576 Zenbakia 2011-04-29 / 2011-05-06
2011ko apirilaren 29an 200. alea ipini dugu sarean. Lau urte pasatu dira euskara hutsezko egitasmo honen lehenengo alea sareratu zenetik eta denbora honetan, 40 ikastetxetik gorak hartu dute parte, eta 4000 ikasle ingururekin aritu gara kazetaritza digitalaren nondik norakoak erakutsi eta praktikan ipintzen. Horrez gainera, kolaboratzaileek ere gure proiektuarekin bat egin eta bai ikasleek eta baita erreakzioko lagunen lanei gehituta, sare polita osotu dugu gaur arteko bidean.
Iker Zubimendi Herri Irratia–Onda Vascako kazetaria da, eta honako galderei erantzun die. Lau urteren ondoren, eta 200.alea sarean dugula, nola ikusten duzu Euskonews Gaztea?
Hasieran bezain fresko ikusten dut Euskonews Gaztea. Ez da erraza gazteei zuzendutako edukiak lantzea, publiko zorrotza izateaz gain, bere arreta denbora askoan mantentzea zaila delako.
Eta irakurle izateaz aparte, beraien partaidetza sustatzea izugarrizko balorea dela iruditzen zait. Izan ere, askotan entzuten dugu komunikabideetatik ateratzen diren informazioak eta edukiak bideratuta daudela, ez dutela publiko gaztearengan pentsatzen eta horrelako kontuak, horregatik da hain garrantzitsua beraiek beraientzat zuzendutako edukiak lantzea, ez gaien aukeraketari begiratuta bakarrik, gaiak jorratzerakoan gazteen ikuspegiaren ekarpena egiten dutelako ere bai. Zer nabarmenduko zenuke astekariaren eskaintzatik (edo berezitasunetatik)?
Batez ere, ostiraletan lehen errepasoa egiterakoan, titularrak begiratzerakoan beti dagoela ezustean harrapatzen zaituen zerbait. Euskonewsen orokorrean gertatzen den bezala, ikusi ohi ez ditugun gaiak jorratzen dira hainbat kasutan eta bestetan, agian komunikabideetan oro har ikusten ditugunak, baina ikuspegi bereziarekin.
Eskolek partaidetza izan dezaten egiten den ahalegin berezia ere eskertzekoa da, baina edukiez gain, formatuaren aldetik bultzatu diren aldaketek ere balio izugarria daukate, teknologia berrien eskutik.