Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Igor Mera. (ESK sindikatuko militantea): Etxebizitza zerbitzu publiko bat garatu beharko litzateke
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Etxebizitzen gaiak erakarrita, horretan aditu zaitugu. Nolatan hasi zinen esparru honen inguruan beharrean?
Duela zortzi–bederatzi urte ESK sindikatuan militante moduan sartu nintzenean hasi zen etxebizitzaren gaiarekin dudan erlazioa. Hain zuzen, gazte talde bat sortu genuen eta eremu sozioekonomikoan gazteriaren egoera zein zen hausnartzen hasi ginen. Ikusi genuen lan prekarietatearen lanketa esaterako, sindikatuaren muinean sartuta zegoela, baina beste gai batzuk identifikatu genituen gazteen bizi proiektuak burutu ahal izateko traba moduan eta nagusiki, etxebizitzaren arazoa handia zela ikusi genuen eta gaia lantzeari ekin genion.
Horren harira, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, eragile ezberdinen arteko plataforma bat sortzeko ekimen bat ipini zuen martxan etxebizitzarako eskubidearen aldeko lanketa bat egiteko xedez. Zenbait sindikatu sartu ginen (ELA, LAB, STEE–EILAS ...) eta hainbat gizarte eragile. Lauzpabost urtez aritu ginen egiteko horretan, neu hasieran ESKko kide moduan, baina gerora EGKk kontratatu ninduen, eta bertako langile moduan jarraitu nuen esparru horretan beharrean. Argazkia: CC BY — Live Zakynthos
Asko aldatu da egoera garai hartatik hona?
Aldaketa nagusia etxebizitza boomaren eztanda izan da, noski. Honetan hasi ginenean etxebizitzarako sarbidea eskubidea barik, luxu bat bezala kontsideratzen genuen eta, eredu ekonomikoaren ardura zela ikusten genuen. Ohartu ginen burbuila bat ari zela puzten eta bagenekien momenturen batean eztanda egin eta egoerak okerrera egingo zuela.
Eta orain aldiz, eszenatoki horretan gaude, duela bizpahiru urtetatik ari gara ondorioak pairatzen. Lehen arduratzen gintuen gaia etxebizitzarako aurreneko sarbidea baldin bazen, orain beste gauza batzuk gehitu zaizkio kezka horri. Adibidez, askok ezin dute hipoteka ordaindu eta euren etxeetatik kaleratzen dituzte; eta jakina, injustizia handia dago sistema horretan, banketxeak zure etxea eskuratu arren, ordaintzen jarraitu behar baituzu.
Eta lan kontuak gaizki egonda, alokairuan bizitzeko abagunerik ere ez dute askok.
Iruditzen zaigu ez dagoela benetako alokairu merkaturik, oso txikia baita eta oso etxebizitza gutxi jartzen dira alokairuan, garesti, gainera. Lehen behintzat gazteen aldetik etxea konpartituz egiten zuten agian etxebizitzarako lehen sarbide hori, baina ez zen dinamika orokor bat. Benetako asmoa etxebizitza bat bikoteka erostea izaten zen, datuen arabera, garai batea %90ak egiten zuen hori.
Orain aldiz, lan egoerak nabarmen egin du okerrera, langabezia tasak bikoiztu edo hirukoiztu egin dira azken urteetan, batez ere gazteen artean. Eta bestaldetik, kredituak emateko orduan ere, banketxeek euren politika aldatu dute eta ez dituzte lehen beste erraztasun ematen. Ezta Babes Ofizialeko Etxebizitzak erosteko orduan ere; iturri onetik dakigu jende askok errefusatu behar izan diola zozketa bidez egokitutako etxeak erosteari.
Babes Ofizialeko Etxebizitzak aipatu dituzula, askotan izaten dira eztabaida iturri: errentan eman beharko lirateke eta ez saldu.
Guk beti izan dugu oso argi etxebizitza eskubidea izan beharko litzatekeela eta berez, hori administrazio publikoek bultzatu beharko luketela. Ondorioztatu genuen etxebizitza zerbitzu publiko bat garatu beharko litzatekeela eta bertatik etxebizitzak esleitu, bai berriak edota zaharrak, baina alokairuan soilik.
Eta gainera, politikak ez luke izan behar soilik etxebizitza berriak eraikitzea, baizik eta jadanik eginak daudenak eta erabilerarik ez duten horiek merkaturatzearen alde egin beharko litzateke, babes ofizialeko sistema horren barruan. Argazkia: CC BY — woodleywonderworks
Gainera, deigarria da zenbait tokitan dauden etxebizitza hutsen kopuru handia, ezta?
Pilo bat dira, bai! Laster irtengo da errolda berria, baina 2001ean lan egin genuen erroldako datuen arabera, urte hartan Euskal Herrian ia 100.000 etxe huts zeuden, eta etxebizitzara lehen sarbidea behar zuten gazteen kopurua ez ziren zifra horretara iristen!
Orduan, zergatik eraiki gehiago? Gainera jakinik, batez ere turistikoak diren zonaldetan egoera oso–oso larria dela: Bakio, Donostia, Zarautz... Toki horietako gazteek herritik joan izan behar dute etxebizitzak eskuragaitzak direlako, eta aldiz, uda garaian jende andana joaten da; kontraesan handi bat dago eta konpondu egin behar da. Egoeraren ondorioz udalerri horietan ez dira zerbitzu publikoak garatzen eta udan egoera eskuetatik joaten zaiela ikusten dute.
Kapitalismoak eragina eduki du guzti honetan.
Bai, noski, horrela izan da. Kapitalismoak halere, ez du berdin eragiten lurralde bakoitzean, baina gure ereduari dagokionez —frankismo garaitik datorrena, hain zuzen— etxebizitza beti ulertu izan da garapen ekonomikoa lortzeko zerbait bezala.
Azken hamarkadan, horri espekulazio dinamika potolo bat gehitu zaio. Gainera, Alemaniako banketxeek diru pilo bat zeukaten inbertitzeko eta estatu espainiarrean higiezinen merkatuarekin egin zuten tupust; diru ugari sartu zuten gure sisteman eta burbuila sortarazi zuen horrek. Diru asko zegoen inbertitzeko eta beraz, etxeak egin eta egin hasi ziren eta etekin mordoa jasotzen hasi ziren, hori bai, dinamika espekulatzaile baten barruan. Askok bagenekien horrek eztanda egingo zuela denborarekin.
Orain galdera da, dinamika horretara bueltatuko ote garen, eta nik neuk zenbait alderdi politiko horretan ikusten ditut, gobernuak (bai Eusko Jaurlaritza eta baita Espainiakoa ere) bide horretan murgilduta daudela iritzi diot. Ez dute beste eredu ekonomikorik, eta euren errezeta bakarra eztandaren aurretik zegoen egoerara itzultzea da.
Historia errepikatzeko arriskuarekin, gainera!
Eta berriro errepikatuko da! Jaurlaritzaren plan berria begiratuta, etxebizitzak motor ekonomikoa izan behar duela eta merkatu hori martxan ipini behar dutela argi daukate. Babes Ofizialeko Etxebizitzak baliatuko dira, eraikuntza publikoak...
Hori da duten logika eta horretara bueltatuko gara, zoritxarrez. Gauzak aldatu ezean ziklo berri bat irekiko da, berriro espekulatibia, burbuila puztuko da eta ikusiko dugu noiz puskatuko den. Argazkia: CC BY — woodleywonderworks
Beste herrialde batzuei begiratuta alokairua bultzatzen dutela ikusten dugu. Horretara iristeko mentalitatez aldatu beharko genuke?
Mentalitateak sortu egiten dira, eta hori diseinu politikoa eginez lortzen da. Gure hirigintza eta ekonomia legislazioetan, esaterako, dena dago pentsatua pertsona bat erostera bultzatzeko, hor baitaude erraztasun guztiak. Esaterako, alokairurako promozioak egitea oso zaila da, eta gainera, horri lotutako kenkari fiskalak ez dira oso altuak...
Gainera urteak bizi izan ditugu erosketarako erraztasunak edukita, eta normaltasun bilakatu da azkenean. Beste herrialde batzuetan Alemanian kasu, administrazio publikoek eraikuntza politika indartsuak egiten dituzte eta horiek alokairura bideratzen dituzte soilik; baina gainera, legislazioak ez du salerosketa hobesten, alokairua baizik.
Beraz, momentuz pentsaezina da egoera hori ezartzea hemen.
Inbertsio bat egin eta epe motzera horri errentagarritasun handia atera gura badiozu, erarik hoberena saltzea da, dirua momentuan lortuko baituzu. Alokairua sustatzeko politikarekin etekina, hamabost urtetara eskuratuko duzu, esaterako. Eta epe laburreko kapitalismoan sartuta gaudenez gero, ez da baloratzen.
Ez dugu hitz egin etorkinek bizi duten egoerari buruz...
Beti esan izan dugu hemen arazo kuantitatiboak gazteei eragiten ziela baina bestalde bazeudela auzi kualitatibo batzuk eta larriagoak zirenak, asko.
Etorkinen etxebizitzarako sarbidea aurkitzen dugu horien artean; lehenengo sarbideari dagokionez, zuzen–zuzenean pairatzen dute diskriminazioa. Horren harira, SOS Arrazakeriak ikerketa adierazgarri bat egin zuen duela bi urte. Alokairuan zeuden etxebizitza batzuetara deitzen zuten aurrena etorkinek, eta askotan etxe hori merkatuan ez zegoela esaten zieten. Eskegi eta berehala bertako batek deitu eta bestelako erantzuna jasotzen zuen, eskuragarri zegoela, noiz ikusi gura zuen eta abar. Eta gehiegitan ematen den egoera da, tamalez.
Baina bestaldetik gainera, badago auzi bat, hain zuzen, etorkinak zer nolako auzoetan bultzatzen ditugun bizitzera. Toki batzuetan ghettoez hitz egiten has gaitezke; Bilbon San Frantzisko eremuak urteak daramatza egoera horretan, baina ez da leku bakarra. Eta gutxi balitz, kalitate baxuzko etxeak izaten dira gehienetan, eta jende gehiegi bizi izaten da batera toki berdinean...
Etorkizunera begira, konponbide zaila, ezta?
Egoerari buelta emateko konpromiso politikorik gabe, etorkizuna beltza da denontzat. Hemengo gazteok normalean, etxetik joateko orduan arazoren bat badugu, gurasoak gertu ditugu laguntzeko. Bizitza proiektua zapuztuko da, baina behintzat duintasunez bizitzeko aukera daukagu.
Baina noski, kanpotik etorrita eta ez baduzu inortxo ere, zure burua edozer eskuratzera edota edozein baldintza onartzera behartuta ikusten duzu, dela lanari edota etxebizitzari dagokienez. Ez dute horren erraz pentsatzea, “hau ez da komenigarria niretzat eta gurasoengana bueltatuko naiz”; porrot izugarri da euren migrazio prozesu horretan. Igor Mera (Barakaldo, 1979) Igor Mera Uriarte barakaldarra Psikologian lizentziatu zen. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan Etxebizitza saileko teknikaria izan zen eta ondoren enplegua eta beste ere jorratu zituen. EGKko lehendakaria izan zen baita ere urte batez. Gizarte mugimenduetan sartuta dabil, etxebizitza arloari lotuta, bai eta bazterketa sozialaren gainean lan eginez, esaterako. Gaur egun, ESK Sindikatuan dihardu aholkulari bezala.