Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Igor Ezpeleta. (Senzala Euskadi Capoeira eta Kultura Elkartea): Ostiko pare bat ematea baino gehiago da Capoeira
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Senzala Euskadi
Akaso oraindik geratzen da capoeira zer den ez dakien despistaturen bat.
(barre) Labur azaltzeko, capoeirak Brasilen dauka jatorria, eta esklabo afrikarrek behar batzuei erantzuteko asmatu zuten. Izan ere, baldintza kaxkarretan egun osoa lanean pasatu ondoren, nolabait askatu edo egoera hartatik aldentzeko eta beraien alde espirituala lantzeko modu bat zen; abestiak kantatzen zituzten, musika egin... Eta alderdi fisikoa ere garatzen hasi ziren, ostikoak eta beste sartzen.
Ondorioz, alde batetik borroka artea da, baina gaur egun ematen zaion ikuspegia hori baino zabalagoa da. Musika alderdia askoz ere gehiago lantzen da, eta oro har, kultura ezberdin bat ezagutzea ekartzen digu. Espresio kultural bat dela esan genezake eta kirola eginez ongi pasatzeko aukera, gainera! Argazkia: © Senzala Euskadi.
Irakurri dudanarengatik Brasilen XX. mendeko 50.hamarkadara arte debekatutako zerbait izan zen...
Azken finean, esklabotzaren abolizioa eman zenean, jendea libre bai baina ezer gabe geratu zen, inork ez baitzuen esklaborik nahi inguruan. Orduan, langabezia tasa altua zegoen beraien artean eta bizirauteko zerbait bezala hasi ziren erabiltzen capoeira, delinkuentziari bidea emanez.
Horrek izen txarra eman zion capoeirari, eta kalean praktikatzea debekatu zuten, eta harrapatzen zituztenak kartzelara ere eramaten zituzten, harik eta 50.hamarkadan debekua altxatu zutenera arte.
Zuk zeuk Edinburgon ezagutu zenuen capoeira, eta gaur irakaslea zaitugu.
Hala da, eta esan behar dut kasualitatez ezagutu nuela mundu hau. Izan ere, hasiera batetan futbolean hasteko asmoa neukan, betidanik egin dudan kirola baita. Baina bertara iritsi nintzenean, capoeira ikastaro batzuen berri eduki, izena eman eta pila bat gustatu zitzaidanez, horrekin jarraitu nuen.
Bi urte eman nituen Edinburgon eta Euskal Herrira bueltan entrenatzen jarraitu nuen. Eskoriatzako udaletxeari lokal bat eskatu nion, eta utzi zidaten trebatzeko toki bat. Jendearen belarrietara iritsi zen capoeira, kuriositatea sartu, gerturatzen hasi eta poliki–poliki ikastaroak ateratzen joan ziren: Eskoriatzan, Arrasaten, O?atin...
Eta hortik Senzala Euskadi taldea sortzera pasatu zinen.
Hori da. Hasiera batetan nire asmoa entrenatzea zen bakarrik, baina inguruan ez neukan talderik eta denborarekin sortu zen, halabeharrez. Gaur egun, udalerri ezberdinetako 25–30 heldu eta 50–60 haur gara Senzala Euskadiko kideak.
Nik Edinburgon entrenatzen nuen taldeak Senzala Eskozia zeukan izena, hain justu, Rio de Janeiron 1963an sortutako Capoeira Senzala taldearen adarra dela esan dezakegu; eta nire irakaslearen oniritziarekin Senzala Euskadi eratzea erabaki genuen.
Horren harira, kontaktuan jarraitzen dugula aipatu; urtean zehar ikastaroak antolatzen ditugun arren, bi hilabetean behin edo nire irakaslearekin —brasildarra da baina Ingalaterran bizi da— edo Europan zehar barreiatutako beste talde batzuekin zerbait antolatzen ahalegintzen naiz. Argazkia: © Senzala Euskadi.
Hala, gure kideak ere talde ezberdinekin kontaktuan egoten dira. Eta hartu–eman horren kurtso amaiera moduan azken urteetan ohikoa bihurtu den topagunea burutzen dugu.
Hitz egin dezagun erabiltzen duzuen terminologiaren gainean: mestre, contramestre, profesor eta instructor ditugu, esaterako.
Orokorrean, mundu mailan irakasle nagusiari, maila gorenekoari Mestre esaten zaio, adibide bat ipintzearren, beste diziplina batzuetan senseia izango litzatekeena. Contramestre maila bat beherago egongo litzateke, profesor gero eta instructor azkenik. Neu oraindik instructor mailan nago, eta zazpi urte bakarrik baitaramatzat honetan.
Maila bat edo bestea eduki, talde bakoitzak modu ezberdin batetan erabakitzen du noiz igaro batetik bestera; izan ere, capoeirak ez ditu bi mila urte, berriagoa da, eta egitura oraindik zehazteke dago. Gainera, iruditzen zait capoeiraren jatorriari erreparatuta, gauzak ere ez direla beste diziplina batzuetan ematen diren moduko zurrunak, askoz irekiagoa da, zorionez.
Ondorioz, batzuek azterketa egitea erabakitzen dute mailaz igotzeko, baina bestetan irakasleak beraiek dira ikasleek maila daukatela erabaki eta gerrikoa ematen dutenak. Salbuespen gisa, ikasle izatetik lehenengo irakasle izateko urratsean beti egiten dela azterketa.
Beste berba bat: Senzala.
Brasilen esklaboak bizi ziren txabolei deitzen zitzaien senzala eta 1963an Rio de Janeiron sorturiko taldeari izen horixe eman zitzaion, sustraiak non dituen gogoratu eta azkenean etxean zauden sentsazio hori sorrarazteko.
Egiten duzuenari begiratuta, suposatzen dut derrigor baldintza fisiko jakin batzuk eduki behar direla...
Ez, gogoa eduki behar da bakarrik! Noski, erakustaldi batetan 10 urtez capoeira praktikatzen duen bati begiratzen badiozu, zaila ematen du. Baina gauza berdina gertatzen da aurreneko aldiz mendiari buruzko irudi bat sortzerakoan; Juanito Oiarzabal zortzi milako batetan ikusten baduzu beldurtuko zara! Hori egiteko aurretik asko trebatu behar da!
Bestalde, capoeirak badauka ezaugarri polit bat. Lehiaketa bat ez denez , bakoitzari bere erritmora joateko aukera ematen dio. Hala denetarik ikusten da antolatzen ditugun ikastaroetan: bere bizitzan zehar kirol mordoa egin eta zerbait berria praktikatzera animatzen direnak datoz, baita ia inoiz kirolik egiten ez dutenak ere, edota musika gustuko dutelako etortzen direnak, borroka arteen munduaz liluraturik daudenak... Argazkia: © Senzala Euskadi.
Egia da aurreneko eskolaren ondoren ezer egin ez duzula dirudiela, tontakeria bat dela; baina hurrengo egunean gihar–minak agertzen dira eta orduan konturatzen zara benetan zer den.
Bestalde, erritmorik ez daukatenak ere animatzen direla gaineratu! Arazo gehiago edukitzen ditut erritmoa irakasteko, ostikoak irakasteko baino. Hau landu egiten da, musika entzun, probatzen joan... Eta azkenean eskuratzen da.
Borroka, musika eta dantza uztartzen dituela kontuan hartuz, ikastaroetan ere denetarik landuko duzue, ezta?
Capoeiraren %50a alderdi fisikoa da, eta beste erdia aldiz, musika, abesti eta abarrez osaturik dago. Gainera, capoeira ezin da ulertu musika barik, ezin baitituzu urratsak jarraitu erritmorik gabe.
Guk normalean klasearen zati bat CD baten laguntzarekin burutzen dugu, baina azken hamar edo hogei minutuetan musika instrumentuak atera eta horiek jotzen, txaloak ematen, edota abestiren bat kantatzen irakasten dugu. Azken hauek gainera portugesez direnez gero, apur bat azaltzen ditugu kanten nondik norakoak. Beraz, mugimenduak irakasten diren bezala, musika arloa ere garatzen dugu.
Azkenean, benetako capoeira erakustaldi bat ikusten duzunean, korro bat egiten dela ohartuko zara, inguruan instrumentuak jotzen, besteak txaloka eta abesten aritzen dira eta erdian pare bat pertsona capoeira jolasten.
Dantza ezberdinak irakasten omen dituzue, gainera.
Ezin dugu ahaztu capoeira kultura baten parte dela, eta horren baitako beste dantza batzuk ere jakin behar ditugula. Hainbat aipatzearren, samba, makulele —makil eta danborrekin erabiltzen dena—, puxada de rede — antzina arrantzaleek erabiltzen zuten dantza estiloko bat, denek erritmo bera jarraituz sareari tira egiteko— ...
Oro har esan genezake ez dela klasera joan eta ostiko pare bat ematea bakarrik, askoz ere osatuagoa baita capoeira bera, eta ondorioz, guk geuk ematen ditugun eskolak. Argazkia: © Senzala Euskadi.
Azken urteetan Udako Capoeira Topagunea antolatzen duzue.
Bai, 2011ko ekainaren 23tik 26ra burutuko duguna orain arteko seigarrena izango da eta helburu nagusia ikasturteari amaiera ematea da. Zarautzen elkartzen gara toki aproposa dela ikusten baitugu: hondartza dago, aterpetxea —120 lagun inguru biltzen garela kontuan hartu behar da...
Hala, talde ezberdinetako irakasleak gonbidatzen ditugu, bai Euskal Herrikoak baina baita nazioartekoak ere, eta ekimen desberdinak burutzen ditugu. Udalekuak izango balira moduan daude antolatuta, egia esan eta denetarik egiten dugu: mendi ibilaldiak, akrobazia ikastaroak, irakasleen erakustaldia, yoga...
Eta gainera badugu beste xede bat, hain zuzen, capoeira kalera ateratzea; horretarako, esaterako, Zumaian, festa brasildar bat antolatzen dugu hondartzan.
Ikastaroez gainera, Batizadoa burutzen dugu topagunean, hau da, gerrikoak aldatzeko eguna. Programaren zati txiki bat izan arren, oso momentu hunkigarria izaten da, ezen ikasleek gerrikoa aldatzeko aukera daukate, edota beste batzuek, euren aurrenekoa eskuratzen dute zeremonia txiki baten.
Laburbilduz, zergatik probatu beharko genuke capoeira?
Kirol arlotik hartuta, beste alor batzuetan egiten ez diren mugimenduak burutzen dituzu capoeiraren bidez; umeen antzera lurretik ibiltzen zara gora eta behera... Fisikoki lantzeko, beraz, aukera ezberdinak ematen ditu, eta gainera, taldean burutzen den zerbait izanda, polita da.
Eta bestalde, abesti, musika, dantza eta burutzen diren topaguneen bidez, oso jende ezberdina eta hauek eduki ditzaketen pentsaera anitzak ezagutzeko abagunea ematen du. Baita egunerokotik deskonektatzeko aukera ere! Eta bukatzeko, arimarentzako ona dela esango nuke!
‹‹Senzala Euskadiren webgunea›› Igor Ezpeleta (Eskoriatza, 1978) Igor Ezpeleta gipuzkoarrak unibertsitatera joateko orduan Informatika ikasketetan eman zuen izena. Masterra egitera abiatu zen Eskozia aldera, Edinburgora, eta bi urte eman zituen han; bertan ezagutu zuen capoeira, eta praktikatzen hasi zen. Egun, kultura mugimendu horren bueltan antolatu du bere bizimodua eta Senzala Euskadi Taldeko sortzailea dugu.