Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXVIII): Bertizko Jaurerrian zehar
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Nafarroako bazter liluragarri batetara gonbidatzen zaitugu eta kirola egiteko arropa aproposa jantzita abiatuko gara Bertizko Jaurerrian barna. XVII. mendeko jauregia. Argazkia: © Archivo Sahats (3digitala)
Baztanetik nahiko gertu aurkitzen da bisitatuko dugun parke naturala. Interesgarria da tokia aurrez pixka bat ezagutu gura izanez gero Tenientetxea baserriraino gerturatzea; bertan Naturaren Interpretazio Zentroa dago eta hiru solairutan banatuta, askotariko datuak eskuratu ditzakegu. Parkearen maketak edota argazkiek, esaterako, nondik nora jo dezakegun jabetzen lagun diezagukete, eta gainera multimedia ikus–entzunezko batekin ere gozatu ahalko dugu, besten artean. Jauntxoen lurretan
Kanpora irten aurretik, 2000 hektareatik gora dituen toki paregabe honi buruzko hainbat datu emango dizugu. Hainbat jauntxo eduki ditu jaurerriak historian zehar; aurrenekoaren berri edukitzeko, XIV. mende bukaerara egin eta garaiko dokumentu batzuei esker, Pedro Migel Bertizen izena aurkituko dugu.
Ordutik eta XIX. mendera arte, hainbat familia nobleren eskuetan egon zen paraje hau; azken jabeak Pedro Ziga eta haren emazte Dorotea Fernandez izan ziren eta ondorengorik izan ez zutela eta, Nafarroari eman zizkioten lurrak. Hala, apezpikutzak disfrutatu zuen aurrena, eta 1982tik aurrera berriz, Nafarroako Gobernuak kudeatzen du ingurunea. Putzua Bertizko Jaurerrian. Argazkia: © Archivo Sahats. (3digitala)
Gauza mordoa egin ditzakegu Bertizeko Parke Naturalean. Jauntxoen etxebizitza izan zen jauregia (XVII. mendekoa) oso ederra da, eta XIX. mendeko iturri bat dauka aurrealdean. Bestalde, aipatu behar dugu Bertiz Parke Naturala izateaz gainera, lorategi botanikoa ere badaukala bere baitan eta oso bisitaldi polita egin dezakegula bertaratuz gero. Felix Lambert lorazain frantziarrak diseinatu zuen XIX. mendean, eta lau hektarea hartzen ditu. Kaliforniako sekuoiak, palmerak, magnoliak, Txile zein Txinako zuhaitzak eta beste makina bat bitxikeria ditu jauregia inguratzen duen harribitxi honek.
Halere, parkean barneratzeko abagunea dugularik, ez dugu haritz, pago, ametz zein haltzen artean ibiltzeko aukera galduko. Gainera, fauna ere oso aberatsa da Bertiz inguru hauetan, eta begiak ongi zabalduz gero, azeria, lepazuria, azkonarra, basurdea orkatza, pirripioa, txantxangorria, edota kukua begiztatu ahal izango ditugu, nork daki!
Seinaleztaturiko ibilbideak topatuko ditugu segurtasunez ibili ahal izateko, eta oinez edota txirrindu gainera igota osteratxo atsegina burutzeko leku aproposa dela ez dago zalantzarik.
Halere, gogoan izan, aurkitu bezala utzi behar ditugula tokiak; topera gozatu, baina gure aztarna ahalik eta gutxien nabaritu dadila!
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com