574 Zenbakia 2011-04-08 / 2011-04-15

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: María Berasarte. (Abeslaria): Fadoak beti egongo dira nirekin

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: María Berasartek utziak

Asko eta asko dira musikagintzara dedikatzen diren euskaldunak eta noski, jorratzen diren estiloak ere anitzak dira. Mariak ezohiko bide bati heltzea erabaki zuen, eta Portugalgo kulturan barneratuta, fadoak kantatuz egin zen ezaguna bere aurreneko diskoarekin. Halere, emakume honek aniztasunaren aldeko apustua egiten du kantuan hasi zenetik, eta bigarren diskoa prestatzen ari den honetan, gurekin solasean aritzeko tarte bat hartu du eta bere ibilbide oparoaz hitz egin digu, intentsitatez eta bihotzetik.

Oker ez banago txikitatik datorkizu kanturako talentua.

Hamahiru urte nituela kantu eta dantza txapelketa bat irabazi nuen eta bai, bi diziplina horietan txikitatik abila nintzela erakutsi dudala esan dezaket. Hori bai, ez nuen etorkizuneko lanbide moduan ikusten, ez nuen uste gerora profesionala izango nintzenik, konturatu gabe iritsi naiz honetara.

Poliki baina irmo egin duzu orain arteko bidea, beraz.

Bai, ez da bat–bateko gauza izan. Txapelketa hura irabazi nuenean konturatu nintzen zerbait egin nezakeela alor horretan baina banekien ikasketei zegokienez gehiago eskatu behar niola nire buruari. Hala, kantu eskolak hartzen hasi nintzen Donostian Almudena Ortegarekin, eta hamazazpi nituenean Madril aldera bidaiatu eta Goi Mailako Kantu Eskolan eman nuen izena. Bertan esparru klasikoa landu nuen, opera, eta hiru urte egin nituen bertan. Argazkia: © María Berasartek utzia.

Orduan, nolabaiteko krisi txiki bat bizi izan nuen, klasikoa anitz gustuko banuen ere, ohartu bainintzen ez zela asetzen ninduena. Ezin nuen musika nik benetan sentitzen nuen bezala garatu, askatasun gehiagoren beharra neukala iruditzen zitzaidan, eta ondorioz, beste musika batzuk lantzeko grina sartu zitzaidan. Hala, ikasketa horiek utzi eta beste eskola batzuk hartzen hasi nintzen, beste estilo bateko musikariekin elkartzen, kontzertuak ematen hasi ginen, eta zenbait diskotan kolaboratu nuen garai hartan. Eta halaxe gaur arte!

Aniztasuna garrantzitsua izan da zure estiloa bilatzerako orduan.

Bai. Baina batez ere aske sentitu nahi nuen benetan nahi nuena egiteko, klasikoan teknikak–eta perfekziora bidean ipintzen zaitu, baina niretzako bikaintasuna norberagan dago, barnean sentitzen duzun hori ahalik eta hobekien transmititzen jakitean, hain zuzen. Nire ekarpena egin nahi nion musikari.

Fadoen intentsitatean murgildu eta zure bakarkako agerpena Todas las horas son viejas diskoarekin egin zenuen.

Beti eduki dut Portugalekin nolabaiteko gertutasuna, amaren familia galiziarra baita. Gainera, beti interesatu izan zait musika portugaldarra, ez soilik fadoak, baita jazza, esaterako. Oso interesgarria da egiten duten musika, eta guretzako ezezaguna da, eta horrek erakarri izan nau beti.

Poliki–poliki ikasten joan naiz, bertako musikariak ezagutu ditut eta lehenengo diskoa grabatzeko unea iritsi zitzaidanean ideia ugari nituen buruan bueltaka. Eta egun batean nire amarekin solasean ari nintzela, fadoz jositako diskoa egin behar nuela aipatu zidan; noski, hasieran erokeria eta ausardia bat iruditu zitzaidan, ezen zer eskaini niezaiokeen nik fadoari? Dauden artista eta lan onekin eta Portugali diodan maitasunarekin, ez nion zentzurik ikusten ni abentura horretan sartzeari. Ni neu izan nahi nuen, eta hori egitekotan zer nolako fado–diskoa egin ote nezakeen pentsatzen aritu nintzen: gaztelaniaz kantatu nezakeela otu zitzaidan, abesti moduan tratatu eta ez soilik fado moduan, beste esparru batzuetara eraman eta estilo ezberdinekin nahastu... Beti ere beraiekin konplizitate bat mantenduz eta bertako musikariekin elkartuz, nahiz eta horietariko batzuek ere ez zuten ordura arte inoiz fadorik egin.

Niri interesatzen zitzaidana soinua eta sena transmititzea zen eta ondoren, nire estiloarekin uztartu eta neure egitea, eta zerbait originala burutzeko aukera ikusi nuen. Hala fadoa den bezalako erakutsi beharrean —hori beraien egitekoa dela iruditzen baitzait—, nigandik igaroz nolakoa den erakutsi nahi nuen. Argazkia: © María Berasartek utzia.

Eta ongi atera zitzaizun “atrebimendu” hura, jendeak ederto erantzun baitzuen!

Hasieran baina, gogorra egin zitzaidan. Nire kontu grabatu nuen diskoa —gero Universal disko–etxearekin editatu arren— eta noski, ez nekien nora eramango ninduen. Hiru hilabetez bertan diskoa lantzen aritu nintzen, fado–etxeetara joaten hasi eta jendea poliki fado disko bat grabatu behar zuen kanpotar bat zegoela jakiten hasi zen, eta arraro begiratzen ninduten... Noski, beraiek ez zekiten nik zer–nolako harremana neukan musika estilo horrekin, ezta zein zen nire prestakuntza.

Fadoa benetan barneratuta dudan zerbait da, eta gainera zorte handia eduki dut lurralde haietako musikari bikainek nirekin aritzeko apustua egin baitzuten. Lana osotuta, Carlos do Carmo fado abeslari handiari erakutsi eta hori filtro handiena izan zen, eta oso ariketa sanoa gainera, bere tamainako profesional bati nire lana erakustea. Asko gustatu zitzaion, eta eskerrak ere eman zizkidan gainera, freskotasunez ausartu egin nintzelako fadoari beste buelta bat ematera. Ezen fadoa tradizionaltasunetik atera eta norberaren eremura eraman daitekeela erakusteko balio izan baitzuen lanak, eta askotan jendea horren beldur izaten da.

Fadoek sentimendu handia izaten dute, eta zuk hori mantendu zenuen behintzat.

Bai, ez dio axola portugesez edota gaztelaniaz abestu, berdin sufritzen da abesterakoan! (barre)

Fadoak nolabaiteko erakargarritasun bat dauka, ez da gauza lokal bat, baditu Brasil edota Afrikako influentziak, esaterako. Eta neuk ere hori ahaztu barik, nire kantuekin bidaiatzeko aukera transmititu nahi izan diet entzuleei.

Portugesek harrera ona egin zizuten, baina etxean nola hartu zintuzten? Ezen euskaldun bat fadoak kantatzen ikustea ez da eguneroko zerbait!

Urte asko kanpoan eman ditut, eta ez naiz hemen aritu nire lana promozionatzen. Nire iritziz eta geografikoki hitz eginez, horren gertukoa ez den zerbait eginez gero, hobe da lehenengo genero horren jatorrian aintzatetsia izatea, eta gero etxean, horrela jendeak balore handiagoa ematen baitio egiten duzunari.

Halere, hemen nire lana ezagutzen dutenek gustuko izan dutela iruditu zait, nahiz eta egia den fadoa ez dela aski ezaguna gure artean. Horrexegatik ekitaldietan diskoa bakarrik ez, nolabait Portugal eta batez ere Lisboa bera gerturatzen saiatzen naiz, oso garrantzitsua baita publikoari tradizio hau zertan datzan azaltzea.

Orain bigarren diskoarekin zabiltza buru–belarri eta badakit fadoak ez dira horren presente egongo, ezta?

Fadoak beti egongo dira nirekin, lehen esan bezala oso barnean daramadan zerbait baita. Baina egin nahi ditudan beste gauza asko daude bizitza honetan; hala, lehenengo diskoa fadoari eginiko omenaldi bat izan zen, bai eta harreman hori ofizialtzeko bide bat. Eta noski, disko batean ezin da dena eskaini, eta dosika joango naiz barnean daramatzadan sentimendu edota gurariak kanporatzen. Argazkia: © María Berasartek utzia.

Zuk musikari zure zatitxo bat eman diozu, baina zer eman dizu lanbide honek ordainetan?

Lanbide honetan benetan ni naizen modukoa izan naiteke, zintzoki espresatu eta biluztu naitekeela ikusten dut eta hori oso polita da, beste bide batzuetatik akaso ez bainuke lortuko. Sinesten, sentitzen eta pentsatzen dudana azaleratzeko abaguneak asebetetzen nau guztiz.

Noski, eman dizkidan bizipen ezberdinak aberasgarriak suertatu zaizkit, jende bikaina ezagutzeko aukera eduki dut. Ezin dugu baina atsekabeak ahaztu, ezen oso lanbide gogorra da, nahikoa bakartia eta gogorra izaten ikasi behar duzu, zure buruagan sinesten. Orain gauzak ez daude lehen moduan, merkatura ateratzeko egin behar den esfortzua biderkatu egin da. Baina zure egunerokotasunean dena posible dela sinestarazten dizu lanbide honek, eta irmoa izan eta ahalegindu egin behar zarela ikasten duzu.

Eszenatoki ezberdinetan aritu zara gainera, toki txiki edota handietan, Rock in Rio ezagunean kasu...

Bai. Halere, taula gainera igotzerakoan maiz pentsatu izan dut benetan jakingo ote duten zer egiten dudan. Horren anitzak dira esku hartu ditudan jaialdiak! Jerezeko jaialdian, Sevillako biurtekoan, Lisboako Rock in Rion... Baina nire originaltasunagatik, abesteko moduagatik eta aukeratzen ditudan kantuengatik toki ezberdinetan aritzeko ateak ireki zaizkidala iruditzen zait, eta oso polita da, asko ikasten baita esperientzia bakoitzetik.

Adrenalina ikaragarria ematen dizkizuten momentuak dira, eta ongi sentiarazten zaituzte. Egun txar bat daukazunean gainera, sendatu egin zaitu publikoaren aurrean agertzeak. Ia ezin dut azaldu nolakoa den kantatzerakoan zure buruarekin daukazun intimitate hori; oinak lurrean dituzu, baina beste toki batera bidaiatuko bazenu moduan da.

Zure hitz egiteko moduagatik ikusten da lanbidea ongi hautatu duzula, baina esan, zer da gogorren suertatzen zaizuna?

Lanbide honek bizi dituen momentu gogorrak, dagoen pesimismoa, lan egin eta ez duzula momentuan kobratzen... Ez da oso egonkorra, eta planak egiteko zailtasunak dituzu; eguneko 24 orduak eskaintzen dizkiozu nahiz eta ez zauden, argi dago, 24 ordu lanean, baina libre egon behar zara edozertarako!

Neke handia sortzen duen ogibidea da, kontzertuetan berpizten zaituena eta noski, zure lan gogorraren emaitzak ikusteak konpentsatzen du, bai. Baina ezin dugu ahaztu ez dela lanbide erraza, batez ere psikologikoki. Horregatik gogorra izaten jakin behar duzu, eta bestela akabo.

Artista zara eta horixe da benetan egin gura duzuna, edo bestela dedikatu zaitez beste zerbaitetara. Ezen normalean alde glamourosoa ikusten da bakarrik eta ez da egia osoa; hori alderdi ederrena da, eta ez da ohikoena atzetik dagoen lan guztia ikustea: uneoro erabakiak hartu beharra, ongi sentitzen saiatu eta fisikoki zaindu behar zara, enpresario puntu bat eduki behar duzu... Benetan zorrotza da lanbide hau!

Eta hala ere, zorroztasun hori onartu eta aurrera egitea erabaki duzu. Noraino heldu nahiko zenuke?

Ahalik eta urrutien! Azken finean lanbide honetan banago hainbat anbizio ditudalako da, eta emaitzak oso onak badira, horrek ordainsari bat adierazten du. Horren bila ari naiz, publikoarengana iritsi, esperientzia berriak eduki eta modu pertsonal zein profesionalean hazten joateko xedea dut.

Bitxikeria moduan, ezin aipatzeke utzi Mikel Laboaren Txoria txori kantua zure egin eta bertsio bat sortu zenuela!

Kantu hau Suitzan, Londresen, Lisboan zein Madrilen abestu dut esaterako, errepertorioan txertatuta daukat eta. Harrotasunez interpretatzen dut gainera, maiz jendeak ez baitu ez hizkuntza ez kultura ezagutzen, eta beraz, abestu bai, baina gainera itzuli egiten diet letra, barruraino sartu dadin. Eta kuriosoa da, nola beti aurkitzen dudan abestia ezagutzen duen norbait, Suitzan bada ere! Jendeak gainera, esaten dit beste kantu batzuetan ateratzen ez dudan zerbait berezia azaleratzen dudala Laboaren kantuarekin.

Berez, euskarazko abesti bat kantatzeko enkargu bat egin zidaten eta Txoriak txori hautatu nuen, grabatu eta publiko aurrean estreinatu aurretik Mikeli berari ematea erabaki nuen, nolabaiteko oniritzia jaso asmoz edota behintzat jakin zezala zer egin behar nuen. Deitu egin ninduen, entzun zuela eta ikaragarri gustatu zitzaiola esateko! Oso originala eta benetan polita zela esan zidanean, emozioz bete ninduen! Txoria TxoriMaría Berasarte|Vídeo Myspace

‹‹ María Berasarte, Myspace gunean›› María Berasarte (Donostia) María Berasartek odolean darama musika. Aurrena Donostian kantu eskolak hartu zituen eta 17 urterekin Madril aldera lekualdatu eta Goi Mailako Kantu Eskolan eman zuen izena. 2009an bere lehengo bakarkako diskoa kaleratu zuen Todas las horas son viejas izenburupean. Gaztelaniaz kantatutako fadoz josita zegoen lanak harrera bikaina izan zuen eta atzerriko ahots batek grabatutako albumik onena moduan kontsideratu zuten. Jaialdi ezberdinetan esku hartu du, besteak beste, Lisboako Rock in Rio, Lanzaroteko Musiken Kosta Jaialdia edota Sevillako Flamenko biurtekoa izan ditu eszenatoki.