575 Zenbakia 2011-04-15 / 2011-04-29

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ainhoa Sanchez. (Telebista aurkezlea): Jateko moduak zoriontsu izaten lagun dezake

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak eta testua

Miss Euskadi titulua eskuratu zuen 2010ean Ainhoak, baina ez dauka momentuz modatik bizitzeko asmorik. Egun telebistan dihardu lanean, eta bere saltsan agertzen da kamaren aurrean, egunero Karlos Argiñanoren alboan. Aretxabaletako gazte honek tartetxo bat eskaini digu, kafe bat hartu bitartean atzoko eta oraingo esperientziak birgogoratzeko.

Moda mundutik ezagutzen zaitugu. Maiz entzuten dugu modeloak sarri ?aurkituak? izan direla.

Bai, kasualitate hutsak bultzatuta hasi nintzen mundu honetan ni ere! Nire amarekin Donostian kaletik paseatzen ari nintzela agentziako batek ikusi, geratu eta agentziatik pasatzeko esan zidan. Hasieran nik ez neukan oso argi, baina beno, probatzera animatu nintzen eta asteazken batean joan eta aste bereko larunbatean egin nuen nire lehenengo desfilea! Gogoan dut azken momentuan orduko Miss eta Mister Euskadi agertu zirela, eta nire golkorako zer egiten dut nik hemen? pentsatu nuela.

Gura barik, poliki–poliki gauza gehiago egiten hasi nintzen, serioago hartu nuela esan daiteke, eta geroz eta gehiago barneratu nintzen moda munduan.

Eta oharkabean, Miss Arabaren koroa jantzi zenuen, eta gero Euskadikoa eraman zenuen etxera! Zer nolako oroitzapena daukazu esperientzia horietatik?

Beno, nahiko bitxia izan zen, inoiz ez bainuen espero horrelakorik niri gertatzea! Egia esan jendea ezagutzeko baliagarria suertatu zaizkit bi sariketa horiek; oso jende jatorra dago, baina beste batzuk... Denetarik dago!

Halere, argi geratu zait ez dudala horretatik bizi nahi, ez dut nire etorkizuna modelo moduan ikusten. Jendeak aukera daukazula ikustean oso okasio ona dela pentsatzen du, baina ez, honetan aritzeko balio egin behar duzu.

Pentsa, profesionalki horretara dedikatuz gero asko bidaiatu behar duzu, eta gainera bakarrik; ez dakizu bihar non egongo zaren, eta oso zaila da hori eramatea. Badakit ez nintzatekeela gai izango; asko gustatzen zait nire herrian bizitzea, familia eta lagunekin egotea. Eta nire bizitzan egonkortasun eza egoterik ez nuke nahi, eta zer esanik ez, nire gorputzarekin uneoro lehian ibili behar izatea!

Halere, eta zure esperientziari erreparatuz, zein izaten da Miss baten lana?

Egia esateko, ez dauka egiteko askorik titulu honen jabeak. Normalean zenbait ekitalditara joateko edota zerbait promozionatzeko deitzen zaituzte, baina lana denik ere ez nuke esango...

Halako tokietara joateak zuzenean ateak irekitzeko baino, jendea ezagutzeko balio izan dit, eta kontaktu horiek baliagarriak suerta daitezke etorkizuneko lanetarako. Halere, nik nahiko zorte ona eduki dudala iruditzen zait, eta titulu horiek edukitzea nire bizitzako beste pasarte bat dela uste dut. Pentsa, gaur egun moda kontuak nahiko alboratuta dauzkat, eta ez dut mundu hori faltan botatzen. Agian noizean behin egingo nuke, baina orain lanez lepo nabilela eta, ez dut askorik pentsatzen horretan!

Eta zerbait egitekotan, zer nahiago duzu, ibiltokira igo edota argazki saio bat egitea?

Oso ezberdinak dira, eta momentuaren arabera bat edo bestea nahiago izaten dut. Baina niretzako gogorragoa da argazki saio bat egitea; ibiltokira igotzeak esaterako, bere gauza txarrak ditu, baina egia da emaitzak momentuan ikusten direla. Argazki saioak udan badira gustura aritu zaitezke, baina neguan kalean eguraldia dela, hotza dela... Ez da bat ere erosoa!

Orain, telebistan murgilduta zaude. Aurrena Oscar Terolek gidatutako futbol programa bat izan zen, eta orain Argiñanorekin agertzen zara.

Telebistan aritzeko aukera ere ezustean iritsi zitzaidan; hain zuzen, Uyyy! saioko gidoilari bat ezagutzen nuen, eta programa pilotua egin behar zutela–eta, bazekien futbola ikaragarri gustuko nuela eta bertara joatera gonbidatu ninduten, berez publikoan egoteko. Eta lau programaren ondoren, erabaki zuten ordura arte neska bakarra zegoenez saioan, beste bat behar zutela, batek Athleticen eta besteak Realaren alde egiteko, eta deitu egin ninduten. Eta futbola gustuko dudanez eta lotsa handirik ere ez daukadanez gero, probatzera animatu nintzen.

Nik uste dut lotsarik ez edukitzea funtsezkoa dela. Hain zuzen ere, nik teoria bat daukat, gerta daitekeen gauzarik txarrena barregarri geratzea dela, eta ez zaidanez axola... Baina hori kamaren aurrean da, niretzako antzeztea moduko zerbait baita! Nire egunerokoan lotsati samarra naizela aitortzen dut.

Uyyy! saioan zure saltsan zenbiltzan, futbol–zalea zarela esan baituzu aurretik. Betidanik duzun afizioa al da?

Bai, ikastolan multikirolean hasi nintzen futbolean jokatzen eta gerora, nesken entrenatzailea ere izan nintzen. Etxean ere hori bizi izan dut, txikitan aitarekin partiduak ikusten nituela oroitzen dut. Orain ere, igandeetan joaten naiz zelaira Aretxabaletako taldeak ikustera, eta ez ditut galtzen telebistaz ematen dituzten partiduak! Ia asteburu osoa igarotzen dut horretan! (barre)

Eta orain sukaldaritza programa batetan agertzen zara. Ez esan, aukera hau ere kasualitatez atera zitzaizula!

(barre) Bai! Uyyy! saioko produktore berdinak dira, eta casting bat egin behar zutela abisatzeko deitu zidaten 2010eko udan. Oso aspertuta nengoen eta probatzea erabaki nuen, eta halaxe hasi nintzen.

Askotan esaten didate ea nabaritzen ote dudan alderik hemengo programa batean parte hartu edota estatu mailan ikusten den batean aritzearen artean, baina egia esateko, ni ez nahiz ohartzen. Lan egiteko moduan dago desberdintasuna, Uyyy! zuzenekoa baitzen, eta Karlos Argiñano en tu cocina, aldiz, grabatuta egoten da.

Programak sukaldean barneratzera gonbidatzen gaitu. Zuri ere gertatzen zaizu?

Noski! Halere, lehendik ere gustuko nuen sukaldean aritzea, baina egia da ez niola aparteko atentziorik ipintzen, bakarrik bizi naizenez sukaldatzeko gauzarik errazenak edo praktikoenak egin izan baititut. Baina orain egia da asteburuetan animatzen naizela gehiago saltseatzera, eta lagunak gonbidatzen ditut sarritan, astean zehar ikasitakoa praktikan ipiniz.

Gainera, Karlos bera nigana etorri eta ea azalpenak arretaz jarraitu ditudan galdetzen dit, trikimailuak ematen dizkit plater batzuk egiteko... Eta gainera, programan beharrean gabiltzanok zortedunak gara, izan ere, askotan berak prestatutako jakiak eramaten baititugu etxera!

Hau pagotxa!

Bai! Baina noski, lan erritmoaren ondorioz da! Egunean hiru programa grabatzen ditugu, bi goizean eta beste bat arratsaldean. Lehenengoak jaten ditugu bertan, baina hirugarrenekoa zertxobait probatu arren, txandakatu egiten gara etxera eramateko.

Nolakoa izaten da zure lanegun bat?

Astelehen eta ostegunetan tele–promozioak egiten ditut, goizetan joaten naiz Aiara, eta grabatu behar diren kopuruaren arabera eguerdira arte edota arratsaldera arte egoten naiz. Astearte eta asteazkenetan berriz, programak grabatzen ditut, hiru bakoitzean. Ostiraletan aldiz klaseak hartzen ditut, ahoskera lantzen dut, arnasteko teknikak landu, erlaxazio ariketak egiten ditugu... Oso garrantzitsua da erlaxatuta egotea ahotsean eragiten baitu zuzenean!

Elikadura gaiak jorratzen dituzu saioan, eta ez dakit horri buruz zerbait zenekien edo ikasi egin behar izan duzun.

Niri datuak nutrizio–mediku batek ematen dizkit eta buruz ikasi behar ditut ez daukadalako pronterrik. Eta poliki–poliki gauzak barneratzen joan naiz. Horrez gainera, egun bat lehenago jasotzen ditut errezetak eta internet bidez elikagaiei buruz gehiago informatzen saiatzen naiz, zertaz hitz egiten dudan jakiteko.

Halere, ezin dugu ahaztu mediku bakoitza mundu bat dela eta agian ez gaudela ados esaten digutenarekin, ezta ni neu ere. Esaterako, nik asma daukat, eta esnekiak ez zaizkit askorik komeni, eta noski, agian eman behar dudan gomendioa egunero mota horretako elikagai bat kontsumitu dezatela da... Bestalde, gaineratuko nuke beti interesatu zaidala elikadura arloa, hain zuzen, ni neu dietan egon izan naiz eta beti erreparatu diot jaten ari nintzenari. Baina gakoa ohitura onak hartzean datza, kirola egitea garrantzitsua den moduan, ongi jateak ere berebiziko garrantzia baitauka.

Eta gainera, jateak zoriontsu izaten laguntzen duela ere esaten da!

Guztiz ados! Nik behin proteinak soilik kontsumitzen nituen dieta bat egin nuen eta hasieran ongi nengoen, baina gerora energia falta izugarria nabaritzen nuen, motibazio gabe sentitzen nintzen, nekatuta, triste... Hidrato falta zen, energia ematen duen hori.

Eta bestelako ohiturak izanda aldiz, hau da, hidrato asko duten elikagaiak kontsumituz, zure aldartea bestelakoa izaten da. Jateko moduak asko eragiten du, eta zoriontsu izaten lagun dezakeela ziur. Ainhoa Sanchez (Aretxabaleta, 1987) Aretxabaletako Almen ikastolan ikasi zuen eta ondoren bi urtez Turismo egin ostean, UNEDetik Psikologia ikasten hasi zen, klasera joan ezin zelako. Egun, buru–belarri dihardu telebistan lanean, eta atzerriko hizkuntzetan sakontzen dihardu, bai eta nutrizio gaietan ere. Miss Araba izan zen 2009an eta Miss Euskadi 2010ean. Telebista ere barrutik ezagutzen du, ETBko Uyyy! futbol saioan aurrena, eta azken aldian, Karlos Argiñano en tu cocina programan ikus dezakegu.