577 Zenbakia 2011-05-06 / 2011-05-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Odei Barroso bertsolariarekin solasean

DONA MARIA Ikastetxea

Donibane Lohizune



Odei Barroso euskal bertsolaria da, 1988–ko irailaren 7an sortu da Barakaldo hirian (Bizkaian), baina betidanik Urruñan bizi izan da. 2008–ko Iparraldeko txapelketan fnalista izan da. Baita ere 2010–ean. Elkarrizketa hau egin dugu eskolan Odei ezagutzeko zortea ukan dugulako, etorri baita bertsu klaseak ematera.

Egun on, Odei. Orduan , nor zara ? Aurkeztu ezazu zure burua.

1988ko irailaren 7an sortu nintzen Barakaldon eta hiru urte nituela etorri nintzen Urruñara bizitzera. Geroztik bertan bizi naiz. 22 urte ditut beraz, bertsolaritza eta musika dira nire zaletasunik handienak. Bertsotan aritzen naiz eta euskarazko rap talde txiki bat ezartzen ari gira martxan beste bi lagunekin batera. Argazkia: Odei Barrosok utzia.

Nun ikasi duzu euskara ? Euskaraz etxean eta ikastolan ikasi dut. Aita Extremadurako herri ttiki batekoa da eta euskara ulertu arren ez da mintzatzeko gai. Ama bilbotarra eta euskaldun berria da. Sortu nintzelarik amak bazekien euskaraz eta beregandik ikasi nuen hasieran baina gehiena ikastolan ikasi dudala erranen nuke. Betidanik ikastolan egon naiz, lehenik Donibane Lohizuneko ikastolan, gero Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eta azkenik Baionako Bernat Etxepare Lizeoan.

Zer ikasketak egin dituzu ? Euskal Filologian Lizentziatua naiz. Lehenago, erran bezala, Baionako Lizeoan “L” arloa hautatu nuen eta baxua pasatu nuen. Gero, 2006ean Euskal Filologia ikasketak hasi nituen Bilboko Deustuko Unibertsitatean. 2010ean lizentziatu nintzen karrera horretan.

Noiztik hasi zara bertsolaritzan ? Hamahiru urterekin hasi nintzen bertso eskolara joaten. Ziburuko kolegioan bertso eskola bat ideki zela jakin nuen eta izena eman nuen. Hasieran bestelako motibaziorik gabe hasi nintzen, baina fite hartu nion gustua bertsolaritzari eta geroztik bertsotan aritzen segitu dut.

Zergatik ? Bertsolaritza hizkuntzaren jolas bat da. Betidanik maitatu dut Euskara, eta harekin jolastea. Hasieran bertsoak lagunartean, bertso eskolan, ongi pasatzeko aukera ematen zidan. Gaur egun nire pasioetako bat da bertsolaritza. Hitzen bidezko aldarrikapena, jolasa, mezuen garraioa, sentimenduak adierazteko modu bat, dibertsioa, zaletasuna, afizioa... gauza anitz dira gaur egun bertsolaritza neretzat.

Egiten duzuna gustatzen al zaizu ? Zaila da ? Bertsolaritzaren inguruan egiten dudan guzia maite dudalako egiten dut. Gusturik atxemanen ez banio ez nintzateke bertsoen munduan ibiliko. Bertsotan aritzea ez da erraza. Gauza eta faktore ainitzek baldintzatzen dute bertso jardun bat. Batzuetan, bertsoa egitea bera baino zailagoa da ingurukoari eustea. Gustura geratu gabeko saio bat eta gero zaila izaten da buruari eusten. Konfiantza atxematea zaila izaten da maiz. Jendaurreko jardunek dakarten presioa eta urduritasuna traba handi bat izan dira hasieran niretzat, baina pixkanaka ikasten da eta gaur egun jendaurrean lasaiago egoten naiz. Noski, lasai egoteak zure gaitasunak hobeki kaleratzeko aukera ematen dizu. Zailtasun anitz ditu bertsolaritzak (inprobisazioa bera zailtasun bat da), baina zailtasunei aurre eginez ikasten dira gauzak, zailtasun horiek plazer bihurtu arte.

Zure lana da edo aktibitate bat ? Gaur egun bertsolaritza irakaslea naiz lanbidez. Eskola arautuetan eta bertso eskoletan ibiltzen naiz irakasle. Eskola arautuak “klase orenetan” ematen direnak dira eta bertso eskolak klase orenetatik gaindi ematen direnak.

Maiztasun handienarekin egiten ditudan aktibitateak musika eta bertsolaritza dira. Bertsotan kantuz aritzea ez da nire lanbidea, plazerrez egiten dudan aktibitate bat baizik.

Zuk hautatu duzu bertsolaritzan sartzea edo aholkatu dizute ? Bertso eskolan hastera ene amak animatu ninduen. Gogoan dut nola bertso eskolan izena emateko erran zidan: “hasi, entseatu eta maite ez baduzu utzi”. Hasi nintzen eta denborarekin gustua hartu nion eta hara zertan nabilen gaur egun.

Zenbat txapelketa egin dituzu gutti–gora–bera zure bizian ? Biziki zaila da hori zehaztea. 14 urte bete arte taldekako bi xapelketatan parte hartu genuen. 14tik 18ra banakako eskolarteko xapelketetan aritzen nintzen, baina gogo gutirekin joaten nintzen kantatzera xapelketa horietara. Iparraldean egin diren bi Xapelgoetan parte hartu dut eta Euskal Herriko txapelketan behin (4 urtetik behin egiten da).

Zenbatetan izan zara irabazle ? Txikitako taldekako xapelketetan parte hartu nuen bi aldietan gure taldeak irabazi zuen. 14 urtetik 18rako txapelketetan beti azkenetan gelditzen nintzen eta ez nuen sekula lortu Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzen. Iparraldeko lehen txapelketan finalean bosgarren gelditu nintzen eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera izan nuen. Xilaban (iparraldeko bigarren xapelketan) txapeldunorde izan naiz.

Ez dut garrantzizko deus irabazi txapelketetan, baina zorionez bertsolaritza ez da lehiaketa soilik.

Bertsulari irakaslea zara egun. Nun eta noiztik ? Gaur egun bertsolaritza irakaslea naiz Baxe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako ikastola eta eskoletan. 2010eko ikasturtea nire lehen ikasturtea da.

Beti bapatekoa egiten duzu edo batzuetan blokatua zara ? Lehen erran dudan bezala, bapatekoak bere zailtasunak ditu. Ainitzetan blokatu izan naiz, denak bezala. Bapateko jendaurreko lehen jardunak biziki zailak izaten dira, aintzetan blokatzen zira eta urduritasunak anitz baldintzatzen zaitu. Denborarekin bertsoa errazago asmatzen duzu, mekanismo ezberdinak zureganatzen dituzu eta bertsoa eramateko zailtasun gutxiago izaten dituzu. Hala ere, bapatekoak beti izaten du burua zuri gelditzeko arriskua. Horri aurre egiten ere ikasi behar da, eta zerbait asmatzen hutsune horren aintzinean. Dena dela, blokatze arriskua beti hor dago.

Bidaiak egiten ote dituzu bertsu txapelketak egiteko ? Bertsolaritza Euskal Herrian dago kokaturik, beraz ez dugu Euskal Herritik kanpora joan beharrik izaten. Txapelketak, sariketak, bertso afariak... egiteko ainitz bidaiatu behar izaten da, baina beti ere Euskal Herriaren barnean.

Formakuntzarik bada bertsolari izateko? Bertsolari izateko ez da formakuntza berezirik behar. Gaur egungo bertsolariak bertso eskoletakoak dira gehienak, baina norberak bere kasa ere ikas dezake. Lehengo bertsolariek ez zuten bertso eskolarik zapaldu, eta zer bertsolariak ziren!

Eta bertsolari irakasle izaiteko ? Bertsolaritza irakasteko bertsolaritzaz jakin behar da. Ez dago ikasketa mota bat bertsolaritza irakaslea izateko, baina pedagogiaz eta abarrez jakin behar da dudarik gabe. Formakuntza batzuk ere eskaintzen ditu elkarteak irakasleak formatzeko.

Hurrengo urteetan zer egingo duzu ? Pentsatzen dut orain hasi dudan ibilbideari segida emanen diodala. Bertsolaritzaren irakaskuntzaren arloan segitu nahi nuke, baina ez dago soilik nire esku. Momentuz, nire lana ahalik eta ongien egiten entseatzen naiz.

Zein da zure bertsolaririk gustukoena ? Eta idazlea ? Musika taldea ? Abeslaria? Kantua? Liburua? Izen gehiegi daude batekin konformatzeko. Baina gustuko ditudanetariko bat emanen dut: Xalbador sekulako bertsolaria zen; Sarrionandia irakurtzea maite dut; Rage Against the Machine entzuteak betetzen nau; Mikel Laboa bakarlari izugarria zen; Metallicaren “Orion” kantua maiz entzuten dut autoan; eta George Orwellen 1984 liburuan murgiltzea lortu nuen.