579 Zenbakia 2011-05-20 / 2011-05-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gobernuaren erabakiak eta ekonomia

UGARTE, Iosu BALANZATEGI, Leire GARMENDIA, Julen OSA, Lander ARANZABAL, Jon LABAKA, Xabier

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko ikasleak



Arazoaren hasiera Amerikako Estatu Batuetan dago, bankuek, helburu espekulatzaileekin, burugabe hipoteka–kredituak edonori emateagatik. Arrazoia zera zen, kreditu hau itzultzeko arazoak izango zituzten pertsonei interes tasa altuak jartzen zizkietela, eta kreditu hau ezin zutenean bueltatu, etxea enbargatu egiten zieten. Pertsona hauek Leopoldo Abadiak “ninja” hitzarekin ezagutarazten ditu. Horrela, bankuek diru handia irabazten zuten, etxebizitzaren prezioa gora zihoalako.

Banku estatubatuarrek, egoeraren arriskua ikusirik, aipaturiko kredituak burtsaren bitartez saldu zizkieten mundu guztiko beste bankuei errentagarritasun tasa handia eskainiaz. Egoera asko okertu zen merkatuan horrenbeste etxebizitza eskaintzean, —eskaintza eskaria baina askoz ere handiagoa baitzen—, eta ondorioz, higiezinen burbuilak eztanda egin zuen.

Aktibo toxiko horiek mundu guztiko bankuek zituztenez, bankuen arteko mesfidantza sortu zen. Gaur egun dugun egitura honetan, bankuek kredituak eskaintzen dizkiote elkarri, baina lehen aipaturiko mesfidantza horren ondorioz, bankuen arteko kreditu ematea gelditu egin zen bat–batean, ez baitzekiten zenbat aktibo toxiko zeukan bakoitzak. Honen ondorio nagusia egitura finantzarioaren blokeoa izan zen. Kreditu–erakundeek krediturik ez zieten ematen ez enpresei, ez pertsona fisikoei; beraz, merkatuko kontsumoa asko jatsi zen, ekonomia erreala zuzenean ukituaz. Argazkia: CC BY — Emilian Robert Vicol

Gure ekonomian esan daiteke 2008ko abuztuaren ostean sartu zela indartsu azken krisi ekonomiko hau. Orduz geroztik gobernuak neurri ugari hartu ditu. Lehenik eta behin, krisi hau sortu zuten bankuei laguntzak eskaini zizkieten, sinetsi ezinezko milioi kopurua emanez. Oso eztabaidatua izan den beste neurri bat langileen lan–erreforma izan da, Europar Parlamentutik zetorren agindu zuzen batzuengatik. Honekin esan daiteke enpresarioek langileen lane–egoerak okertzea lortu zutela euren etekinerako, besteak beste, kaleratzea errazagoa eginez. Badirudi, nahiz eta errua sektore finantzarioak izan, dena langileen gain jausi dela.

Zapateroren exekutiboen hurrengo erabakia funtzionarioen soldatak murriztearena izan da, zorroztasun sasoi honetara egokitzeko. Esan bezala, langileek jasaten dute gaitz guztia. Ezin dugu ahaztu aurretik aipatu dugun erreforma horretan erretiro adina 67 urteraino atzeratzea lortu zutela. Ikusitakoak ikusirik, martxa honetan guk 80 urteren bueltan bastoi batekin fabrika batean jarraitu beharko dugu erretiroa hartu ezinda.

Garbi dago gobernuak zer egin ez dakiela. Azkeneko neurri inprobisatua autobideetako gehienezko abiadura 120 kilometro ordutik 110ra pasatzea izan da. Espainiako Ministro Kontseiluak hartu duen azken erabakietako neurri honen helburua energia aurreztea da, arabiar munduan petrolio–ekoizleak diren zenbait herrialde jasaten ari diren ezegonkortasunaren eraginez erregaien prezioak gora egin baitu.

Gobernuaren hurrengo erabakiaren zain egon beharko dugu, ez baitakigu nondik joko dien–eta aireak.