581 Zenbakia 2011-06-03 / 2011-06-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Cocker txakurra

ADEVE



Spaniel arraza oso hedatua eta ospetsua da, tamaina ertaina, izaera maitekor, alai eta jostalaria eta bere izugarrizko adimena dira errudunak. Bere ilea oso zetatsu, leun eta gorputzaren atal batzuetan oso fina da, eta oso izurtuta beste batzuetan. Txakurraren kolorea aldakorra da: beltz matea, beltza eta kanela kolorekoa, marroi–kanela eta baita urreko kolorekoa ere. 39 cm–tik 41 cm–tara bitarteko tamaina izan ohi du, eta 12 kg–tik 14 kg–ra bitartean pisatzen du.

Nahiz eta tamaina ertaina eduki, animalia sendo, azkar eta oso kementsua da, atari txakurra izatera ailega daiteke, bere jabea, batasun susmagaitza erabiliz, babesteko gai da. Arren izaera eta emeen izaeraren artean izugarrizko desberdintasuna dago, lehenengoak haserrekorragoak dira, eta halaber, ez dira emeak bezain maitekorrak. Honek esan nahi du, etxean umeak baleude, eme bat edukitzea gomendagarriagoa izango litzatekeela. Heziketa

Cocker kumeari etxebizitzan egotea irakatsi behar diogu. Bakarrik horrela otzantasun absolutua eta akatsik gabeko portaera lortuko ditugu, izan ere maiz, helduek heziketa ezagatik, bitxikeriak edo apetak erakusten dituzte. Batzuetan ar zahar batzuk bere jabeekin umore txarrekoak eta oldarkorrak bihurtzen dira, nahiz eta txikitan horrelakoak ez izan.

Urre koloreko ale batzuengan oldarkortasuna agertzen da. Kausa horrengatik adituek pentsatzen dute, Cockerren portaeraren aldaketa ez dela gertatzen bakarrik heziketa txar batengatik, sortzez ere badirela horrela. Hazleek aukeraketa egiteko orduan, estetika–kalitatea goratu egin nahi izan dute maiz, bere izaera aintzakotzat hartu gabe.

Berarentzat ikastea oso erraza bada ere, ohitura desegokiak hartzea ere oso erraza da.

Ez da gehiegi mimatu behar eta ez zaizkio nahi dituen apeta guztiak ase behar. Kontuan hartu behar da bere izaera oso gogorra dela eta zahartzen den heinean faktore hau aldatzen dela. Hazi ahala, kanpotarren aurrean orro egiten badu edo defendatu nahi badu (nahiz eta leunki hurbildu), errieta egin behar zaio eta jolastera eta bizikidetza egitera bultzatu. Inoiz ez da onartu behar umore txarreko txakur edo marmarti bihurtzea; horrelako joerak ikusi ondoren, korrika eginaraztea ongi dago. Garbitasuna eta elikadura

Ez da oso maiz txukundu behar, nahiz eta pertsona askok kontrakoa pentsatu. Bere ileak gantz bat jariatu ohi du larrua iragazgaiztu eta babesteko. Gantz hau osatzen duten substantzia batzuk eguzkiak bizkortu ondoren, D bitamina bihur daitezke. Hau dela ea ez da gomendagarria sarritan bainatzea, horrek bere larruari berezko babes–sistema kenduko diolako. Maiztasun egokia, hilabetean behin edo birritan garbitzea da.

Bainatzeko, uretan gorputzaren erdira arte sartu behar da, eta xanpu edo xaboi berezi batekin igurtzi. Bainatu ondoren ilajea eskuilatu bi noranzkotan: ilez kontra eta alde. Horrela, ilearen dirdira eta leuntasun ona lortzen da.

Begiak eta belarriak ur epelean sartutako kotoi baten bidez garbi daitezke ,eta hortzak aldiz, kotoi bat erabiliz.

Elikadurari dagokionez esan daiteke orekatua izan behar dela, eta basikoki haragia edo proteinak eman behar zaizkiola. Eguneroko jakiaren kopurua, korrika egiten duen horietarikoa bada, 400 g haragi barazki eta zerealekin osaturik. Halaber, komenigarria astero bi gorringo ematea. Ilearen muda ailegatzean, arrain apur bat ematea onuragarria da, izan ere, larruak eta ezkatek sufrezko konposatuak dituzte eta ilearen berritzeko garrantzitsuak dira. Aparteko ehiztaria

Konpainiarako ona ez ezik, aparteko ehiza–txakurra ere bada. Aztarnari jarraitzen aditua da eta bere ahoan erbi handi bat eramateko gai da, bere barailen sendotasunari esker. Zinegetika–argotaren barruan hegazti–txakurtzat hartuta dago, izan ere, aztarnak usainduz orientatzen da, hots, harrapakinaren arrastoa airean bilatzen du. Historia apur bat

Duela zazpi mende gutxi gorabehera Oysel izeneko txakur bat bizi zen. Britainia Handiko irletan Spaniel guztien aitzindaria izan zen. Txakur hauek Erromatar garaiko Hispaniatik ailegatu ziren.

Trebetasunaren arabera bi mota banatu ohi da: uretako zein lurreko Spaniela. Ingalaterra, XVIII. mendean txakur aztarnarien bi lerro handi zeuden. Springer Spaniel, falkonerian oso erabiliak ziren. Cocking Spaniel, oilagorraren ehizan erabiltzen duten.

Jatorrian, txakur hauek oso belarri luzeak zituzten, ilaje polita, gorri eta zuri kolorekoa eta izugarrizko ehiza trebetasuna. Ondoren, ekialdeko arraza batekin gurutzatze bat etorri zen eta tamaina txikiagoko eta ehiza abilezia handiagoko txakurrak sortu ziren.

XIX. mendean Obo jaio zen ?gaur egungo Cockerrearen aitatzat hartu izan da. Txakur polit horrek, mantua beltza zuen eta kumaldi asko izan zituen. Honen ondorengo bat, Braebside Bob, AEBra inportatu zuten eta Amerikako Cocker azpi–mota bilakatu zen.

Gaur egun Cocker Spaniela etxeko animalia bezala aukeratzen duten askok edertasunagatik hautatzen dute, baina baita ehizatzeko ere.