteko; aurten, euskarri moduan paletekin sortutako egitura burutu da, eta Xabier Goikoetxea arkitektoak lagundu digu egiteko horretan.
Halere, Getxo herriak berak ematen dizkigun baliabideak erabiltzen saiatzen gara, direla hormak, eraikinen fatxadak eta iaz, esaterako, argazkiak erakusteko edukiontziak baliatzen hasi ginen. Aurten gainera, palet–egitura hori daukagu berrikuntza moduan.
Gaineratu nahiko nuke, erakusketa guztiak doakoak direla horrexegatik, herritarrengana iritsi nahi dugulako.
Uste duzu jendeari bestelako erakusketatara joatea kostatzen zaiola?
Nik uste dut galeriek–eta, nolabaiteko barrera bat altxatzen dutela zenbaitentzako. Horietarikoa bazara, kaletik argazki bat topatzen baduzu eta zure interesa bereganatzen badu, errazago gerturatuko zara erakusketara, zalantzarik gabe. Argazkia: © GetxoPhoto.
Bitxia suertatzen da Getxoko kaleak etxeko zein kanpoko artisten lanekin jantzita ikustea.
Bitxia eta polita. Oso lan bereziak dira guztiak, eta nahiz eta jaialdia nazioartekoa izan eta kanpotik ere badatozen zenbait profesional, bertakoei tokia uztea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Hala, Bilbon bizi den Vicente Paredesek Huerta urbana lana aurkezten digu, aspaldi estatutik Bilbora etorritako langileek hiriaren inguruan sorturiko ortuei buruzko serie bat egin du. Bestalde, Ricky Dávila bilbotarrak Iberica izenburupean, Getxoko emakumeen argazki sorta erakusten digu.
Baina esan bezala, estatu mailako zein kanpoko artistak gonbidatu ditugu, eta ahalegintzen gara urtero munduko toki ezberdinetako jendea ekartzen.
Iaz Aisiari Gorazarre izan zen jaialdiko ardatza; aurten aldiz, Zaharrei Gorazarre...
Bai, gorazarre egitea gustatzen zaigu! (barre)
Frank Kalero hiru urtez arituko da gurekin lanean; iaz Aisiari Gorazarre planteatu zuen, eta aurten zaharrak goraipatzeko ideia eduki du. Datorren urtekoa pentsatzen hasita gaude, baina oraindik ez dakigu zein izango den ardatz nagusia; misterioa mantenduko dugu!
Aurtengo gaia ez da nolanahikoa. Biztanleria geroz eta zaharragoa den arren, askotan ahaztu egiten dugu talde hori.
Diozun bezala, geroz eta gehiago bizi gara zientziaren aurrerapenei esker eta jaialdia zaharren esparru bilakatu gura izan dugu. Izan ere, edertasuna eta gaztetasuna goraipatzen den garai hauetan, gure zaharrek gizartean toki oso garrantzitsu bat daukatela edo izan beharko luketela pentsatzen dugu eta beraz, gaurko tendentziari aurre egiteko gai aproposa da. Argazkia: @ GetxoPhoto.
Ezin dugu ahaztu gainera, edozer egiteko prest agertzen diren adin batetan daudela adineko pertsona hauek, eta zergatik ez dute bada, egingo! Hori ere goraipatu nahi dugu moduren batetan.
Iraila aurretik dugu oraindik, baina esan, nolako erantzuna eduki du gaur arte?
Oso ona, primerakoa. Lehenengo astean ekimen bereziak burutzen ditugu irekiera moduan. Aurten, irailaren 3an komisario eta autoreekin bisita gidatua antolatu zen eta edonork parte hartu zezakeenez, jendetza bildu zen Getxoko kaleetan. Bitxia izan da ondoren argazkiak ikustea, manifestazio bat ematen baitzuen!
Bestalde, hirugarren urtez Opening deiturikoa antolatu dugu,eta baita hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak... eta pertsona ugari kanpoan geratu behar izan ziren bertaratutako jendetzagatik. Beraz, harrera oso ona izaten ari dela esan dezakegu.
Nik uste dut bost urte hauetako eskarmentua nabaritzen dela, eta uzta jasotzen ari garela. Gainera, beste urteekin alderatuta ere, edizioz edizio parte hartzaileen kopurua gora doala esan genezake. Medioetan toki gehiago izateak ere laguntzen du, inongo zalantzarik gabe.
Erakusketa erraldoi hau Getxoko sakabanatutako 17 puntutan ikus dezakegu. Nola bisitatu, oinez edo bizikletaz?
Aldapaz beteta dago, beraz, gai ikusiz gero, zergatik ez bizikletara igo! Egia da, jaialdiaren ibilbide bat hondartza aldean dagoela, eta aproposa izan daitekeela bizikletaz egiteko. Baina goialdean malda ugari aurkitzen ditugunez gero, gomendatuko nuke oinez burutzea, eta GetxoPhotoren eskaintza patxadaz ikustea, kaleetako irudiak begiratuz, aretoetan sartuz eta oro har, argazkilaritzaz disfrutatuz.
Bestalde, eta euren kasa joan nahi ez dutenentzako, bisita gidatuak ere antolatzen ditugula aipatu; urriaren 1era arte, larunbatero. Bi euroren truke modu politean bisita daiteke jaialdia, detailerik galdu gabe. Izena aurrez eman behar denez, idatzi helbide honetara! getxophoto@getxophoto.com Idoia Setien (Santurtzi) Bizkaitar gazte hau Euskal Herriko Unibertsitatean Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatu zen Idoia Setien. Begihandi kultura elkartean egiten du lan 2009tik eta ordutik, GetxoPhotoko produkzio lanetan dihardu.