588 Zenbakia 2011-07-22 / 2011-07-29
Iraultzarik inor gutxik espero duenean, ahalmen transformatzailea inoiz baino gehiago, norbanakoari dagokio. Eraldaketa hau da funtsean Transition egitasmoak bilatzen duena. Gizarte iraultzarik ez, baina, gizarte modernoen egoera aldatzera doa eta horren aurreko jabetze eta ekite ariketa da Transition, trantsizio lasaia, trantsizio errealista, norbanakoa eta ingurua eraldatu nahi dituena, aberastuko dituena, ekonomia apalago eta baliabide murritzagoekin baldin bada ere.
Oparotasun garaiaren amaiera iritsi dela argi utzi du krisiak, baina, guztia ekonomiaren moteltze zikliko batera murriztea, begiak ixtea da. Aldaketa garaian gaude eta garaiak geu aldatu baino lehen, aldarazi dezagun guk datorkiguna. Transition mugimendua etorkizuneko lur hori jorratzeko laietako bat da, beharbada errealistena.
Denboran atzera egin beharko dugu Ingalaterrara. Hara begiratuta helduko gara Transitionen muinera, Ingalaterrako hego–mendebaldera, Totnes herrira, Transition Town–etako lehenetakora (Irlandan, Kinsale–n hasi ziren lehen egitasmoak) eta dagoeneko, mugimenduaren ikur ere bilakatu dena. 2005ean, bertan garatu zuten ideia Rob Hopkins eta Naresh Giangrande irakasleek. Neurri ertaineko komunitatea hartu eta klima aldaketaz eta petrolioaren gailurraz (peak oil famatua) jabetu zituzten herritarrak.
Hain zuzen, neurriz kanpoko petrolio–hobirik aurkitu ezean, ezin dugu ukatu petrolio ekoizpenak jada jo ez badu, laster joko duela goia. Agortze bidean den erregaia dugu eta epe motzean ordezka lezakeen iturri berririk aurkitzea ez da aurreikusten. Hornikuntza ez da bat–batean etengo, baina, gainbehera badator, apur apurka bada ere, eta garapen ekonomikoak ere, ezinbestean, pareko bidea hartuko du, gure ekonomia, erregaiarekin hertsiki lotua baitago.
Petrolioak bermatu du arrakasta ekonomikoa eta petrolioari esker hazitako herrialdeek, urritasuna sumatu ahala, beherazko malda hartuko dute. Petrolioa diodanean, erregai, plastiko edota beste gai kimikoak ere kontuan hartzen ditut, hazkunde ekonomikoaren hezurra eta haragia izan dira (aldi berean, arazoen iturri). Sobera hitz egin dugu berotegi efektuaz, kutsadura ala basoen soiltzeaz... hauxe baita eguneroko ogia.
Gauzak dauden moduan utzita, irudimen ariketa nekezik egin gabe eta petrolioaren eskasia ikusita, ondorio garbia da urritasunak lehenik, prezioen gorakada itzela ekarriko duela, ondorioz krisia areagotuko dela eta hori gutxi balitz, petrolioak gerrate are latzagoak piztuko dituela.
Hamar, hogei, hogeita hamar urte barru gerta daiteke, data zehatzik ezin igarri, baina logika huts eta garbiak dakar iragarpena.
Erregai fosil gutxiagorekin (ala gabe) bizitzen ikasi beharra dagoela argi dago hortaz, Transitionen funtsetako bat, ez bada garrantzitsuena, hauxe da. Gakoak: formazioa, tokiko ekonomiaren sustapena, ingurugiroaren errespetua eta, noski, erregai kontsumoaren murrizketa ahalik eta handiena.
Azken horretan dator, aurrez azaldutako transformazioa, egunerokoan hartutako erabakiek ekarriko dute pentsamoldearen eta ohituren aldaketa, ondorioz, baita gizartearena ere eta antolaketa ekonomiko berria ezinbestekoa izango da. Argazkia: Stock Exchange (Stock.XCHNG)
Gizarte iraultza horizontala da hori. Aberastasuna pertsonala da eta, ekonomikoak ez bezala, aberastasun horren etekinak ez dira gerokoak, prozesuan bertan parte hartuta datoz hazkunde pertsonala, hau da, ongizatea, guztiok bilatzen dugun hori, eta garapen ekonomikoak ekarri ez duena. (puntu hau ere gutxik ukatuko dute).
Egun hauetan Madriden eta beste hainbat tokitan, Politikari eta sistemarekin kexu diren horientzako erantzun egokia izan daiteke Transition ekimena, norbanakoaren erabakia baita gauzak aldatzeko bidea.
Mugimenduaren diskurtsoak berak ere pista argigarriak ematen ditu. Egoeraren aurrean hiru jarrera mota bereizten dituzte eta Transition laugarren bidea erraztera omen dator.
Zera, pentsa genezake, egoera ez dela hain larria eta etorkizunean gauzek modu antzerakoan jarraituko dutela, agian azkarragoa eta politagoa izango dela etorkizuna, beste gabe; pentsa genezake, apokalipsia datorkigula gainera; eta hirugarrenik, imajina dezakegu garapenak eta teknologiak konponduko dizkigula arazo guztiak etorkizunean. Baina garapen mota honetarako hain beharrezkoa den petroliorik gabe, nola?
Transitionek tokiko komunitateei egoeraren aurrean moldatzeko malgutasuna izaten erakutsi nahi die eta petrolioaren gailurraren zein klima aldaketaren latzena ekiditen lagundu. Energia behar gutxiagoko bizitza bai baina gehiago betetzen zaituena, horra lema.
Erantzunak eta ekimenak mila izan daitezke eta horietako asko aurkitzeko gure ingurura ere begira genezake, Transition Townik oraindik ez badago ere (dagoeneko 160 herri daude munduan zehar proiektu eta asmo ezberdinekin) filosofia horrekin bat etor daitezkeen makina bat iniziatiba daude dagoeneko martxan. Kontsumo taldeak, bertako nekazari eta ekoizleekin hornitutako supermerkatuak zabaltzeko proiektuak, elkartrukeak, bigarren eskuko azoka edota arropa konpondu eta sortzeko ikastaroak, garraioa antolatzeko taldeak... Ekimen apalak baina transition ekimenak, inondik inora.