589 Zenbakia 2011-07-29 / 2011-09-02
Irati lur–eremu zabala da (17.195 Ha). Antzinatik probestu izan da abereek bazkatzeko, egurra ateratzeko eta ehiza egiteko. Mendiz inguratutako eremua da, eta haren zatirik handiena Aezkoa eta Zaraitzu ibarretakoa da. Balio natural eta ekologiko handikoa da; izan ere, bertan dago Europako izeidi–pagadirik handienetako bat. Pagoa nagusitzen da Iratin, baina, kopuru txikiagoan, izeiak eta kalitatezko larreak ere badaude. Irati ezagutzeko honako aukera hauek daude: seinaleztaturiko bideetan ibiltzea, zeharkaldiak egitea, mendiko bizikletaz ibiltzea... Iratiko oihana, Orhi menditik. Argazkia: CC BY — Garaigoikoa
Iratiko pagadi–izedia Europako handienetako bat da. 17.000 hektarea ditu eta horietatik 6.770 Aezkoakoak dira. Iratiko Oihanari buruzko kondaira anitz daude: Basajaun, Basanderea, lamiak edo noraezean dabilen erreginaren arima.
XVIII mendean oihan honetatik egurra ateratzen hasi ziren, bai almadien bidez zein kableak erabiliz. Aezkoakoa den eremuaren bi heren basoak dira, pagadiak nagusiki eta bertan 650.000 baino gehiago daude. Kontuan harturik zuhaitz hauetako bakoitzak egunean berrogeita hamar pertsonentzako oxigenoa sortzen duela, aise kalkulatu dezakegu duten aberastasuna. Aezkoa aldean pagadian da nagusi. Fauna eta flora aberatsa du: mota ugari dago, baina ez kopuru handian.
Hartza joan den mendean desagertu zen. Oreina 1957an ekarri zuten berriro (oreinaren araldia irailaren bukaeran izaten da). Basurde ugari dago eta orkatzak ere badira. Hegaztien artean, saiak, belatz handiak, belatxingak eta erregetxoak. Lur–saguak eta muxarrak erraz ikus daitezke.
Landareei dagokienez, pagoa da erregea, eta adibide apartak aurkitu ahal ditugu Mendilatzeko Erreserban edo Paraison. Zenbait zuhaitzek Monumentu Natural izendapena lortu dute: Arrazolako Hiru Besoetako Pagoak, Oriongo hurritzak eta astigarrak, Nabalako pagoak eta Garaioako Atxoluzko haritzak adibidez. Ibarreko herri guztietan pagadi eta harizti ederrak daude. Bereziki aipagarriak dira Aribeko errotaren aurrean dagoen Tristuibarteako Natur Gunea (lekuaren benetako izena Hariztibarrena bada ere) eta Garraldako hariztia.
XVIII mendearen bukaera arte, Espainiako Itsas Armadakoek, Erronkariko batzuen laguntzaz, Irati ugaldea nabigagarri bihurtu zuten. Bolboraren bidez zenbait harkaitz lehertu zituzten, erroten presetan konponketak egin... Dena ugaldean zehar almadiak erraz pasatzeko. XX mendearen hasieran teknika utzi zuten eta Ameriketatik ekarritako beste bat erabili zuten. Belatz handia ikus dezakegu oihan gaineko zeruan hegan. Argazkia: ADEVE Iratiko oihanean barna
Orbaitzetako Olara ailegatu baino 2 km lehenago, Irabiako Urtegira daraman bidea hartuko dugu. Errepidea Larraun auzoko azken etxeraino ailegatzen da eta hortik aitzina porlanezko pista dugu. Bi km aurrerago, Arrazolan, aparkalekua eta informazio bulegoa aurkituko ditugu. Bide berari jarraikiz, pagadi handi bat zeharkatu ondoren, Oriongo zelaietara ailegatuko gara. Bertan artzainen bordak daude.
Maldan gora Ibiagako gainera igoko gara eta hemen pista–gurutzea eta zelaia aurkituko ditugu. Berriro ere 2 km jaitsi eta gero, zubi txiki batera helduko gara. Eremua lauagoa agertuko zaigu, Erlanen gaude. Errekaren ondoan jarraituz, bide gurutze bateraino ailegatuko gara. Beheko bidea hartuz gero, urtegiaren hormaraino ailegatuko gara; berriz, goikoa hartzen badugu urtegia inguratzen duen pistara ailegatuko gara.
Urtegira ailegatu baino lehenagoko gurutzean, beherantz doan pista hartuko dugu. Zelai txiki bat agertuko zaigu eta hor ohartuko gara ibaira jaisten den xenda bat dagoela. Horri jarraitu eta Orbaitzetatik kilometro batera doan akuedukturaino ailegatuko gara. Bidea estu xamarra da zenbait lekutan BTT–n egiteko, baina esperientziadunek ez dute arazorik izanen. Urtegik jaistea akueduktutik igotzea baino errazagoa da.
Uharkako Bira. (BTT–z egin daiteke). Urtegiaren horma zeharkatu, mendebaldeko bazterreko bidexkari jarraitu eta zelai txiki bateraino helduko zara. Oihanean berriro sartu eta ekialdera jo. Kontuz ibili eta bide zuzena hartu. 200–300 metrora urtegiaren ertza ikusi behar da. Berehala harrizko zubia pasatu eta bertze aldera joanen gara. 200 metro aurrerago oihan etxe bat ikusiko dugu, bertaraino joanen gara horren ondoko pista hartzeko.
Urtegiaren ertzeko bidexkari jarraituz pista berera heldu gaitezke. 2 km aurrerago Egurgioko zubira helduko gara, Zaraitzu eta Aezkoako mugan, eta gertu 225. mugarria dago. Hegoaldeko pista hartu eta urtegia inguratu hormara ailegatu arte.
Urbeltza eta Urtxuria errekek Elurretako Birjinaren baselizaren oinetan bat egiten dute Irati ibaia eratuz, eremu oihantsua uztean urbazter bakoitzean hariztiak uzten dituena: Tristuibartea eta Aritztoki, penintsulako albar hariztirik onena. Irabiako urtegi txikia basoaren erdian beira irla legez agertzen da. Txangozaleek bere bederatzi kilometroak oinez edo bizikletaz inguratzeko gozamena ezagutzen dute. Edertasun bereziko parajeak aurki daitezke Irabian, Lizardoiako erreserba osagaia adibidez, ukitu gabeko 20 hektareak osatzen dutena, Zabaleta mendian dagoen Nafarroako natura altxorretako bat. Irati mendiek inguratutako arroa da: Orhi (2.021 m.), Abodi (1.537 m.)... Era berean errekasto eta ibai askok zeharkatzen dute, Urbeltza eta Urtxuria aipagarrienak izanik. Aezkoan dagoen harria. Argazkia: ADEVE Historia eta erabilerak
Irati mendeetan zehar ukitu ez bazen ere, basoko mugetako lurra beti izan da liskar zonaldea. Nafarroako Erreinua Gaztelako Koroari batu baino lehen eta Nafarroako seigarren merindadea betirako galdu baino lehen, Zaraitzu eta Aezkoan olagizonak zeuden. Denbora luzean zehar etsai izandako bi Erreinuak jarri zirenean, Iratiko basoaren jabetzari eta aprobetxamenduari buruzko liskarrak areagotu egin ziren, XVII mendetik aurrera gehien bat, Espainian eta Frantzian ontzigintzak garrantzia hartu zuen. Bere zuhaiztiaren ospeak XVII mendean Erregezko Flotak bertatik beren ontziak eraikitzeko zuhaitzak ateratzeko baimena eskuratzea ekarri zuen Ingalaterraren aurkako gudan.
Bere isolamendua eta sarbide txarrak zirela eta zuhaitzak ibaietan barne ateratzen ziren. Agorraldi garaietan zegoen emari eskasa zela eta urtegi moduko uhertsigarriak eraikitzea beharrezkoa zen enborrak jaisteko kontrolatutako uholdeak gerta zitezen. Garai haietan lantegi, zerratoki eta uhertsigarri ugari eraiki ziren; baita eraikinak gordetzeko etxe–kuartel bat ere, egun Iratiko Etxeak edo Erregearen Etxeak dauden lekuan.
Egungo aprobetxamendu nagusienak zura (gaur egun era hautakorrean mozten da eta izeiak nahiago izaten dira), ehiza eta zelaiak, bere jolaserako baliabidea eta bere espazio natural pribilegiatu bezala egiten duen emaria ahaztu gabe. Iratiren barnealdea konplexua da, basoen sakonuneetan eta zonalde garaietako zelai argitsuetan galdutako toki aunitz dituelarik, animalia basatien aterpe eta habitat direnak. Barrendegiak
Irabiako Urtegia: Iratiko bihotzean Orbaitzeta (Aezkoa) eta Otsagabia (Zaraitzu) dermioetan. Urtegiak Irati ibaiaren burukoa erregulatzen du Egurgio, Kontrasario, Urbeltza eta Urtxuria errekastoetan ura bilduz. Eraiki zenetik hainbatetan hazi da. Egun 44m ko altuera eta 158 m–ko koroapen luzera ditu. Hemengo urak urtegiaren oinean dagoen zentral baten eta Betolegin dagoen beste baten bidez aprobetxamendu hidroelektrikorako erabiltzen dira.
Elurretako Ama Birjinaren baseliza: Otsagabiarako sarreran Abodi mendizerra zeharkatzen duen eta Elurretako Ama Birjinaren baselizara joateko bidean dagoen aparkaleku batera heltzen den errepidea dago. Baseliza zuhaitzik ez dagoen lekuan altxatutako eraikin modernoa da (1954), Europako azalera handienetariko baten bihotzean dagoena.
Kuboa: Elurretako Ama Birjinaren baselizatik 500 m–tara dauden ur–jauziei horrela deitzen zaie. Urbeltza ibaiko uren jaitsiera gogorrak turistentzako erakargarria den ingurua eratzen du.
Iratiko Etxeak: Erregearen Etxeak izenez ezagutuak, Elurretako Ama Birjinaren baselizatik 100m–tara aurki ditzakegu. Duela urte batzuk Iratiko Basoko guardaren etxebizitzak ziren.
Zabaleta Mendia: Irabiako Uharkaren iparraldean kokatua. Uharkarako pistatik joan daiteke.
Lizardoiako erreserba osagaia: Oihaneko pagorik zaharrenak aurki daitezkeen zonaldea. Sartzea debekatuta dago.
Orhiko gaina: Pirinioetako lehenengo bi milakoa. Larrau Mendatearen gainaldeko aparkalekutik (1.560 m.) behin tunela igarota, besteekin bateratzen xenda bat dago; hasiera puntu askotatik egiten da, tunelera iritsi baino lehenagoko bihurgunetik, esate baterako.