580 Zenbakia 2011-05-27 / 2011-06-03

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Nieva Larraya. (Judoka): Judoak goxotasun eta gizatasunaren bidea esan nahi du

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Nieva Larrayak utziak

Sarritan futbolaz aparte kirol gehiago existitzen direla gezurra dirudien arren, segidan horren mediatikoa ez den jardun bat hobeto ezagutzera murgilduko gara. Ezen zer da askotan judoaz dakiguna? Tatamiaren gainean bi pertsona borrokan aritzen direla. Motz geratzen zaigu gure ezagutza, eta Nievarengana jo dugu. Gazte nafarra da, eta bere esperientzia medio, kirol honi buruzko xehetasun gehiago eskaini dizkigu 2011ko Espainiako Txapeldunak.

Bost urte zenituen judo egiten hasi zinenean. Arrazoi zehatzen bat eduki al zenuen?

Txikitan ingurukoek egiten dutena imitatzeko joera izaten dugu eta neuk ere, familian judo egiten zutene gero, animatu egin nintzen probatzera; ni baino zaharragoa den anaiak egiten zuen, eta baita nire osaba eta lehengusina batek ere... Baneukan beraz, nori begiratu.

Probatu eta guztiz harrapatuta geratu nintzen, kirol horrekin gaur arte irauten duen harremana sortuz!

Eta zer ematen dizu judoak erlazio estu hori mantentzeko?

Galdera ona! Denetik daukan kirola dela iruditzen zait eta gainera, balore ugari ematen dizkio praktikatzen duenari. Hainbaten artean, besteekiko adiskidantza, adrenalina, hobetzen joateko beharra...

Eta gainera, nire eguneroko bizimodua antolatzen irakatsi dit. Finean, diziplina bat eraman behar duzu kirol hau praktikatzeko, eta horrela jokatzen ikasten duzu tatamitik kanpo ere. Eta noski, poztasun ugari ematen dizkidaten lorpenak aipatu behar ditut, batzuetan ongi sufrituta eskuratu ditut, baina emaitza onak ikusita, segituan ahazten direna sufrimenduak dira! Argazkia: Nieva Larrayak utzia.

Bestalde, UNESCOk gomendatutako kirola dugu judoa, oso onuragarria baita ume zein helduentzako; esaterako, psikomotrizitate arazoak dituztenentzako mesedegarria da. Fisikoki ongi egotea eskatzen du judoak, baina aldi berean psikologikoki ere ehuneko ehunean egon behar duzu.

Eta amaitzeko, kanpotik begiratuta baino biolentzia gutxiago duen kirola da, arerioaren indarra lurrera botatzeko soilik aprobetxatzen dugu eta tatami baten gainera erortzen gara, minik hartu gabe. Pentsa, gezurra dirudien arren, japonieraz Judoak “goxotasun eta gizatasunaren bidea” esan nahi du!

Guzti horregatik maite dut horrenbeste kirol hau!

Ezaugarri guzi horien artean bada atentzioa eman didanik, bat aipatzearren, adiskidantza.

Egia da lehiak modu indibidualean burutzen ditugula, baina derrigor lagunak eduki behar dituzu hobetzen joateko. Esaterako, guk teknifikazio zentroan entrenatzen dugu eta azkenean geure bigarren familia osatu dugu bertan. Beraiek gabe ez ginateke gauden tokira iritsi ahal izango!

Deigarria suertatu zait baita ere ez dela ematen duen moduko kirol basatia.

Noski, ez da xakean jolastea modukoa!! Baina borroka–arteek sarritan engainatu egiten dute kanpotik begiratzen dituzunean.

Edozer gauza egiten har dezakegu min bizitza honetan. Judoan, lehen esan bezala, arerioaren indarra baliatuz lurrera botatzen saiatu behar gara, eta noski, min ez hartzeko, nola erori ikasten dugu txikitatik, horretarako erortze modu ezberdinak praktikatuz.

Gero, bestalde, jakin badakigu zer–nolako mina eragin diezaiokegun beste pertsona bati, eta esango nuke, judoan gabiltzanok nahiko baketsuak izaten garela lehian ez gabiltzanean.

Hasi zinenetik urtetxo batzuk pasatu dira, eta bilakaera izango zenuen judoka bezala, ezta?

Ezbairik gabe! Gainera, urtez urte, urrats bat haratago joaten saiatu naiz. Bost urterekin desberdin praktikatzen genuen, jolas baten antzera hartzen baikenuen eta gero, teknika hobetzen eta serioago hartzen joaten zara.

Eta nola ez gabe, 2003tik hona —Larrabide Teknifikazio Zentroa ireki zenetik— askoz serioago hartu dut, eta denbora gehiago ari naiz eskaintzen judoari. Gainera, zentroan lan indibiduala burutzen dugu, bakoitzak bere arerioak aztertzen ditu, eta azken finean norberaren teknika gainerakoek izaten dutenetik oso ezberdina denez, hori identifikatzen ere ikasi dut. Argazkia: Nieva Larrayak utzia.

Larrabide aipatu dugularik, entrenatzen zaren moduaz hitz egingo diguzu?

Igandetan salbu entrenatzen dut, asteko sei egunez, eta egunean gutxi gorabehera lau orduz. Arratsaldero, bi orduz judoan aritzen naiz, baina goizak ezberdin antolatzen ditugu.

Astelehen eta asteazkenetan karrerak egiten ditugu, bihotza osasuntsu mantentzeko! Astearte, ostegun eta larunbat goizetan aldiz, muskulazio–ariketak burutzen ditugu, forman mantentzeko. Urtean zehar hilabetez hartzen dugu atseden gehienez, eta normalean udan izaten da. Izan ere, urte hasieran izaten den Espainiako Txapelketa ongi ateraz gero, ia ez duzu geratzerik. Fisikoki ongi egotea funtsezkoa dugu, ezen sasoian ipintzea erraza bada, are errazagoa da galtzea!

Kirol honi buruz dakidan apurra aitortuko dizut, hain zuzen, kategoria bakoitzean kolore ezberdinetako gerrikoak izaten dituzuela.

Bai! Entrenadoreak mailaz igotzeko moduan zaudela ikustean azterketa txiki bat egiten dizu, eta zuritik —maila baxuena— beltzera doaz ondorengo koloreak. Eta beltzaren ondoren, dan deitzen direnen bidez goraka jarraitzen duzu graduak lortzen, eta entrenadore ere izan zaitezke. Neuk, kolore guziak igaro behar izan ditut; orain gerriko beltza janzten dut eta danekin ari naiz jo eta su.

Beste alde batetik, kategoria ezberdin gehiago aurkitzen ditugu judoan, ez da soilik kolore kontua. Gizon eta emakumeetan banaturik, 48, 52, 57, 63, 70 eta 78 kilo baino gutxiagoko azpikategoriak daude eta baita 78 kilotik gorakoa, pisu librea deitzen dena. Neu 52 kilo azpikoan aritzen naiz. Eta adinaren arabera ere banatzen da, gaztetan hasi eta senior arte.

Horren harira, esan behar dugu ez dela beste kirol batzuetako kasua ematen judoan, hau da, kirolariaren jarduna ez da gaztetan amaitzen; gehiago gaude baldintzatuta lesioengatik. Eta ez duenez honetatik bizitzeko nahikoa ematen, judokak beste lanen batean ere aritu behar izaten dugu horrek ekartzen duenarekin.

Suposatzen dut gainera, urte batetik besterako jarduna ezberdina izango dela.

Hori da. Erritmo ezberdinak izan ditzakegu sasoi bakoitzean. Goiko mailetan zaudenean, zailena normalean eustea da, eta egia da min hartzeko arriskua hortxe dagoela.

Halere, ez da arrazoi bakarra, bestelako momentu zailak ere bizi ditzakezu kirolari moduan. Ezin dugu ahaztu esfortzu handia eta denbora asko eskatzen duen kirola dela, eta emaitzak lor daitezke edo ez; eta noski, emaitza negatiboak lortzea oso gogorra da. Argazkia: Nieva Larrayak utzia.

Horrez gainera, gazteek 15 urterekin buruan beste gauza batzuk izaten dituzte: lagunekin irtetea eta bazkarietan nahi beste gozatzea... Judoa egiten jarraitzea aukeratuta, gauza asko galtzen dituzula egia da, baina alde onak ere baditu; gustuko dudana egiteaz gainera, bidaiatzeko eta toki zein jendea ezagutzeko aukera eskaini dit.

Kasu guztietan, balantza atera eta merezi ote duen neurtzea ezinbestekoa da aurrera egin edo ez hautatzeko.

Gainera, esan duzun bezala, ogibide hutsa ere ez da judoa, ez baitu jateko lain ematen!

Ez, eta horrek ere pertsona ugariren erabakian eragiten du, normala den moduan. Baldintzatuta zaude beste zerbait egitera, eta ahal duzunera arte egiten duzu aurrera. Nire kasuan, Miguel Indurain Fundazioaren laguntza ekonomikoa daukat, eta horri esker aurrera egin dezaket.

Gainera, nahiko zorte ona eduki dut, bai aurrera egiteko abagunea eduki dudalako, eta emaitzak ere ez direlako txarrak izan. Pozik nago, nahiz eta hobeto joan zitekeen, batez ere nazioarteko lorpenei dagokienez; baina oraindik itxaropentsu nago!

Emakume izateak nolabaiteko eragina eduki al du zure ibilbidean?

Judoa ez denez kirol mediatikoa, esan dezaket berdin dela emakumezkoa edota gizonezkoa zaren. Eta tatamia partekatu dudan beste emakumeekin hitz eginda ere, ez dugula inongo momentuan diskriminaziorik nabaritu erran dezaket.

Lehiaketa berdintsuak daude bi generoentzako; egia da baina, nahiz eta emakume ugari gabiltzan kirol honetan, oraindik ere gizonezko gehiago ikusten direla.

Londres 2012 izkinaren bueltan daukagu...

Egia esango dizut, ez dago erraz olinpiadetarako txartela eskuratzea. Duela zenbait urte, data urruti ikusten nuenean baietz esaten nuen; eta oraindik joatea posible dela iritzi diodan arren —bestela ez nintzateke hemen egongo— urtebete soilik geratuta zaila ikusten dut. Mundu mailan 14 onenen artean egon behar da, eta gris dago gauza; baita estatu mailan ere, nire kategorian lehiakide oso onak baitaude.

Halere, aurten Espainiako Txapelketa irabazi ostean, bi ate ireki zaizkit beharrezko emaitzak lortzeko; Mundu mailako txapelketak, lehenengo Madrilen eta segidan Portugalen. Ez dut aterik ixten jakin baitakit edozein momentutan rankinga aldatu daitekeela, uneoro baikabiltza gora eta behera, eta azken unean Londresera joango direnen izenak ezagutu arte saiatuko naiz! Ondoren, ikusiko dugu 2016ra arte jarraitu edota erretiroa hartuko dudan!

Lehia beraz badago. Horrek judoaren osasun ona erakusten al du? Baietz uste dut, eta gainera jarduteko lizentzia gehien dituen kiroletako bat da judoa. Adibide garbia dugu haur eta kadete mailetan neska–mutil asko eta asko ari direla; egia da bestaldetik, gazteei borroka–arte honek eskatzen duen jarraikortasun hori mantentzea kostatzen zaiela eta gero urteekin ikasketak direla, lesioak direla edota bizitzako beste arrazoiengatik, bidean geratzen direla asko eta asko. Nafarroako kasuari dagokionez, duela zenbait urtetatik gertatzen ez zen egoera eman da aurten; hain zuzen, Espainiako Txapelketan kadeteen mailan zortzi domina lortu dituzte nafar gazteek, eta 23 urte azpikoek ere 2011n hiru domina garrantzitsu eskuratu dituzte. Oro har, nahiz eta batzuek utzi egiten duten, judoan jarraitzen dutenak onak dira eta bilakaera positiboa dutela argi dago. Gazteak dira, beraz batek jakin zer egin dezaketen senior mailan! Nieva Larraya (Iruñea, 1984ko abuztuaren 28a) Nafarroako hiriburuan jaio zen Nieva Larraya López eta San Cernin ikastetxean burutu zituen aurrena ikasketak. Ondoren, Nafarroako Unibertsitatean Ikus–entzunezko komunikazioan lizentziatu zen eta Merkataritza Marketin eta Kudeaketa masterra egiten dihardu. Bost urte zituenean hasi zen judo praktikatzen Anaitasuna klubean eta 2003an Larrabide Teknifikazio Zentroa ireki zenetik, profesional gisa dihardu. Hainbat txapelketatan aritu da: estatu mailan zortzi domina eskuratu ditu gaur arte; Espainiako txapelketatan ere, brontzezko bi eta zilarrezko eta urrezko hiruna domina zintzilikatu ditu lepotik, urrezko, berriena 2011n .