Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Elixabet Ayçaguer. (EHZ Elkarteko lehendakaria): Helburua ez da musika hutsa kontsumitzeko festibala eskaintzea
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: EHZ Festibala
Iparraldea XXI dokumentalean agertu zinen, hain zuzen hegoaldeko gazteek iparraldeari buruz dituzten topikoak hautsi gura zuen lanean.
Oraindik ere uste asko daude, eta nola ez, beti lotzen da gure lurraldea Pastoralarekin edota Maskaradekin. Eta esan behar da Ipar Euskal Herrian baditugula bestelako proiektu gazteak, eta modernoak, eta EHZ Festibala dugu horietariko bat! (barre) Argazkia: © EHZ Festibala.
Zuk zeuk aspalditik daukazu EHZ Festibalarekin erlazioa, ezta?
Azken hiru urtetatik EHZ elkartearen lehendakari karguan egon arren, badira hamar urte laguntzaile moduan ari naizela. Arrosan egiten zenean parte hartu nuen aurrena, handik Idauze Mendira igaro ginen eta bertan sartu nintzen administrazio kontseiluan. Ondoren, poliki ardura gehiago hartzen joan nintzen; hiru urte dira Heletara etorri ginenetik eta bertan eman zidaten lehendakaritza.
Arrunt ezberdina da oraingo zeregina. Kanpoko jendearekin harreman gehiago dut, lehen sentitzen ez nuen zerbait, eta egitekoak ugaritu zaizkit eta gauza gehiago galdegiten dizkidate.
Eta ez da nolanahiko lana burutzen duzuena. Nola moldatzen zarete EHZ moduko festibal erraldoi bat aurrera eramateko?
Lantalde handia dago atzetik, ez pentsa! Esaterako, badago administrazio kontseilu bat eta bertan 15 kide gabiltza, eta bakoitza komisio baten arduraduna da. Esaterako, ostatuak, harreman publikoak, komunikazioa, apainketa, segurtasuna, teknika, programazioa, brigada berdeak...
Urte osoan zehar lan egiten dute hamalau komisio horiek hiru egun irauten duen festibala prestatzeko. Bi langile eta postu erdiko lan bat ordainduak dira, baina gainerako guziak boluntarioak gara. Halere, ez dugu hiru eguneko festibal hutsa izatea nahi eta urte osoan gaualdi ezberdinak antolatu ditugu.
Mugetatik At, EHZko 2011ko leloa.
EHZk baditu balore anitz — euskara, internazionalismoa, kontra–kultura, eskubide zibil eta politikoak, ekologia eta abar— , festibalaren 16 urte hauetan fama hartu dutenak, hain zuzen; baina badira bi urte ideiak berritzeko proiektu bat berridazten ari garela.
Gure helburua ez da musika hutsa kontsumitzeko festibal bat eskaintzea, baizik eta jendea etorraraztea eta elkarren artean hartu–emana egotea. Aurten kristoren lana egin dugu Mugetatik At lema garatzeko, eta buruturiko ekimenen artean nik anitz maite izan dudana, publikoa, laguntzaileak eta artistak bildu eta festibalean parte hartarazi ditugula da, aktore bilakatuz. Argazkia: © EHZ Festibala.
Hala, esaterako EHrZ lehiaketa antolatu dugu, eta Euskal Herri osoko talde txiki batzuk gomitatu eta irabazleek Biarritzeko Atabal aretoan kontzertu bat emateko aukera izan dute. Aurten 60 taldek proposatu dute euren proiektua eta publikoak Internet bidez bozkatu du haientzat. Horietatik hiruk izan dute zantza beste talde handiagoekin aritzeko —2011n Willis Drummond eta Punish Yourself taldeen ondoan jo dute.
Gainera, Zine gaualdia burutu dugu, musika eta borrokaren arteko lotura eginez. Baionan proiektatu genuen film bat eta ondotik gomitatu genituen musika arlo ezberdinetako artista anitz, gazte ala zaharrak. Ondoren debatea egin zen eta bakoitzak proposatu ahal izan zuen nolako lotura egiten zuen gaiaren eta musikaren artean.
Gainera, Festibal denborarako Mezu komisioa sortu da, eta anitz gauza proposatzen dituzte; izanen dira konferentziak, bideoak, debateak...
Lemaren inguruan bestalde, jendeari dei egiten diogu mugen gainetik pasatzera, eta zer pentsatzen duten erraitera animatu, eta abar.
Festibal parte hartzailea proposatzen duzuela zalantzarik ez!
Hala da, jendearen inplikazioa bilatzen baitugu! Elkarteen Herrixka ere bada festibal denboran, eta elkarte ezberdinak gomitatuak dira eta merkatua egiten da euren arteko partekatzea burutuz eta Euskal Herriaren erakusleiho bilakatuz. Egongela bat atonduko dugu baita ere, non egunkariak–eta proposatuko ditugun eta jendeak bertaratu, irakurri, gogoeta egin eta hitz egiteko abagunea edukiko du.
EHZren beste ezaugarrietako bat, toki ezberdinetatik laguntzera gerturatzen den jende andana da.
Biziki garrantzitsua da jasotzen dugun laguntza eta gainera, festibalaren sorreratik mantentzen den ezaugarria dela gaineratu.
Bestalde, erran nahiko nuke hegoaldetik jasotzen dugun babesa oso inportantea iruditzen zaigula, eta gauzak asko konplikatuko liratekeela lagun horien ekarpenik gabe. Gainera, hainbat herriko etxek ere laguntzen gaituzte eta autobusak ere antolatzen dituzte urtero festibalera etortzeko. Argazkia © EHZ Festibala.
Datuak aipatzearren, urte guzian zehar baditugu 50 lagun inguru elkartearen inguruan lanean; muntaketa garaian berriz, ehun bat pertsona gerturatzen dira eta momentu gozoak bizi izaten ditugu; eta aldiz, festibalak irauten duen hiru egunetan zehar 600 bat. Zinez ederra da, eta gainera bada laguntzaileen xoko bat eta elkarbizitza egiten dugu bertan, batzuek besteentzako jana egiten dute, elkarrekin jaten dugu... Antolaketa handia eta biziki aberatsa da.
Eta hori, gazteak ezertarako mugitzen ez direnaren aurreiritziaren kontra!
Hamasei urte daramatzagu gauzak ongi egiteko gai garela erakutsiz. Beti kritika anitz badira eta Heletara iritsi ginen urtean ere herritarrak aho zabalik geratu ziren egin genuen lanarekin eta hor irabazi genuen heletarren errespetua.
Orduan, familia erraldoi horren parte izatera pasa dira herritarrak?
Ahalegindu gara herritarrekin harreman ona lortzen. Noski, bistan da zaila dela denekin ongi eramatea; 700 biztanleko herri batetan gaude eta hiru egunez festibala aurrera eramateko antolakuntza handia da eta saiatzen gara guziekin ongi egoten.
Gainera, pentsatu behar dugu herritarren lurretan aritzen garela eta festibalaren ondoren laborariek lur horiek behar dituzte lan egiteko; batzuek musu truk uzten dizkigute tokiak eta beste batzuek ez, proiektuan parte hartzeko manera ezberdinak daude! (barre) Ez da beti erraz.
Gu, ingurugiroarekiko errespetuz jokatzen saiatzen gara eta errespetu hori sentituta hobeki itzultzen ditugu lurrak baita ere. Horren erakusgarria da, festibal osteko larunbatean biltzen garela urte guztiz laguntzaileak izan direnak eta baita heletar ugari ere; pentze guziak garbitzen aritzen gara, zigarro arrastorik ez geratzeko lurrean. Polita da ikusteko, ematen baikara lerrotan eta azken eguna izanik, giro ederra sortzen da.
Oro har, balore anitz baditu festibal honek, eta gurekin bat egiten duten pertsona guziak kutsatzea dugu xede, hasieratik amaierara arte.
‹‹EHZ Festibaleko webgunea›› Elixabet Ayçaguer (Amikuze) Baxenabartarra da Elixabet Ayçaguer, amikuztarra. Psikologian lizentziatua zen eta egun, Hezkuntza Bereziko ikastaroa egiten dihardu Biarnon; arlo hori landuz elkarte batetan dihardu zailtasun sozialak dituzten lau gazterekin lan egin eta haien autonomia bilatzen laguntzeko xedez. Arrosako garaietatik ezagutzen du EHZ festibala, eta beste makina bat gaztek lez, laguntzaile moduan jardun du urteetan; 2008tik aldiz, EHZ elkarteko lehendakaria da.