578 Zenbakia 2011-05-13 / 2011-05-20
Besteen artean, marrazteko abileziak arkitektura ikastera bultzatu zintuen.
Egia esan behar badut, ez neukan oso argi Arkitektura edo Arte Ederretan matrikulatuko ote nintzen, eta beno, azkenean aurrenekoagatik egin nuen apustu. Hori bai, nire buruari esan nion marrazten jarraituko nuela, ez nuela utziko. Eta aitortzen dut egun komikiek gehiago erakartzen nautela, baina beno, ikusiko dugu zer ekartzen digun etorkizunak!
Zenbait lehiaketatan komikiak aurkeztu eta saritu izanak zure buruarengan konfiantza izatea ekarri al dizu?
Ezbairik gabe! Baina gainera, komiki bat hasi eta amaitzeko indarra eman izan didate horrelako lanek; entregatzeko epe bat egoten denez, norberaren burua hasiera eta amaiera izango duen komiki bat egitera behartzeko ariketa politak dira lehiaketak.
Halere esan bezala, konfiantza hartzen joaten zara emaitzak ikusita. Hau da, aurretik modu amateurrean burutzen nituen komikiak eta Euskal Herriko zenbait lehiaketatara aurkezten hasi nintzenean, eta nire ekarpenak aintzatesten zizkidatela ikusita, pentsatu nuen akaso neure lanak astekarietan–eta publikatu ahal nituela. Orduan, Berriako Matraka gehigarrian Euskal Frikia deitzen zen umore zinta publikatzea lortu nuen, eta guztira 30 izan ziren. Matraka aldizkarian argitaratutako Euskal Frikia izeneko umore zinta bildumaren adibide bat.
Jarraian, Nabarra hilabetekari kulturalean hasi nintzen, beste formatu luzeago batean, orri bat edo biko luzera baitzeukaten. Etapa hura amaituta, egun, Aldiri izeneko euskarazko arkitektura aldizkari bakarrean ari naiz nire zintekin.
Zure ibilbidea ikusita txikitan koadernoak zirriborroz betetzen zituen horietarikoa izango zinela iruditzen zait!
Bai, bai, eta marrazkilari guztioi berdin gertatzen zitzaigula uste dut! (barre) Ni beti izan naiz irakasleen karikaturak egiten zituen horietarikoa. Horri dagokionez, gauza bat esan behar dut, beti egoten nintzen ea karikatura irakasleren batek ikusiko ote zuen beldur, eta gertatu izan zait harrapatu eta baten batek marrazkia sinatzea eskatu izan didala!
Are gehiago, arkitektura eskolan fanzine bat atera dugu ikasleon ekimenez, eta pixka bat serioago ipinita, egin izan ditut gure karrerako irakasleen karikatura batzuk, normalean gainera irakasle beteranoei! Nire pozerako, umorez hartu izan dute! (barre)
Komiki zalea txikitatik omen zara, baina nondik datorkizu marrazteko zaletasuna?
Nik teoria bat daukat honen gainean. Txikitan, denoi gustatzen zaigu marraztea eta guztioi eman izan digute koaderno eta pinturak isilik eta gustura egon gaitezen. Gertatzen dena da, denborarekin jendeak marrazteari uzten diola. Haur–eskolan, nire lagun taldean denok marrazten genuen; gaur, bost lagun horietatik intentzio profesionalago batekin marrazten jarraitzen dugun bi geratzen gara soilik.
Eta ariketa interesgarria izango litzateke eskoletan matematikari moduan adierazpen grafikoari garrantzia emango baliote. Ezen pena da jendeak maiz plastika eta halako ikasgaiak bromatan hartzen dituela ikustea, norberaren burua adierazteko bide bezala tresna bikaina izan zitekeela pentsatzen baitut.
Eta hezkuntzan izan beharko lukeen toki horren harira, Arkitekturako ikasleen artean ere gabezia izugarria ikusten dut. Lehenengo bi urteetan ia beti esku hutsez marraztera behartzen gaituzte, artistak izan gaitezen nahi dute eta eskulturak zein eraikinak marrazten denbora dezente igarotzen dugu. Ikaskide ugari trebezia horren faltan ikusi ditut, soilik ordenagailu bidezko diseinua egingo zutela pentsatuta eta azken urtean oraindik lehenengo urteko marrazketarekin ataskatuta. Mikel Laboari eskainitako zinta. (Handitzeko, klikatu gainean.)
Komikiak eta umore zintak egiten dituzula aipatu dugu. Batean zein bestean lan egiteko moduak desberdinak izango dira, ezta?
Hala da, eta nik batean eta bestean aritzeko modu ezberdinak ikasi behar izan ditut. Lehiaketetara itzulita, orduan aurkezten nituen lanek lau orriko luzera eduki behar zuten, eta horrek gauzak kontatzeko eta istorioa garatzeko —bisualki edota idatziz— aukera asko ematen dizkizu.
Aldiz, lerro bakarreko umore zinta berehalakoa da eta bere lege propioak ditu; aurretik horrelako ezer ez neukanez egina, nire burua inprobisatzen ipini behar izan nuen.
Eta bestalde, Nabarra aldizkarirako lanek orri bat edo biko luzera izan behar zutenez, beste eremu batetan kokatu ninduten artista bezala, ez baitzen ez komiki ezta zinta bat ere. Orduan, bineten kopuruaren arabera, umore zinta luzexka bat bezalako edo komiki motz baten gisako zerbait ateratzen zen.
Gainera, daukaten beste desberdintasun bat da zintek normalean gaurkotasuna izaten dutela oinarri.
Bai. Komikiek libre aritzeko aukera ematen didaten bitartean, umore zintatan gaurkotasuneko gai bat ardatz hartuta, neure esparrura eraman izan dut. Eta Nabarrarako lanetan ere gehienetan zeukaten egunerokotasun hori eta gainera satira puntu bat.
Salbuespenak, Mikel Laboa hil zenean egin nahi izan nion omenaldi txikia, hor ez baitzegoen umorearentzako kabidarik; eta bestalde, Nabarra utzi nueneko azken lana ere, klabe poetikoago batetik eginikoa da.
Lan egiten duzun moduan zentratuz, nola moldatzen zara komiki bat hasi eta bukatzeko?
Normalean eta batez ere orri bateko edo biko lanetan, beti istorio edo gutxienez gai bat pentsatzen dut aurrez. Hala, sekuentzia guztia nire buruan landu arte ez naiz ezer marrazten hasten, argi eta garbi eduki behar dut biñeta bakoitzaren nondik norakoa; eta testua ere nahiko garbi edukitzen dut gainera.
Hori eginda, paperean sekuentzia islatzen hasten naiz, hau da, orriari biñeten bidez forma ematen, eta hori da niretzako prozesu osotik interesgarriena. Zirriborroa eginda, garbira pasatzen dut, arkatzez lehenengo, tindatu, eskanerretik pasa, ordenagailuz koloreztatu...
Horren harira, zure lanak koloretakoak zein zuri–beltzekoak direla ikusi dut...
Nik uste dut lan bakoitzak gauza bat edo bestea eskatzen duela, baina pertsonalki, zuri–beltzean aritzea nahiago dut. (Handitzeko, klikatu gainean) Koloreek bertigo modua ematen didatela esango nuke, nahiz eta noizbehinka lortzen dudan gauzaren bat txukun geratzea. Halere, geroz eta kolore gutxiago eduki eta gama murritzagoa izan, hobeto moldatzen naiz: zuri–beltza eta gorria erabiliz, esaterako.
Komikilari bakoitzak bere estiloa edukitzen omen du eta ez dakit zurea topatu ote duzun.
Nire baino, uste dut ahalegin handiago egin dudala publikazio bakoitzarentzako estilo bat bilatzen. Esaterako, Nabarrakoak estilo bat zeukan, eta aldiz, Aldirin egiten dudana lortzeko aurreko estilotik guztiz aldatzen saiatu nintzen eta alez ale, estiloa perfilatu dudala uste dut.
Euskaldunen artean komiki zaletasuna egon badago, baina gehien bat kanpoko produktuak kontsumitzen direla esango nuke.
Hala da. Baina ikusten dudanagatik komikiena arte eta kultura minoritarioa da mundu mailan, eta Euskal Herrian horren isla ematen da, eta are gehiago herri txikia eta geure hizkuntza dagoen egoeran egonda.
Horregatik, ezin zaio eskatu gurea moduko herri bati komiki produkzio handia edukitzea, daukaguna proportzionala da munduan dagoenarekin alderatuta. Ez da piloa egiten, eta ziurrenik geroz eta gehiago egingo da gainerako tokietan ere zaletasun hori handitzen joaten den heinean, baina ez bat–batean.
Bestalde, modan dago komikietako pertsonaiak pantaila handira eramatea.
Hasteko esan behar dut, mundu honetan edozer egin daitekeela baldin eta ongi egiten bada eta noski, horretarako, asko arriskatu behar da. Nik beti jartzen ditut komikiak zinemara eraman diren adibide batzuk. Horien artean, Katsuhiro Otomoren Akira manga komikia. Zientzia fikziozko komikirik onena dela esan liteke, mundu mailan erreferentea dena; eta pantaila handira eraman zuten baina marrazki bizidun pelikula izan zen, eta gainera, zuzendaria komikiaren egilea bera izan zen.
Hala, dudagabe oso interesgarria da emaitza, eta ezin zaio zuzendariari adaptazioari edota jatorrizko obraren gaineko fideltasunari buruzko ezer egotzi. Bi mila orriko komiki bat bi ordutako pelikulan laburtzen baitu, eta nahi duen bezala mozten ditu pasarteak.
Badaude beste adibide batzuk ere. Baina gaineratuko nuke, niretzat komiki baten alderik garrantzitsuena marrazkia bera dela eta hezur eta haragizko pertsonaiekin burutzean, galdu egiten duela xarma hori. Halere, emaitza on gutxi batzuk badaude, V for Vendetta edota Batman pertsonaiaren gaineko azkeneko filmak. Noski, hauek ere, lizentzia handiak hartzen dituzte egokitzapena egiterakoan; halere, arazoa maiz, fidelegiak direnean hasten da.
Akaso zure lanen bat pelikula bilakatu dezakezu, eta zergatik ez, bideogintzagatik duzun afizioa aprobetxatuta, zuk egin zenezake!
Egia esan behar badut, nik bezalako marrazkilariok beti daukagu buruan proiektu edo komiki handi bat, eta nik behintzat pelikula bat bezala irudikatzen dut, eszenatan pentsatzean mugimenduan agertzen dira nire buruan eta gainera musika ere ipintzen diet biñetei! Beraz, pelikula bat da nire buruan, nahiz eta komiki bat egin nahi dudan! (Handitzeko, klikatu gainean)
Oraindik filmik ez, baina bideoklip mordoxka burutu dituzu dagoeneko.
Hala da, bai! Betidanik eduki izan dut bideoarekin lotutako zerbait egiteko gogoa, esan bezala, neure buruan beti baitago musika eta mugimendua, eta komikiaren estetikotasun horretatik ateratzeko abagunea ematen dit bideogintzak. Egin ditudan bideoklipetan, den–dena nire esku geratu da, musika ezik!
Zure lanen soinu bandak...
(barre) Eta hori bideoklipetan interesgarria da. Nik txikitan esaterako, Dire Straits taldea entzuten nuenean imajinatu egiten nituen kantentzako bideoklipak. Nork esango zidan egun batean horretan arituko nintzenik!
Egia da baita ere, teknologia digitalari esker egin ahal izan ditudala bideoklipak, ezen kameratxo eta ordenagailu bat nahikoa dira zerbait txukuna egiteko. Beste garai batean aldiz, ekipo handia beharko nuke, eta egun edonoren eskura dago.
Sexty Sexers taldeari egin zenion aurrenekoa.
Nire anaia talde beratarreko abeslaria da, eta lehenengo diskoa atera zutenean, bideoklipa egiteko abagunea eduki nuen. Erabilitako bideokamera, Basauriko komiki txapelketa irabazi eta sari moduan eman zidaten diruarekin erosi nuen, eta gaur arteko lan guztiak burutu ditut kamera berdinarekin.
Hasieran jolas moduan hartu genuen bideoklipa grabatzearen asuntoa, eta azkenean bigarren eta hirugarren diskorako ere egin dizkiet bideo batzuk. Tartean, diskoetxeari egiten nuena gustatu eta beste talde askori egin nizkien bideoklipak. Anaiak mundu horretarako ateak ireki dizkit, dudarik gabe!
Uste duzu artista izateak etorkizunean jaten emango dizula edo hori pentsatzea bohemioegia da?
Hori da momentu honetan daukadan duda existentziala! Hor daukat Arkitektura, baina justu krisia eraikuntza–enpresetatik hasi zen, eta ez da momentu ona esparru horretan lana bilatzeko, eta ez dakit ez den hobeto izango komikiak marrazten jarraitzea!
Egia esan, nire abileziak ustiatuko dituen edozein lanetarako prest nago, dela ilustratzaile, komikilari, storyboard sortzaile, bide–jokoen pertsonaien diseinatzaile edo dena delakoa.
Zeintzuk dira epe motzera dituzun proiektuak?
Aurrena karrera amaitu! Eta gainera Berako Lazaro Yak Boldo lagunarekin proiektutxo bat hasi berri dut, bion artean eginiko komikiak http://www.kklrd.com/ webgunean zintzilikatzen ditugu. Zinemagilea da bera, eta bazituen kaxoi batetan laburmetrai batzuentzako idatzitako gidoi batzuk; pixka bat landu ditugu bion artean eta ondoren nik komiki bilakatu eta sarean ipintzen hasi gara.
Eta Joseba Baleztena Sexty Sexerseko gitarra–joleak komikia ikusi eta bere aldetik kanta bat sortu zuen, eta sarean ipini genuen. Komikia irakurtzen duzun bitartean musika entzuteak efektu berezi bat sortzen du, beste eremu batetara eramaten zaitu.
Amaitzeko, 2011ko Korrika Kulturalerako nire lantxoekin prestatu nuen erakusketari ere jarraipena eman nahiko nioke, eta herri ezberdinetatik mugitzea gustatuko litzaidake. Beraz, egon adi eta etorri nire lana ezagutzera! (barre) Joseba Larratxe (Irun, 1984 martxoak 1) Joseba Larratxe Berazadi gipuzkoarrak betidanik gustuko izan du marraztea eta egun, Donostian Arkitekturako karrera amaierako proiektua egiten dihardu. Halere, komikiak egiten urte dezente daramatza, Euskal Herri mailako lehiaketa batzuetara aurkeztu eta hainbat accesit irabazi ditu, baita lehengo sariren bat edo beste, 2005ean Basauriko Ganorabako komiki lehiaketa, esaterako. Horrez gainera, bideogintzan ere lantxoak burutu ditu, batez ere, musika taldeentzako bideoklipak sortuz.