585 Zenbakia 2011-07-01 / 2011-07-08
Altuagoa izango banintz. Meheagoa izango banintz, ile horia, modeloa edota karreretako pilotua...
Gauza batzuekin amesteak ez dauka ezer txarrik, baldin eta lortzeko gai izango bagara edo behintzat ahalegina eginda eta lortu ez arren helburu errealista baten atzetik gabiltzala jakinez gero. Beste hainbatetan aldiz, ez zait iruditzen izango banintz horrek inolako mesederik egiten digunik. Esplikatzen naiz; maiz, garen modukoak garela onartu beharrean, ezin izango garen zerbaitekin amesten dugu, eta horrek gure burua ez baloratzea dakarrela iruditzen zait.
Neska zein mutil izan, gizon ala emakume, sarritan konplexuak edukitzen ditugula ezin ukatu. Albokoak hobeak direnaren sentsazioa sortzen zaie askori, hala, haien azalean egon nahiko lukete. Eta hori sanoa al da? Ezezkotan nago. Ez al litzateke hobe, garenaz harro sentitu eta ispilura begiratu eta ikusten duguna gustuko izatea?
Norberaren auto–estimuak garrantzia dauka guzti horretan, zalantzarik gabe. Halere, ezin ahaztu dugu gizarteak berak ?edota publiziztek, telebista kateek...— inposatzen dizkigun estereotipoak. Guztiok izan behar dugu lerden, denok mehetasunaren morroi.
Eta hor dago arazoa. Bakoitza bakarra dela eta ezin gaituztela zaku berean sartu. Zenbat arazo psikologiko sortu ote dira historian zehar eraikitako gezurrezko irudi idealen ondorioz? Gure buruak ez maitatzeak badakizkigun arazoak ekartzen ditu: elikadura ohitura arazoak, depresioak, eta heriotzak zenbaitetan...
Maite dezagun albokoa den modukoa izateagatik, onartu dezagun ez garela besteak baino gutxiago, gureak ere garrantzia daukala eta errespetatu desberdina dena. Zoriontasuna gure zain dago eta!