586 Zenbakia 2011-07-08 / 2011-07-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aski da! Eraso sexista gehiagorik ez!

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Kezkagarria da. Gehiegitan ikus–entzuten ditugu genero indarkeriarekin lotuta albisteak. Gizarte honek daukan gaitz izugarria da, eta egunen batean izurriak amaiera edukiko ote duen zalantza pizten zait zenbaitetan. Halere, esperantza galdu behar ez dela eta, baikor izaten ere saiatzen naiz.

Duela ez horrenbestera arte pentsatzen genuen halako egoerek jende nagusiei soilik eragiten zietela, baina badira 20 eta 30 urte bitarteko gazteengan kasuak ugaritu egin direla erakusten duten hainbat datu. Eta beldurgarria deritzot, hori aldatu ezean, denbora luzez emango baita egoera berbera.

Gehienetan joera izaten dugu genero indarkeria bortizkeria fisikoarekin identifikatzeko soilik. Eta orain dela pare bat urte Mila Amurrio, EHUko Soziologia irakaslea elkarrizketatu nuenean, hark esandakoak grabatuta geratu zitzaizkidan buruan: Gazteei indarkeria psikologikoaren identifikatzea kostatzen zaie. Horren kasu argiak ez direlako, fisikoaren eta sexualarekin alderatuta, ziurrenik. Beraz, etxeko txikienetatik hasi behar dugu aldatzen, bortizkeria berbal eta fisikoaren gainean kontzientziatzea funtsezkoa izanik.

Dena den, argi dago gauzak aldatu direla. Duela zenbait hamarkada erasoak jasaten zituzten pertsonek zerbait gaizki egin eta merezi zutela uste zen. Egun, jendartearen gehiengoak argi dauka ez dela horrela, eta SALAKETA gehiago ematen dira ondorioz, nahiz eta maiz okerrena eragozteko nahikoa ez dela ikusten dugun.

Halere, ez gara isilik geratuko, eta emakume, gizonezko eta haurrek pairatzen dituzten indarkeria kasu guztiak salatzen jarraituko dugu, ASKI DA! ozen batekin.

Argi geratu dadila: nekatuta gaudela egoeraz!