590 Zenbakia 2011-09-02 / 2011-09-09
Musika lagun izan omen duzu txiki–txikitatik.
Hala da, bai, beti eduki dut estimulu hori nire bizitzan. Aita beti zebilen akordeoia jotzen, edo irrati zein disko–jogailutik musika entzuten, eta noski, horrek nigan eragina eduki zuen. Gainera, ikastolan ere ikasgai moduan neukan, eta solfeoa ere ikasi nuen.
Zortzi bat urte nituenean nik eskatu gabe oparitu zidaten lehenengo musika–tresna, akordeoia, eta beranduago gitarrari heldu nion. Eta poliki–poliki konturatu gabe, diskoak grabatzeraino!
Kasualitatez ikusten omen zaitugu gainera, gitarra eskuetan...
Ez zabiltza oker! Izan ere, hamasei urte nituela gaixotu nintzen egun batean hasi zen guztia; aste biz ohean egon behar izan nuen eta asko aspertzen nintzen. Hala, banekien nire lehengusuak bazuela etxean kasu handirik egiten ez zion gitarra bat, eskatu eta nire kaxa ikasten hasi nintzen. Argazkia: © Oscar Casanova
Ez zitzaidan oso zaila egin, esan bezala beti ikasi baitut musika, solfeo eskoletan urte asko ibilitakoa naiz, eta akordeoia jota... Bi instrumentuek ez dute antzik euren artean, baina nahiz eta teknika ezberdina izan, ohituta zaude akordeetara eta abar. Idaztea modukoa dela esango nuke, eskuz edo ordenagailuz idaztea moduan.
Eta musikari fazeta horretan, etiketarik jarri beharko genizuke?
Egia esan ez zait askorik gustatzen, nire burua etiketatuz gero gainera, beste batek agian ez luke hala izendatuko eta. Baina esan dezaket egiten dudan musikaren oinarrian folka dagoela, hori esaten didate entzun nautenek; baina pop kantak, baladak eta bluesa ere aurki daitezke nire diskoetan.
Bestalde, autore–musika egiten dudala esango nuke, eta barnetik irten diren kantak sortzen ditut, azken finean nire proiektua izanik bizitzako gauzak kontatzen ditut.
Alemaniak zerikusia eduki zuen musikari buru–belarri heltzerako orduan, ezta?
Enpresaritza ikasi nuen eta beti izan naiz ikasle on eta aplikatua, eta karrera amaituta, banku batetan egon nintzen lanean eta ondoren berriz, logistika enpresa batetan aritu nintzen. Orduantxe konturatu nintzen guztiz erratu nintzela bide hura aukeratzerakoan, ez nuen nire burua enpresa munduan ikusten.
Barruko krisi bat eduki nuen, ez nekien nola atera hortik eta pentsatu nuen burua argitzeko distantziak hartzea ongi etorriko litzaidakeela, eta aurretik Berlinen egona nintzen eta hara joatea pentsatu nuen. Halere, alemanez ez nekienez gero, internet bidez lan bat topatu nuen Frankfurten, eta bertan egin nuen bizitza.
Lau urte egin nituen bertan, eta makina bat izan ziren bizipenak. Esperientzia on eta txarrak, nahiz eta balantza batetan ipiniz gero onak gailentzen dira; baina den–denak, intentsitate handiz bizitakoak. Argazkia: © Oscar Casanova
Eta hortik, Meinhattango k@ntuak sortu zen.
Hango istorioetatik sorturiko kontuak kantu bilakatu nituen; beti diodan bezala, bertako egonaldiaren soinu banda litzateke. Hango bizipenak jasotzen ditu diskoak, neuk idatzitakoak, eta ohi dudan legez, barne–barnetik irteten direnak.
Auto–ekoizpenaren bidetik jo nuen eta ez nekien nola irtengo zen abentura hura. Aurrena oso animoso hasi nintzela oroitzen dut, baina azkenean ohartzen zara oso luzea dela bidea; pentsa, grabatu nuenetik diskoa kaleratu zen arte bi urte pasa ziren! Horri gehitu behar zaio Alemanian nengoela eta ez nuela mundu hau ezagutzen, eta topatzen nituen oztopoei nik bakarrik egin behar nien aurre.
Eta gogorra izan arren, oso esperientzia polita izan zela ere esan behar dut. Beti hitz egiten dugu musika–industriaren krisiaz, baina prozesu osoa bizi baduzu, konturatzen zara benetan zer ari den gertatzen. Aitortzen dut nire diskoa disko–etxe batek ekoiztea nahi nuela hasieran, eta hainbatekin hitz egin nuen, baina ez zen aurrera atera; eta horrek, nire barruan nolabaiteko haserrea piztu zuen, pentsatzen bainuen zerbait pertsonala zela, nire musikak akaso ez zuela nahikoa kalitate izango.
Baina gero ohartu nintzen egoera ez dela batere erraza, disko bat ekoizteak dirua balio baitu, eta ondoren ipinitako sosak berreskuratu egin behar dira errentagarria izan dadin. Eta egun saltzen den disko kopuruarekin ez da erraza... Orduan, lasaitu egin nintzen egoera ?normala? zela ikusita, ez zela nire musikagatik, jende gehiagori ere gertatzen zitzaiola.
Aurrera jarraitu eta 2011n, Saguekin dantzan lana publikatu duzu. Zer topatuko dugu bertan?
Musikari dagokionez nahiko bertsua da Meinhattango k@ntuak diskoarekin alderatuz gero. Noski, desberdintasunak ere badituzte. Esate baterako, lehenengo lanean nik egin nuen dena, eta oraingoan aldiz, beste musikari batzuk izan ditut lagun eta ondorioz, alboka, biola, akordeoia, flauta eta beste entzun ahal ditugu. Esango nuke kantak beteagoak, jantziagoak daudela.
Letren aldetik ere badauka desberdintasunik, izan ere, euskal idazle batzuek —esaterako, Laura Mintegi, Iñaki Mendizabal eta Josu Lartategik— lagundu didate testuekin eta Mikel Laboaren bertsio bat ere jasotzen da lan berri honetan. Honek, lan apur bat kendu dit, ezen letrak egitea niretzako prozesu guztitik egitekorik zailena da.
Amaitzeko, lehenengo lana Alemaniako egonaldiaren soinu banda izan bazen, oraingoan kanta soltez bete dut diskoa, beraien artean ez daukate ildo komunik. Argazkia: © Oscar Casanova
Ondo idazteko asko irakurri behar dela esan ohi da; musikarioi berdina gertatzen al zaizue?
Egia esan, nik musika asko eta asko entzuten dut, baina ez ikasteko, gustuko dudalako baizik. Nik neuk askotariko estiloak atsegin ditut, klasikotik hasi eta rock, blues eta jazz estiloetara. Halere, era inkontziente batetan erreferentziak hartzen dituzu, eta eragina nabaritzen omen da, nahita egin gabe ere.
Zure esperientziatik, musikatik bizitzeko aukerarik badago egun?
Norbait biziko da, baina ez da gehiengoaren egoera, behintzat nirea ez! (barre) Halere, Musika Hezkuntza ikasten dihardut, eta irakasle izateko ideia daukat. Eta beraz, musikarekin erlazionatutako bizimodutik aterako dut jatekoa, ez diskoak grabatu eta zuzenekoetatik, hori zaletasuna izango da, ez baitut negoziorik egiten, eta ez zait axola. Behar dudan zerbait da musika, barrukoa kanpora ateratzeko balio dit, eta asko laguntzen dit gitarra eskuetan dudala zerbait kontatzea.
Etorkizunera begiratu beharko banu, Aingeru proiektua denbora luzerako edukiko dugula uste dut, eta buruan ere baditut bestelako ideia batzuk akaso egikarituko ditugunak, denborak esango du. Bestalde, irakasle ikasketak amaitzerakoan eta horretan lanean aritu ahal banaiz, gustatuko litzaidake musika irakasteko metodologia berri bat garatzea; izan ere, ume askorentzako gaur egun trauma omen da musika klaseak edukitzea, eta aldiz, disfrutatzeko beharko luke. Gaur egun irakaskuntzan ez dugu musika arloa ongi enfokatzen, ez baita soilik melodia eta mugitzea, eta esaterako, beste kultura batzuk hobeto ezagutu eta ulertzeko aukera eskaintzen digu, eta baliatu beharko genuke. Horregatik, musika maitatzen irakatsi nahiko nuke, eta neure buruarekin konpromiso bat daukat hori aurrera eramateko.
‹‹Aingeru Gorrotxategi, MySpacen›› Aingeru Gorrotxategi (Donostia, 1977) Enpresaritza ikasi zuen Aingeruk aurrena, eta gaur egun aldiz, Musika Irakasle Fakultatean dihardu, Bilbon. Zortzi urte zituela, akordeoi bat oparitu zioten etxean Aingeru Gorrotxategiri, eta ordutik musikarekin daukan erlazioa ez da eten. Nerabezaroan gitarra heldu eta bertsioak aurrena eta ondoren, kantu propioak sortzen hasi zen. Alemania aldera bidaiatu zuen 2004an eta esperientziaren eraginez abesti ugari sortu eta disko bat auto–ekoiztu zuen 2008an, Meinattango k@ntuak. Euskal Herrira bueltan, lan hura aurkeztu eta musikari gisa buru–belarri hasi zen. Saguekin dantzan izeneko bigarren diskoak 2011n ikusi du argia.